1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
298E/2015 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ziritzako ur-biltontziaren proiekturako. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.
2015eko ekainaren 8an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektuan ageri da ur-biltontzi berri bat egin nahi dela, bi ontzi simetrikotan zatitua,1.000 m³ biltzeko. Biltontzi zaharra botako da berria abiarazten denean. Horrela berrerabiliko dira, ahal dela, orain daudean hoditeria, komunikazioak eta sarbideak. Nolanahi ere, Etxarriko hoditeriarekin lotzeko, gutxi gorabehera 250 metroko luzerako hodi bat dago proiektatua, Arriluzeko bidearekin paraleloa izanen dena.
Aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman dio proiektuari. Dokumentazioan sartua dago ingurumen ukipenen azterlana, non behar bezala arakatzen baitira proiektuko ekintzak eta ingurumeneko osagarri sentiberak. Aipatu azterlanean ageri dira proiektuak eragindako azalera babesteko eta landareztatzeko proposatu diren neurriak.
Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena jaso da.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Ziritzako ur-biltontziaren proiekturako. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.
2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:
Paisaian eragin txikiagoa izateko, gomendatzen da ur-biltontziaren eraikuntzaren bistako aldean material naturalak jartzea (harri naturala, Corten altzairu herdoildua...), edo inguru horretan tipikoa den eraikuntza diseinua erabiltzea. Halaber, gomendatzen da ur-biltontziaren estradosa lurrez betetzea, lur eremu naturala ukitu arte, lurzatiaren topografia naturalera ahal den guztia egokitu dadin.
–Ametzen lerroaren ukipenari dagokionez, Arriluzeko bidearen ondoan, trazadura zertxobait desbideratuko da, ukipena ahal den txikiena izan dadin. Zuhaitzen kimaketari lehentasuna emanen zaio mozketaren aldean.
–Ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak soilik botako dira. Kasu horietan, administrazio baimena beharko da zuhaitzak mozteko, eta abisu emanen zaio Iruñeko Basozaintzari, markatzea egin dezaten.
–Zanga guztiak estali eta landaretako lurrak ur-biltontziko instalazioen inguruan eta hodi eta bide ertzetan zabaldu eta gero, lurren profilaketa eta finketa eginen da, lur eremu naturalari fisiografikoki ongi egokitzeko, eta ondoren, ereinez landareztatuko dira. Landareztatze lanak neguko hilabeteetan eginen dira.
–Proiektuari erantsitako ingurumen ukipenen azterlanean proposatutako eta aurrekontuan sartutako landareztatzeak eginen dira.
Hirigintza arloko edukiak:
–Egin gogo den jarduera gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten beste azpiegitura eta/edo zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, organo eskudunen edo dagokion konpainia hornitzailearen behar adina baimen eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaiaren arabera, edo, hala balegokio, ukituta gera daitezkeen jabetzei dagokienez egon daitezkeen kontzesio, zortasun edo akordioen arabera. Bereziki, obrak herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ziritzako Udalari, Basozaintzari (Iruña aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko abuztuaren 4an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1511283