1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
335E/2015 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, erabakitzen duena Intzako (Nafarroa) aprobetxamendu hidroelektrikoaren kontzesioa (5.000 KVAtik beherako potentzia), María del Carmen Balza Elizaldek eta Nemesio Latasa Iriartek sustatua, ez jartzea ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arruntaren menpe.
2015eko ekainaren 22an, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igorri zion Intzako zentraleko emari berrien kontzesioaren ezaugarriak aldatzeko espedientea, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren menpe jartzeko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Lege indardunarekin bat, energia hidroelektrikoa sortzeko instalazio bat baita; izan ere, II. eranskineko 4. taldean dago sartuta (ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren menpe dauden proiektuak eta II. tituluko II. kapituluko 2. atalean dago araututa).
Araizko udal mugapean, Intzan, Urzoko errekako (Bidasoa ibaia) uraren 60 l/s-ko aprobetxamendu hidroelektrikoaren ezaugarriak aldatzeko espedientea da, energia elektrikoa sortzeko, eta horretarako emaria 120 l/s-ra aldatuko da Intzako zentralean.
21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, Natura 2000 Saretik kanpo eta Aralar Kontserbazio Bereziko Eremutik kanpo dagoenez eta kontuan izanik jarduera ustiategiaren hasieratik aritu dela orain eskatzen diren baldintzak betez ukipen nabarmenik egin gabe naturgunearen gainean, ulertzen da ez dela beharrezkoa ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura tramitatzea.
Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokalekua eta izan dezakeen eragina azterturik, espedienteko txostenak ikusita, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 31n emandako 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Kontuan izanik Intzako (Nafarroa) aprobetxamendu hidroelektrikoaren kontzesioa (5.000 KVAtik beherako potentzia), María del Carmen Balza Elizaldek eta Nemesio Latasa Iriartek eskatua eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldean arautua, eta lege horretako III. eranskineko irizpideak aplikatuta, ondorioztatu da ez dela beharrezkoa ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arruntaren menpe jartzea.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari, Kantauriko Ur Konfederazioari, Araizko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko abuztuaren 27an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1511950