182. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1361/2015 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontrataziorako zerrenda bat egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “PEJ-2014-A-03867 Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia Nafarroako Unibertsitate Publikoan”.

Kontratazio hauek diru publikoarekin finantzatzen dira, ekintza honen barruan: “PEJ-2014-A-03867 Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia Nafarroako Unibertsitate Publikoan”. Ekintza hori Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioak eman eta finantzatu zuen, B+G+i 2014ko Gazte Bermea eta Gazteen Enplegua Sustatzeko Laguntzen Deialdiaren bidez.

Ekintza Gazte Bermearen Nazioko Sistema (GBNS) delakoaren esparruan kokatu behar da, Europako Gizarte Funtsaren (EGF) eta Gazteen Enplegurako Ekimenaren (GEE) baliabideekin finantzatzen dena.

“PEJ-2014-A-03867 Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia Nafarroako Unibertsitate Publikoan” ikerketa proiektuaren arduraduna eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria den Benigno Gómez López jaunaren proposamena ikusirik, aipatu proiektuaren lanak egiteko hautaketa prozesu baterako deialdia egiteko, ikerketa laguntzaileen kontratazio-zerrenda bat egiteko.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta funtzioak zehazteko ekainaren 24ko 1042/2015 ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehengoa.–Ikertzaileen lan kontrataziorako zerrenda bat egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “PEJ-2014-A-03867 Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia Nafarroako Unibertsitate Publikoan”.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, Ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau igortzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 14an.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da kontratazio-zerrenda bat prestatzeko langileak hautatzea, “PEJ-2014-A-03867 Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia Nafarroako Unibertsitate Publikoan” ikerketa proiekturako.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarriarekin bat etorriz, Langileen Estatutuaren 15. artikuluak ezartzen duen obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta bere xedea hau izango da: Europako Proiektuen Bulegoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzuaren Balioespen Unitatean egin beharreko laguntza-jarduerak, “PEJ-2014-A-03867 Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia Nafarroako Unibertsitate Publikoan” ekintzan deskribatzen den jarduera-planaren arabera, honela laburbiltzen dena:

–Europako Proiektuen Bulegoa:

  • H2020 Programan eta beste hainbat programa europar eta nazioartekotan parte-hartzea sustatzea.
  • Ikertzaileentzako aholkularitza eta proiektuen proposamenak prestatzeko laguntza.
  • Europako eta nazioarteko proiektuen kudeaketa eta jarraipena.
  • Justifikazioen eta kontu ikuskaritzen kudeaketa:

–Balioespen Unitatea:

  • NUPen eskaintza zientifiko-teknologikoa zabaltzea.
  • Industria jabetza (patenteak) babesteko prozesuaren kudeaketa.
  • Patenteak eta teknologiak ebaluatzeko prozesuaren kudeaketa.
  • Enpresentzako lizentzien kudeaketa.
  • OTE berriak sortzeko laguntzaren kudeaketa.

Gainera, ekintzak aintzat hartzen du kontratatzen diren pertsonak prestatzeko plan zabala, honelako jarduerekin:

  • Etengabeko prestakuntzako jarduerak.
  • Prestakuntza espezifikoko jarduerak kontratatzen diren pertsonentzat.

Maila profesionala: Proiektu laguntzailea.

Iraupena: Kontratatzen denetik proiektua amaitzen den arte, eta 24 hilabete gehienez.

Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez edukitzea kontratua iraungitzeko zioa izango da.

Lanaldi-mota: Osoa.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira. Betekizun hori ez zaie aplikatuko, lanbide arautuen eremuan, Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen arabera, beren kualifikazio profesionala lortu duten izangaiei.

b) Gazte Bermearen Nazioko Sistemaren (GBNS) onuraduna izateko baldintzak betetzea, eta GBNSko fitxategian izena emanda egotea kontratatua egiten den unean.

c) 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago izatea.

d) Diplomadun, ingeniari edo arkitekto tekniko titulu ofiziala edukitzea. Atzerrian erdietsi diren titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean homologazioaren sinestamendua eduki beharko du izangaiak.

e) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

f) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea epai irmoaren bidez.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/digitalAssets/151/151465_100000Instancia-pruebas-selectivas-investigacion--version-octubre-2013-.pdf, www.unavarra.es helbidean, atal honetan: “Zerbitzuak/ Giza Baliabideak / Prozedurak / I I / Giza Baliabideak / Ikertzaileen hautaprobak”, idazpuru honen azpian: Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaeraEskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:

–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitae, egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

4.4. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan badaude, edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan, horrek ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan datuak zehatz ematen ez badira, faltsutzen badira edo ematen ez badira, jatorrizko dokumentazioarekin alderatuz gero, horrek kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Proba praktiko bat egingo da, eta izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak ez du inola ere onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Proba praktikoa 12 puntu, gehienez ere.

Izangaiei dei egingo zaie proba praktiko bat egiteko, eta kontratuen xedea diren gaiei (europar proiektuak eta ikerketa emaitzen balorizazioa) buruzko ezagutza orokorren test erako azterketa bat egingo dute.

Merezimenduen baremoa:

Proba praktikoan puntu gehien lortu dituzten 20 izangaien merezimenduak balioetsiko dira soilik.

1. atala: Ikasketa-espedientea. 6 puntu, gehienez ere.

Izangaiaren ikasketa espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 4 punturekin. Horretaz gainera, lizentziatura, goi mailako ingeniaritza edo goi mailako arkitekturako beste unibertsitateko titulazio batzuk (puntu 1), master ofiziala (2 puntu) edo doktoretza (3 puntu gehienez ere) edukitzea balioetsiko da.

2. atala: Lan esperientzia. 2 puntu, gehienez ere.

–Deialdiko jarduerarekin, eta, bereziki, deialdi horretan zehazten diren egin beharreko jarduerekin, lotutako gaietan lan-kontratuetan parte hartu izanagatik, betiere hautaketa prozesu bat egin bada, 0.5 puntu emango dira kontratu-urte bakoitzeko (kontratuaren iraupena urtebete baino txikiagoa bada, parte proportzionala emango zaio), eta gehienez ere 1.5 puntu.

–Deialdi honekin lotutako gaietan lankidetza-bekak edo prestakuntza bekak izateagatik, deialdi honetan garatu beharreko jarduerarekin lotutako gaietan, hautaketa prozesua izan duten deialdietan lortutakoak, gehienez ere 0.25 puntu emango dira beka eta urte bakoitzeko (bekaren iraupena urtebete baino txikiagoa bada, parte proportzionala emango zaio), eta gehienez ere puntu 1.

3. atala: Hizkuntzak. 5 puntu, gehienez ere.

–Ingelesari buruzko ezagutzak. A2, B1, B2, C1 eta C2 maila ofizialen arabera balioetsiko da (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 117. zenbakia, 2010/09/27koa) eta 0.5, 1, 2, 3 edo 4 puntu emango dira hurrenez hurren.

–Euskara eta europar erkidegoko beste hizkuntza batzuk. A2, B1, B2, C1 eta C2 maila ofizialen arabera balioetsiko da (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 117. zenbakia, 2010/09/27koa) eta 0.25, 0.5, 1, 1.5 edo 2 puntu emango dira hurrenez hurren.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 8 puntu da.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaproben azken emaitzan gertatzen diren berdinketak proba praktikoan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira.; berdinketak jarraitzen baldin badu, 1. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.

6.1. Hautaketa prozesua amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, izan dituzten puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetako kontratazio zerrendak indarra izango du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-ean argitaratu, eta biharamunetik aurrera proiektua amaitzen den arte.

7.–Balioespen batzordea.

Batzordeburua: Benigno Gómez López jauna, Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, Ikerketako errektoreordeak eskuordetuta.

Idazkaria: Iosu García Fernández jauna, Jakintza Bestetaratzeko Ataleko burua.

Batzordekidea: Iñaki Casado Redín jauna, Jakintza Bestetaratzeko Atalera atxikitako teknikaria.

Balioespen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: M.ª Concepción Casado Redín andrea, Laguntza eta Deialdietako Ataleko burua.

Idazkaria: Cristina Arizcun Biurrun andrea, Jakintza Bestetaratzeko Atalera atxikitako teknikaria.

Batzordekidea: Eva Zamarbide Bacaicoa, Jakintza Bestetaratzeko Atalera atxikitako kudeaketaria.

Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Norberaren datuak babestea.

Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak, erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da honako errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatutako egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Balioespen Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1511853