177. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1/2015 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari eskudantziak esleitzen dizkiona.

Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura zehazten duen abuztuaren 12ko 56/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren ondorengoa da, eta haiek unibertsitateko irakaskuntzaren eremuan zituzten eskumenak bere gain hartzen ditu.

Aipatu foru dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrak indarrik gabe uzten ditu foru dekretu horretan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak; hortaz, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa garatuko duen beste foru dekretu bat onetsi arte, indarra izaten jarraitzen du Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuak, 56/2015 Foru Dekretuari aurka egiten ez dion heinean.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuak Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren esku utzi zituen langileriaren arloan departamentuko kontseilariari dagozkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera, abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriaren hirugarren atalean aipatzen direnak izan ezik.

Ikusirik Hezkuntza Baliabideen Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak bereganatu dituela, eta langileriaren arloko espediente administratiboen gainean eraginkortasunez eta arintasunez ebazteko asmoz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearen 26. artikuluan xedaturikoarekin bat, egokitzat jo da Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea aipatu eskudantziak, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari dagozkionak.

Eskuordetze hori arlo horretan indarra duen legeriaren mende dago, hots, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluaren mende.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 56/2015 Foru Dekretuaren artikulu bakarreko laugarren atalean esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzia batzuk, langileriaren arloko espediente administratiboak ebazteari dagozkionak.

2. Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Eskuordetutako eskudantzien ondorioz ematen diren ebazpenetan espresuki aipatuko da inguruabar hori. Ulertuko da ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Langileriaren Araubide Juridikoaren Atalera, Deialdien Atalera, Langileen Kontrataziorako Atalera eta Plangintza Atalera igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 13an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Juan Ramón Elorz Domezain.

Iragarkiaren kodea: F1511626