185. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41E/2015 EBAZPENA, irailaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, iraungitzat jotzen duena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 16an 8E/2013 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratu berria, erregai alternatiboak balorizatzeko proiektua egiteko zementuaren fabrikazioaren instalazioan, Olaztiko udal mugapean. Titularra Cementos Portland Valderrivas SA.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 16ko 8E/2013 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berria eman zen erregai alternatiboak balorizatzeko proiektua egiteko; izan ere, funtsezko aldaketa ekarri zuen zementuaren fabrikazioaren instalazioan.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 23.2 artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen baimen integratua eman eta bi urte iraganik proiektua edo jarduera gauzatzen hasi gabe, baimena iraungitzat eta inongo eraginik gabekotzat joko da.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egindako txostenean adierazi da aipatutako bi urteko epea iragan dela eta, proiektua hasita ez dagoela egiaztatuta, bidezkoa da berariaz adieraztea iraungi dela emandako ingurumen baimen integratu berria.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 23.3 artikuluan xedatuarekin bat (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Iraungitzat jotzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 16an 8E/2013 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratu berria, erregai alternatiboak balorizatzeko proiektua egiteko zementuaren fabrikazioaren instalazioan, Olaztiko udal mugapean. Titularra Cementos Portland Valderrivas SA.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Cementos Portland Valderrivas, SAri, Olaztiko Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko irailaren 8an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1512519