1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
131/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 28koa, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautu ziren.
Abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuak araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautu ditu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, honako arau hauetan adierazi diren oinarrizko aldeak garatuta: Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea eta Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua.
Abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren hitzaurrean adierazten zen bezala, arau horiek kirol irakaskuntzen arau esparrua dira gure Komunitatean, kirol garapenaren oinarrietako bat finkatzeko eta kirol arloko lanbide jarduerari laguntzeko asmoz. Alde horretatik, malgutasuna oinarrizko printzipio sustatzaileetako bat da, kirol modalitateen eta espezialitateen ezaugarrietara eta helburuetara zein ikasleen ezaugarrietara eta beharrizanetara moldatu ahal izateko.
Foru dekretu horretan ezarri kirol teknikarien prestakuntzaren antolamendu ereduaren oinarria kirol klub eta elkarteek (Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan kirolen federazioetan bilduek) osatutako egitura izanen da, kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kirol arloan eskuduna den departamentuak dituen eskumenak. Hezkuntza Departamentuak teknikarien prestakuntzarekin lagundu behar du, teknikariak gakoak baitira bai kirol praktikarako bai lehiaketarako. Horregatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskudunak diren departamentuen ekintza koordinatuak, baita kirol federazioenak ere, funtsezkoa izan behar du Nafarroan kirola hobetzeko.
Araubide bereziko kirol irakaskuntzen ezaugarri nagusia malgutasuna da. Gure komunitatean irakaskuntza horiek 2013-2014 ikasturtean ezartzearekin batera, nabarmendu da zenbait aldaketa, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7., 18. eta 20. artikuluak ukitzen dituztenak, gehitu behar direla malgutasun hori lortzeko.
Halaber, egokitzat jo da zenbait aldaketa gehitzea 248/2011 Foru Dekretuan aipatutako alde batzuei dagokienez, honako arlo hauei lotuta daudenak: espezializazio ikastaroen antolaketa, kirol irakaskuntzen curriculumen Nafarroako konfigurazioa eta irakaskuntza horiek kirol administrazioaren mende dauden ikastetxe publikoetan ezartzeko prozedura.
Horrenbestez, Nafarroako Eskola Kontseiluaren aldez aurreko txostena eta Nafarroako Kirol Kontseiluaren nahitaezko txostena, loteslea ez dena, ikusirik, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamabosteko abuztuaren hogeita zortziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretua aldatzea.
Bat.–7. artikuluko 1. puntuko a) eta b) idatz-zatiak aldatu dira, eta honela idatzita agertuko dira:
“a) Orokorra. Batez ere gazteei zuzentzen zaiena da, eta aurrez aurreko eskola ordutegian antolatzen da.
b) Berezia. Batez ere goi mailako, goi errendimenduko eta hobekuntzako kirolariei zuzentzen zaiena da, izaera hori arautzen duen estatuko edo Nafarroako araudiaren arabera, baita beste kolektibo batzuei zuzentzen zaiena ere, eskariaren zirkunstantziek hori gomendatzen dutenean”.
Bi.–7. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da. Hona testu berria:
“4. Hezkuntza Departamentuak ezartzen ahalko du multzo komuneko ikasketak ikastetxe batean eskaintzea, edozein dela ere ematen duen kirol modalitate edo espezialitatea, eta berariazko multzokoak beste hezkuntza edo kirol zentro batean”.
Hiru.–7. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatiak gehitu dira, eta honela idatzita agertuko dira:
“5. Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 25.2 artikuluan xedatuaren arabera, berariazko blokearen prestakuntza, prestakuntza praktikoko modulua barne, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparrutik kanpo egiten ahalko da, kontuan harturik kirol irakaskuntzen berezitasunak eta kirol modalitate eta espezialitateetako batzuetan eragina duten urtarokotasuna eta denborazkotasuna.
6. Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoa gara dadin, Hezkuntza Departamentuak egokitzat jotzen dituen malgutasun neurri guztiak ezartzen ahalko ditu, ikasketa horiek egiten dituzten pertsonei horiek eta beste jarduera batzuk bateratzen laguntzeko.”
Lau.–11. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da:
“11. artikulua. Tituluen egitura.
Araubide bereziko kirol irakaskuntzen tituluak urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 19. artikuluan zehaztutako egiturari egokituko zaizkio.”
Bost.–16. artikuluko 1. idatz-zatia aldatu da. Hona testu berria:
“1. Hezkuntza Departamentuak, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, espezializazio ikastaroak ezartzeko baimena ematen ahalko du, araubide bereziko kirol irakaskuntzei lotuak, horrela, kirol modalitate eta espezialitate batzuetan beharrezkoa den sakontzeari erantzuna emateko.”
Sei.–18. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da. Hona testu berria:
“2. Ahal dela, modulu hori Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako erakunde, klub, federazio eta bestelako kirol entitateetan gauzatuko da. Hala ere, kirol arloko modalitate edo espezialitate bakoitzaren ezaugarriak eta inguruabarrak kontuan harturik, modulu hau Komunitatearen lurralde esparrutik kanpo ere egiten ahalko da.”
Zazpi.–20. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da:
“20. artikulua. Irakasleak.
1. Kirol irakaskuntzako moduluak ikastetxe publikoetan emateko, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 49., 50. eta 51. artikuluetan horien irakasteko eskumenari buruz xedatuari jarraikiko zaio.
2. Berariazko blokeko moduluen irakasteko eskumena irakasle espezialistei eta Bigarren Hezkuntzako Katedradunen kidegoan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoan Gorputz Hezkuntzako espezialitatea duten kideei dagokie, dagokion kirol modalitatean edo espezialitatean onetsitako maila goreneko titulua badute.
3. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko die Bigarren Hezkuntzako Katedradunen kidegoan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoan Gorputz Hezkuntzako espezialitatea duten kideei irakasle espezialistei esleitutako kirol irakaskuntzako moduluak emateko, bai departamendu horrek ondorio horretarako diseinatu eta aintzatetsi duen prestakuntzaren bidez bai dagokion kirol modalitateko eta/edo espezialitateko lanbide eskumenei lotutako lanbide edo kirol esperientziaren bidez horretarako gaituta badaude.
4. Hezkuntza Departamentuak irakasle espezialistak gehitzen ahalko ditu kirol irakaskuntzako zenbait modulutako irakasle jardun dezaten, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarri bezala. Horretarako, kirol irakaskuntzetako irakasle espezialista izendatzeko edo aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko deialdiak onesten ahalko dira. Deialdi horietan frogatu beharko dira urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak eskatzen dituen baldintzak, baita kirol espezialitate eta modalitate guztietako kirol teknikarien eta goi mailako kirol teknikarien tituluak ezartzen dituzten eta haien gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege dekretuek eskatutakoak ere.
5. Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluaren a), b) eta c) atalek aipatzen dituzten pertsonek irakasle jardunen dute lan edo administrazio araubidean, aplikatu beharreko araudiarekin bat, eta ez da inoiz egonen irakasle espezialistako eta ikasturteko eman beharreko irakastorduen gehieneko kopururik.”
Zortzi.–Xedapen gehigarri bakarra aldatu da. Hona testu berria:
“Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Kirol administrazioaren mende dauden ikastetxe publikoak.
Kirol administrazioaren mende dauden titulartasun publikoko ikastetxeak baimentzeko, Hezkuntza Departamentuak derrigorrezko txosten loteslea prestatu beharko du. Baimen hori foru dekretu honen VI. kapituluan ezarri prozeduraren arabera tramitatuko da.”
Bederatzi.–Bigarren xedapen gehigarria gehitu da. Hona testua:
“Bigarren xedapen gehigarria.–Eskola egutegia.
Hezkuntza Departamentuak araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako eskola egutegia ezarriko du, hezkuntza sistemako gainerako irakaskuntzetarako ezarritakoaren aldean ezberdina izanen dena eta irakaskuntza horien berezitasunak kontuan hartzen dituena.”
Hamar.–Hirugarren xedapen gehigarria gehitu da. Hona testua:
“Hirugarren xedapen gehigarria.–Titulu ofizialik ematen ez duten kirol ikasketak.
1. Titulu ofizialik eskuratzea ez dakarten gorputz eta kirol jardueraren esparruko ikasketak ematen dituzten entitateek men eginen diete Nafarroako Foru Komunitatean aplikatu beharreko indarreko arauei.
2. Ikasketa horiek ezin izanen dute erabili urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan araututako kirol teknikarien edo goi mailako kirol teknikarien ziurtagiri, ziklo, gradu edo titulu ofizialetako bat ere ez, ezta ikastetxeen izenei dagozkienak edo okerra edo entitate horiekin nahastea ekar dezaketenak ere.
3. Haien publizitatearen leku nabarmenean argi eta garbi aipatu behar dira ematen diren ikasketen izaera ez-ofiziala eta, horiek amaitutakoan, emanen diren diplomak edo ziurtagiriak.”
Hamaika.–Xedapen iragankor bakarra gehitu da. Hona testua:
“Xedapen iragankor bakarra.–Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean onetsitako tituluetan oinarritzen diren kirol irakaskuntzak ezartzea.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatua aplikatzeko, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean onetsitako tituluetan oinarrituta Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen diren araubide bereziko kirol irakaskuntzek bete beharko dute dagozkien tituluak eta haien gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezarritakoa, bigarren xedapen iragankor horretan adierazitako aldeetan izan ezik.”
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.
Iragarkiaren kodea: F1512191