1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
34/2015 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2015eko deialdia onesten duena.
Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan dioenez, aginte publikoek gizarte zerbitzuen arloan dituzten funtsezko helburuetako bat da pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazio, parte-hartze eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan. Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat, Espainiako Konstituzioaren 50. artikuluan xedatutakoarekin erlazionatu behar da. Horren arabera, agintariek hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatuko dute, haien berezko arazoei aurre egiteko gizarte zerbitzuen sistema baten bidez, osasun, etxebizitza, kultura eta aisialdi arloetan.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.
Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura ezartzen duen uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,
AGINDU DUT:
1. Adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2015eko deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat. Onestea, halaber, eskaerak baloratzeko baremoa, II. eranskinean ageri dena, eta egonaldien txandak eta prezioak, III. eranskinean ageri direnak.
2. Guztira 49.906,78 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatu den 2012ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza” izeneko 920005 91820 4809 231B03 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Entitateen Koordinazio Bulegoari, Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko abuztuaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
I. ERANSKINA
Adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2015eko deialdiaren oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da adineko pertsonentzako Bainuetxe Programan parte hartu nahi dutenei diru-laguntzak ematea. Programa III. eranskinean aipatzen diren bainuetxe eta txandetan eginen da.
2. Diru-laguntza mota.
Esleitutako plazaren benetako kostuaren eta onuradunak, III. eranskinaren arabera, ordaindu beharreko zenbatekoaren arteko aldea izanen da programaren onuradunei emanen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa.
3. Aurrekontu erabilgarria.
Bideratutako diru kopurua 49.906,78 eurokoa da, 2015era arte luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza” izeneko 920005 91820 4809 231B03 kontu-sailaren kargura. Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Eskaera aurkeztean betebehar hauek biltzen dituztenak izaten ahalko dira onuradunak:
a) 65 urte edo gehiago izatea, edo 60 urte edo gehiago izatea eta erretiroaren, elbarritasunaren edo alargun-pentsioa edo beste pentsio batzuk jasotzea.
b) Nafarroan erroldatua egotea gutxienez ere bi urteko antzinatasunarekin, eta zergak Nafarroako Foru Ogasunari ordaintzeko betebeharra izatea, betebehar horretatik salbuetsita daudenen kasuan izan ezik.
c) Autonomia pertsonala izatea eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan aritzeko. Baldintza hau betetzen ez dela ulertuko da eskatzaileari ebazpen bidez aitortu bazaio mendekotasun handia edo larria duela (edozein mailatakoa).
Familien batasuna sustatzeko, eskatzaileen ezkontideak edo haiekin antzeko harremanak dituztenak ere izaten ahalko dira onuradunak, betiere biek b) eta c) ataletan adierazi diren betebeharrak betetzen badituzte.
Parte hartzen ahalko dute, halaber, onuradunen seme-alaba desgaituek, %33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen badute eta beren gurasoekin joaten badira, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Auzoko Unitateek edo Osasun Etxeek egindako txosten sozialaren bidez egiaztatzen bada mendekotasuna dutela eta ezin direla beste pertsona batzuen ardurapean gelditu. Familia-unitate bakoitzean, desgaitasuna duten bi seme-alabarentzako diru-laguntza jasoko da, gehienez.
Bainuetxera iristean, programaren onuradunei osasun azterketa eginen zaie, bakoitzari hobekien egokitzen zaizkion bainuetxe tratamenduak finkatzeko. Kontraindikazioren bat bada, arretarako beste aukera batzuk ezarriko ditu medikuak.
Egonaldi bakoitza bukatutakoan, zentroko medikuak ziurtagiria bidaliko dio Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari, adieraziz bertaratutako pertsonak gai zirela eskainitako tratamendua jasotzeko. Erabakitzen bada pertsona bat ez dela gai eskainitako tratamendua edo bainuetxeak emandako alternatibak jasotzeko, pertsona horren eskaera deuseztatuko da, eta, halakorik bada, itxaron-zerrendako beste batek erabiltzen ahalko du bere plaza.
5. Eskaerak: eskabide eredua, aurkeztu beharreko agiriak eta aurkezpena.
5.1. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bulegoetan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) banatuko den eredu ofiziala erabiliz aurkeztuko dira. Erakunde horren web orrian ere eskura daitezke.
Eskabidearekin batera agiri hau aurkeztuko da:
–Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan duela bi urte gutxienez bizi dela jasotzen duena.
5.2. Eskaera aurkezteko epea.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskaerak.
Eskaerak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, instrukzio organoak eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskabidean emandako informazioa egiaztatzearren.
6. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
6.1. Deialdi honen instrukzio organoa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Entitateekiko Koordinaziorako Bulegoa da.
6.2. Deialdiaren gaineko ebazpena ematea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte.
6.3. Diru-laguntzak emateko ebazpena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 7, Iruña).
7. Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
8. Diru-laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
8.1. Pertsona eta txanda bakoitzeko prezioa III. eranskinean agertzen da. Prezio horien barnean honako zerbitzu hauek daude:
a) Ostatua eta pentsio osoko mantenua, betiere gela bikoitzetan.
b) Bainuetxe tratamendua, honela osatua:
–Osasun azterketa, bainuetxeko egonaldiaren hasieran.
–Bainuetxeko medikuak bakoitzari agindutako bainuetxe tratamendua.
–Egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
c) Bainuetxeko joan-etorria autobusez.
d) Taldeko aseguru poliza.
Plaza bakoitzaren kostua finantzatuko da emandako diru-laguntzarekin eta programaren erabiltzaileek ordaindutakoarekin. Diru-laguntza 309,98 eurokoa izanen da, eta erabiltzailearen kostua 390 eurokoa. Erabiltzaileei plazak eman ondoren, kasuan kasuko bainuetxeekin kontratatuko dira plaza horiek.
8.2. Diru-laguntza jasotzen dutenek honela ordainduko dute egonaldiaren prezioa:
a) Erreserba gisa eta bainuetxeko egonaldia hasi aurretik lehen ordainketa egin beharko dute, 130 eurokoa. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak banku kontuaren zenbakia eta ordainketa egiteko epea jakinaraziko dizkie interesdunei.
b) Egonaldiaren gainerako zenbatekoa bainuetxera iritsitakoan ordainduko da.
9. Diruz lagundutako plaza ezereztea.
9.1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak lortzeko datu edo agiri oker nahiz gezurrezkorik jarri edo aurkezten bada, lortutako plaza ezereztatuko da, txanda hasi gabe badago, edo, bestela, bainuetxeko egonaldia egina baldin badu, onuradunak plazaren benetako prezioa ordaindu beharko du, alde batera utzi gabe indarra duen araudia aplikatuz bidezko diren egintzak.
9.2. Onuradunen batek egonaldiaren prezioa ordaintzen ez badu, 8.2.a) oinarrian azaldutakoari jarraituz, hari uko egiten diola ulertuko da, eta berak utzitako hutsunea betetzeko beste onuradun bat aukeratzen ahalko da.
9.3. Egonaldia bertan behera uzten bada, plaza gordetzeko ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko, agiri bidez egiaztatutako arrazoi larrien kasuan izan ezik. Bertan behera uzteko eskaera idatziz aurkeztu beharko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian.
Arrazoi larritzat jotzen da, dirua itzultzeko:
–Interesdunaren eritasuna, bainuetxeko instalazio eta tratamenduak erabiltzea eragozten diona, medikuaren aginduz.
–Ezkontidearen edo antzeko harremaneko pertsonaren eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaideen eritasuna, ospitale batean ingresatzea edo etxean zaintzea ekartzen badu.
–Eskatzailearen edo ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaide baten heriotza.
–Justifikatutako eta instrukzio organoak onartutako beste arrazoi batzuk.
10. Aplikatzekoak diren arauak.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
11. Deialdiaren kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
II. ERANSKINA
2015. urtean adineko pertsonentzako Bainuetxe Programarako diru-laguntzak eskatzeko espedienteen balorazio baremoa
1. Eskatzaileen egoera ekonomikoaren arabera baloratuko dira adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei emanen zaizkien diru-laguntzak eskatzeko espedienteak.
2. Diru-laguntzak eskatzailearen familia-unitatearen diru-sarreren araberako lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko dira, 2014. urteko PFEZaren aitorpenetatik abiatuta. Diru-sarrerak kalkulatzeko, zerga oinarriaren zati orokorraren eta tributaziotik salbuetsita dauden errenten batura eginen da. Zergak ordaindu beharretik salbuetsita egonez gero, familia-unitateak 2014an lortutako diru-sarrerak kontuan hartuko dira. Zenbateko horri honako indize zuzentzaile hauek aplikatuko zaizkio, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:
FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA | INDIZE ZUZENTZAILEA |
Kide bat | 1 |
Bi kide | 1,5 |
Hiru kide | 2 |
4 edo gehiago | 2,5 |
3. Bi eskatzailek (batera edo banaka) txanda bera esleitzea nahi badute, eskaerako “Eskaerak batzea” izeneko atala bete beharko dute, eta jarraibideen orrian jasotzen diren oharrei jarraitu. Eskatzaile bakoitzaren ahalmen ekonomikoa zein den ere, diru-sarrera handienak dituen eskatzailea kontuan hartuta ezarriko da “Eskaerak batzea” ataleko lehentasun hurrenkera.
4. Datu ekonomikoak egiaztaturik, eskatzaileen zerrenda ordenatua prestatuko da, diru-sarrera txikienetatik handienera. Hurrenkera horri jarraikiz emanen dira diru-laguntzak, eta, ahal den guztietan, eskaeran aukeratutako bainuetxerako. Aurrekontuan dagoen diru kopurua eta bainuetxeek eskainitako plazak izanen dira muga. Diru-laguntza lortzen ez duten eskaerak erreserba txandan sartuko dira. Inork esleitutako diru-laguntzari uko eginen balio, diru-laguntza hori erreserba txandako pertsonei eskainiko litzaieke, aipatu den hurrenkerari jarraikiz.
5. Diru-sarrera berdinak agertzen dituzten espedienteak izanez gero, eskatzaile zaharrenak izanen du lehentasuna, jaiotegunaren arabera.
III. ERANSKINA
Adineko pertsonentzako 2015. urteko Bainuetxe Programa:
Zerbitzuen ezaugarriak, txandak eta prezioak
1. Zerbitzuen ezaugarriak.
a) Elgorriagako bainuetxea.
–Tokia:
Elgorriagan dago, Iruñetik 45 km-ra.
–Zerbitzuak:
Ostatua gela bikoitzetan eta mantenu osoa. Esleipen-hartzaileek banako gela eskatzen ahalko dute, nahiz eta bainuetxeko baliabideen araberakoa izanen den aukera hori. Halako gelarik bada, bainuetxeak finkatzen duen gehigarria ordaindu beharko dute.
–Gomendio terapeutikoak:
–Erreumatologikoa.
–Arnasketakoa.
–Zirkulazio txarra.
–Erlaxazioa.
–Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
–Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
–Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatzen duenari jarraikiz:
Bainu termala.
Zurrusta termala.
Arnasgailuak.
Berogailua edo lurrunezko sauna.
Sauna lehorra.
Igerileku termala.
Flotatzeko igerilekua.
Oinetarako bainua/Eskuetarako bainua.
Osasuna norberak zaintzea.
–Gizarte- eta kultura-animazio zerbitzua:
Txangoak inguruetan, kartetako jolasak, aquagym-a, terapia, dantza, bingoa, gimnastika.
b) Fiteroko bainuetxea.
–Tokia:
Fiteron dago, Iruñetik 104,3 km-ra eta Tuteratik 28 km-ra.
–Zerbitzuak:
Ostatua gela bikoitzetan eta mantenu osoa. Esleipen-hartzaileek banako gela eskatzen ahalko dute, nahiz eta bainuetxeko baliabideen araberakoa izanen den aukera hori. Halako gelarik bada, bainuetxeak finkatzen duen gehigarria ordaindu beharko dute. Gustavo Adolfo Becquer hotel-bainuetxean emanen da zerbitzua.
–Gomendio terapeutikoak:
–Eritasun erreumatikoak.
–Errehabilitazio funtzionala.
–Arnasbideak.
–Zirkulazio aparatua.
–Antsietatea, estresa.
–Prebentzioa-atsedena-erlaxazio orokorra.
–Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
–Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
–Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatzen duenari jarraikiz:
Bainu orokorrak.
Sauna naturalak edo berogailu bidezkoak.
Aeromasajeko bainuak (burbuilak).
Zutabe dutxak.
Dutxa zirkularrak.
Gerrialdeko zurrusta.
Oinetarako bainuak.
Aerosolak.
Igerileku hidrotermal estalia.
–Animazio sozialeko jarduerak:
Gimnastika, erlaxazioa, ibilaldiak, txangoak, hitzaldiak, solasaldiak, bideo eta filmak, eskulanak, jokoak, karta-, partxisa- eta bolo-txapelketak, lehiaketak, kontzertuak, dantzaldiak, festak, etab.
2. Txandak eta prezioak.
Txandak 12 egunekoak izanen dira, mantenu osokoak eta gela bikoitzetan. Bainuetxera joateko eta bertatik itzultzeko garraioa eta taldearentzako aseguru poliza sartzen dira prezioan.
Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek 390,00 euro ordaindu beharko dituzte egonaldiko.
Eskatzaileek eskaeran adierazi beharko dute zein txanda eta bainuetxe nahiago dituzten.
Txandak 2015eko urrirako, azarorako eta abendurako izanen dira.
Iragarkiaren kodea: F1512193