177. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

317E/2015 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Leitzako udal mugapean, Leitzako 1. poligonoko 405. lurzatian bide bat irekitzeko proiekturako. Sustatzailea José Antonio Zabaleta Lasarte da.

2015eko maiatzaren 7an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da pista berri bat irekitzea, 170 metro luze eta 3 metro zabal izanen dena. Zoladurarako, lurzatian dagoen harria erabiliko da, behin birrindu ondoren. Pista egitean ateratzen den landare-lurra inguruko lurrak berdintzeko erabiliko da.

Pista berria egiteko, lehengo bide baten trazadura erabiliko da, partez; malda txikiagoa izanen du, eta inguruan dauden heskaiak eta landareak kentzea saihestuko da.

Pista berria egin beharra justifikatzeko, adierazi da beharrezkoa dela lurzati horretan dagoen bordara ibilgailuz iristea, hura zaintzeko behar diren materialak eta aziendarendako bazka eramateko.

Espedientean Leitzako Udalak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak haren alde emandako txostenak ageri dira.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Leitzako udal mugapean, Leitzako 1. poligonoko 405. lurzatian bide bat irekitzeko proiekturako. Sustatzailea José Antonio Zabaleta Lasarte da.

2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obren hasieraren berri emateko, sustatzaileak behar den denborarekin abisatu beharko dio Bidasoa-Leitza aldeko Basozaintzari, ogfobida1@cfnavarra.es eta ogfolela5@cfnavarra.es helbide elektronikoetara email bat bidaliz.

Hirigintza arlokoak:

–Leitzako Udalak begiratuko du pista ireki ondoren ez dela bestelako jarduerarik ezartzen edo ez dela aldatzen han dagoen bordaren erabilera (gaur egun artegi-eskorta bat da).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 300 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Leitzako Udalari, Bidasoa-Leitza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 11n.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1511596