182. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8/2015 FORU AGINDUA, uztailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, adineko pertsonak jantokietara joateko 2015eko laguntza ekonomikoen deialdia onesten duena, baita haien kudeaketan laguntzen duten entitateak aukeratzeko prozedura ere.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Foru dekretu horren II. eranskinean (“Bermatu gabeko prestazioak”), adinekoei laguntzeko prestazioen artean, jantokietarako diru-laguntza aurreikusten da. Prestazio horren xedea da adinekoei diru-laguntzak ematea jantokietan menu orekatu bat jateko aukera izan dezaten, prezio onean.

Beraz, deialdi honen xedea da baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokietara joateko laguntza ematea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Gisa horretara, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Aipatu legeak diru-laguntzak kudeatzeko entitate laguntzailearen figura jasotzen du, eta, zuzenbide pribatuaren menpeko pertsonak direnean, horiek publikotasun, lehia, berdintasun eta bereizkeria gabeko printzipioei jarraitzen dien prozeduraren bidez aukeratu beharra ezartzen du.

Orobat, foru lege horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du diru-laguntzak emateko. Araubide horretan araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura ezartzen duen uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Adineko pertsonak jantokietara joateko 2015eko laguntza ekonomikoetarako deialdia onestea, baita deialdi hori arautuko duten oinarriak ere, foru agindu honi eranskin gisa gehitu zaizkionak.

2. Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoen kudeaketan lagunduko duten entitateak aukeratzeko prozeduraren oinarriak onestea. Foru agindu honi gehitu zaizkio II. eranskin gisa.

3. 36.000 euroko gastua baimentzea 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Jantokietarako diru-laguntza” izeneko 920005 91820 4809 231B02 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Entitateen Koordinazio Bulegoari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko uztailaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Adineko pertsonak jantokietara joateko 2015eko laguntza ekonomikoetarako deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak ematea baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokietara joateko.

2.–Lankidetza hitzarmenak entitate laguntzaileekin.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak lankidetza hitzarmenak izenpetuko ditu entitate laguntzaileekin, horiek II. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera aukeratu ondoren. Hitzarmen horietan lankidetzaren nolakotasunak eta baldintzak ezarriko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan erabakitakoari jarraituz.

3.–Pertsona onuradunak eta baldintzak.

3.1. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskineko A-14. atalean (“Jantokietarako laguntza ekonomikoa”) xedatutakoaren arabera, deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunak honako hauek izanen dira:

Adineko pertsonak eta haien ezkontideak edo izatezko bikoteko kideak, eta adinekoari parekatutako pertsonak.

3.2. Hona hemen laguntza hauek jasotzeko baldintzak:

a) Erretiroko edo baliaezintasuneko pentsioduna izatea, eta 60 urte eginak izatea.

b) Alargun pentsioduna izatea, eta 55 urte eginak izatea.

Salbuespen gisa, adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileei ere ematen ahalko zaie laguntza, gizarte zerbitzuen txosten baten bidez egiaztatzen bada laguntza jasotzeko beharra dutela.

4.–Eskaeren eta erantsi beharreko dokumentazioaren aurkezpena.

4.1. Eskaeren aurkezpena.

4.1.1. Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan aurkeztu behar dira, zuzenean (González Tablas kalea, 7; Iruña) edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

4.1.2. Eskaerak oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren bulegoetan banatuko diren inprimakien bidez aurkeztuko dira. Erakunde horren web orrian ere eskura daitezke.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da:

–2015. urtean, deialdia argitaratu aitzin, jantokia erabiltzen ari diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

–Zerbitzua deialdia argitaratu ondoan erabiltzen hasten diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, jantokira joaten hasten diren egunetik aurrera. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta. Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea 2015eko azaroaren 30ean bukatuko da.

4.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Entitatearen erantzukizunpeko aitorpena, honako hauek adierazten dituena:

–Asteko zein egunetan erabiliko den jantoki zerbitzua.

–Jantokira joaten hasi(ko) den eguna.

b) Deialdi honen 3. oinarriko baldintzak betetzen ez dituzten eskabide berezietarako, gizarte zerbitzuen txostena erantsi beharko da, egoera berezi hori dagoela justifikatzeko.

4.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskabidean emandako informazioa egiaztatzearren.

5.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozeduraren antolamendua eta instrukzioa Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Entitateen Koordinazio Bulegoari dagozkio.

5.2. Onuraduna izateko baldintzak betetzearen eta laguntza ekonomikoa ematearen gaineko ebazpena ematea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte. Ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.

5.3. Ebazpenak laguntza ekonomikoaren eskatzaileei eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Ebazpenean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko da.

5.4. Diru-laguntza eranskin honen 8.2 puntuan adierazi bezala ordainduko da.

6.–Laguntzak.

6.1. Laguntza hauen xedea da lanegunetan entitate laguntzailearen lokaletan egiten den otordu nagusia. Laguntzaren xede izan daiteke, orobat, asteburuetan eta jaiegunetan ematen den zerbitzua, baldin eta entitate laguntzaileak zerbitzu hori eskaintzen badu eta onuradunak baliabide ekonomiko urriak baldin baditu.

6.2. Laguntza ematea.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Izena emateko epeak urte osoan irekita egon beharko du, eta onuradunak baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonak izanen dira. Hortaz, ez da bidezkoa hemen norgehiagokako ohiko prozedura erabiltzea.

Eskatzaileak eta entitate laguntzaileak I. eranskineko 3. oinarrian eta II. 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, balorazio ekonomikoa eginen da.

Laguntzaren zenbatekoa eskatzailearen ahalmen ekonomikoaren eta familia-unitateko kideen kopuruaren araberakoa izanen da, ondoko baremoaren arabera:

URTEKO PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

(Kide bat familia-unitatean)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

0 eurotik 9.080,40 eurora

3,00 euro/eguna

9.080,41 eurotik 11.350,51 euro bitarte

1,00 euro/eguna

11.350,52 eurotik gora

0,00 euro/eguna

FAMILIAREN ERRENTA TARTEAK

(bi kide familia-unitatean)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

0 eurotik 11.350,51 eurora

3,00 euro/eguna

11.350,52 eurotik 14.188,14 euro bitarte

1,00 euro/eguna

14.188,15 eurotik gora

0,00 euro/eguna

Eskatzailearen ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, familia-unitatearen errenta hartuko da aintzat, eta honako hauek kontatuko dira:

a) Lanaren etekinak, barne direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

b) Ondasun higigarrien kapitala eta horren etekinak.

Nolanahi ere, ondasun higigarrien kapitalaren etekinak 200 eurotik gorakoak badira, edo ondasun higigarrien kapitala 10.000 eurotik gorakoa, ezin izanen da laguntzarik jaso.

Konputatu beharreko aldia izanen da eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga pasatu den azken ekitaldi fiskala.

6.3. Laguntzaren indarraldia.

Behin eskaera baloratu eta eskatzaileari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehaztutakoan, indarraldia ezarriko da. Arau orokor gisa, zerbitzuaren hasiera egunetik (jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak ziurtatua) 2015eko abenduaren 31ra arte emanen da laguntza.

Baliabide ekonomikorik ez duten pertsonentzat hil edo biziko premia mugaegunik gabeko bat denez, iraupen epeak urte natural osoa hartu behar du.

Bai jantokiaren titularra den entitateak bai onuradunak edo haren ahaideek jantoki zerbitzua aldi baterako edo behin betiko uztera behartzen duen edozein gorabehera jakinarazi beharko diote Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari.

7.–Laguntzaren eta beste prestazio batzuen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak beste administrazio publiko batzuek edo bestelako erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako ematen dituztenekin bateragarriak dira.

Hala ere, ematen den zenbatekoak behin ere ezin izanen du diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditu, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin baturik ere.

8.–Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.

8.1. Justifikazioa.

Entitate laguntzaileak, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ezarritako epean, deialdiaren xedeko laguntza ekonomikoen onuradunek jasotako otorduen kopurua frogatzen duen agiria aurkeztuko du.

Pertsona onuradunek entitate laguntzaileak jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokaletatik kanpo egindako otorduak ez dira justifikatuko.

8.2. Laguntzaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion laguntza ekonomikoaren zenbatekoa kalkulatzeko, ematen den zenbatekoa eta egin diren otorduen kopurua hartuko dira kontuan.

Onuradun bakoitzari dagokion diru kopurua entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, aipatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan.

Entitate laguntzaileari dagokio onuradun bakoitzaren egoera erregularizatzea eta kasuan kasuko diru-laguntza ordaintzea.

Ordainketak aldi hauetan eginen dira:

–Lehen ordainketa, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Bigarren ordainketa, uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Hirugarren ordainketa, abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

9.–Entitate laguntzaileen betebeharrak eta ez-betetzeak..

Honako hauek dira entitate laguntzailearen betebeharrak:

a) Harturiko funtsak onuradunei ematea, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eta entitate emailearekin sinatzen den hitzarmenean ezarririko irizpideekin bat.

b) Behar izanez gero, laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak betetzen direla eta irauten dutela frogatzea, baita diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla ere.

c) Diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean justifikatzea jasotako funtsak banatu dituela, eta, hala badagokio, onuradunek aurkeztutako justifikazioa aurkeztea.

d) Laguntza ematen duen organoak funtsen kudeaketari buruz egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea, baita eskumena duten kontrol organoek egiaztapen eta kontrol finantzariorako egin ditzaketen bestelako jarduerak ere onartzea, eta diru-laguntza eman duen organoak eskatzen duen informazioa eta dokumentazioa ematea.

Betebehar horiek bete ezean edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek aipatutako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazitako berandutza interesak eskatzea.

10.–Aurrekontuetako kontsignazioa.

Laguntza hauek emanen dira aurrekontuan horretarako dirua dagoen heinean.

Programaren berezitasuna kontuan harturik, aurrekontuan dagoen dirua gaindituz gero, bidezkoa izanen da aurreikusitako diru-zenbatekoa handitzea, Gizarte Politiketako kontseilariak onesten badu.

11.–Deialdiaren kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

12.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

Norgehiagokako prozeduraren oinarri arautzaileak, adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoen kudeaketan laguntzaile diren entitateak aukeratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da foru agindu honen 2. puntuan aipatzen diren entitate laguntzaileak aukeratzea, hots, adineko pertsonak jantokietara joateko laguntzen kudeaketan instrukzio organoarekin batera arituko direnak. Norgehiagokako araubidean aukeratuko dira entitate horiek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11.5 artikuluan xedatuarekin bat.

2.–Entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak.

Zuzenbide pribatuaren menpeko pertsona fisikoek edo juridikoek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, baldintza hauek betez gero:

a) Adineko pertsonentzako jantokien titularrak edo kudeatzaileak izatea, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren II.2.3 eranskineko sailkapenaren arabera; gainera, abenduaren 29ko 3484/2000 Errege Dekretuan ezarritako xedapenak bete beharko dituzte; lehen dekretuak Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen du, eta bigarrenak jaki prestatuak egiteko, banatzeko eta salerosteko higiene arauak ezartzen ditu.

b) Kaudimen tekniko-profesionala frogatzea.

c) Desgaituta ez egotea diru-laguntza publikoak lortzeko, ezta Administrazioarekin kontratatzeko ere.

3.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas kaleko 7an, Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren toki eta baliabideetako edozeinen bitartez.

3.2. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren bulegoetan ematen diren inprimakietan beteko dira eskaerak, edo erakunde horren web orritik deskargatzen ahalko dira. Eskaerari deialdi honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, honako agiri hauek, alegia:

a) Jantokiaren titulartasunari edo kudeaketari buruzko egiaztagiria.

b) Eskura dituen teknika eta giza baliabideen gaineko txostena eta azken hiru urtean egindako lanen azalpen laburra, jantokien kudeaketan duen esperientzia frogatzeko.

c) Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dagoela desgaitua diru-laguntza publikoak eskuratzeko, eta ez dagoela Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritako kasuetan.

d) Eginbehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela dioen ziurtagiri eguneratua.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

4.–Entitateak aukeratzeko irizpideak.

Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) Baliabide teknikoak eta giza baliabideak: 10 puntu, gehienez ere.

b) Esperientzia jantokien kudeaketan: 10 puntu, gehienez ere.

c) Eskualdean duen ezarpena: 10 puntu, gehienez ere.

5.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Entitateen Koordinazio Bulegoko teknikariek ebaluatuko dituzte, aurreko irizpideak erabiliz, eta deialdia ebazteko ebazpena emanen da.

Entitate laguntzaile gisa aukeratua izateak baldintzek dirauten bitartean eta aukeratua izateko baldintzak (balorazioan 10 puntu lortzea gutxienez ere) betetzen diren bitartean izanen ditu ondorioak.

6.–Entitate laguntzaileari ordaintzea.

Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoak kudeatzen entitate laguntzaileak egiten duen lanak ez du inolako konpentsazio ekonomikorik sorraraziko Administrazioaren kargura.

Iragarkiaren kodea: F1511855