18. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko abenduaren 9koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko La Magdalena y su Huerta SL entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Iruñeko La Magdalena y su Huerta SL entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100772012014) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko irailaren 8an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko abuztuaren 28an izenpetu eta 2014ko azaroaren 19an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko abenduaren 9an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

LA MAGDALENA Y SU HUERTA SL ENPRESAREN I. HITZARMEN KOLEKTIBOA

2014-2015-2016 (BEHIN-BEHINEKOA)

I. KAPITULUA

Eremuak

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau La Magdalena y su Huerta SLren langile guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen kolektibo honek La Magdalena y su Huerta SL enpresaren langile guztiei eragiten die, zein fruta eta barazkiak saltzen aritzen baitira establezimendu publiko batean.

3. artikulua. Indarraldia, iraupena eta luzapena.

Hitzarmen honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta ondorio ekonomikoak zein arauzkoak 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira. Iraupena hiru urtekoa da, 2016ko abenduaren 31ra bitarte.

Legearen araberako ondorio guztietarako, hitzarmen hau 2016ko abenduaren 31n salatutzat jotzen dute alderdiek. Hitzarmena salatuta, alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute elkarrizketan hasteko, gehienez ere, hitzarmenaren edo luzapenaren mugaeguna baino hilabete bat lehenagotik.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hitzarmenaren indarraldia bukatutakoan, bete-betean jarraituko du indarrean, aldeek hitzarmen kolektibo berria espres adosten duten arte.

Hitzarmen kolektiboaren indarraldia amaitu ondoren lau urte iragaten badira beste hitzarmen kolektibo bat itundu gabe, alderdiek, gehienez ere 15 eguneko epean, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotzari egin beharko diote men, edo hura ordezten duen erakundearenari. Aurrekoa gorabehera, edozein aldek bitartekaritza eskatu eta hilabetean hura gauzatzen ez bada edo adostasun espresik lortzen ez bada, aldeak behartuak egonen dira erakunde horren beraren arbitrajearen menpe jartzera, eta horren laudoa loteslea izanen da aldeentzat, baita arbitrajearen menpe jartzen ez denarentzat ere.

4. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen honek eragina izanen du lan kontratuaren araubidean La Magdalena y su Huerta SL enpresan jarduten duten langile guztien gainean.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa, probaldia, lanbide taldeak, kontratu motak, ABLEko langileen kontratua, igoerak, mugigarritasun funtzionala eta kargu uzteak

5. artikulua. Lanaren antolaketa.

Kontuan izanik hitzarmen honen xede den sektorearen benetako oinarria, eta ondorioz baita bertako enpresena ere, zerbitzu ona ematea dela, batik bat jendeari arreta behar bezala ematea, nahitaezkoa da bezeroak begirune handiarekin tratatzea eta eskatzen duten zerbitzua bikain ematea (legerian ezarritako betebeharrak betetzeaz gainera). Hori dela-eta, bezeroen aurrean ezin da egin haiek errespetu faltatzat har dezaketen ezer, ez eta bezeroak saltokitik uxatzen dituen ezer ere.

6. artikulua. Probaldia.

Langileen Estatutuaren bidez probaldi jakin bat ezarrita duten lan kontratuetan izan ezik, probaldia honenbestekoa izanen da:

6 hilabete teknikari tituludunentzat, profesional gisa jotzen direnentzat, arduradunentzat, ataletako arduradunentzat eta harategietan, arraindegietan, urdaitegietan eta fruta-sailetan lan egiten dutenentzat.

2 hilabete gainerako kontratuentzat.

Probaldia bitartean langileak betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala, lan-harremana suntsiaraztearen ondoriozkoak izan ezik (bi alderdietako edozeinek eskatuta suntsiaraz daiteke).

7. artikulua. Lanbide taldeak.

Lan gaitasunen, titulazioen eta egiten den lanaren arabera ondoko lanbide talde hauek ezarri dira, arau gisa, eta bakoitzaren berariazko ezaugarriak aditzera ematen dira:

–I. taldea:

Gerentzia lanak eginez enpresaren politika orokorrak koordinatzen, zuzentzen, ezartzen eta sortzen dituztenak sartzen dira talde honetan, hau da, helburuak eta haiek lortzeko moduak zehazten dituztenak; egituraren barreneko arlo, zuzendaritza edo oinarrizko burutza batean jardun dezakete.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

Zuzendari nagusia edo gerentea.

Departamentuko zuzendariak.

–II. taldea:

Talde honetan jardunean eta erabakiak hartzean era askotako prozedurak eta praktikak erabiltzen dituzten langileak sartzen dira; langileok autonomia handia dute, eta, gidalerro orokor batzuetatik abiaturik, enpresaren jarduna ikuskatzen dute tarteko buruen bidez, eragiketarako ezarritako helburuak zuzentzeko.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

Departamentuko burua.

Biltegi zentraleko burua.

–III. taldea:

Talde honetako langileak ildo zehatzak markatuta aritzen dira, nolabaiteko autonomiarekin, eta talde baten lana koordina dezakete; beren eginkizunetarako trebetasun edo gaitasun sistematikoa behar dute jarduera eta/edo prozesu teknikoetan, merkataritzakoetan, informatikoetan edo administratiboetan (estandarizatuak zein bestelakoak).

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

Atalburuak.

Gainbegiralea.

–IV. taldea:

Talde honetan sartzen dira kualifikazioa, ekimena eta lanbidearen ezagutza osoa behar duten lanpostuak. Langileak lanaren ardura hartu behar du eta egoera bakoitzarentzako konponbidea aplika dezake, bai eta lantalde baten lanak koordinatu ere; lan horiek gauzatzen ere parte hartu behar du.

Talde honetan sartzen dira V. taldeko langileetatik talde horretako berezko funtzioez gain, eta zehazki saltzailearen kategoriakoez gain, erantzukizun handiagoko lan homogeneo sail bat egin ohi dutenak, hala nola: lana antolatu eta eskaerak tramitatzea, establezimenduaren erregistro eta kontrolez arduratzea, kutxa ixtea, kutxako kontaketa egitea etab.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

Administrari-ofizialak.

Programatzaileak.

Saltzailea-Lantokiko arduraduna.

–V. taldea:

Talde honetako lanpostuetan ari direnek jarraibide zehatzei loturik dihardute, eta menpekotasun hierarkiko eta funtzionala dute.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

Administrari laguntzailea.

Telefonozaina.

Morroi-peoia.

Gidari-banatzailea.

Apal-betetzaileak.

Saltzaileak.

Kutxako laguntzaileak.

Zaintzaileak.

Errotulugileak.

Ontziratzaileak.

22 urtetik gorako gidari-banatzaileek lanpostuko osagarri bat jasoko dute. Horren zenbatekoa ordainsarien eranskinean ageri da, eta hitzarmeneko igoerei loturik egonen da.

–VI. taldea:

Inolako kualifikaziorik behar ez duten lanpostuak sartzen dira talde honetan.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

Laguntzaileak.

Ikastunak.

Ikastunak saltzaile mailara igo eta V. taldeko ordainsariak jasoko ditu, hitzarmen honen aplikazio eremuko enpresaren batean 12 hilabetez urgazle lanetan aritu eta gero.

Langileak lanean egindako denbora frogatu beharko du, hura egiaztatzeko balio duen edozein agiriren bitartez (lan kontratua, nominak etab.).

8. artikulua. Kontratu motak.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek unean-unean indarra duten legezko kontratazio modalitateetako edozein jasotzen ahal dute.

Legezko xedapen indardunen arabera formalizatuko da. Enpresak kontratatu baina, iraupenari dagokionez, inolako modalitaterik hitzartzen ez duten langileen kasuan, probaldia amaitutakoan mugagabekotzat hartuko dira, aldi baterakoak zirela frogatzen ez bada behintzat.

Halaber, mugagabekotzat joko dira 30 hilabeteko epe batean 24 hilabetetik gora kontratatuta egon diren langileak, jarraian edo epeka izan, lanpostu berean edo beste batean aritzeko, enpresa edo enpresa talde berean, aldi baterako bi kontraturen edo gehiagoren bidez, zuzenean zein aldi baterako laneko enpresek kontrataturik, iraupen zehatzeko kontratu mota berdinetan nahiz desberdinetan; hori guztia unean-unean indarra duen legedian ezarritakoarekin bat.

a) Aldi baterako kontratua, ekoizpenaren inguruabarrengatik.

Lan hitzarmen kolektibo honen eranginpeko enpresek eta langileek Langileen Estatutuaren 15. artikuluko 1.b) atalean ezarritako iraupen jakineko kontratu bat sinatuz gero, kontratu horrek gehienez 6 hilabeteko iraupena izanen du hamabi hilabeteko aldian. Hamabi hilabete horiek haren erabilera eragiten duen arrazoi edo inguruabarrak hasten diren egunean hasiko dira kontatzen.

Baldin eta kontratua 12 hilabetetik beherako eperako ituntzen bada, luzatzen ahalko da aldeak ados jarrita, baina kontratuak ez du gehieneko muga hori baino gehiago iraunen.

Kontratu hori bukatutakoan, langileak eskubidea izanen du indarreko araudiarekin bat dagokion kalte-ordaina jasotzeko.

b) Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko kontratuak.

Obra edo zerbitzu bat egitea helburu dutenak, zentroaren jardueren barnean autonomiadunak. Kontratuan argi eta garbi zehaztu beharko da kontratazioaren izaera, eta behar bezala azaldu beharko da zein den kontratuaren xedeko eginkizuna edo lana. Kontratuaren iraupena izanen da lana edo zerbitzua egiteko behar dena, eta ezin izanen du inola ere gainditu Langileen Estatutuan gehienez zehazten den epea.

Kontratu hori bukatutakoan, langileak eskubidea izanen du indarreko araudiarekin bat dagokion kalte-ordaina jasotzeko.

c) Prestakuntzako kontratuak: Langileen Estatuaren 11. artikuluan eta xedapen osagarrietan zehazten denari jarraituko zaio. Prestakuntzarako kontratuak helburu izanen du beharrezko prestakuntza teorikoa eta praktikoa lortzea, lanpostuan behar bezala aritzeko. Hori 16 urtetik 25 urtera bitarteko langileekin egin daiteke, lanbide kualifikazio aitorturik ez badute enplegurako lanbide heziketaren sisteman edo hezkuntza sisteman praktikaldiko kontratua egiteko eskatzen dena ez badute. Orobat, kontratu mota hori egiten ahal zaie hezkuntza sistemako lanbide heziketan ikasten duten langileei.

Adin gehieneko muga hori ez da aplikatuko desgaitasunak dituzten pertsonekin egiten denean kontratua, edo gizarte bazterketa jasateko arriskua duten kolektiboekin (gizarteratze enpresen araubidea ezartzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legean aurreikusita daudenak), betiere dagokion administrazio erregistroan kualifikatuta eta aktiboak dauden gizarteratze enpresek kontratatzen badute.

Kontratu horiek arau hauek izanen dituzte:

1. Kontratua gutxienez 6 hilabete iraunen du, eta gehienez 3 urte. Alderdiek bi luzapen bitarte adostu dezakete, baina kontratuaren iraupen osoak ezin du 3 urteko gehieneko iraupen hori gainditu. Luzapen bakoitzaren iraupena ezin da 6 hilabetetik beherakoa izan.

2. Aldi baterako ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasunak, adopzioak edo harrerak, edoskitzaroko arriskuak eta aitatasunak etenen dute kontratuaren indarraldia. Enpresak eta langileak, ahal dela, formalizatu beharko dituzte kontratuaren iraupenaren epe berriak, kontratuari erantsiko zaion agiri batean.

3. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren iraupena bukatuta, langilea ezin da kontratatu modalitate horrekin, enpresa berean edo beste batean izan, salbu eta kontratu berriaren berezko prestakuntzak helburu badu bestelako lanbide-prestakuntza lortzea.

Ezin izanen da prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontraturik egin baldin eta kontratuko lanpostuan langilea jadanik aritu bada, enpresa horretan berean, hamabi hilabetez baino gehiago.

4. Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko maiatzaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian adierazitako ikastetxe batean, zuzenean, jasoko du langileak prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren berezko prestakuntza; aurretik enplegu sistema nazionalak ikastetxe hori aitortu beharko du. Nolanahi ere, prestakuntza hori enpresan bertan ere jaso daiteke, hartan instalazio eta langile egokiak daudenean e) atalean aipatzen den gaitasuna edo lanbide kualifikazioa egiaztatzeko ondorioetarako, ezertan ukatu gabe aipatutako sareko ikastetxeetan prestakuntza osagarriko aldiak egiteko premia.

Langileak enpresan duen lan jarduerak lotura izan behar du prestakuntza jarduerekin. Prestakuntza eman izana justifikatu beharko da kontratuaren bukaeran.

5. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren bidez lortutako lanbide gaitasuna edo kualifikazioa egiaztatu beharko da Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian zehaztu bezala. Arau horretan ezarritakoarekin bat, langileak administrazio publiko eskudunari eska diezaioke kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiria, lanbide heziketaren titulua edo, hala balegokio, egiaztapen partzial metagarria luza diezaion.

6. Benetako lan denbora bateragarria izanen da prestakuntzarako jardueretarako denborarekin eta ezin izanen da hitzarmen kolektiboan gehienez ere aurreikusten den lanaldiaren (edo, bestela, legezko gehieneko lanaldiaren) %75etik gorakoa lehendabiziko urtean, edo %85etik gorakoa bigarren eta hirugarren urtean. Langileek ezin dute aparteko ordurik egin, non ez den betetzen 35.3 artikuluan aurreikusitakoa. Orobat, ezin dute gaueko edo txandako lanik egin.

7. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratatutako langilearen ordainsaria benetan lan egindako denboraren arabera finkatuko da, hitzarmen kolektiboan ezarritakoarekin bat.

Ordainsaria ezin da, inola ere, lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan, benetan lan egindako denboraren proportzioan.

8. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratatutako langilearen Gizarte Segurantzaren babes-ekintzak kontingentzia, egoera babesgarri eta prestazio guztiak bilduko ditu, langabezia barne. Halaber, Soldatak Bermatzeko Funtsaren estaldurarako eskubidea izanen du.

9. Kontratua bukatutakoan, langileak enpresan jarraitzen badu, ezin da beste probaldi bat egin, eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren iraupena kontuan hartuko da antzinatasunaren ondorioetarako.

Hitzarmen honetan prestakuntzarako kontratuei buruz berariaz arautu ez den orotan, indarreko araudian xedatuari jarraituko zaio.

d) Praktikaldiko lan kontratua:

Hauetakoren bat dutenekin egin daiteke: unibertsitateko titulua, edo erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketakoa, edo ofizialki baliokidetzat hartutako tituluak, edo profesionaltasun ziurtagiria, Langileen Estatutuaren 11. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, baldin eta kasuan kasuko ikasketak bukatu eta ondoko bost urtean eskuratu badute, baina ikasketak bukatu eta ondoko zazpi urtean izan daiteke desgaitasuna duen langile batekin egiten bada. Kontratu horiek enpresak eta pratikaldiko langileak eginen dituzte, ondoko arauei jarraituz eta, osagarri gisa, indarreko araudiari jarraituz:

1. Kontratuak ez du sei hilabete baino gutxiago iraunen, ez eta bi urte baino gehiago ere. Alderdiek bi luzapen bitarte adostu dezakete, baina kontratuaren iraupen osoak ezin du 2 urteko gehieneko iraupen hori gainditu. Luzapen bakoitzaren iraupena ezin da 6 hilabetetik beherakoa izan.

2. Aldi baterako ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasunak, adopzioak edo harrerak, edoskitzaroko arriskuak eta aitatasunak etenen dute kontratuaren indarraldia. Enpresak eta langileak, ahal dela, formalizatu beharko dituzte kontratuaren iraupenaren epe berriak, kontratuari erantsiko zaion agiri batean.

3. Titulazio edo profesionaltasun ziurtagiri beraren arabera, praktikaldietako kontratu bakarra egin daiteke, dagozkion luzapenekin. Ondorio horietarako, graduko tituluak, masterra, eta, hala balegokio, doktoretza, ez dira titulazio beretzat hartuko, salbu eta lehendabiziko aldiz praktikaldiko kontratuaren bidez kontratatzen denak dagoeneko badauka kasuan kasuko goi mailako titulua.

4. Ordainsaria lanbide kategoria horretarako hitzarmenean ezartzen den ordainsariaren %60koa izanen da lehendabiziko urtean, eta %75ekoa bigarrenean.

e) Bitartekotasun-kontratuak: Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten langileak ordezteko erabiliko da (eta horren barrenean daude atsedenaldiengatik, baimenengatik, oporrengatik eta beste batzuengatik izaten diren absentziak betetzekoak), baita lanpostu hutsak betetzeko ere, behin betiko bete arte.

9. artikulua. ABLEetako langileen kontratua.

Hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, honen eraginpeko enpresek, Aldi Baterako Laneko Enpresen zerbitzuak kontratatzen dituztenean, bermatu eginen dute beren zerbitzuan jartzen diren langileen lan eskubideak eta ordainsariak enpresako langileentzat hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoak bezalakoak izanen direla.

Betebehar hori berariaz jaso behar da Aldi Baterako Laneko Enpresaren eta hitzarmen honen eraginpeko enpresa erabiltzailearen arteko zerbitzu-kontratuan.

10. artikulua. Igoerak eta mugikortasun funtzionala.

a) Lanbide sailkapeneko sistemaren barnean gora egiten ahalko da, kontuan izanik langilearen prestakuntza, merezimenduak eta antzinatasuna, baita enpresaburuaren antolaketarako ahalmenak ere. Enpresan gora egiteko irizpideak finkatzeko arauak berdinak izanen dira emakumezko zein gizonezko langileentzat.

Goragoko kategoriako eginkizunak urte batean sei hilabetez edo bi urtean zortzi hilabetez, jarraian nahiz tarteka, egin dituen langilea goragoko kategoriara igaroko da zuzenean, baldin eta goragoko kategoriako jarduera ez badu egin kontratua eteteko eskubidea duen langile baten ordezko gisa.

Goragoko kategorietan lanposturen bat hutsik geratzen denean, honako hauek hartuko dira kontuan hura betetzeko:

Antzinatasuna enpresan.

Titulazio egokia eta haren balorazioa.

Eginkizunak betetzeko jarduera.

Betiere, enpresako zuzendaritzak eta ordezkari sindikalek elkar hartuta arau gehiago ezartzen ahalko dituzte goragoko kategoriako lanpostu hutsak betetzeko.

b) Mugikortasun funtzionala antolaketa beharren arabera gauzatuko da, maila bereko edo lanbide talde bereko kategorien artean.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko Lege indardunaren 26. artikuluarekin bat (LBK 1995, 3053), eta haurdun dauden emakumeak, erditu berriak eta bularra ematen ari direnak babesteko, lanpostua edo haren baldintzak egoera horri egokitu beharra dagoenean, lanpostuaren edo eginkizunen aldaketa eginen da mugikortasun funtzionalari aplikatzen zaizkion arau eta irizpideen arabera, eta ondorioak izanen ditu harik eta emakumezko langilearen osasun egoera lehengo lanpostura itzultzeko modukoa izan arte.

Artikulu honetan aurreikusitakoa ez dagoen orotan, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

11. artikulua. Lana uztea.

a) Langileak, edozein izanik ere haren kontratu mota, bertan behera utzi ahalko du lan harremana noiznahi, baldintza bakarra betez: enpresari jakinaraztea gutxienez hilabete lehenago, hitzarmen honetako I., II. eta III. lanbide taldeetako langileen kasuan, eta gutxienez 15 egun lehenago, gainerako langileen kasuan.

Langileak aurretik abisua emateko baldintza hori behar den epean betetzen ez badu, enpresak likidaziotik kentzen ahalko dio egun bateko ordainsariaren zenbatekoa atzerapen egun bakoitzeko.

III. KAPITULUA

Lanaldia, aparteko orduak, gaueko lana, oporrak,
baimenak eta eszedentziak

12. artikulua. Lanaldia.

1. Hitzarmen hau indarrean den bitartean, hauxe izanen da lanaldia: benetan lan egin beharreko 1.800 ordu.

2. Lanaldi irregularra: Enpresa eta langileen ordezkariak adostuta, lanaldia urte osoan modu irregularrean banatzea erabaki daiteke. Kontrako itunik edo frogatutako usadio eta ohiturarik ez badago, enpresak ahalmena du lanaldiaren %10 urte osoan modu irregularrean banatzeko.

Banaketa hori eginda ere, legeak ezarritako eguneko eta asteko atsedenaldietarako gutxieneko tarteak errespetatu beharko dira.

Lanaldi irregularra aplikatu ahal izateko, enpresak otsaila baino lehen ezarri beharko du lan egutegian. Lanaldi irregularra hilabete bateko lau alditan banatzen ahalko da gehienez.

Enpresak lanaldi irregularra hasi baino hogeita hamar egun lehenagotik abisatu beharko dio ukitutako langileari.

3. Orobat, lanaldi irregularraren %10 hori aplikatzeko, 40 orduko boltsa bat eratuko da urtean, lanaldi oso bakoitzeko, edo dagokion ordu kopurukoa bere ohiko lanaldiaren arabera. Ohiz kanpoko beharra dagoenean, enpresak ordu-boltsa hori erabiltzen ahalko du, erabili baino 4 egun lehenagotik abisatuta betiere. Nolanahi ere, ordu horiek berreskuratzean, ezin izanen da langile bakoitzaren eguneko ohiko lanaldiaren %30 gainditu.

Lanaldia banatzeko, enpresaren eta langileen ordezkarien arteko adostasuna beharko da. Ados jarri ezean, hurrengo ataletan ezarritakoa aplikatuko da:

a) Langile bakoitzak eskubidea izanen du bere lanaldia bi ordu murrizteko hilabete bakoitzean; ezin izanen dira hilabete bateko orduak beste hilabete batekoekin metatu. Kontrako akordioa lortu ezean, denbora hori goizeko edo arratsaldeko lehen orduan hartuko da, eta enpresak txanden hurrenkera bat ezarriko du, atal edo departamentuen merkataritza-funtzionamendu normala eragotzi gabe.

b) Lanaldi murriztuaren araubidea ezarri da: bost ordu eta erdi egunean, 8.30etatik 14:00etara, bestelako ituna egin ezean, ondoko egunetan:

Pazko egunean.

Abenduaren 26an.

Herriko festen egunetan.

c) Iruñean jaieguna izanen da uztailaren 7a, San Fermin eguna, eta beste herri batzuetan beste egun bat izanen da, jaiegun ofiziala izan gabe ere halako tradizioa duena. Gai honen inguruan zalantza edo desadostasuna sortzen bada, hitzarmen honen interpretaziorako batzordeak ebatziko du.

d) Enpresek, langileekin adosturik, langileak lanera sartu eta irteteko orduak kontrolatzeko sistema bat ezarriko dute.

13. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak nolakoak diren, hauxe erabaki da:

a) Ezinbestez egin beharreko aparteko orduak, ezbeharrei aurrea hartzeko edo kalteak konpontzeko beharrezkoak direlako, bai eta antzeko beste kasu batzuetan egiten direnak ere, baldin eta ordu horiek ez egiteak enpresari edo hirugarrenei kalte nabarmen eta larriak badakarzkie, edo lehengaiak galtzeko arriskua badago.

b) Egiturazko aparteko orduak: eskaerei edo produkzio handiko uneei aurre egiteko beharrezkoak direnak, lan horiek aurreikusi gabekoak badira edo ez egiteak jarduerari kalte larria eta nabarmena badakarkio; ustekabeko absentziak, martxan jartzeko eta/edo geldiarazteko behar direnak, txanda-aldaketak eta antzeko kasuak: aparteko orduak mantentzea, betiere legeak aurreikusitako aldi baterako kontratuak edo kontratu partzialak erabiltzerik ez badago.

Aparteko orduak, berez, borondatezkoak dira, salbu eta haiek ez egiteak enpresari kalte larriak eragiten dizkionean edo produkzioa eteten duenean, eta artikulu honetako a) idatz-zatian adierazitako gainerako kasuetan.

Aparteko ordu bakoitzaren zenbatekoa ordu arruntaren balioarena izanen da, atsedenaldiarekin konpentsatzen bada; nolanahi ere, ordainduz gero, aparteko orduaren balioa ordu arrunt bat eta erdiarena izanen da.

14. artikulua. Gaueko lana.

Langileen Estatutuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Berariazko ordainsari gisa (langilearen soldata gauez egiten duen zerbitzualdia kontuan harturik zehazten den kasuetan izan ezik) honako hau ezarri da: ohiko ordu eta baldintzetan, hau da, egunez, egindako lan orduaren oinarrizko balioa gehi %25.

15. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean hogeita hamar egun naturaleko oporraldia izanen dute.

Urtero, abenduan, enpresak zehaztuko du noiz hartuko diren 15 opor egun.

Langileak proposatuko du noiz hartu nahi dituen beste hamabost opor egunak, enpresak langile guztien oporrak antolatu ahal izateko.

Gatazkarik badago oporrak hartzean epe berberak eskatzeagatik, lehenbiziko urtean antzinatasun handieneko pertsonek izanen dute lehentasuna, eta hurrengo urteetan irizpide ere horri jarraituko zaio, batzuek besteen atzetik har ditzaten, txandaka.

Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, Langileen Estatutuaren 38.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatuari jarraituko zaio. Horrek xedatzen du langileak eskubidea izanen duela opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.

Oporraldi batean aurreko lerroaldean aipatu ez den arrazoi arrunt batengatik aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere oporretako urtea amaitu zenetik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira.

16. artikulua. Ordaindutako baimenak.

Langileak, aurrez abisatu eta justifikaturik, baimena du lanera ez agertzeko, arrazoi hauengatik:

1. Langilearen ezkontza: 16 lanegun; lizentzia hori eta oporrak elkarren segidan hartzen ahal dira, batera gertatuz gero.

2. Anai-arreben, seme-alaben, biloben, gurasoen, lehengusu eta iloba propioen eta koinatu-koinaten ezkontza: egun bat.

3. Seme-alaben jaiotza edo adopzioa: 3 egun, horietako bi gutxienez lanegunak izanen dira; hori dela-eta, langileak bidaia egin beharra badu, 5 egun izan daitezke gehienez.

4. Eritasun larria edo ospitaleratzea edo erietxean sartzea arrazoi larri bategatik:

a) Ezkontidearena: 3 egun natural.

b) Gurasoena, aitagin-amaginarrebarena, aitona-amonena, seme-alabena, bilobena, anai-arrebena edo koinatu-koinatena: 2 egun natural.

Kasu guztietan, ospitaleratzearen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

Ospitaleratzea egun bakarrekoa baldin bada, langileak egun bateko baimena izanen du.

Baimen horiek gehienez 5 egunekoak izan daitezke, langileak horretarako bidaia egin behar badu.

Eria ospitalean dagoen bitartean hartzen ahalko da baimena (gehieneko iraupena gainditu gabe); horrelakoetan, ospitaleak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da.

5. Odol bereko edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideen kirurgia handi anbulatorioa: egun bat, medikuntza zerbitzuek aldez aurretik justifikaturik.

6. Heriotzagatik:

a) Ezkontidea eta seme-alabak: 7 egun natural.

b) Gurasoak, aitagin-amaginarrebak, aitona-amonak, bilobak edo anaia-arrebak: 3 egun natural. Hori dela-eta langileak bidaia egin beharra badu, 5 eguneko baimena izanen du.

c) Koinatu-koinatak edo suhi-errainak: 2 egun natural.

d) Osaba-izeba, iloba eta lehengusu propioak: egun natural bat.

7. Ohiko bizitokia aldatzeagatik: egun bat.

8. Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora.

9. Izatezko bikoteek, bizikidetasunaren ziurtagiria aurkeztu ondotik, eskubidezko bikoteen lizentzia berberak izanen dituzte, artikulu honetako 15.1 idatz-zatian aipatzen dena salbu.

Betiere, alegatzen diren arrazoien justifikazioa frogatu beharko da. Bidaia dela kausa baimena luzatuko da 100 kilometro baino gehiago egin behar direnean.

10. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea:

a) Edoskitzea: Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Erditze anizkoitzen kasuan dagokion proportzioan gehituko da baimen denbora.

Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordubeteko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Baimena amak nahiz aitak hartzen ahalko dute, beren nahierara, biak lanean ari badira. Hala eskatzen duten langileek haurrari bularra emateko denbora metatzen ahal dute, eta amatasun bajaren ondoren hartu; modu horretara gehienez ere hamabost egun metatzen ahal dira.

b) Semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzio berean murriztuko zaie. Bularra emateko baimenaren eta lanaldi murriztuaren iraupena eta ordutegia zehazteari dagokionez, Langileen Estatutuaren 37. artikuluaren 6. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiko zaio.

c) Lanaldia murriztea: Langileek eguneko lanaldiaren murrizketa eskatzen ahalko diote enpresari, Langileen Estatutuan ezarri bezala, haurrak edo desgaitasun fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoa duen pertsona bat zaintzeko. Murrizketa horrek ordainsarien hein bereko murrizketa ekarriko du, ondorio guztietarako.

Lanaldiaren murrizketa hori adingabe baten legezko zaintza dutenek eskatzen dutenean, Langileen Estatutuan ezarritako epea adingabeak 12 urte bete arte luzatzen da, Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan ezarritakoarekin bat. Langileak zehaztuko du lanaldi murriztua zein epe eta ordutan hartuko duen, bere ohiko lanaldiaren barnean. Langileak gutxienez 15 egun lehenagotik abisatu beharko dio enpresaburuari. Langileek lanaldia arrazoi pertsonalengatik murrizteko eskatzen ahalko diote enpresari, ordainsaria ere hein berean murriztuta, ohiko lanaldiaren zortziren batetik erdira bitarte.

Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

17. artikulua. Eszedentziak.

Langileek honako eszedentzia hauek eskatzeko eskubidea izanen dute:

A) Nahitaezko eszedentzia.

Nahitaezko eszedentzia, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten dion kargu publiko edo sindikal baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publiko edo sindikala utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.

B) Borondatezko eszedentzia.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea dute borondatezko eszedentzia hartzeko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute. Eskatutako gainerako aldian, itzultzeko lehentasunezko eskubidea baino ez du izanen, baldin eta enpresan lanpostu hutsik badago itzultzeko eskaera egiten denean.

Urtebeteko eszedentzia eman eta lanpostua gorde diezaiotela eskatu ahal izateko, behar bezala justifikaturiko zentzuzko arrazoiak aurkeztu beharko dira; ez da halakotzat joko hitzarmen honen eraginpean dagoen edo jarduera bera egiten duen beste enpresa batean lan egitea.

Aurreko idatz-zatian azaldutako lanpostuaren erreserba eginen da eskatutako eszedentzia amaitzen den arte. Enpresak ordezko langilea jartzen ahalko du eszedentzia hartu duenaren lekuan, bitarteko kontratu baten bidez.

Eszedentzia hartu duten langileek ezin izanen dute beste bat eskatu lau urte igaro arte.

Itzultzearen edo lanpostua izatearen ondorioetarako, antzeko kategoriako lanpostutzat joko da hitzarmen honetan adierazitako lanbide talde berekoa bada, alegia, onuradunak eszedentzia eskatzerakoan zeukan lanpostuaren talde berekoa eta lehen egiten zuen jarduera berari dagokiona izatea.

C) Ahaideak zaintzeko eszedentzia.

Langileek gutxienez bi hilabeteko eszedentzia eta gehienez hiru urtekoa hartzen ahalko dute odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaide bat zaintzeko, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten edo ezintasunaren ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta inolako lan ordaindurik ez badu. Betiere zentzuzko eta behar bezala justifikaturiko argudioak alegatu behar dira horretarako. Beraz, langileak eszedentzia eskatzeko arrazoia frogatzeko ziurtagiri mediko bat aurkeztu beharko du gutxienez, bai eta gizarte zerbitzuen ziurtagiria ere, ahaideak laguntza pertsonala behar duela adierazten duena.

Eszedentzia hori, lehenbiziko urtetik aurrera, urtetik urtera luzatzen ahalko da, gehienez hiru urte iraun arte.

D) Seme-alabak zaintzeko eszedentzia:

Langileek gutxienez bi hilabeteko eszedentzia eta gehienez hiru urtekoa hartzen ahalko dute seme edo alaba bakoitza zaintzeko, Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bi eszedentzia horietan (C eta D kasuak) langileari lanpostua gordetzeko eskubidea izanen da, betiere eszedentzian dagoen bitartean inolako lan ordaindurik egiten ez badu.

Eszedentzia kasu guztietarako xedapenak.

Eszedentziaren eskaera idatziz eginen da kasu guztietan, gutxienez hilabete bat lehenago. Enpresak ere idatziz erantzunen du. Eszedentziaren iraupena hasieran hitzartutakoa izanen da.

Borondatezko eszedentzia amaitzear dagoenean, langileak lanera itzultzeko eskatuko du 15 egun lehenago, gutxienez.

E) Heriotzagatiko eszedentzia berezia.

Langilearen ezkontidea edo izatezko bikotekidea hil eta 14 urtetik beherako semea edo alaba uzten badu, langileak eskubidea izanen du ordaindu gabeko eszedentzia berezia hartzeko.

Eszedentzia hori behar bezala justifikatu beharko da, eta hilabete iraunen du, 20.4 artikuluan aurreikusitako baimena hartzen denetik aurrera. Eszedentzia hori langileak eskatu beharko dio enpresaburuari, idatziz, eta bertan zehaztuko du zein egunetan itzuliko den lanpostura.

IV. KAPITULUA

Ordainsariak, antzinatasuna, eritasuna eta istripua, aparteko eskersariak, irenspena eta konpentsazioa

18. artikulua. Ordainsariak.

Hitzarmen honen ordainsariak I. eranskinean biltzen dira. Testu honetara erantsi dira.

2015erako, kontuan izanik zein den enpresaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa, hitzartu da soldatak izoztea.

2016rako, soldata igotzea hitzartzen da, aurreko urteko KPIaren desbideratzearen portzentajean 2015ean jasotako kontzeptu guztien gainetik, muga %2koa izanik gehienez ere.

19. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasun plusaren ordez formula berria ezarri da. Hona hemen:

A) 1995eko abenduaren 31n laurtekoren bat finkatuta zuten langileek beste laurteko bat lortzeko eskubidea izanen dute, azkena.

Finkatutako laurtekoen kopurua (aurreko paragrafoan aipatutakoa barne, sortzen denean) aplikatuz ateratzen den zenbatekoa norberaren osagarri gisa mantenduko da, 1995ean indarra zuten taulen arabera kalkulaturik, eta “antzinatasun finkatua” deituko zaio. Kopuru hori behin ere ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.

B) 1996 baino lehen sartu eta denboraren joanaz laurteko bat bera ere finkatu ez duten langileek ondoko konpentsazioak jasoko dituzte:

b.1) 1996ko urtarrilaren 1etik eta enpresan lau urte bete arte, hilero jasoko dute I. eta II. eranskinetan antzinatasuna dela-eta ezarritako kopurua, eta antzinatasun finkatua deituko zaio b.2 idatz-zatian ezarritakoa betetzen den unetik aurrera.

b.2) Enpresan lau urte betetzen dituzten egunetik aurrera, langileok bi laurtekoren zenbatekoa jasoko dute II. eranskineko taulen arabera, antzinatasun finkatua dela-eta. Kopuru hori ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.

Bi talde horientzat (artikulu honetako A eta B puntuetan adierazitakoentzat) konpentsazio plus bat ezartzen da antzinatasun saria izozteagatik. Hitzarmen honen I. eranskinetik V.era bitartean ageri da horren zenbatekoa lanbide taldearen arabera.

C) 1995eko abenduaren 31tik aurrera kontrataturiko langileek, lehengo antzinatasun sistemaren konpentsazio gisa, ondokoa jasoko dute:

c.1) Sarreratik hasi eta lehenbiziko zortzi zerbitzu-urteetan, hitzarmen honen eranskinetako soldata tauletan lanbide talde bakoitzarentzat ezarritako kopurua.

c.2) Zerbitzuan zortzi urte jarraian egindakoan, bi laurtekoren zenbatekoa jasoko dute hortik aurrera, taulen arabera, eta kopuru horri antzinatasun finkatua deituko zaio.

Kopuru hori ezin izanen da konpentsatu edo irentsi, eta hitzarmen bakoitzean tauletarako ituntzen den gehikuntza aplikatuko zaio.

20. artikulua. Eritasuna eta istripuak.

Laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, enpresak osagarri bat ordaindu beharko dio langileari, Gizarte Segurantzak aldi baterako ezintasunaren prestazioagatik ematen dionari gehituta egiazko soldataren %100era irits dadin bajaren lehenbiziko egunetik hasita.

Aldi baterako ezintasunetan, arrazoia bada gaixotasun arrunta edo laneko istripua, enpresek Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko dute, ondokoari jarraituz:

–Bajaren lehenengo 3 egunetan: egiazko soldataren %75eraino.

–Bajaren laugarren egunetik hasi eta hirurogeigarren egunera arte enpresak %85eraino osatuko du egiazko soldata.

–Hirurogeita batgarren egunetik aurrera, enpresak %100eraino osatuko du langilearen egiazko soldata.

Langileak baja-agiria edo medikuaren ziurtagiria aurkezten ez badu, edo agiri horiek lanean huts egindako egunaren ondotik emanak badira, enpresak ahalmena izanen du justifikatu gabe utzitako egunei dagokien dirua soldatatik deskontatzeko.

21. artikulua. Aparteko haborokinak.

A) Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko eskersariak jasoko dituzte uztailean eta Eguberrietan. Horietako bakoitzean egiazko hileko soldata oso baten zenbatekoa jasoko dute.

Halaber, kontzeptu honen barnean sartzen da lehengo antzinatasun sistemaren konpentsazio gisa ezarritako kopuruei buruz hamaikagarren artikuluan ezarritakoa.

Eskersari hau sei hilabetean behin konputatuko da, eta aurreko seihilekoan egindako zerbitzu denboraren araberako kopurua jasoko da.

B) Enpresek langileendako eskersari aldakorren araubide bat ezarriko dute, salmenten edo mozkinen araberakoa, enpresa bakoitzaren antolaketari egokitua. Eskersari horiek langileak hilabete batean jasotzen duen egiazko soldata adinakoak izanen dira gutxienez.

Kontzeptu horren barnean sartzen da, orobat, lehengo antzinatasun sistemaren konpentsazio gisa ezarritako kopuruei buruz hamaikagarren artikuluan ezarritakoa.

Artikulu honetan aipatutako eskersaria urtero ordainduko da, salbu eta, akordio bat edo lehendik finkatutako ohitura bat dela medio, epe laburragoetan ordaindu ohi baldin bada. Bestela, ekitaldi ekonomiko bakoitzekoa hurrengo ekitaldi ekonomikoko lehen hiruhilekoan likidatu beharko da.

22. artikulua. Bermeak.

Hitzarmen honetan biltzen diren baldintzak gutxienekoak dira. Hortaz, hemen ezartzen diren baldintzak baino hobeak dituzten langileei “ad personam” bermatuko zaizkie.

23. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Hitzarmen honen ondorioz ezartzen diren ekonomia eta lan arloetako hobekuntza guztiak, are hemendik aurrera ezartzen diren borondatezko hobekuntzak ere, enpresa bakoitzean izanen diren soldaten igoera eta hobekuntzekin konpentsatu eta irentsiko dira, ahal den neurrian, baita hemendik aurrera aldarrikatzen diren legezko beste xedapen batzuen bidez ezartzen direnekin ere, edozein delarik haien kontzeptua.

V. KAPITULUA

Laneko segurtasuna eta osasuna, langileen legezko ordezkaritza, interpretazio batzordea

24. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Hitzarmen honen aplikazio eremuak biltzen dituen enpresaburu eta langileek hitz ematen dute langileen segurtasuna eta osasuna sustatuko dituztela, nola eta lanaren ondoriozko arriskuen prebentziorako behar diren neurriak hartuz eta behar diren jarduerak garatuz, legeak ezarritako moduan.

a) Informazioa: Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean (LBK 1995, 3053) ezarritako babes beharra betetzeko, enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu langileek beharrezkoak diren argibideak jaso ditzaten gai hauen gainean:

Lanean diren arriskuak langileen segurtasun eta osasunerako.

Arriskuei aurre egiteko aplika daitezkeen babes-neurriak eta jarduerak.

Larrialdietarako neurriak.

b) Prestakuntza: Babesa eman beharra betez, enpresaburuak bermatu behar du langile bakoitzari prebentzio arloko informazio teorikoa eta praktikoa heltzen zaiola, behar adina eta egokia, hala kontratazioa egitean nola eginkizunak aldatzen zaizkionean edo teknologia berriak sartzen direnean.

c) Parte hartzea eta ordezkaritza: Langileek eskubidea dute enpresan laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten gaietan parte hartzeko, Legeak ezarritako moduan.

25. artikulua. Langileen legezko ordezkaritza.

Enpresan langileen ordezkaritza langileen ordezkariei eta, egonez gero, enpresa batzordeei dagokie. Langileen ordezkarien eskubide eta eginkizunei dagokienez, Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan (LBK 1985, 1980) xedatutakoari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Askotariko xedapenak: aseguru poliza, laneko jantziak, zerbitzua, gidariak, lanbide prestakuntza, ingurumena.

26. artikulua. Aseguru kolektiboaren poliza.

Enpresek istripu-aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko dute beren langileentzat. Hauek izanen dira baldintzak eta estaldurak:

–Lan istripuaren ondoriozko heriotzan, 32.506,80 euroko kapital aseguratua plantillako langile bakoitzeko.

–Lan istripuaren ondoriozko baliaezintasun iraunkor osoagatik, 32.506,80 euroko kapital aseguratua plantillako langile bakoitzeko.

Edonolako bizi aseguru kolektibo edo baliaezintasunerako aseguru kolektibo bat borondatez ezarria daukaten enpresetan, langileek aukera izanen dute hitzarmen honetan aipatzen dena edo enpresak ezarria daukana hautatzeko.

27. artikulua. Gidariak.

Enpresak konpromisoa hartzen du lan jardueraren ondorioz gidabaimena gehienez sei hilabeterako kentzen dieten gidariak beren lanpostuetara itzultzen ahalko direla zehapena bete ondoren.

28. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Enpresek beren langileen lanbide prestakuntzaren hobekuntza sustatuko dute ahal den neurrian. Horretarako, enpresen barnean, prestakuntza hobetzeko, jarduera askotarako gaitasunak lantzeko eta horrelako helburuetarako planak hitzartuko dituzte.

Prestakuntzako jarduerak lan orduetan eginen dira, ahal dela. Enpresek ikastaroak hitzartzen badituzte enpresatik kanpo, eta haien ordutegiak lan ordutegiekin bat ez badatoz, langileek ikastaroetara joateko urtean erabili beharreko lehenbiziko hogei orduak enpresak ordaindu eginen ditu.

VII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondoko artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz:

29. artikulua. Hutsegiteen motak.

Langileak eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen tamaina eta garrantzia: arina, larria edo oso larria.

30. artikulua. Hutsegite arinak.

Ondokoak hutsegite arintzat jotzen dira:

1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hamabost minutu baino gehiago egiten badute.

2. Lanetik alde egitea funtsezko arrazoirik gabe, denbora gutxirako bada ere. Horren ondorioz enpresari kalte larria sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, hutsegitea larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.

3. Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, enpresaren produkzio prozesuan edo irudian eragina izan dezakeenean.

4. Jendeari arreta ematea behar diren adeitasuna eta ardura gabe.

31. artikulua. Hutsegite larriak.

Honako hauek hutsegite larriak dira:

1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hogeita hamar minutu baino gehiago egiten badute.

2. Hilean behin baino gehiagotan lanera huts egitea behar den baimenik edo zentzuzko arrazoirik gabe.

3. Nagusiei ez obeditzea laneko edozein arlotan. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kaltea sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahalko da.

4. Behar den baimena izan gabe, norberarentzako lanak egitea lanaldiaren barrenean.

5. Hiruhileko batean hutsegite arinak egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, aurretik idatzizko jakinarazpena egin bazaio.

32. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1. Sei hilabetean 30. artikuluan aipatutako hutsegiteak errepikatzea.

2. Iruzur egitea, sari edo mesedeak onartzea, leialtasun eza edo konfiantza-abusua agindutako kudeaketetan, eta beste lankideei, enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresako lokaletan, edo beste edozein lekutan lanean ari den bitartean. Bere kasa edo beste norbaiten kontura merkataritza edo industria arloko negoziazioak egitea, edo bere buruari zerbait saldu edo kobratzea, enpresak espres baimendu gabe.

3. Gaixotasun edo istripu itxurak egitea.

4. Beste langile baten laneratzea simulatzea, langileak enpresan direla egiaztatzeko ohiko baliabideetatik edozein erabiliz.

5. Jendearenganako begirune edo adeitasun falta nabarmena.

6. Enpresaren lehengai, lanabes, tresna, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, baliogabetu edo hondatzea.

7. Enpresaren korrespondentziaren edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea, edo nahitaez isilpean eduki beharreko datuak enpresakoa ez den bati erakustea.

8. Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza, jarraitu eta ohikoa, enpresaren produkzio prozesuan edo enpresaren irudian eragina izan dezakeenean.

9. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, bai eta lankide eta bezeroei ere.

10. Lanaldian eta norberaren lanpostuan mozkortuta edo drogatuta ibiltzea.

11. Erosketa-txartelik baldin badu, hura erabiltzeko baimenik ez duten pertsonei uztea, eta langileei eskaintzen zaizkien deskontuak beste pertsona batzuei lagatzea.

12. Ohiko lan errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea, legeek onartutako eskubide bat erabiltzearen ondorioz ez bada.

13. Kontratatzeko onustea haustea, eta konfiantza-abusua lan jardueran.

14. Lan esparruan, intimitatearen eta duintasunaren begiruneari eraso larria egiten dion edozein portaera, kutsu sexualeko irain hitzezko nahiz fisikoren bitartez egiten bada. Portaera hori hierarkia-egoeraz baliatuz gauzatzen bada, hartarako inguruabar astungarria izanen da.

15. Hitzarmen honen 21. artikuluan, eszedentziak arautzen dituen horretan, ezarritako baldintzak ez betetzea edo horretan iruzur egitea.

16. Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izan arren, lehenbizikoa egin ondoko sei hilabeteren barrenean egiten bada.

17. Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko Legean (LBK 1995, 3053) ezarritako arauak edo neurriak, hitzarmen bidez finkatutakoak edo enpresek lege hori garatu eta aplikatzeko ezarritakoak ez betetzea, langilearen edo lankideen osasuna edo segurtasun fisikoa arriskuan jar daitekeenean.

33. artikulua. Zehapenen araubidea.

Kapitulu honetan emandako hutsegiteen zerrenda jaso da batzuk aipatzeagatik. Beraz, enpresako zuzendaritzak zehatzen ahal dituen hutsegitetzat joko dira lan arloan indarra duen araudian ezarritako betebeharren kontrako arau-hauste guztiak, bai eta kontratuko arauen ez-betetzeak ere.

Enpresako zuzendaritzak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hutsegite arin, larri eta oso larriengatiko zehapena jartzeko, langileari idatzizko jakinarazpena egin beharko zaio.

34. artikulua. Gehieneko zehapenak.

Kasu bakoitzean gehieneko zehapen hauek jartzen ahal dira, kontuan hartuta egindako hutsegitearen larria:

1. Hutsegite arinengatik: Hitzezko kargu-hartzea. Idatzizko kargu-hartzea. Gehienez hiru eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

2. Hutsegite larriengatik: Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

3. Hutsegite oso larriengatik: Hamasei egunetik hirurogei egunera arteko enplegu-soldaten etenalditik hasi eta lan kontratua desegitera iritsi arte, hutsegitea goren gradukotzat jotzen den kasuetan.

35. artikulua. Preskripzioa.

Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzeko duen ahalmena hamar egunen buruan preskribatuko da hutsegite arinak badira, hogei egunen buruan hutsegite larriak badira, eta hirurogei egunen buruan hutsegite oso larriak badira, egitearen berri izandako egunetik kontatzen hasita, eta, edozein modutan ere, hutsegitea egin eta hurrengo sei hilabeteren buruan.

VIII. KAPITULUA

Batzorde paritarioa eta laneko baldintzak ez aplikatzea

36. artikulua. Interpretaziorako batzorde paritarioa.

–Batzorde paritarioaren eraketa.

Alderdi sinatzaileek erabaki dute batzorde paritario bat eratzea hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoaren interpretaziorako, bitartekotzarako eta zaintzarako organoa izan dadin, eta indarreko legediak hitzarmen kolektiboen batzorde paritarioei esleitzen dizkien gai guztiei hel diezaien.

Batzorde paritarioa enpresako ordezkariak eta La Magdalena y su Huerta SL enpresako langileen ordezkariak osatuko dute.

Ondorio guztietarako, batzorde paritarioaren helbidea enpresaren egoitza izanen da: Iruñeko Landaben industrialdea, A kalea z.g. (posta kodea: 31012).

–Funtzionamendua.

Batzorde paritarioak hiru hilean behin eginen du bilera arrunta, eta bilera berezia, berriz, alderdi batek eskatzen duenean.

Bi kasuetan, deialdia idatziz edo faxez eginen da, gutxienez 10 egun baliodun lehenago. Bertan, zehaztuko da gai-zerrenda eta zein egun, ordu eta tokitan eginen den bilera, eta beharrezko dokumentazioa erantsiko da.

15 egun naturaleko epea izanen du bere balorazioaren menpe jarritako desadostasunak konpontzeko.

Alderdiak borondatez haren arbitrajearen menpe jartzen badira, batzorde paritarioaren ebazpena loteslea izanen da.

37. artikulua. Lan baldintzak ez aplikatzea:

Ados badaude enpresa eta enpresaren hitzarmen kolektibo bat edo maila beheragoko bat, Langileen Estatutuaren 87.1 artikuluan ezarria, negoziatzeko zilegitasuna duten langileen ordezkariak, bidezkoa izanen da, 15 egunetik gorakoa izanen ez den kontsultaldi bat egin ondoan, hitzarmen honetako baldintzak ez aplikatzea, aplikazio horren ondorioz enpresaren egoera eta aurreikuspen ekonomikoak kalteturik gelditzeko aukera dagoenean, eragina izanik bertako enpleguari eustearen gainean.

Enpresan langileen legezko ordezkaririk ez badago, langileek Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat izendatutako batzorde baten esku utzi ahal izanen dute ordezkaritza hori.

Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, ulertuko da lehendabiziko paragrafoko arrazoiak daudela eta soilik eskumeneko jurisdikzioan aurkara daiteke, iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik. Akordio hori hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioari jakinarazi beharko zaio.

Aplikazio ezaren akordioak zehazki ezarri behar du zein diren lan baldintza berriak enpresa horretako langileentzat, hura ekarri zuten arrazoiak kontuan izanik. Aplikazio eza horrek ezin du hitzarmenaren indarraldia gainditu, edota, gehienez ere, hiru urteko iraunaldia.

Kontsultaldian adostasunik ez bada, edozein alderdik jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko. Desadostasuna ez bada konpontzen batzorde paritarioaren menpe jarrita, estatuko edo autonomietako lanbidearteko akordioetan ezarritako prozedurei helduko zaie, eta, halakorik egon ezean edo desadostasuna konpontzen ez bada, edozein alderdik jar dezake hura Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Autonomikoaren menpe, edo, hori eratzen ez den arte, Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalaren menpe, hori eskuduna izanez gero. Erakunde horietako erabakiak kontsultaldian lortzen diren erabakien eraginkortasuna bera izanen du, eta horren kontra bakarrik jartzen ahalko da errekurtsoa Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat eta arrazoien arabera.

Xedapen gehigarria.–Berdintasun planak.

3/2007 Legean (LBK 2007, 586) ezarritakoarekin bat, emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna izan dadin, enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan eta, xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu beharko dituzte. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta, hala bada, adostu beharko dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan.

Berrehun eta berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten enpresetan, aurreko idatz zatian aipatutako berdintasun arloko neurriak biltzen dituen berdintasun plana egin eta aplikatu behar da, kapitulu honetan ezarritako norainokoa eta edukia izanen dituena. Plan hori ere negoziatu eginen da lan arloko legerian zehazten den moduan.

Enpresetako berdintasun planak neurri multzo antolatuak dira, egoeraren diagnosia egin ondoren hartuak, eta helburu dutenak enpresan emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdintasuna izatea eta sexuagatiko bereizkeria desagerraraztea.

Berdintasun planetan finkatuko dira berdintasunaren arloko helburu zehatzak eta horiek lortzeko erabili beharreko estrategiak eta jardunbideak. Halaber, helburuen jarraipenerako eta ebaluaziorako sistema eraginkorrak ezarriko dira.

Ezarritako helburuak lortzeko, berdintasun planek arlo hauek uki ditzakete, besteak beste: enplegua lortzea, lanbide sailkapena, sustapena eta prestakuntza, ordainsariak, laneko denbora antolatzea laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak uztartzen laguntzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, eta sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzea.

Berdintasun planek enpresa oso bat hartuko dute, deusetan galarazi gabe zenbait zentrotan egokiak diren ekintza bereziak ezartzea.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lanpostuan gertatzen diren sexu eta lan jazarpeneko kasuei aurre egin eta heltzeko protokoloa.

A) Sexu jazarpeneko kasuei aurre egin eta haiei heltzeko protokoloa.

I. Sarrera.

Elikagaien merkataritzaren sektorerako hitzarmenaren negoziazioaren ondorioz, bi alderdiak adosturik, sexu jazarpenik gabeko lan inguruneak sortzeko politikak eta praktikak sustatze aldera, jarduketa protokolo bat ezarri da sexu jazarpena dagoen kasuetan jarraitu beharreko prozedurak arautzeko.

II. Definizioa.

Sexu jazarpenaren definizio berriena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko irailaren 23ko 2002/73/EE Zuzentarauan ageri da (EEL 2002, 2562), Kontseiluaren 76/207/EEE Zuzentaraua (EEL 1976, 44) aldatu zuen horretan. Zuzentarau hori gizonezkoen eta emakumezkoen tratu berdinaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa da, enpleguan sartzeari, laneko prestakuntzari eta lanbide sustapenari, eta lan baldintzei dagokienez, eta bertan honela definitzen da sexu jazarpena:

“Sexu kutsuko edozein jokabide hitzezko, ez hitzezko edo fisiko, pertsona baten duintasunari erasotzeko asmoz egiten dena edo ondorio hori dakarrena haren gogoaren kontra, eta, batez ere, inguru beldur-eragile, etsaitasunezko, iraingarri, umiliagarri edo laidogarria sortzen duena”.

Gure barne araudiari dagokionez, Langileen Estatutuaren 4. artikuluan xedatzen da langile guztiek beren intimitatea errespetatzeko eta pertsonaren duintasunari zor zaion tratua jasotzeko eskubidea dutela; eta horren barruan sartzen da sexuarekin zerikusia duten hitzezko edo bestelako eraso fisikoetatik babestea.

Azkenik, Europako Erkidegoen Batzordeak prestatutako Ereduzko Kodean definizio hau proposatzen da sexu jazarpenerako:

Lanean emakumezkoaren eta gizonezkoaren duintasunari kalte egiten dioten sexu kutsuko portaerak edo, sexuan oinarriturik, ondorio berberak dituzten bestelako jokabideak. Horren barrenean sartzen dira nahi ez diren portaera fisikoak, hitzen bidezkoak edo hitzen bidezkoak ez direnak.

Horrelakotzat hartuko da baldin eta portaera hori gogoz kontrakoa, arrazoi gabea eta iraingarria baldin bada xedeko pertsonarentzat; orobat, enpresaburuek edo langileek (lankideak izan edo nagusiak izan) pertsona hori horrelako portaera baten menpe jartzea edo portaera hori ez onartzea erabiltzen badute, esplizituki edo inplizituki, pertsona hori lanbide heziketan edo enpleguan sartzea mugatzen duen erabaki bat hartzeko, edo lanean segitzearekin, mailaz igotzearekin, soldata aldatzearekin edo lanarekin zerikusia duen beste edozein erabaki hartzeko, eta/edo portaera horrek lan giro beldur-eragilea, etsaitasunezkoa edo umiliagarria sortzen badu xedeko pertsonarentzat.

III. Ereduzko kode bat aplikatzea.

Sexu jazarpen egoeretarako prebentzio neurri gisa, proposatzen da Europako Erkidegoen Batzordeak prestatutako “Sexu jazarpenari aurre egiteko neurriei buruzko Ereduzko Kodea” aplikatzea, behar diren egokitzapenak eginda. Kode hori Batzorde horrek emakumearen eta gizonezkoaren duintasuna lanean babesteko 1991ko azaroaren 27an emandako Gomendioa (EEL 1992, 500) betetzeko prestatu zen.

Ereduzko Kodearen helburua da orientabide praktiko batzuk ematea enpresaburuei eta langileei lanean emakumeak eta gizonezkoak babesteari buruz, eta sexu jazarpena saihesteko gomendio eta prozedura argi eta zehatz batzuk ezartzea, enpresetan zabaltzeko.

IV. Jarduketa protokoloa sexu jazarpenen kasuetarako.

Jarduketa protokoloa printzipio hauetan oinarritzen da: prozeduren eragimena eta eraginkortasuna, eta tramiteak azkar eta isilpean egitea.

1. Prozedura informala: kasu gehienetan helburua gogoz kontrako portaera hori geldiaraztea denez, lehenbizi, bide ofizialetik kanpoko tramite gisa, prozedura informal bat abian jartzeko aukera baloratuko da, horren bidez langileak berak aukera izan dezan bere gogoaren kontrakoa den jokabidea erakusten ari den pertsonari argi eta garbi erakusteko ez duela ongi hartzen portaera hori, iraingarria eta deserosoa dela, eta bere lana baldintzatzen duela, hori guztia portaera hori utzi dezan. Langileak hala nahi izanez gero, bide ofizialetik kanpoko tramite hori langileen ordezkari batek, nagusi hurrenak edo enpresako giza baliabideen departamentuko langile batek egin dezake, langileak berak aukeratzen duenak.

Prozedura hori egokia izan daiteke zuzenekoak ez diren laneko jazarpen kasuetarako, hots, giroko jazarpenetarako, lan giroa nahasten dituztenak, lan giro iraingarria, umiliagarria, beldur-eragilea edo etsaitasunezkoa sortzen dutelako.

2. Prozedura formala: prozedura informala egokia ez bada jazarpena zuzena delako, kasuak inguruabar bereziak dituelako edo, saiatuta ere, huts egin duelako, prozedura formala hasiko da.

Prozedurari hasiera emateko, salaketa bat jarriko da, eta bertan sexu jazarpena jasan duen langileak gertakarien berri eman beharko du ahalik eta zehatzen. Salaketa giza baliabideen edo langileriaren departamentuko langile bati edo enpresako zuzendaritza taldeko kide bati bidaliko zaio, langilearen nahierara. Era berean, langileak hala erabakitzen badu, horren kopia bat langileen legezko ordezkariei igorriko zaie.

Salaketak berarekin ekarriko du espediente informatibo bat berehalakoan irekitzea, gertakariak argitzeko. Hala, parte-hartzaile guztiei entzutea emanen zaie, are langileen legezko ordezkariei ere, ukitutako langileak hala erabakitzen badu, eta behar diren eginbideak eginen dira gertatutakoa egiazkoa ote den argitzeko.

Jarduketak tramitatu bitartean salatzaileari eta salatuari aukera emanen zaie, nahi izanez gero, lanpostuz aldatzeko erabaki bat hartu arte, betiere aldaketa posible baldin bada.

Langileen legezko ordezkariek, balizko lekukoek eta jarduketan parte hartzen duten guztiek jarduketen konfidentzialtasuna errespetatu beharko dute, pertsonen intimitatea eta ohorea tartean dagoelako. Behar den errespetuarekin jokatuko da bai salatzailearekin bai salatuarekin.

Sexu jazarpena egon dela egiaztatuz gero, Langileen Estatutuan jasotako zehapen larriak ezarriko dira (LBK 1995, 997).

Gertakariak egiaztatzen ez badira, eta, hortaz, diziplina neurririk hartzen ez bada, ez zaio inolako zigorrik jarriko salaketa jarri duen langileari, aitzitik, egoera bereziki aztertuko da jazarpenik ez dagoela aseguratzeko.

Era berean, ahal den neurrian, lana berrantolatuko da ukitutako langileek etengabeko harremana eduki behar izan ez dezaten.

Jarritako salaketa faltsua dela egiaztatuz gero, arau-hauste oso larriei dagozkien diziplina-neurriak hartuko dira salaketa jarri duen langilearen aurka.

Hitzarmenaren batzorde paritarioari enpresan tramitatu eta diziplina-zehapen batekin bukatzen diren sexu jazarpeneko kasu guztien berri eman beharko zaio.

Sexu jazarpeneko kasuetarako ereduzko kodea:

I. Enpresako zuzendaritzak aditzera ematen du sexu jazarpeneko kasuak ekidin eta konpontzeko kezka eta konpromisoa daukala, eta, horretarako, adierazten du langile guztiak duintasunez trata daitezela nahi duela eta laneko sexu jazarpena ez duela onartzen, ezta toleratzen ere.

II. Honako egoera hau hartzen da sexu jazarpentzat: sexu kutsuko edozein jokabide hitzezko, ez hitzezko edo fisiko, pertsona baten duintasunari erasotzeko asmoz egiten dena edo ondorio hori dakarrena haren gogoaren kontra, eta, batez ere, inguru beldur-eragile, etsaitasunezko, iraingarri, umiliagarri edo laidogarria sortzen duena.

III. Langile guztien erantzukizuna da denon duintasuna errespetatzen duen lan ingurune bat sortzen laguntzea. Orobat, departamentuko arduradun guztien erantzukizuna da beren ardurapean dauden sektoreetan sexu jazarpenik gertatzen ez dela bermatzea.

IV. Sexu jazarpena gertatuz gero, langileek salaketa jartzeko eskubidea izanen dute. Salaketa horiek seriotasunez hartuko dira, eta azkar eta isilpean tramitatuko. Salaketetan gertaeren azalpena eginen da, eta giza baliabideen edo langileriaren departamentuko kide bati edo enpresako zuzendaritzako kide bati zuzenduko zaizkio, langileak hautatuta.

Era berean, langileak nahi izanez gero, langileen legezko ordezkariei gertakarien berri emanen zaie, eta espediente informatiboaren tramitazioan parte hartuko dute.

V. Lanaren eremuan, ofentsa sexualaren bidez emakumearen edo gizonaren intimitatearen edo duintasunaren kontra egiten den jokabide edo portaera oro, fisikoa edo ahozkoa izan, arau-hauste oso larritzat hartuko da. Portaera hori hierarkia-egoeraz baliatuz gauzatzen bada, hartarako inguruabar astungarria izanen da.

Langileren batek sexu jazarpen gisa hartzen den portaera erakusten badu adierazitako aginduari jarraikiz zehatuko da.

B) Lanpostuan gertatzen diren jazarpen moraleko kasuei aurrea hartu eta haiei heltzeko protokoloa.

I. Printzipioen adierazpena.

Langile guztiek eskubidea dute beren aurkako jokabide eta portaera erasotzaile edo larderiatsurik gabeko giroan lan egiteko. Lan giroak duintasuna eta osotasun fisikoa zein morala bermatu behar die. Langileek eskubidea dute laneko segurtasun eta osasunaren arloan benetako babes eraginkorra izateko.

Azken honetan jazarpen morala kalte nabarmena eragiten ari da jazarpen moralarekin lotutako portaeraren baten biktima izateko zoritxarra duten langileen osasunean.

Horrelako portaerak gogoz kontrakoak, arrazoi gabeak eta iraingarriak dira jasaten dituzten pertsonentzat. Horregatik, arau-hauste oso larrien gisara zehatzeaz gainera (mailarik gorenean), arazoak konpontzeko barreneko testuinguru edo prozedura batean ere tratatu behar dira, jazarpena jaso duen langilearen eskura dagoen edozein legezko baliabide saihestu gabe, arazoaren muinean lehenbailehen jardun ahal izateko. Hortaz, salaketak seriotasunez eta isilpean tratatu behar dira, langilearen intimitatea zainduz, eta ez da batere tolerantziarik izanen salatzaileari jazarri edo haren aurka jo nahi duenarekin.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek, laneko auzi hau hartzen ari den garrantziaz oharturik, konpromisoa hartzen dute behar den ahalegina egiteko enpresan lan egiten duten langile guztien duintasuna eta askatasuna errespetatzen dituen lan giro bat sortu eta/edo mantentzeko.

II. Definizioa (Mobbing-a).

Jazarpen morala gertatzen da pertsona bat edo gehiago (biktimak talde baten jazarpena jasan dezake) beste bati jazartzen zaizkionean haren aurka indarkeria psikologikoa sistematikoki erabiliz denbora batez.

III. Jarduteko protokoloa:

A) Prozedura informala:

Jarduteko arrazoi nagusia da egiaztatua dagoela ukitutako pertsona gehienek desiratzen dutela jasaten ari diren jazarpen egoera bukatzea.

Aski izan beharko litzateke langileak argi eta garbi azaltzea bere gogoaren aurkako jokabidea daukan pertsonari ez duela ongi hartzen portaera hori, umiliagarria dela, molestatzen duela eta bere lana egitea oztopatzen duela.

Jazarpena jasaten duenari edozein arrazoirengatik zaila egiten bazaio hori esatea, pertsona horrek legezko ordezkari bat aukera dezake mezu hori lehenbailehen jakinarazteko.

Mezua jaso ondoren jazarleak berdin jokatzen segitzen badu edo arazoa modu informalean konpontzerik ez badago, prozedura formala hasiko da.

B) Prozedura formala:

Prozedura hau salaketa bat aurkeztuz hasiko da. Jazarpena jasan duen pertsonak prestatu beharko du salaketa, eta bertan gertakarien zerrenda jasoko du, ahalik eta zehatzen. Salaketa giza baliabideen departamentuko kide bati, enpresako zuzendaritza taldeko kide bati, laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuko psikologoari edo zerbitzu horretako medikuari igorriko zaio, langileak aukeratzen duenari.

Langileak kontrakoa esan ezean, salaketaren kopia bat lantokiko langileen legezko ordezkariei bidaliko zaie, eta, langile ukituak eskatuz gero, haren ordez jardun dezakete prozesuan. Enpresan tramitatu eta diziplina zehapen batekin bukatzen diren jazarpen moraleko kasu guztien berri langileen legezko ordezkariei emanen zaie.

Salaketaren ondorioz espediente informatibo bat irekiko da, gertakariak ikertzeko. Entzutea emanen zaie parte hartu duten guztiei, are langileen legezko ordezkariei, ukitutako langileak hala nahi badu, eta gertatutakoa egia ote den argitzeko behar diren eginbide guztiak eginen dira. Espedientearen instrukzioan azkartasun eta konfidentzialtasun printzipioei jarraikiko zaie.

Osasuneko eta Segurtasuneko Batzordeak begiratuko du ukitutako langileari egiturazko laguntza sendoa ematen zaiola jazarpen egilearengandik babesten laguntzeko, eta jazarpenaren eragin metodoak desagerrarazten laguntzeko, presako tratamendu baten bidez (lekualdatzea ere izan daiteke, ikerketak egin eta auzia ebatzi bitartean bakarrik).

Egokia dela erabakiz gero, derrigorrez egin beharreko azterketa medikoaren eta egiazkotasunaren ondoriozko diagnostiko psikologikoa eskatuko da, ukitutako langileak aurkezten duen sintomatologiaren analisiaren arabera jarraitu beharreko jardunbidea jakiteko. Horretan, arlo juridikoko zerbitzu espezializatuak elkarrekin arituko dira, eta dauden baliabideak aprobetxatzeko hartu beharreko legezko ekintzak.

Demandatuari behar duen laguntza psikologikoa emanen zaio prozesu osoko tentsioa edo balizko auzi baten ondoriozkoa eraman ahal izateko. Ahaleginak eginen dira prozesua ahalik eta azkarren eramateko, eta konfidentzialtasunez.

Prozesuak edo balizko epaiketak depresio bat edo arazo larriagoak sor ez ditzan, langile ukituak langileen legezko ordezkarien esku utzi dezake jarduteko ahalmena.

Jazarpen morala egon dela egiaztatuz gero, gure lan antolamenduan aurreikusitako zehapen oso larriak ezarriko dira.

Jarritako salaketa faltsua dela egiaztatuz gero, arau-hauste oso larriei dagozkien diziplina-neurriak hartuko dira salaketa jarri duen langilearen aurka.

SOLDATEN TAULAK 2014

KATEGORIA PROFESIONALAK

OINARRIZKO SOLDATA

ANTZINATASUNA LAURTEKOAREN BALIOA

I. taldea

Zuzendari nagusia/Kudeatzailea

1354,86

58,61

Departamentuko zuzendaria

1354,86

58,61

II. taldea

Departamentuko burua

1.185,21

50,85

Biltegi zentraleko burua

1.185,21

50,85

III. taldea

Atalburuak

1.119,87

47,84

Gainbegiralea

1.119,87

47,84

IV. taldea

Administrari-ofizialak

1.054,53

44,82

Programatzaileak

1.054,53

44,82

Saltzailea. Zentroko ard.

1.054,53

44,82

V. taldea

Administrari laguntzailea

979,26

41,17

Telefonista

979,26

41,17

Morroi-peoia

979,26

41,17

Gidari-banatzailea

979,26

41,17

Gidariaren plusa

45,19

2,07

Apal-betetzaileak

979,26

41,17

Saltzaileak

979,26

41,17

Kutxako laguntzaileak

979,26

41,17

Zaintzaileak

979,26

41,17

Errotulugileak

979,26

41,17

Ontziratzaileak

979,26

41,17

VI. taldea

Laguntzaileak

927,14

Ikastuna, 1. urtekoa

728,03

Ikastuna, 2. urtekoa

794,19

Iragarkiaren kodea: F1416742