Iragarkia
184. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko uztailaren 20koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Tuterako Precocinados Fridela, SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Tuterako Precocinados Fridela, SL enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100912012015), Erregistro honetan sartu zena 2015eko martxoaren 17an eta enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2015eko martxoaren 16an izenpetu eta 2015eko ekainaren 29an zuzendu zutena. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,
EBATZI DU:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko uztailaren 20an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
TUTERAKO (NAFARROA) PRECOCINADOS FRIDELA, S.L. ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Langileak, eremu funtzionala, lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo honek arautzen ditu lan eta legezko harreman baten ondorioz Tuterako (Nafarroa) Precocinados Fridela, S.L. enpresarendako zerbitzu egiten duten langileen lan baldintzak. Enpresako zuzendaritza karguak haren aplikaziotik salbuetsirik daude.
Indarraldia.
Hitzarmen honek indarra izanen du 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 arte.
2. artikulua. Hitzarmena salatzea eta indarraldia luzatzea
Alderdi sinatzaileetako edozeinek salatzen ahalko du hitzarmen hau, iraungi baino 60 egun lehenago, bertze aldeari idatziz jakinaraziz. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean eduki guztiak segituko du indarrean, bertze hitzarmen kolektibo bat heldu ez den bitartean.
Alderdiek modu frogagarrian hitza ematen dute negoziatzen hasiko direla bertze hitzarmen kolektibo bat sinatzeko, edozein alderdik honako hau salatzen duen puntutik.
3. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.
Lan arloko agintaritzak edo ukituetako edozeinek eskaturik, lan arloko jurisdikzioaren arabera, hitzarmen honetako artikuluren bat ezabatzen baldin bada, artikulu horiek indargabetuko dira. Ukituriko aldeek negoziatzeari ekin beharko diote epaia irmo bilakatu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, artikulu horien edukia berriro negoziatu ahal izateko.
4. artikulua. Ad personam bermea edo baldintza hobea.
Plantillako langileen baldintzarik hoberenak eta onuragarrienak errespetatuko dira, banakakoak eta taldekakoak, bai enpresaren eta langileen arteko itunaren ondoriozkoak, bai, hobeak izanez gero, bertze eremu funtzional bateko hitzarmen kolektiboaren ondoriozkoak. Hitzarmen honek indarra hartzean, urtean hitzarmenean ezartzen dena baino soldata handiagoa kobratzen duten langileei hitzarmen honetan onetsiriko lansari taulak aplikatuko zaizkie. Lansarien arteko aldea bermeko norberaren osagarri gisa agertuko da nominan. Ezin izanen da xurgatu, ezta konpentsatu ere, baina bai birbaloratu. Osagarri horren zenbatekoa zehazteko, urteko soldatatik hitzarmen honetan ezarririko urteko soldata kenduko da. Hortik ateratzen den kopurua, hamabiz zatitua, izanen da norberaren osagarriaren zenbatekoa, hamabi hilabeteetan kobratuko dena.
II. KAPITULUA
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
Enpresari dagokio lana antolatzea, hitzarmen honetan, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren bertze legeetan xedaturikoa deusetan galarazi gabe.
6. artikulua. Lan egutegia.
Enpresak urtero abenduaren 31 baino lehen prestatuko du lan egutegia.
Lan ordutegiak finkatzea enpresari dagokio. Enpresak langileen ordezkari sindikalei galdetu ondoren ezarriko ditu. Ordezkari horiek hamabortz egun natural izanen dituzte, enpresak prestaturiko egutegia jakinarazi eta biharamunetik hasita, hura aldatzeko komenigarritzat jotzen dituzten alegazio edo proposamenak aurkezteko. Lan egutegiek honakoak bilduko dituzte: langile bakoitzaren urteroko lanegunak, asteko atsedenerako egunak edo hauek zehazteko irizpideak, oporrak hartzeko aldiak edo egun baliodunak eta pagatu beharreko jaiegunak eta ezin errekuperatu direnak, bai enpresa osorako, bai departamentuen edo atalen arabera.
7. artikulua. Eginkizunen edukia eta kokagune organikoa
Langileak egiten duten lanaren eta lan kontratuan xedatzen denaren arabera sailkatzen dira. Artikulu honetan lanbideen gainean agertzen den sailkapena zerrenda huts bat da, ez da zehatza, eta ez dakar berarekin lanbide kategoria guztiak aurreikusirik edukitzea. Sailkapenari bertze batzuk gehitzen ahal zaizkio, zerbitzuen eraginkortasunagatik eta antolaketaren arrazionalizazioagatik hala komeni denean.
Hona hemen lanbide taldeak eta haien kategoriak:
Administrariak.
–Administrari-ofiziala.
–Administrari laguntzailea.
Merkataritzakoak.
–Merkataritzako agentea edo saltzaile bidaiaria.
Ekoizpeneko eta kalitateko langileak.
–Analista edo laborategiko laguntzailea.
–Gainbegiralea.
–Lehen mailako ofiziala.
–Bigarren mailako ofiziala.
–Hirugarren mailako ofiziala/peoi espezialista.
Lanbide osagarrietako langileak.
–Mantentze-lanetako enplegatua.
–Biltegizaina/Ganberako langilea eta biltegiaren arduraduna.
–Garbitzaileak.
–Ekoizpeneko eta garbiketako laguntzaileak.
Eginkizunen deskribapena:
Administrari-ofiziala: administrari honek, Administrazio Burutzaren agindupean, kontabilitate eta administrazio arloetako eragiketa mekanikoak egiten ditu, artxiboa eta fitxategiak maneiatzen eta ofimatika eta informatikako tresna eta programen erabilera aurreratua egiaztatzen.
Administrari laguntzailea: langile honek hemezortzi urtetik goiti izan behar du, eta oinarrizko lanak egiten ditu, hala nola fakturak kalkulatu eta prestatzea, datuak pasatzen ditu nominetan eta kontu korronte osagarrien liburuan, eta ordainagiriak eta kanbio-letrak eta halako agiriak prestatzen. Informatikako oinarrizko ezagutzak izan beharko ditu.
Merkataritzako agentea edo saltzaile bidaiaria: enpresaren zerbitzuan, haren plantillakoak baitira, produktuen salmenta egiten dute, bidaiatuz edo bidaiatu gabe, enpresako zuzendaritzak ibilbideei, prezioei eta salmenta baldintzei buruz ematen dizkien jarraibide eta aginduak betez; horretaz gainera, eskabideak zein diren jaso, horien berri eman eta bideratu eta gero kobratu egiten dituzte. Enpresa dagoen herrian pasatzen duten denboran beren lanaren osagarri diren zeregin administratibo eta teknikoak egiten ahal dituzte.
Analista edo laborategiko laguntzailea: ezagutza tekniko eta praktiko egiaztatuak izanik, analisiak, formulen dosifikazioa eta laborategiko determinazioak egiten ditu, aparatuen egoera ona eta haien homologazioa zaintzen ditu, halako lagin batzuk behar den bezala eskuratzeaz arduratzen da, baita kalitate ziurtagiriak eta analisien buletinak luzatzeaz ere.
Gainbegiralea: ekoizpen atala abiarazteko ardura du, dena prest egon dadin langileak beren lanpostuetara ailegatu baino lehen; instalazioaren azterketa egiten du egunero, lanaldiaren hasieran eta amaieran. Zerrenda agortu gabe, haren eginkizunen artean aipa daiteke lehengaiaz egunero hornitzea lanpostu eragile guztiak (sukaldea, prestatzailea; eskulanak, ontziratzea, desizoztea etab.), egiteko guztiak aurreikusitako parametroen barnean egiten direla bermaturik eta segurtasunean, garbitasunean, produktibitatean eta kalitatean ezarritako mailak begiraturik.
Kontu eginen die makinetako matxura txikiei, eta edozein arazo gertatuz gero mantentze lanetako enplegatuari gaztigatuko dio berehala. Lankidetza hertsian ariko da Kalitate Departamentuarekin eta erantzule izanen da zuzenean produkzioko buruaren aitzinean.
Lehen mailako ofiziala: langilezainaren edo haren eginkizunetan ordezten duen lagunaren agindupean, eragiketa guzti-guztiak ezagutzen eta gauzatzen ditu ekoizpen lanpostu guztietan (sukaldea, prestatzailea; eskulanak, ontziratzea, desizozte tunela etab.), eta lanpostu bakoitzerako ezarritako gutxieneko ekoizpen mugen %100 eskuratzen. Egindako lanaren kalitatearen erantzulea izanen da, eta ekoizpena murrizten ahal duten kalteez ohartuz gero, haien guztien berri emanen die bere goikoei.
Bigarren mailako ofiziala: kategoria honen barnean sartzen direnek lehen mailako ofizialen eginkizun berak egiten dituzte, baina haien lanpostuen %50 baizik ez dituzte ezagutzen eta haietan aritzen, eta ezagutzen dituzten lanpostu horietan gutxieneko mugen %100era ailegatzen dira.
Hirugarren mailako ofiziala/peoi espezialista: kategoria honen barnean sartzen direnek lanpostuen %25 baizik ez dituzte ezagutzen eta haietan aritzen, eta ezagutzen dituzten lanpostu horietan gutxieneko mugen %100era ailegatzen dira.
Mantentze-lanetako langilea: langile hau gai da makina guztien organo mugigarriak desmuntatzeko eta muntatzeko, bai eta balbulak, ixteko giltzak, hodiak etab. ere, erran nahi baita, instalazioak ibiltzeko maneran atxikitzeko beharrezkoak diren guztiak, matxurak saihestu edo haiei aitzinduz. Adierazgailuak (termometroak, voltmetroak, kontagailuak etab.) irakurtzen eta irakurria interpretatzen jakin beharko du, betiere behar den errendimendua lortzeko.
Gainera, ezagutza mekanikoak eta elektrizitatekoak izanen ditu, makinen kontserbazio, mantentze eta maneiurako beharrezkoak direnak, eta kanpoko elementurik behar ez duten konponketak eginen ditu.
Biltegizaina/Biltegiaren arduraduna: bere ardurak dira biltegi eta ganberen eguneroko funtzionamendua bermatzea, eta produktu guztiei eta lehengaiei harrera egitea eta biltegiratzea. Eskabideak bideratzea. Hotz-katea mantentzea eta segurtatzea, produktuak paleteratzea eta produktu bukatuen stockaren biltegiratze zuzena. Hori guztia, lanpostuaren deskribapenaren eta eginkizunen orrian agertzen diren jarraibide zehatzei zehatz-mehatz segituz.
Garbitzaileak: ardura dute instalazioak, fabrikatzeko makineria, biltegia, bulegoak, zerbitzuak eta erabilera komuneko lokalak garbitzea eta zaintzea.
Ekoizpeneko laguntzailea: jarduera lagungarriak egiten dituzte enpresaren ekoizpen zikloan; elkarlanean aritzen dira enpresako espezialistekin, ezagutzarik ez eskarmenturik ez dutela, ezta praktika zehatzik ere enpresako inolako makinatan. Gehienez ere 18 hilabetean, lanbide-kategoria honetan kontrataturiko langileek 3. mailako ofizialaren lanbide-kategoria eskuratuko dute.
Garbiketako laguntzailea: pertsona hauek, garbitzaileen ezagutzak eta ardurak izan gabe, gisa honetako lan errazak egiten dituzte, ez makinen berariazko ezagutzarik ez produktu arriskutsu, kaltegarri edo osasungaitzen erabilerarik behar ez dutenak. Gehienez ere 18 hilabetean, lanbide-kategoria honetan kontrataturiko langileek 3. mailako ofizialaren lanbide-kategoria eskuratuko dute.
III. KAPITULUA
8. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmen honek diraueino, urteko lanaldia honelakoa izanen da: 1.750 ordu. Lanaldi hori egiazki eta egiatan egin beharrekoa da eta txanda finkatuen egituren arabera gauzatuko da.
Lan denbora kontatzeko, langileak, hala eguneroko lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du. Sei ordu baino gehiago eten gabe lanean ematen duten langileendako 15 minutuko atsedenaldia izanen da, lan denboratzat joko dena.
Lan txandak ahalik eta gehien egokituko dira ezarririko lanaldira. Horrek esan nahi du gorabehera oso ordu gutxikoa izanen dela urteko ordu guztien aldean.
Urteko lanaldiaren soberakinaren ordaina nola hartu langileek hautatzen ahalko dute, beren oporrei lotuz edo behar dutelarik erabiliz; horretarako, gutxienez ere astebete lehenago gaztigatu beharko dute, eta ordain horretaz baliaturik lanean ez daudenak ezin izanen dira atal bakoitzeko plantillaren %15 baino gehiago izan, ezta txanda bakoitzeko bi langile baino gehiago ere.
Hitzarmen kolektibo honek indarra duen bitartean, urteko lanaldia 1750 ordukoa izanen da, eta hura beteko da egutegiaren araberako lanegunetan lan eginez, astelehenetik ortziralera, 8 ordu egunean.
9. artikulua. Asteko atsedena.
Langile guztien asteko atsedena bi egunekoa izanen da, elkarren segidan, lehentasunez larunbata eta igandea izanen direnak, ekoizpen premingatik salbu; horrelakoetan, legezko atsedena errespetatuko da, egun eta erdi etengabekoa.
10. artikulua. Lanaldien arteko atsedena.
Lanaldien arteko atsedena hamabi ordukoa izanen da gutxienez.
11. artikulua. Oporrak.
Langileen oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira urtean. Izenpeturiko itunen arabera banatu eta hartuko dira.
Ama izateagatik lanean egon ezik izanez gero, langileek beren oporrak batzen ahalko dituzte amatzeagatik dagozkien egunekin.
Oporrak hartzeko esleiturik edo programaturik zeuzkan egunetan langile bat aldi baterako ezintasunean egonez gero, oporrak senda-agiria hartu arte atzeratuko dira eta enpresaren beharren arabera zuzendaritzarekin ituntzen diren egunetan hartuko ditu.
12. artikulua. Baimen eta lizentzia ordainduak:
Langileek, ahalik eta goizena gaztigaturik eta ondoan justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, ordainsarirako eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboran:
1. Ezkontzagatik, hamasei egun natural.
2. Hiru egun natural, bigarren maila arteko odolkidetasuna duten ahaideak eritasun larriaren ondorioz ospitaleratzeagatik. Arrazoi horregatik langilea lekuz aldatu beharrean bada, epea bortz egun naturalekoa izanen da. “Leku aldatzea” ohiko lantokitik 100 km baino gehiago egitea da.
3. Hiru egun natural, bigarren maila arteko odolkidetasuna duten ahaideak hiltzeagatik.
Arrazoi horregatik langilea lekuz aldatu beharrean bada 100 km baino gehiago, epea bortz egun naturalekoa izanen da.
4. Bortz egun natural, ezkontidea edo seme-alabak hiltzeagatik. Arrazoi horregatik langilea lekuz aldatu beharrean bada 100 km baino gehiago, epea zazpi egun naturalekoa izanen da.
5. Lau egun natural, semea edo alaba sortzeagatik. Arrazoi horregatik langilea lekuz aldatu beharrean bada 100 km baino gehiago, epea bi egun gehiago luzatuko da.
6. Egun natural bat, ohiko bizilekutik aldaera egiteagatik.
7. Eginbehar publiko saihestezina betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora. Delako eginbeharra ordaindurik badago, absentziak ordainduko dira erakunde publikoak esleitutako ordainsaria kenduta. Lege edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean aldi jakin bat jasota dagoenean, arau hartantxe xedatu denari jarraituko zaio absentziaren iraupenari eta haren ordainari dagokienez.
8. Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko 20 baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuaren 46. artikuluaren 1. atalean arautu bezala.
9. Egun natural bat langilearen seme-alaben, anai-arreben edo aita-amen ezkontzagatik.
Medikuarengana joatea:
a) Langileak gehienez ere hamasei ordu izanen ditu urtean familia Osasunbideak esleitu dion medikuarengana (etxe-medikua) joateko, betiere hitzordua bere lanorduetan bada; ordu kopuru hori 20raino handitu daiteke adingabeak pediatrarengana lagundu behar izanez gero.
b) Langileak behar dituen orduak izanen ditu Osasunbideko mediku espezialisten kontsultara joateko, betiere hitzordua bere lanorduetan bada.
c) Langileak behar dituen orduak izanen ditu seme-alaba adingabeak Osasunbideko mediku espezialisten kontsultara laguntzeko (etxe-medikuaren edo pediatraren bolantea aitzinetik aurkeztuta).
d) Baimen guztiak egun naturaletarako emanen dira eta zergatiak iraun bitartean. Baimenak indarra duen bitartean, hura eskatzeko zergatia desagertuz gero, bukatutzat emanen da.
e) Lizentziak edo baimenak eskatzeko eskubidea ematen duten arrazoiak asmatzea oso hutsegite larria da.
f) Artikulu honetan xedaturiko ondorioetarako, izatezko bikotekideei ezkontideek dituzten eskubide berak aitortzen zaizkie. Horretarako, langileek frogatu beharko dute izatezko bikote bat osatzen dutela, Udalaren izatezko bikoteen ziurtagiriaren bidez.
g) Egun natural bat, ezkontideari edo lehen graduko odlkidetasuneko ahaideari interbentzio kirurgiko anbulatorioa egiteagatik.
13. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.
Urtean behar diren egunak ikastetxe ofizial batean azterketak edo ebaluazioak egin ahal izateko.
14. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Enpresan gutxienez ere urtebeteko antzinatasuna duten langileek borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute urtebetez, lanpostua atxikitzeko eskubidea dutela, betiere sektore bereko bertze enpresa batean lan egiteko ez bada.
Eszedentziak gutxienez ere lau hilabetez eta gehienez ere bortz urte iraunen du, eta Langileen Estatutuaren arabera arautuko da. Langile bera eskubide horretaz berriz baliatu ahal izateko lau urte iragan beharko dira aitzineko eszedentzia bukatu denetik.
15. artikulua. Seme-alabak edo ahaideak zaintzeko eszedentzia.
Langileek gehienez ere bi urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute (odolkidetasunezko nahiz ezkontza bidezko) bigarren gradurainoko ahaidea zaintzeko, ezindurik baldin badago, jarduera ordaindurik gabe eta bere ardurapean, osasun ziurtagiria aurkeztuta.
Langileek gehienez ere hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute, natura nahiz adopzio bidezko semea edo alaba zaintzeko. Eszedentzia hau jaiotegunetik hasiko da kontatzen, natura bidezkoa bada, edo ebazpen judizial nahiz administratiboaren datatik, adopzio bidezkoa bada.
Langileen banakako eskubide bat da, bai gizonena bai emakumeena.
Eszedentzian dagoen langileak eskubidea izanen du bere lanpostua gorde dakion lehen urtean. Epe hori iraganik, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da. Berriz ere arrazoia bada, berriz ere eszedentziarako eskubidea izanen da.
Artikulu honetan jasotako eszedentzia aldiak kontatzen ahalko dira antzinatasunari dagokionez.
16. artikulua. Lanaldia laburtzea.
1) Lanaldia laburtzea legezko zaintzagatik. Legepeko zaintza dela eta, inork hamabi urtetik beheitiko haurra edo lan ordaindurik egiten ez duen ezindu fisiko nahiz psikikoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia laburtzeko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.
2) Adinagatik, istripuengatik edo eritasunengatik bakarrik ezin baliatu diren eta lan pagaturik ez duten bigarren gradura arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideak zuzenean zaintzeko ardura dutenek eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, lansaria hein berean murrizturik, gutxienez ere lanaldiaren iraupenaren zortziren bat eta gehienez ere erdia.
Aitzineko 1) eta 2) bi kasuetan:
–Lanaldi laburtua langile bakoitzaren eskubidea da, norberarena, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, pertsona bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.
–Lanaldi laburtuak zenbat ordu izanen dituen eta zenbat denbora iraunen duen zehaztea langileari dagokio, eta bere ohiko lanaldiaren barnean hamabortz egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresaburuari, bai hasieran bai itzultzean.
–Jurisdikzio eskudunak ebatziko ditu orduen zehaztapena dela-eta enpresaren eta langilearen artean sortzen diren desadostasunak, prozedura berezi baten bidez ebatzi ere; hogei eguneko epea izanen dira erreklamazioa egiteko.
17. artikulua. Haurrari esnea emateko baimena.
Langileek, bederatzi hilabetetik beheitiko haurrei esnea emateko, baimena izanen dute ordu batez lantokitik ateratzeko. Denbora hori bi zatitan banatu edo eskubide horren ordez eguneroko lanaldia ordu erdia laburtzeko aukera izanen dute. Denbora hori aitak eta amak hartzen ahalko dute, baina ez biek batera. Orobat, aldi bakar batean metatzen ahalko dute eta amatzeagatik dagokien baimenaldiari gehitu.
18. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Eritasun edo istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, ahalik eta lasterren jakinaraziko zaio zentroko zuzendaritzari, lana antolatu eta zentroak ongi jardun ahal izateko.
Laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, betiere Gizarte Segurantzak langileari eskubidea aitortzen badio aldi baterako ezintasunerako prestazioak hartzeko, enpresak osagarri bat pagatu beharko dio, Gizarte Segurantzatik aldi baterako ezintasunaren prestazioagatik kobratzen duena kontaturik kotizazioko legezko soldataren %100 egiteko moduan.
Lanetik kanpoko istripu edo eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, Gizarte Segurantzak langileari aitortu badio ezintasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoak hartzeko eskubidea, adibidez, gutxienez ere kotizazioko 180 egun, baita bertze edozein baldintza edo legezko arrazoi, enpresak eriari edo istripua izan duenari ondoren adierazten diren osagarriak pagatu beharko dizkio:
–Bajako 1. egunetik 5.era: kotizazioko egiazko soldataren %80.
–Bajako 6. egunetik goiti: kotizazioko egiazko soldataren %100.
Arau aldaketaren batek hitzarmen hau sinatu ondoan indarra hartzen badu eta horren ondorioz Gizarte Segurantzak edo istripu mutuek aldi baterako ezinduriko langileei pagatzen dizkien prestazio ekonomikoak gutxitu edo murrizten badira, alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute artikulu honetan ezarri denaren egokitzapena negoziatzeko.
19. artikulua. Arriskua haurdunaldian.
Haurdunaldian arriskurik gertatuz gero, Laneko Arriskuei Hartzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren baldintzetan, aukera izanen da kontratua eteteko, lanpostua gorderik. Etenaldia bukatuko da kontratua amatasun biologikoagatik eteten hasten den egunean, edo emakumezko langileak aurreko lanpostura edo bere egoerarekin bat datorren bertze batera itzultzeko duen ezintasuna desagertzen denean.
Haurdunaldian arriskua izateagatiko diru sariak osagarri bat izanen du, oinarri arautzailearen %100eraino; osagarri hori abiatuko da kontratua eteten den egunean eta bukatuko, berriz, enpresara itzultzeko bezperan.
IV. KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
20. artikulua. Soldata kontzeptuak.
Soldata kontzeptu guztiak hitzarmen kolektibo honetan erabakitzen den berrikuspenaren menpe egonen dira eta lanaldia bukatzean hein berean pagatuko dira.
Soldata kontzeptuak:
Hona hemen soldata kontzeptuak:
–Oinarrizko soldata.–Eranskinetako taulen arabera.
–Antzinatasuna.–Antzinatasun finkatuagatik, langileek 2006ko abenduaren 31n biltzen zuten lansaria bilduko dute osagarri pertsonal gisa. Data hartaraino laurtekorik finkatu ez duten langileek data hartan zuten antzinatasunari dagokion zati proportzionala sakelaratuko dute osagarri pertsonal gisa.
–Gaueko lanaren plusa.–22:00etatik 6:00ak bitarte lanean diharduten langileek plus bat kobratuko dute gauaz lan egiteagatik. Eranskinetako taulen arabera.
–Sukalde lanaren plusa.–Sukaldean oreak prestatzen aritzen diren langileek plus bat bilduko dute lan egindako egun bakoitzeko edo lanaldiko 8 orduetatik lan egindakoen gaineko zati proportzionalaren araberakoa, eranskinetako taulen arabera.
–Izotz-ganberen plusa.–Lanaldiko bi ordu gutxienez izotz-ganberaren barnean lanean egiten dituzten langileek plus bat bilduko dute lehen orduaz geroztik, izotz-ganberaren barnean egiten duten ordu bakoitzeko, eranskinetako taulen arabera.
–Ontziratzearen plusa.–Ontziratze eremuaren ardura (etiketatzearen, ontziratzearen, paleteratzearen eta abarren kontrola) jasotzen duten langileek plus bat bilduko dute lan egindako egun bakoitzeko edo lanaldiko 8 orduetatik lan egindakoen gaineko zati proportzionalaren araberakoa, eranskinetako taulen arabera. Plus hori hiruhileko guztietan ordainduko da, eta horretarako baldintza izanen da erreklamaziorik ez izatea eginkizun horien kariaz.
21. artikulua. Aparteko eskersariak.
Langile guztiek bi aparteko eskersari kobratuko dituzte, oinarrizko soldataren hilabeteko sariaren adinakoak, antzinatasun finkatua barne. Sari horiek nomina bakoitzean hainbanatuak ordainduko dira.
22. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak borondatezkoak izanen dira langilearendako, eta horien diru ordaina izanen da %35eko gorakada edo ordu bat eta hogeita bat minutuko atsedena. Langileek behin ere ez dituzte berrogei aparteko ordu baino gehiago eginen urtean. Aparteko ordua egunez edo gauaz den, horren araberakoa izanen da zenbatekoa, eta ez da inoiz izanen ohiko orduaren prezioa baino txikiagoa.
23. artikulua. Soldata igoerak.
Hitzarmen kolektibo hau indarrean egon bitartean ez da soldata igoerarik batere izanen eranskineko soldaten taulan.
V. KAPITULUA
Kontratazioa
24. artikulua. Probaldia.
Probaldi hauek hauek ezarri dira:
–Ekoizpeneko burua: sei hilabete bitarte.
–Kalitatearen arduraduna: sei hilabete bitarte.
–Administrariak: hiru hilabete bitarte.
–Langileak: hiru hilabete bitarte.
–Garbiketakoak: hilabete bitarte.
Probaldia idatziz itunduko da. Indarrean dagoeino alde kontratatzaile bakoitzak bere aldetik lan harremana bukatutzat ematen ahalko du, askatasun osoz, aldez aurretik jakinarazi beharrik gabe eta inolako ordainik gabe.
25. artikulua. Aldizkako langile finkoak.
a) Definizioa eta edukia.
Aldizkako lan kontratu finkoak izaera berezkoa du enpresan, eta egiten zaio urteko lanegun guztietan gabe, enpresan ohiko jardueran data jakinetan errepikatzen ez diren aldizkako lan finkoetan aritzeko deitua izan den langileari.
Hargatik ere, ez da eskatzen zerbitzu egitea orokorrean urte osoan laneguntzat hartzen diren egun guztietan.
Kontratu eredu bat da, bateratzen dituena enpresen interesak, bere jarduerak behar duen malgutasuna ezartzen duelako eta jarduera gutxien dagoenetan plantilla murrizteko bidea ematen duelako, eta langileen interesak, kontratu mugagabea delako.
b) Aldizkako lan kontratu finkoan aipamen hauek bilduko dira:
–Kontratuaren izaera.
–Kontratuaren xedeko zerbitzuak zer jarduera zikliko edo aldizkakotan emanen diren.
–Laneratzeko deia egiteko modua eta hurrenkera, hitzarmen kolektiboan ezarri bezala.
–Urteko gehieneko lanaldiareren eta ordutegiaren zehaztapena, enpresaren hitzarmenean edo egutegian ezarritako baldintzetan.
c) Deialdia eta erroldak.
Zer jardueratarako kontratatu zen, huraxe abiatzen den aldiro jasoko du deia aldizkako langile finkoak; deialdia ezari-ezarian eginen da, egin beharreko lanaren tamainak une bakoitzean dituen premien arabera.
Deialdia antzinatasunaren araberako hurrenkera hertsian eginen da, kategoria bakoitzaren barnean, enpresaren ekoizpenak dituen premien arabera. Lanaren etetea, berriz, alderantzizko antzinatasun ordenaren arabera eginen da, kategoria bakoitzaren barnean; langileari idatziz gaztigatuko zaio.
Langilea enpresak adierazten duen egunean laneratuko da. Ez da ulertuko lanpostuari uko egin diotela hasieraren berri ez bazaie eman hiru egun lehenago, eta zerbitzuan laneratu ezin badira jakinarazi eta hiru egun iragan arte. Horretarako, langileak Espainiako helbide bat adierazi beharko dio enpresari.
Deia jaso eta finkaturiko unean enpresan laneratzen ez den langileak aldizkako langile finkoa izateari utziko dio, eta inguruabar hori enpresako borondatezko bajarekin parekatuko da.
Deia jaso eta ez laneratzeak ez du ekarriko txanda galtzea langileak erroldan duen hurrenkeran, honako egoera hauetan badago: aldi baterako ezintasuna, haurra izan, adoptatu edo familian hartu ondoko amatasuneko atsedena, eszedentzia, lizentzia edo bertze arrazoi batzuk, justifikatuak badira. Ez laneratzeko arrazoi justifikatua behar bezala egiaztatu beharko da. Behin laneratuz gero, berriro lotuko zaio lan harremanari.
Urte bakoitzeko urtarrilean enpresak errolda prestatu eta emanen du argitara, haren kopia utziko du langileen ordezkarien eskutan eta iragarki oholean paratuko du ikusgai gutxienez ere hamabortz egun naturalean, langileek jakin dezaten. Beren burua kaltetutzat jotzen duten langileek erreklamazioa egiten ahalko diote enpresari, idatziz egin ere ikusgai paratu ondoko hamabortz egun naturalean. Enpresak eskaerari ezezkoa ematen badio, edo bertze hamabortz egun naturalean erantzuten ez badu, langileak legezko ekintza egokiak erabiltzen ahalko ditu.
Deialdia betetzen ez bada, ondoko bi paragrafoetako kasuetan izan ezik, langileak erreklamatzen ahalko du kaleratzeagatiko prozedura jurisdikzio eskudunaren aurrean. Epea hasiko da deialdirik egin ez dela jakin eta egun berean.
Deirik ez izatea ez da kaleratzetzat joko baldin eta aldizkako langile finko guztiak hartzeko behar adinako lan kopururik ez izatearen ondorioz izan bada. Egoera horrek kontratuaren aldi baterako etetearen jarraipena ekarriko du, non eta ez den laneratzen enpresak egindako erroldaren arabera deien hurrenkeran zenbaki apalagoa duen aldizkako langile finkorik.
Kontratua eteteko arrazoiak izanen dira istripu atmosferikoak, garraioen edo banaketa egiteko baliabideen geldiera, indar eragilearen etendura edo lehengai falta, enpresaburuari egozten ahal ez zaiolarik; halakoetan, karga arintzea izanen da lan egiteko eta lana ordaintzeko elkarrekiko betebeharretan, eta deirik ez izatea ez da kaleratzetzat hartuko. Hala gertatuz gero, enpresak beharturik egonen dira langileen ordezkariei zergatiaren berri ematera; berri emate hori aski izanen da eteteko arrazoiak ondorioa izateko.
e) Bertze kontu batzuk.
Enpresak, zerbitzu aldi bakoitza bukatzen denean, egiazki egindako lanegunen ziurtagiria emanen dio aldizkako langile bakoitzari edo haren legezko ordezkariei.
Aldizkako lan-kontratudun finkoek egiazki lan egindako denboraren heinean eskuratuko dituzte aparteko pagak eta oporrei dagokiena.
Hitzarmenean eta legean aurreikusitako prozeduren arabera goragoko kategoria batera igotzen diren langileek eskubidea izanen dute antzinatasunaren araberako hurrenkeran aitzineko kategorian zuten zenbakia gordea izateko; gisa horretara ez zaio kalterik egiten enpresako aldizkako lan-kontratudun finkoen igoerari eta kasu bakoitzean eskuratuko dute egiazki lan egindako lanari dagokion soldata.
Emakumea den aldizkako lan-kontratudun finkoa amatasun baimenerako zitazioan dagoenean, deien zerrendan hurrengo heldu den langilea izanen da, ondorio guztietarako, lanpostuan ordeztuko duena.
Edozein ziurtagiri administratiborako beharrezkoa delarik behar den kontratua egitea, alderdien artean eginen da hura.
26. artikulua. Ekoizpen gorabeherengatiko kontratua.
Merkatuaren inguruabarrek, zereginen pilaketak edo soberazko eskabideek horretara behartzen dutelarik, enpresaren ohiko jarduera izanik ere, hala nola Eguberri edo herriko besten bezperan, langileen oporrak edo eskaintzaren ondoriozko pilaketak, kontratazioak hitzarzen ahalko dira, jardueraren kariaz, gehienez ere 6 hilabetez, 12 hilabeteko epe baten barnean. 6 hilabete baino gutxiagoko eperako hitzartuz gero, luzatzen ahalko da, alderdiak ados egonez gero, baina kontratuaren iraupena ez da gehieneko muga hori baino luzeagoa izanen.
27. artikulua. Erretiro partziala, errelebo kontratua.
Langileak hala eskatu eta horretarako betebeharrak betetzen dituenean, errelebo kontratuak izenpetuko dira, enpresak ordezko langilerik atzemanez gero.
Ordezturiko langileari ohiko erretiroko pentsioa kobratu ahal izateko behar den adinera iristeko falta zaion denborarako izanen da. Lanaldia osoa edo partziala izan daiteke. Betiere, ordezturiko langileei lanaldia zenbat ordu murrizten zaien eta gutxienez ere horixe iraun beharko du. Ordeztuek lanbide talde bereko edo baliokidea den kategoriako lanak egin beharko dituzte.
Gai honetan, eskaera egin eta formalizatzen denean indarra duen araudiari jarraituko zaio.
28. artikulua. Langileen igoera.
Lanpostu hutsak edo sortu berriak barne deialdi baten bidez beteko dira lehenbiziko saioan. Enpresa bereko langileek izanen dute lehentasunezko eskubidea lanpostu horiek betetzeko, lanpostuan aritzeko behar diren baldintzak betetzen badituzte. Langile guztiek eskubidea izanen dute lanpostu horietara baldintza beretan aurkezteko. Lanpostuak aurreko prozeduraren bidez bete ezik, kanpo deialdi baten bidez beteko dira. Hautagaiek egin beharreko lanerako gaitasun proba batzuk gainditu beharko dituzte. Proba horiek lanpostuaren ezaugarrietara eta langileen tituluetara egokituko dira.
Barne eta kanpo deialdiko prozeduretan langileen ordezkari batek hartuko du parte, sindikatuen ordezkariak, hain zuzen ere, horrelakorik baldin bada.
29. artikulua. Ikastaroetan parte hartzea.
Enpresak, berak edo langileek eskaturik, komenigarritzat jotzen duenean langileek beren lanari loturiko ikastaro, biltzar, jardunaldi eta abarretan parte hartzea, behar bezala frogaturiko gastuak pagatuko dizkie, aldez aurretik onarturiko aurrekontuarekin bat. Halaber, ikastaroak enpresak sustatzen ez dituenean, gastuak erdibanatuko dira, alegia, erdia enpresaren kontu eta bertze erdia langileen kontu. Horretarako, langileek nahitaez egin beharko dituzte ikastaroak.
30. artikulua. Laneko arropa.
Zereginetan ari diren langileei egin beharreko eginkizunetarako jantzi egoki hauek emanen dizkie enpresak:
–Mantala, galtzak, elastikoa.
–Zapatak.
–Segurtasuneko zapatak.
–Txanoa.
–Mandarrak.
–Eskularru termikoak.
–Txalekoa eta arropa beroa.
Jantziak ordezteko, langileek arropa erabiliak itzuli beharko dituzte. Enpresa utziz gero, harturiko arropa guztiak itzuli beharko dituzte.
Halaber, enpresak NBE arloan behar diren arropez hornituko ditu.
31. artikulua. Laneko osasuna eta segurtasuna.
Laneko arriskuen ebaluazioak zer xedatu, harexeri lotuko zaizkio enpresa eta langileak.
Hitzarmen kolektibo hau sinatzean, enpresak eguneratuko du lanpostu bakoitzeko laneko arriskuen ebaluazioa, eta txandakako lan sistemak ezarriko ditu ahalegina (pisuak jasotzea, mekanizazioak, uhal garraiatzaileak etab.) edo errepikapena dakarten egitekoen metaketa galarazteko, hezur-giharretan lesioak eta gaitzak eragiten baitituzte ekoizte-jarduera berretzearen ondorioz.
32. artikulua. Istripu asegurua.
Enpresa beharturik egonen da aseguru poliza kolektiboa hitzartzera, ondoko kontingentziak estali beharrez:
1. 30.000 euroko kalte-ordaina, lan istripuaren ondorioz ezintasun erabatekoa gertatuz gero.
2. 27.000 euroko kalte-ordaina, lan istripuaren ondorioz heriotza gertatuz gero.
33. artikulua. Sindikatuen ordezkarien eginkizunak.
Ordezkaritzarako eta bilerarako eskubideak Langileen Estatutuan, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan eta indarra duten bertze legeetan aipatzen direnak izanen dira.
Ordu kreditu ordaindua metatzen ahalko da hiruhilero, langileen legezko ordezkarien borondatearen arabera. Metatze hori gauzatzeko enpresari jakinarazi beharko zaio erabili baino lehen.
34. artikulua. Hutsegite motak.
Sektoreko enpresen zerbitzuko langileek egiten dituzten hutsegiteak sailkatzeko irizpidea beren garrantzia edo, hala behar badu, berrerortzea izanen da; horren arabera, arinak, larriak edo oso larriak izanen dira, ondoko artikuluek xedatzen dutenaren arabera.
35. artikulua. Hutsegite arinak.
Honako hauek hutsegite arinak dira:
1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hamabortz minutu baino gehiago egiten badu.
2. Baja dagokion garaian ez aurkeztea, justifikatutako arrazoi bat dela medio langilea lanera joaten ez denean, ez bada behintzat frogatzen ezinezkoa izan dela.
3. Lantokitik edo lanpostutik pixka batean lekutzea, horretarako arrazoi zuzenik gabe, betiere lekutzeak kalterik ekartzen ez badio enpresaren ekoizpen jarduerari edo lankideei, ezta hauei istripurik ere, orduan larria edo oso larria izanen bailitzateke.
4. Egun batean lanera huts egitea behar den baimenik edo justifikatutako arrazoirik izan gabe.
5. Arreta gabezia txikiak enpresaren hornidurak edo materiala zaintzerakoan.
6. Enpresari lanean eragina duen edozein egoera aldaketaren berri ez ematea, hala nola ohiko bizilekuaren aldaketa.
7. Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, enpresaren ekoizpen prozesuan edo irudian eragina izan dezakeenean.
8. Bertze langileekin enpresaren esparruan eztabaidan aritzea, jendaurrean gertatu ez bada.
9. Laneko arriskuei aitzintzeko arauak ez betetzea, horrek langileari, lankideei edo hirugarrenei arriskurik ekartzen ez dienean.
10. Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez artatzea.
11. Enpresa barnean higiene arauak ez betetzea.
36. artikulua. Hutsegite larriak.
Honako hauek hutsegite larriak dira:
1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hogeita hamar minutu baino gehiago egiten badu.
2. Behar den baimenik edo bidezko arrazoirik gabe lanera ez agertzea bi egunez sei hilabetean.
3. Laneko arriskuei aitzintzearen arloan aginduak ez betetzea edo arauak ez begiratzea, horrek langileari, lankideei edo hirugarrenei arrisku handia ekartzen dietelarik, baita enpresak segurtasunerako jartzen dituen baliabideak ez erabiltzea ere.
4. Gorakoen erranak ez betetzea laneko edozein kontutan, betiere aginduak ez badakar langilea umiliatzea edo haren edo bertze langile batzuen bizia edo osasuna arriskuan jartzea.
Desobedientzia errepikatua bada, edo laneko diziplina nabarmen haustea badakar, edo enpresarentzat edo pertsonentzat kalterik sortzen badu, hutsegite oso larritzat har daiteke.
5. Bertze langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.
6. Bertze langileekin eztabaidan aritzea, jendaurrean edo jendearengana hotsa iristeko moduan.
7. Behar den baimena izan gabe, norberarentzako lanak egitea lanaldiaren barrenean.
8. Enpresaren gauzak edo janzkiak norberarentzat erabiltzea edo enpresaren instalazioetatik edo esparrutik ateratzea baimenik gabe.
9. Axolagabekeria larria enpresaren hornigaiak edo materiala zaintzean.
10. Hiru hutsegite arin egitea, desberdinak izanagatik ere, hiruhileko batean, tartean enpresaren idatzizko zehapena izan denean.
37. artikulua. Hutsegite oso larriak.
Honako hauek hutsegite oso larriak dira:
1. Arrazoi bidezkorik gabe, urtebetan lanera bitan baino gehiagotan ez agertzea.
2. Aldi baterako ezintasunerako arrazoiak edo istripuak simultzea.
3. Iruzurra, desleialtasuna edo konfiantza-abusua manaturiko lan, kudeaketa edo jardueran, baita bertze langileekiko harremanean edo, lana bitartean, bertze edozein pertsonarekikoan, edo bere kasa eta enpresaren baimen berariazkorik gabe negoziazioak egitea saltoki edo industria batekin, edo haren jardueran bidegabeko lehia egitea.
4. Enpresari edo bertze lankideei ebastea, lapurtzea edo bidegabeko erabilera egitea edo orobat egitea bertze edonori, lantokian denean edo bertze edozein lekutan lanaldiaren bitartean.
5. Enpresaren edo lantokiko edozein material, erreminta, makina, instalazio, eraikin, aparatu, lanabes, agiri, liburu edo ibilgailu desagerrarazi, baliogabetu, suntsitu edo hondatzea.
6. Ohiko mozkortasuna eta ageriko droga-mendekotasuna, lanaldian eta norberaren lanpostuan. Horditurik edo sorgorgarriak hartuta behin agertuz gero, hutsegite larria izanen da.
7. Enpresaren gutuneriaren edo isilpeko dokumentuen sekretua urratzea edo enpresakoa ez den bati nahitaez isilpean eduki beharreko datuak agerraraztea.
8. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea edo errespetu eta begirune falta larriak egitea nagusiei edo haien ahaideei, baita lankide eta menekoei ere.
9. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.
10. Lan arriskuei aitzintzeko arauak ez betetzea edo ez begiratzea, horren ondorioz lan istripu larria gertatzen edo lankideei, hirugarrenei edo enpresai kalte larriak ekartzen dizkielarik.
11. Goiko batek egitate apetazkoa egitea, langilearen eskubide legez aitortu bat urratzea dakarrena, hortik menekoari kalte larria etortzen zaiolarik.
12. Ohiko lan errendimendua nahita, behin eta berriz eta luzaroan gutxitzea, non ez den legeek onartutako eskubide bat erabiltzearen ondorioz.
13. Zuhurtziagabekeria edo axolagabekeria manaturiko lanean aritzean, edo egiteko moldeak istripu arriskua edo matxura arrisku larria dakarkielarik enpresaren instalazio edo makinei.
14. Jendearenganako begirune edo adeitasun falta nabarmena.
15. Norberaren garbitasun eta txukuntasun falta ohiko eta jarraia, ekoizpen prozesuari eta enpresaren irudiari eragiten ahal dielarik.
16. Hierarkia egoeraz baliaturik, sexu kutsuko hitzezko nahiz gorputzezko laidoaren bidez intimitatearen eta duintasunaren begirunearen kontra modu larrian doan portaera. Portaera hori hierarkia egoeraz baliatuz gauzatzen bada, hartarako inguruabar astungarria izanen da.
17. Langile baten kontrako jazarpen moral sistematikoa, portaera hori lantokian behin eta berriz, maiz eta luzaroan errepikatzen delarik, eta horren xedea haren eskubideak edo duintasuna mendratzea, haren gorputz- nahiz buru-osasuna hondatzea edo haren etorkizun profesionala kolokatzea delarik.
18. Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izan arren, lehenbizikoa egin ondoko sei hilabeteren barnean egiten bada.
38. artikulua. Zehapenak. Aplikazioa.
Enpresak, egindako hutsegiteen larria eta inguruabarrak kontuan hartuta, zehapen hauek ezartzen ahal ditu:
1.–Hutsegite arinak:
–Hitzez edo idatziz kargu hartzea.
–Enplegu-soldaten etenaldia, gehienez 3 egunekoa.
2.–Hutsegite larriak:
–Enplegu-soldaten etenaldia, 3-15 egunekoa.
3.–Hutsegite oso larriak:
–Enplegu-soldaten etenaldia,16-60 egunekoa.
–Kaleratzea.
Hona zer hartuko den kontuan aitzineko 1. puntuko zehapenak aplikatzeko eta mailakatzeko:
a) Hutsegitea egin zuenaren erantzukizun maila handiagoa edo txikiagoa.
b) Haren kategoria profesionala.
c) Egitateak gainerako langileen artean eta enpresan duen oihartzuna.
d) Hutsegite larri edo oso larriengatik legezko edo sindikatuen ordezkariak diren langileei zehapenak ezarri aitzin, alde biko espedientea irekiko zaie lehenik; hartan, interesdunari ez ezik, ordezkaritzako gainerako kideei ere emanen zaie entzutea, halakorik bada.
Arestian aipatu alde biko espedientea irekitzeko betebeharra ordezkaritza kargua utzi ondoko urteraino luzatuko da.
Enpresak langile batzuei zehapena paratu nahi eta horiek sindikatu bateko kideak direla dakielarik, neurri hori ezarri aitzin, entzutea eman beharko die ordezkari sindikalei, halakorik bada.
39. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzeko duen ahalmena hamar egunen buruan preskribatuko da, hutsegite arinetan, hogei egunen buruan hutsegite larrietan eta hirurogei egunen buruan hutsegite oso larrietan, haien berri izandako egunetik hasita, eta nolanahi ere, hutsegitea egin eta hurrengo sei hilabeteren buruan.
40. artikulua. Zehapenen bertze ondorio batzuk.
Enpresek beren langileei hutsegite larriengatik edo oso larriengatik ezartzen dizkieten zehapenen berri emanen dute, idatziz, haien lan espedienteetan, eta orobat emanen hutsegite arinen berri, haietan berreroriz gero.
VI. KAPITULUA
Azken xedapenak
41. artikulua. Batzorde paritarioa.
Eraketa.
Hitzarmen hau sinatu eta hilabeteko epean, Batzorde Paritario bat sortuko da, alde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dutena.
Eginkizunak.
Batzorde honi esleitzen zaizkio hitzarmena interpretatu, begiratu eta ikuskatzea eta ondorengo berariazko negoziazio baterako ireki eta ikertzeke gelditzen diren gaiak garatzea, sortzen diren liskarrei buruzko aldez aurreko azterketa eta erabakia, arazoei irtenbidea emateko prozeduretan, eta, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmenean bertan ezarritakoari jarraikiz.
Halaber, hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka indibidual edo kolektibo paratu aitzin, hala aurretiazko erreklamaziokoa lan administrazioko agintaritza eskudunari, nola organo jurisdikzional eskudunari zuzendua, lehenik auzia Batzorde Paritarioaren esku jarriko da.
Langileen Estatutuko III. tituluan xedaturikoarekin bat, Batzordeak hitzarmen honen xede diren gaiei buruz eta gai horiek interpretatu eta garatzeko hartzen dituen erabakiak hitzarmenari erantsiko zaizkio eta balio juridiko bera izanen dute.
Erregelamendua.
Batzorde Paritarioak bere funtzionamendurako egokia den erregelamendua prestatu eta onets dezake.
Batzorde Paritarioa edozein aldek eskaturik bilduko da, deialdia eskatzen denetik hamabortz eguneko epean, salbu eta presa dela-eta, bilera alde guztien eskubideak zaintzeko moduko epe batean egitea komeni denean. Batzordeak erabakiak hartzeko, kideen hiru laurdenen botoak beharko dira erabaki horren alde. Haren ebazpenak astebeteko epea izanen du gehienez.
Gatazkak konpontzea.
Batzorde Paritario horren baitan zuzentzen ahal ez diren gatazkak konpondu beharrez, alderdiek auzia lanbide arteko organo independenteen eskutan uzten ahal dutela deusetan ukatu gabe ere, alderdiek hitzartu dute, aitzinetik edo hasiera batean, izatea organo hau hitzarmen kolektibo honen aplikazioaren, interpretazioaren edo garapenaren ondoriozko gatazka indibidual edo kolektibo guztiak konpontzera saiatuko dena.
42. artikulua. Lege osagarriak.
Hitzarmen honetan espresuki aurreikusirik ez dagoen guztian, Langileen Estatutua eta lan arloan indarra duten xedapen orokorrak aplikatuko dira.
Lehen Xedapen Gehigarria.–Gatazkak auzibidetik kanpoko konpontzea.
Bi alderdiek adostu dute auzibidetik kanpoko bitartekotza, adiskidetze eta, hala behar badu, arbitraje prozeduretara eramatea hitzarmen kolektibo honetako gaietan sor daitezkeen desadostasun guztiak, baita Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan bildutako lan baldintzei buruzko ere, bi alderdiek baiesten duten lanbide arteko organo independente baten esku-hartzea onartuz desadostasun horiek zuzentzeko.
Bigarren Xedapen Gehigarria.–Lan erreformaren kontrako klausula.
Lehenago zegoen akordioari segida emanez hitzarmen kolektibo hau sinatzean langileek beren gain hartu duten ahaleginak berekin dakar enpresaren konpromisoa 3/2012 Legeak alor hauetan bereganatzen dituen neurriak ez aplikatzeko: barne eta kanpo malgutasuna, lan baldintzen funtsezko aldaketa, hitzarmen kolektibo honek jasotzen dituen baldintzak berak ez aplikatzea, baita kaleratze objektibo indibidual nahiz kolektiboa ere. Salbuespena izanen da gertatzen direnean enpresaren borondatez kanpoko arrazoiak, diru nahiz ekoizpenaren aldetik enpresaren beraren egungo egoera larriki bertzelakotzen dituztenak.
ERANSKINA Soldata taulak (indarraldia, 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 arte) |
KATEGORIA | OINARRIZKO SOLDATA | APARTEKO PAGAK | SUKALDE LANAREN PLUSA ONTZIRATZEA | GAUEKO LANAREN PLUSA | IZOTZ-GANBERAREN PLUSA |
Adm-of. | 1.149,78 | 191,63 | |||
Administrari laguntzailea | 1.086,33 | 181,06 | |||
Merkataritza | 1.268,96 | 209,82 | |||
Laborategiko analista laguntzailea | 1.149,78 | 191,63 | |||
Gainbegiralea | 1.132,63 | 188,77 | 1,11 orduko | ||
Ekoizpeneko 1. mailako ofiziala | 1.132,63 | 188,77 | 6,41 euro lan egindako eguneko | 1,11 orduko | |
Ekoizpeneko 2. mailako ofiziala | 1.092,32 | 182,05 | 1,11 orduko | ||
3. mailako ofizial p. espezialista | 1.052,01 | 175,33 | 1,11 orduko | ||
Mantentze-lanetako 1. mailako ofiziala | 1.132,63 | 188,77 | 1,11 orduko | ||
Ganberako biltegizaina | 1.132,63 | 188,77 | 1,11 orduko | 2,25 orduko | |
Garbiketa | 1.052,01 | 175,33 | 1,11 orduko | ||
Ekoizpeneko laguntzailea * | 800,00 | 133,34 | |||
Garbiketako laguntzailea * | 800,00 | 133,34 | |||
(*) Ekoizpeneko laguntzailearen eta garbiketako laguntzailearen kategoria profesionalak dituztenak 850 euroko lansari gordina eskuratzen hasiko dira, lanean lehen sei hilabeteak egin ondoan. F1511227 | |||||
Iragarkiaren kodea: F1511227
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
