182. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1289/2015 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketei buruzko Ikerketarako II. Ideia Lehiaketaren oinarriak onesten dituena.

Osasun Departamentuak, bere helburu estrategikoetako bat betetzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean ikerketa sustatzeko programa bat prestatu du; horren bidez, profesionalei laguntzeko ekintza multzo bat abian jartzea aurreikusi du, Osasun Sistema Publikoaren ekoizpen zientifikoa areagotzeko asmoz.

Programa horretan lehentasuna duen ekintza ildoetako bat da “Ikerketa berariaz sustatzea oinarrizko osasun laguntzaren eta osasun zainketen arloetan”. Horretarako, aurreikusirik dago sustapen ekintza batzuk gauzatzea, besteak beste ikerketaren arloko ideia lehiaketak egitea.

Beraz, ebazpen honen helburua da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketei buruzko II. Ideia Lehiaketa sustatzea.

Aipatu deialdiaren helburua ikerketarako aukerak identifikatzea da, eta arlo horretan ideiak sortzea eta galderak egitea etorkizuneko ikerketa proiektuen oinarri izan daitezen. Beste helburuetako bat, bestetik, erizaintzako profesionalen artean ideia horiekin eta laguntza egokia jasota kalitatezko proiektu bideragarriak egin ditzaketenak identifikatzea da.

Sariei aurre egiteko gastua, guztira, 1.000 eurokoa da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Ikerketa Sustatzeko Proiektua” izeneko 512002 51350 6095 465100 kontu-sailaren kargura ordainduko da (2015. urterako luzatutako 2012ko aurrekontu ekitaldian).

Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena aztertu ondoren, bidezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketei buruzko Ikerketarako II. Ideia Lehiaketaren oinarriak onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketei buruzko Ikerketarako bigarren Ideia Lehiaketaren oinarriak ezartzea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan xedatutakoaren arabera.

2. Guztira, 1.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Ikerketa Sustatzeko Proiektuak” izeneko 512002 51350 6095 465100 kontu-sailaren kargura, 2015. urterako luzatutako 2012ko aurrekontu ekitaldiaren barrenean.

3. Ebazpen hau Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari igortzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 13an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

I. ERANSKINA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketei buruzko II. Ideia Lehiaketaren oinarriak

Osasuneko zuzendari nagusiak eta Miguel Servet fundazioak, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zuzendaritzekin eta Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialarekin batera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketei buruzko II. Ideia Lehiaketa sustatzen dute.

Lehenbizikoa.–Helburuak.

Lehiaketaren helburuak hauexek dira:

–Erizaintzako diplomadunek eta graduatuek ikerketarako duten potentziala sustatzen eta baliatzen laguntzea.

–Profesionalek erizaintzako zainketei dagokienez garrantzitsutzat jotzen dituzten ikerketarako aukerak identifikatzea.

–Etorkizuneko ikerketa proiektuetarako oinarri izanen diren ikerketa ideiak sortu eta galderak egitea.

–Erizaintzako profesionalen artetik, gai zehatzei buruzko ikerketa proiektuetan parte hartzeko interesa izan dezaketenak identifikatzea.

Bigarrena.–Gaiak.

Lehiaketan parte hartzen duten ideiek gai arlo orokor hauetako batekoak izan beharko dute:

1) Ikerlana praktika klinikoan.

2) Erizaintzako arretaren prozesua. Hizkera normalizatuaren taxonomiak. Zainketa planak.

3) Erizaintzako zainketen kudeaketa klinikoa.

4) Antolamendurako eta arreta integraturako eredu berriak.

5) Gaixoen segurtasuna.

6) Bizimodu osasungarrien sustapena.

7) Pertsonak heztea beren burua zaintzen eta beren osasuna, autonomia eta bizi kalitatea mantendu eta hobetzeko gaitasuna eskuratzen.

8) Emandako arretaren ebaluazioa: eskuragarritasuna, ekitatea, kalitate zientifiko-teknikoa eta gogobetetzea.

Hirugarrena.–Betebeharrak.

Proposamenak onartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Ideiek zerikusia izan beharko dute zehaztutako gaiekin.

–Ikerketarako galdera gisa aurkeztu beharko dira, helburuak eta hipotesiak zehaztuta eta izanen duten garapenerako metodologiari buruzko oharrez hornituta.

–Proposamenek jatorrizkoak eta adeitsuak izan beharko dute.

–Sarirako eskaera aurkezten duenak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanean ari den erizaintzako profesionala izan behar du.

Proposamenak banaka nahiz taldean aurkezten ahal dira (taldean estamentu desberdinak egon daitezke), eta parte-hartzaile bakoitzak proposamen bat baino gehiago aurkezten ahalko du. Ez dago mugarik pertsona bakoitzak aurkez ditzakeen ideien kopuruari dagokionez.

Laugarrena.–Sariak.

Sari bat emanen da:

Ikerketarako ideia hoberenaren saria.

Sarituak honako onura eta aintzatespen hauek jasoko ditu:

–Saria frogatzen duen diploma.

–Lankidetza eta aholkularitza etengabea eta banakakoa, aurrera eramateko saritutako ideia garatzen duen ikerketa proiektua.

–1.000 euroko diru-saria, ikerketa edo irakaskuntzarako, Miguel Servet Fundazioak kudeatuko dituena, interesdunak proposatuta, material suntsigarria edo inbentariagarria (ekipo informatikoak edo bestelakoak erostea) eskuratzeko aukera barne.

Epaimahaiak eman gabe utz dezake saria hala iruditzen bazaio.

Era berean, epaimahaiak akzesit bat edo batzuk ematen ahalko ditu, egoki iruditzen bazaio. Epaimahaiaren akzesita jasotzen duten proposamenek ere proposatutako ideia garatzen duen ikerketa proiektu bat egiteko behar duten laguntza eta aholkularitza izanen dute.

Bosgarrena.–Baloraziorako irizpideak.

Epaimahaiak honako irizpide hauek erabiliko ditu baloraziorako:

–Proposamenaren originaltasuna eta berritasuna (ikerlanek dituzten alderdi berritzaileak).

–Erabilgarritasuna: ikertutako arloan egun dauden beharretan duen aplikazioa, eragina eta egokitasuna.

–Esparru desberdinetara zabaldu (multizentrikoa) edo egokitzeko gaitasuna.

–Proiektuaren bideragarritasun teknikoa (teknika, araudiaren aldetikoa eta ekonomikoa, etab.).

–Aurkezpena (lan kalitatezkoa, ulerterraza, arina eta interesgarria).

–Erizaintzako profesionalek jasotako balorazioa (botoak).

–Erizaintzako profesionalek oro har proiektuan parte hartzeko piztutako konpromiso eta interes maila.

Epaimahaiaren lana izanen da aurrez zehaztea zenbateko garrantzia izanen duen aipatutako balorazio irizpide bakoitzak.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Epaimahaia honakook osatuko dute: Osasuneko zuzendari nagusia –epaimahaiburua izanen da–, Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, Miguel Servet fundazioaren zuzendaria, Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintzako zuzendaria, Oinarrizko Osasun Laguntzako Erizaintzako Zerbitzuko burua, Tuterako Reina Sofía ospitaleko Erizaintza Zerbitzuko burua, Lizarrako García Orcoyen ospitaleko Erizaintza Zerbitzuko burua, Osasun Mentaleko Erizaintza Zerbitzuko burua, Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialak proposatutako pertsona bat eta Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua (azkeneko hau epaimahai idazkaria izanen da).

Zazpigarrena.–Aurkezteko modua.

Proposatzaileek ideiak aurkezteko inprimaki informatizatu bat bete beharko dute. Inprimakia oinarri hauetako II. eranskinean dago, eta esteka honen bidez lortzen ahal da:

http://www.navarrabiomed.es/inbidea

Zortzigarrena.–Dokumentazioa.

Parte-hartzaileek arestian aipatu den estekan dagoen inprimakia bete beharko dute.

Ideietan honakoak zehaztu beharko dira:

–Izenburua (zehatza eta laburra).

–Deskribapen laburra: laburpenak ideia argi bat eman behar dio irakurleari alderdi hauei buruz:

–Ikerlanaren bidez erantzun nahi den galdera nagusia.

–Ikerlanaren hipotesiak eta helburuak.

–Ikerlana garatzeko modua gidatu dezakeen metodologiaz ohar labur batzuk.

–Emaitzen justifikazioa eta erabilera, hau da, zer ezagutza mota ustez lortuko den (espero diren emaitzak) eta aplikazioari begira zer xede bilatzen den.

–Aukeran, lehiatzaileek dokumentazio osagarria aurkeztu dezakete Word edo PDF formatuan.

Bederatzigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Proposatzaileek beren ideiak adierazteko epea 2015eko urriaren 16an bukatuko da.

Hamargarrena.–Proposamenekin bat egin, eta haiek baloratu eta hautatzea.

Jasotako proposamen guztiak Osasuneko intranetean eta Osasun Departamentuaren nahiz Miguel Servet Fundazioaren (Navarrabiomed) web orrietan argitaratuko dira.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanean ari diren erizaintzako profesional guztiek baloratzen ahalko dituzte egindako proposamenak. Profesional bakoitzak nahi adina ideia baloratu ahal izanen du, baina botoa behin bakarrik emanda ideia bakoitzari. Botoa eman ahal izateko, profesionalak bere erabiltzaile informatikoaren zenbakia erregistratu beharko du.

–Bestetik, erizaintzako profesional guztiek bat egin dezakete aurkeztutako proposamenekin, eta gaiari buruz eginen den ikerketa proiektuan parte hartzeko interesa adierazi. Ikertzaile sareak sortzeko xedearekin, arlo bakoitzera biltzen diren profesionalak identifikatzen ahalko dira.

Egokia iruditzen bazaio, epaimahaiak ideia hoberenen lehenbiziko hautaketa bat egin dezake, eta bozketarako epe berria ezarri erizaintzako profesional guztientzat irekia.

Hamaikagarrena.–Epaimahaiaren erabakia.

Epaimahaiak 2015eko abenduaren 1a baino lehen emanen du saritutakoen zerrendaren berri. Sarien gaineko erabakia Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da.

Hamabigarrena.–Harremanetarako bideak.

Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzua: 848-422495 848-422653, odiazdep@cfnavarra.es.

II. ERANSKINA

–Proposamenak aurkezteko inprimakia (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1511792