185. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Akats zuzenketa,
Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantzan

Udalak, 2015eko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza onetsi zuen, eta behin betiko onespenaren iragarkia 2015eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 4an. Hartan testua falta dela atzemanik, aipatu gabeko edukia argitaratuko da. Hona hemen:

21. artikulua. Tramiteen eta prozeduren katalogoa.

1. Tramitazio elektronikoari tramite edo prozedura bat gehitzea onetsi ondotik, Udalaren tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan sartuko da, herritarrek jakin dezaten, eta hark bere egoitza elektronikoan argitaratuko du.

Horrek ez du galaraziko, hala bada, prozedura administratiboak edo lan prozesuak arautzen dituzten arauak egunkarietan, aldizkarietan edo iragarki ohol ofizialetan argitaratu beharra.

2. Katalogoak prozedura elektroniko bakoitzaren oinarrizko edukia azaltzeko laburpen didaktikoa izanen du, eta honako alde hauek adieraziko ditu, gutxienez:

a) Tramitazio elektroniko osoko edo partzialeko prozedura den.

b) Eredu normalizatua erabili beharra eta hori ez betetzearen ondorioak, hala denean, administrazio publikoetan eskabideak aurkezteari buruz oro har dagoen araudia galarazi gabe.

c) Eskabide, idazki, jakinarazpen edo kontsultarekin batera bestelako agiriak aurkezteko aukera.

d) Aurreko a) letraren arabera herritarrak dituen sarbide elektronikorako eskubideak.

e) Eskatzen den identifikazio eta autentifikazio maila, erabili beharreko sinadura elektronikoko sistemek eskatutakoaren ondorioetarako.

f) Datu pertsonalak babestearen arloan eta aplikatu beharreko beste edozein arlotan indarra duen legeditik ondorioztatutako oharrak, aholkuak eta arretak.

g) Legez edo erregelamenduz ezarritako bestelako oharrak.

22. artikulua. Kontratugilearen ataria.

1. Tuterako Udalaren kontratazio ataria Nafarroako Kontratazioaren Ataria izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Arau osagarriak.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatuko da Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legean eta hura garatzen duten arauetan xedatua.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

2. Ordenantza honen testu osoa kontsultatu nahi duenaren eskura egonen da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan.

Tuteran, 2015eko irailaren 4an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1512406