18. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARALARKO ELKARTEA

2015eko ekitaldirako tasa eta prezio publikoen ordenantza. Behin betiko onespena

Aralarko Elkartea toki entitate tradizionalak udalerri eta kontzeju hauek osaturik dago: Arbizu, Arribe, Atallu, Arruazu, Azkarate, Betelu, Dorrao, Errazkin, Etxarri Aranatz, Gaintza, Hiriberri, Ihabar, Intza, Irañeta, Lakuntza, Lizarraga, Lizarragabengoa, Unanu eta Uztegi.

2014ko urriaren 24an Aralar mendiko abeltzainekin egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen, 2015eko urtarrileko 1etik aurrera indarra izan dezan, Aralar mendiko azpiegiturak mantentzeko auzolaneko lanetara ez joateagatik ordainean pagatu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, eta orobat abeltzain ez diren bizilagunak pistetara sartzeagatik, ehiza-txartelengatik eta epaitzen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko prezioak.

Erabaki hori jendaurrean egon da hogeita hamar egunean, 2014ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik, azaroaren 18an.

Jendaurrean egoteko epe horretan inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez gero, hasierako onespena behin betiko bihurtu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, behin betiko testua osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Lakuntzan, 2014ko abenduaren 30ean.–Elkarteko burua, Mikel Rekalde Goldaratz.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

Abeltzainek proposaturik, ITGk Aralar mendiko larreak kudeatzeko plana prestatu zuen, baita hura argitaratu ere 2010eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19an. Hartan, otsailean, martxoan eta apirilean aziendarik ez botatzeko agintzen da, larrea biziberritzeko, eta bazkatzeko denboraldia apirilaren azken igandearekin hasten da, eta azienda guztia ateratzeko eguna, berriz, urtarrilaren 31 baino lehen.

Xedatutakoa betetzeko, beharrezkoa da inguruaren itxiturak eta azpiegiturak zaintzea larre hauetan beren aziendak bazkatzen dituzten abeltzainen auzolanaren bitartez.

Oinarria

Ordenantza hau, lehenik, auzolanaren ohitura historikoaren bidez arautzen da; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

Subjektu pasiboak

Aralar mendian beren aziendak bazkatzen dituzten abeltzain guztiak behartuak daude, gutxienez ere urtean behin, auzolana egitera larrea mantentzeko.

Aralarko Ganaduzaleen Elkarteari beharrezkoa iruditzen bazaio urtean auzolan bat baino gehiago egitea larre horren azpiegiturak mantentzeko, Aralarko Elkarteak behar direnak finkatu ahal izanen ditu, bere baldintzekin.

Nafarroako araudiak herrilurretara bazkatzera joaten diren azienden jabeak behartzen ditu osasun ziurtagiria ed “gida” aurkeztera aziendak larreratu aurretik; kasu honetan, Aralarko mendizainari (patrikako telefonoa, 669220637) aurkeztu beharko zaio, larreratu aurretik, legeak nahi duen osasun ziurtagiria. Horrez gain, 2015ean, abeltzain guztiek eta hurrengo urteetan bazkatzera etortzen diren besteek, ondotik ematen den eskabidea aurkeztu beharko dute; hartan jarri beharko dute auzolanik egin behar ote duten, edo haren ordaina pagatu behar duten:

Izen-deiturak: ........................................ NANa: .................................

Herria: .........................................................., telefonoa: ........................., auzolana: Bai q Diru ordaina: q

Ardi azienda: ............. buru; herria: ............... markak: ......................

Ahuntz azienda: ............ buru; herria: ............ markak: ......................

Behi azienda: ............. buru; herria: ............... markak: ......................

Behor azienda: ........ buru: herria: ................. markak: ......................

Aralarren, 20....(e)ko ..................aren ......(e)an
Sinadura

Ezin izanen dute auzolana pertsonalki egin honako hauek:

a) Hamasei urtetik beherakoek.

b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

Auzolanaren erregulazioa

Ordenantza honi eta Aralar mendiko eskubide tradizionalen erabilera arautzen duen ordenantzari jarraituz arautu da; azken hura 2012ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an.

Aralarko Elkartea behartuta dago auzolanean aritzen direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzera.

Antolaketa eta egunak

Aralarko mendizainak lanak antolatuko ditu, egutegi bat osatuz eta bestelakoak ere bai. Deialdia gutxienez ere 72 ordu lehenago eginen du, azienda larreratzeko eskabidean abeltzainak jarritako telefonora deituta, edo ohar bat paratuta Aralarko pistetako langetan; bestela, salbuespenezko beste bideren bat erabiliko du.

Auzolanean arituko diren guztiek beren izena eman beharko diote mendizainari, 48 ordu lehenago, istripu aseguruan sartzeko. Hori egin ezean, ez dira auzolanerako onartuko.

Arau gisa, auzolana egiteko egunak jaiegun ez diren larunbatak izanen dira; horiek antolatuko dira, goizez, 8:30etik 14:00ak arte, salbu eta abeltzainekin beste egun batean eta beste ordutegi batean, aurretik deialdian justifikatuta.

Auzolana egiteko betebeharra dutenetatik, baten batek ezin badu finkatutako egunean eta orduan etorri, mendizainari jakinarazi eta arrazoitu beharko dio, komeni denean deitu diezaion; hala ez da inolako bereizkeriak eginen.

Auzolanean horretarako egokia den beste lagun batekin ordezkatu ahal izanen du, baina ordezkatzaileak bere borondatez egin beharko du eta istripu aseguruan sarturik egon.

Tratamendu-eskorta erabiltzen duen abeltzainak garbi eta behar bezalako baldintzetan utzi beharko du erabiltzen duen bakoitzean; hala egiten ez badu, auzolan bat adina kobratuko zaio.

Mendizainak gainbegiratuko ditu Aralar mendian egiten diren lanak, eta oniritzia emanen die dokumentu batean.

Auzolanetik libratzea

Auzolan bakoitza ez joatearen ordain, ordezko tasa bat pagatu ahal izanen da; haren sarrera urte bakoitzeko uztailaren 30a baino lehen egin beharko da. 2015ean 30 eurokoa izanen da.

Diru hori ohiko ordainaldian pagatzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da behar diren errekarguekin.

Urteko KPIarekin eguneratu daiteke diru kopuru hori.

Aralarko Elkarteak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, lantegietako lanak etab. Egindako lanen bidez inor ez da auzolanetik libratuko Aralarko mendizainak ez badio oniritzia ematen horiek egin aurretik.

Edozein modutan, beraienak diren tresnak eta/edo makinak jarri eta lan egiten dutenak haien egoeraren eta erabileraren arduradunak izanen dira, eta bermatu egin beharko da, betiere, tresna eta/edo makina horiek ongi erabiltzen ari direla.

Diru-bilketaren xedea

Auzolanetik libratzen direnek ordaindutako diruaren bidez biltzen den diru kopurua larre honetako auzolanen inguruko kontuetan inbertituko da (istripu asegurua ordaintzea, materialak, makineria, erregaia, tresnak etab.).

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Modu osagarrian aplikatzekoak izanen dira, bidezko denean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta gainerako xedapenak.

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

ERANSKINA

2015eko zerga-tasa, tasa eta prezio publikoak

Tasa, Aralar mendian auzolana egiten ez den egun bakoitzetik: 30,00 euro.

Ezarri beharreko fidantza, pistan sartzeko eta horren giltza eskuratzeko baimen bakoitzetik: 60,00 euro.

Urteko kanona, abeltzain ez diren bizilagunak pistan sartzeko eta horren giltza eskuratzeko: 35,00 euro.

Ehiza denboraldiko kanona, pistan sartzeko baimena ematen duen txartel bakoitzetik: 50,00 euro.

Ehiza denboraldiko kanona, txartel bakoitzetik: 35,00 euro.

Kanona, epaitz bakoitzetik: 15,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1500093