181. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 10a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

196/2015 FORU DEKRETUA, irailaren 9koa, abuztuaren 12ko 54/2015 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen.

Abuztuaren 12ko 54/2015 Foru Dekretuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura bost zuzendaritza nagusitan ezartzen duenak, Informatikaren eta Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusi deitzen du informazioaren gizartea garatzearen eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzearen arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusia.

Egokitzat jotzen da zuzendaritza nagusi horren izena aldatzea, izen berrian ager dadin bete behar duen eginkizun berria, alegia, benetako eragile aktiboa izatea berrikuntza publikoan, telekomunikazioen eta informazioaren teknologien eremua dinamizatuz eta sustatuz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko irailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 54/2015 Foru Dekretua aldatzea.

Abuztuaren 12ko 54/2015 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 1. idatz-zatia aldatu da. Hona testu berria:

“1. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia.

b) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia.

c) Barne Zuzendaritza Nagusia.

d) Justizia Zuzendaritza Nagusia.

e) Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

f) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

g) Nafarroako Administrazio Auzitegia.”

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarraldia

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko irailaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1512576