176. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 4a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

172/2015 FORU DEKRETUA, irailaren 3koa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituena.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, mendekotasun egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko gizarte zerbitzuak kudeatzeko ereduak egituratu eta berrantolatzeko asmoz.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Agentziaren Estatutuak aldatu ziren, arauen aldaketei eta orduko egoera ekonomikoari egokitzeko asmoz.

Azken urteotan bildutako esperientziaren ondorioz, eta Gobernuaren eta Departamentuaren egitura organiko berriak onetsi direnez, gomendagarria da Agentziaren Estatutuak aldatzea. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen egitura berria ezarri zen, eta abuztuaren 12ko 52/2015 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura. Azkeneko dekretu horren artikulu bakarrean xedatzen da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde autonomoa erakunde horri atxikita gelditzen dela.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 106 artikuluak xedatzen du erakunde publikoen estatutuak Nafarroako Gobernuaren dekretu bidez aldatuko direla, erakundea atxikita duen departamentuak proposaturik.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko irailaren 3an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Estatutuen onespena.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.

Lehen Xedapen Iragankorra.–Atalburuen aldi baterako berrespena.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako ataletako egungo buruen izendapenak berretsi egiten dira, baita hari atxikitako zentroetako egungo zuzendarienak ere.

Bigarren xedapen iragankorra. Administrazio unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretua.

Azken xedapenetan lehena. Erregelamenduzko garapena egiteko gaikuntza.

Eskubide Sozialetako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko irailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

PERTSONEN AUTONOMIARAKO ETA GARAPENERAKO NAFARROAKO AGENTZIA ERAKUNDE
AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera, atxikipena eta eskumenak

1. artikulua. Izaera.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde administratibo autonomo bat da, berezko nortasun juridikoa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, bere xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia, bere xedeak betetzeko, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak plangintzari eta politika orokorrari dagokienez ematen dituen jarraibideen menpean eta hari atxikia dago. Hortaz, departamentu horren esku gelditzen dira Agentzia kontrolatu eta babesteko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta antolamendu juridiko administratiboan esleitzen zaizkionak.

3. artikulua. Eskumenak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari dagokio autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko politikak Nafarroan koordinatu eta kudeatzeko eskumena, baita adingabeen sustapen, arreta eta babeserako politikak eta familiei begira ezartzen direnak koordinatu eta kudeatzeko eskumena ere.

Eskumen horiek garatzeko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Mendekotasuna baloratzeko behar diren zerbitzu eta baliabideak kudeatzea.

b) Mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko behar diren zerbitzu eta baliabideen zorroa kudeatzea.

c) Autonomia pertsonala sustatzeko, mendekotasunari aurrea hartzeko eta mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko behar diren zerbitzu eta baliabideak kudeatzea, hala berekiak, nola ekimen pribatuko entitateenak, pertsonari bere ohiko giroan irauteko erraztasunak ematea helburu.

d) Gizarte eta osasun arloko baliabideak garatu eta kudeatzea, bere eta entitate laguntzaileen programa eta ekintzen bidez.

e) Herritarrei informazioa eskaini, erraztu, hurbildu eta eskuragarri jartzea.

f) Baliabideak lortzea mendekotasun arloko arreta eta sostengu programetarako.

g) Autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko indarreko araudia bete beharraren ondoriozko jarduketak egitea, Foru Komunitateko edozein erakunde publikok eskatuta.

h) Departamentuak mendekotasunaren arloan dituen plan eta programak diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta jarraipena egiten laguntzea.

i) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako baliabideak indartu eta bideratzea.

j) Familientzako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea Nafarroako Foru Komunitatean, baita haurren eta nerabeen sustapen, arreta eta babeserako ezartzen direnak ere.

k) Haur eskolak kudeatzea bere eskumen eremutik.

l) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoei laguntza ematea herritarren ardurakidetza publiko eta pribatua bultzatzen duen politika bat gara dezaten familiei begira.

m) Nafarroan autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko gaietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta gainerako administrazio publiko, erakunde entitate eta erakunde publiko zein pribatuen arteko harremanak sustatzea, baita familientzako eta adingabeentzako politikak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak ere.

n) Departamentuari arau berriak proposatzea eta haiek prestatzen laguntzea.

o) Departamentuari proposatzea programak garatzeko finantzaketa beharrak.

p) Antzeko eginkizunak, Agentziaren helburuak lortzen laguntzen badute.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaritza organoak:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Kudeaketako Zuzendaritza.

c) Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetza.

d) Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetza.

e) Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Batzordearen osaera.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

a) Kontseiluko burua: Eskubide Sozialetako kontseilaria. Kanpoan denean, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak ordeztuko du.

b) Kontseilukideak: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzailea eta zuzendariordeak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea eta osasunaren, hezkuntzaren, aurrekontuen eta ondarearen arloetan eskumena duten zuzendari nagusiak.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko hiru kide ere izanen dira Gobernu Kontseiluko kide, organo hartan Foru Komunitateko Administrazioaren izenean aritzen ez diren kideen artetik hautatuko direnak.

2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, Eskubide Sozialetako kontseilari titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.

6. artikulua. Ahalmenak.

Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:

a) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren ondarea administratzea.

b) Ondasun higiezinen erosketa edo haiek erabiltzearen gaineko edozein egintza proposatzea.

c) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentro eta zerbitzuetan sartzeko baremoa onestea.

d) Sistema publikoko zentro eta zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea.

e) Kontseiluko buruak presako kasuetan emandako ebazpenen eta probidentzien berri izatea.

7. artikulua. Kontseiluko buruaren ahalmenak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko buruari ahalmen hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren bileretarako dei egitea eta horietarako gai zerrenda ezartzea, bilkuretan buru eta zuzendari lanetan aritzea, eta haren erabakiak eta funtzionamendu arauak betetzen direla begiratzea.

b) Presako kasuetan behar diren probidentzia eta ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri ematea Gobernu Kontseiluari.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuko idazkari tekniko nagusia izanen da Gobernu Kontseiluko idazkaria.

2. Idazkaritzari eginkizun hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, kontseiluburuaren jarraibideen arabera, eta erabakiak betearazteko izapideak egitea.

b) Osoko bilkuretako akta egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak hala erabakirik eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari men eginen zaio.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du beste pertsona batzuen aholkua, daukaten ezagutza, prestakuntza, izen ona edo beste zergatiko bat dela kausa haien esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA

Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki izendatuko eta kargutik kenduko du zuzendari kudeatzailea, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik.

2. Eritasunagatik edo bestelako zergatiko bategatik kanpoan baldin badago, dagokion zuzendariordeak ordeztuko du zuzendari kudeatzailea, foru dekretu honen 4. artikuluan ezarritako ordenari jarraikiz.

12. artikulua. Eginkizunak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jardunaren erantzukizunik gorena bere gain hartzea.

b) Erakundearen ordezkaria izatea.

c) Gobernu Kontseiluko erabakiak bete eta betearaztea.

d) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren organoak eta jarduerak zuzendu, kudeatu eta antolatzea.

e) Erakunde autonomoak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

f) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak egiteko erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien ahalmenak erabiltzea.

g) Itunak ebaluatzeko eta jarraipena egiteko batzordeetan izanen diren ordezkariak izendatzea, ebazpen bidez, baita gainerako kideak ere, enpresa esleipen-hartzaileak, enpresa batzordeak eta zentroan parte hartzeko kontseiluak proposatuta.

h) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari dagozkion ondare-erantzukizuneko prozeduren gainean ebaztea.

i) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren transferentzia gastu eta ordainketak eta funtzionamendukoak baimentzea, indarra duten arauei jarraituz.

j) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren urteroko memoria eta jarduketa programak prestatzea.

k) Mendekotasun eta desgaitasun egoerak aitortzeko prozedurak ebaztea.

l) Plangintzaren arloan eskumena duen zerbitzuak mendekotasunaren arloko langileentzat diseinatzen dituen prestakuntza programak koordinatu, kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzea.

m) Lan metodoak hobetzeaz, berrikuntza teknologiko aplikagarriak sartzeaz, zentroak, instalazioak eta ekipamenduak zaindu eta mantentzeaz eta diru-sarrera eta gastuak optimizatzeaz arduratzea.

n) Departamentuak mendekotasunaren arloan dituen plan eta programak diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta jarraipena egiten laguntzea.

o) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikitako atalburuak, bulegoburuak eta ataletik beherako beste unitate batzuetako buruak bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

p) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikitako zentroetako zuzendariak izendatzea eta kargutik kentzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

q) Proposamenak egitea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako plantilla organikoa aldatzeko eta lan eskaintzak ateratzeko, eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuari igortzea, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organoetako langileria arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 1. artikuluko b) eta c) letretan xedatutako ondorioetarako.

r) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta haien izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne.

s) Langile bakoitzari dagokion lanpostua esleitzea, eta, orobat, atxikipen aldaketak egitea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren barrenean beteak edo hutsik dauden lanpostuen artean.

t) Hutsegite larriak edo oso larriak egiteagatik diziplina espedienteak irekitzea.

u) Langileen behin-behineko eginkizun-gabetzearen egoera administratiboa deklaratzea.

v) Hutsegite larri eta arinengatik diziplina espedienteen gainean ebaztea.

w) Bide jurisdikzional sozial eta zibilaren aurreko erreklamazioak ebaztea.

x) Eskubide Sozialetako kontseilariak eta Agentziako Gobernu Kontseiluak, bere kargua dela eta, agintzen dizkioten eginkizun guztiak.

13. artikulua. Eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak dituen eskudantzietako batzuk Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariordeen esku utz ditzake, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA

Zuzendariordetzak

14. artikulua. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariordetzak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zuzendariordetza hauek ditu bere egituran, zuzenean zuzendari kudeatzailearen menpean:

a) Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetza.

b) Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetza.

c) Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza.

15. artikulua. Zuzendariordetzak.

Nafarroako Gobernuak libreki hautatuko eta kargutik kenduko ditu zuzendariordeak, foru dekretu bidez, Eskubide Sozialetako kontseilariaren proposamena kontuan harturik.

Kargua hutsik gelditzen denean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo beste ezintasun bat duenean, zuzendariordeek elkar ordeztuko dute aldi baterako, 14. artikuluan ezarritako ordenari jarraikiz.

16. artikulua. Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetza.

Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea zuzendaritza organoak koordinatzen.

b) Zuzendariordetzari buruzko urteroko memoriaren edukia prestatzea.

c) Ekimen publikoko edo pribatuko entitateekiko kontratuak antolatu, bultzatu, kudeatu eta kontrolatzea, Agentziako gainerako organoekin koordinaturik.

d) Ekimen pribatuko entitateekiko kontratuak egiteko irizpide ekonomikoak, baldintzak eta adierazleak diseinatzea.

e) Departamentuaren plan eta programak diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta jarraipena egiten laguntzea.

f) Kontu-egoerak eta auditoriak egiteko lanak koordinatzea.

g) Zentro berekietan eta esleitzen zaizkionetan programaturiko obretarako, instalazioetarako eta ekipamenduetarako inbertsioak kudeatzea.

h) Gizarte zerbitzuen arloko obra eta ekipamenduetako inbertsioetarako diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta kontrolatzea.

i) Zentro berekietako ondasun eta zerbitzuen hornidura planifikatu, koordinatu eta kontrolatzea.

j) Agentziak zerbitzuei buruz egiten dituen kontratuak eta baldintza ekonomikoak betetzen direla begiratzea.

k) Boluntario-lana sustatzeko programak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta jarraipena egitea.

l) Boluntario-lanetarako programen deialdiak koordinatzea.

m) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko jarduerak antolatzea eta sentsibilizazio jarduketak sustatzea.

n) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa berritzaileetarako baliabide berriak sustatzea.

o) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietako giza baliabideen beharrak koordinatu eta gainbegiratzea.

p) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietako segurtasun eta higiene programak planifikatzea.

q) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen araudiak erakunde autonomoei esleitzen dizkien eginkizunak betetzea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietako langileei dagokienez.

r) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietarako langileak administrazio araubidean edo lan araubidean aldi baterako kontratatzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea, eta kontratuak baimendu eta formalizatzea.

s) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietako langileentzako prestakuntza programak koordinatu, sustatu eta kudeatzea.

t) Zentro bereki eta itunduetako tarifak ez ordaintzeagatik sortzen diren zorren erreklamazioak kontrolatzea eta gainbegiratzea, Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzarekin elkarlanean.

u) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaritzari, baita haren menpeko administrazio unitateei ere, laguntzea bere eskumeneko arloetan.

v) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

17. artikulua. Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetza.

Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

a) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea zuzendaritza organoak koordinatzen.

b) Zuzendariordetzari buruzko urteroko memoriaren edukia prestatzea.

c) Minusbaliotasuna eta mendekotasuna baloratzeko lantaldeak koordinatzea.

d) Garatzeko arazoak dituzten edo horren arriskua duten 0tik 3 urte bitarteko haurren tratamendurako orientazio eta balorazio taldeak gainbegiratzea.

e) Arreta goiztiarreko programaren diseinua, koordinazioa, aplikazioa eta ebaluazioa gainbegiratzea.

f) Osasun Departamentuarekin elkarlanean aritzea, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak koordinatu eta ahalik eta etekinik handiena ateratzeko asmoz.

g) Mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko zerbitzu eta zentroen kudeaketa koordinatzea eta haiei sostengu eta aholku ematea.

h) Desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuei loturiko prestazio ekonomikoen antolaketa eta kudeaketa koordinatzea.

i) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentroetako erabiltzaileen sarreren kudeaketa gainbegiratzea.

j) Zerbitzuek dituzten laguntza beharrak baloratzea, profilei, zainketei, jarduerei eta esku hartzeko programei dagozkienak, Zuzendariordetzako beste atal batzuekin elkarlanean.

k) Departamentuaren plan eta programak diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta jarraipena egiten laguntzea.

l) Bere eskumeneko arloetan, departamentuen eta erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

m) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaritzari, baita haren menpeko administrazio unitateei ere, laguntzea bere eskumeneko arloetan.

n) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea.

o) Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileentzako prestakuntza programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea.

p) Agentziak zerbitzuei buruz egiten dituen kontratuetan baldintza teknikoak betetzen direla begiratzea.

q) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko jarduerak antolatzea eta sentsibilizazio jarduketak sustatzea.

r) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa berritzaileetarako baliabide berriak sor daitezela sustatzea.

s) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

18. artikulua. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza.

Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea zuzendaritza organoak koordinatzen.

b) Zuzendariordetzari buruzko urteroko memoriaren edukia prestatzea.

c) Kudeaketako Zuzendaritzari proposatzea familientzako politiken urteko plangintza bat, jarduketak diseinatzeko orduan abiapuntuak izanik ardurakidetza, laneko, familiako eta norberaren bizitzako eginkizunak bateratzeko bidea den aldetik, eta zaintzaren etika.

d) Departamentuak familiaren arlorako dituen plan eta programak diseinatzen, ebaluatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea.

e) Familien gaineko araudi guztia onesteko orduan, sustatzaile eta bultzatzaile lana egitea eta lan horietan laguntzea.

f) Erraztasunak ematea familiaren arloan, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta haietan esku hartzen duten administrazio publiko eta erakundeekin batera, gauzatu nahi diren politika, plan eta programak prestatzeko eta haien gainean laguntza teknikoa jasotzeko.

g) Familiak elkartzeko guneak eta familientzako bitartekaritza eta orientazio zerbitzuak koordinatzea.

h) Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen betetzea eta garapena sustatzea.

i) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeen egoeraren gaineko sentsibilizazio eta prestakuntzarako eta haiei aurrea hartzeko programak garatzea.

j) Menpean dituen unitate organikoen funtzionamendurako jarraibideak proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari.

k) Kudeaketako Zuzendaritzari aholku ematea gai ekonomikoetan, eta, zehazki, aurrekontuen aurreproiektuak prestatzerako garaian eta aurrekontuetako aldaketak proposatzean, bere eskumenen esparruan.

l) Eskuordetuz gero, zuzendariordetzako langileriaren antolaketaren gaineko ahalmenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak bakoitzaren mailaren eta izendapenaren arabera banatzea eta absentismoa kontrolatzea barne, eta Kudeaketako Zuzendaritzari langileriaren arloko bidezko jarduketak proposatzea, hori guztia bere eskumenen esparruaren barrenean.

m) Zuzendariordetzako langileen urteko prestakuntza plana prestatzea eta haren jarraipena egitea, bere eskumenen esparruaren barrenean.

n) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaritzari, baita haren menpeko administrazio unitateei ere, laguntzea bere eskumeneko arloetan.

o) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

V. KAPITULUA

Atalak

19. artikulua. Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzaren Atalak.

1. Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzak atal hauek izanen ditu bere egituran:

a) Ituntze Atala.

b) Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala.

c) Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atala.

d) Langileria Atala.

2. Ituntze Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoak gizarte zerbitzuen arloko jarduerak osatzeko sinatzen dituen kontratuak koordinatu eta gainbegiratzea, erantzukizun publikokoak direnean, kasuan kasuko arloen arduradunekin elkarlanean.

b) Laguntza-kontratu gehiago sinatzeko proposamenak egitea (plazak ituntzea, egoitza zentroak, eguneko zentroak etab.), kasuan kasuko arloen arduradunekin elkarlanean.

c) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaritzari eta bere antolamenduan dituen gainerako unitateei bere eskumeneko arloetan laguntzea.

d) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

e) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekipamendu eta instalazioen berrikuntza eta haien mantentze-lanak planifikatu eta sustatzea.

b) Departamentuak zentro berekietan gizarte zerbitzuen arloan egiten dituen obrak kontrolatzea.

c) Departamentuak duen ibilgetuaren inbentarioa sortzea eta horren mantentze-lanez arduratzea.

d) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak gizarte zerbitzuetako azpiegituren obra eta proiektuak egiteko ematen dituen diru-laguntzak kontrolatzea.

e) Zuzendariordetzari laguntzea gizarte zerbitzuen arloko obra eta ekipamenduetako inbertsioetarako diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta kontrolatzeko lanetan.

f) Departamentuak gizarte zerbitzuen arloan dituen zentro berekietarako kontratuak kudeatzea, hots, obrakoak, zerbitzuetakoak, laguntza teknikoa ematekoak eta hornidurakoak.

g) Departamentuak zentro berekietan gizarte zerbitzuen arloan egiten dituen obretarako onetsitako aurrekontua kudeatu eta kontrolatzea.

h) Arlo honetan beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak proposatu eta tramitatzea.

i) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

j) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

4. Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko prestazioak sustatu eta kudeatzea.

b) Gizarte ekimeneko entitateekin koordinatu eta elkarlanean aritzea, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzeko.

c) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko laguntzen eta diru-laguntzen espedienteak kudeatu eta kontrolatzea.

d) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzen dituzten entitateekin sinatzen dituen hitzarmenak kudeatu eta kontrolatzea.

e) Boluntario lana sustatzen duten programak kudeatzea.

f) Bere eskumeneko arloetan, departamentuen eta erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

g) Laguntzarekiko garraio egokituaren programa kudeatzea.

h) Gizartean eta komunitatean esku hartzeko programa kudeatzea.

i) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

j) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

5. Langileria Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sindikatuekiko eta langileen ordezkaritza organoekiko harremanak bideratzea.

b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroak ikuskatu eta koordinatzea laneko eskubide eta betebeharrak begiratu eta betetzeari dagokionez.

c) Langileriaren arloan aholku teknikoak ematea, erakundeko unitate administratibo, zentro eta zerbitzu guztietan.

d) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietan segurtasun eta higiene programen jarraipena egitea eta gainbegiratzea.

e) Langileen erregistroa ireki, mantendu eta eguneratzea.

f) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako lanpostuak hautatzeari buruzko proposamenak egitea, urteko plantilla organikoa prestatzeko.

g) Langileriaren eta nominen kudeaketa koordinatu eta kontrolatzea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetan.

h) Hautapen eta balorazio epaimahaien lana koordinatu eta gainbegiratzea.

i) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako langile beharrak eta aurrekontua kontrolatzea, baita lan publikoaren eskaintzako proposamenak eta deialdiak prestatzea ere.

j) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentro berekietako langileentzako prestakuntza programak koordinatu eta gainbegiratzea.

k) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

l) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

20. artikulua. Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren Atalak.

1. Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:

a) Balorazio Atala.

b) Adinekoentzako Zerbitzuen Atala.

c) Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Atala.

d) Prestazioen Koordinazio Administratiboaren Atala.

2. Balorazio Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Desgaitasun mailaren kalifikazioaren eta horren ondoko berariazko egoeren gaineko balorazioa, orientazioa eta proposamena egitea.

b) Mendekotasun mailaren gaineko balorazioa, orientazioa eta proposamena egitea.

c) Etxebizitza egokitu beharra baloratzea eta horren ziurtapena proposatzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako.

d) Desgaitasunak dituzten pertsonen lan gaitasuna baloratzea eta lanerako orientatzea.

e) Bere eskumeneko arloetan, departamentuen eta erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. Adinekoentzako Zerbitzuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentroetan, adinekoen sarrera antolatu, planifikatu eta kudeatzea.

b) Adinekoei arreta emateko gizarte eta osasun zerbitzu eta zentroak koordinatu eta kudeatzea eta haiei sostengu eta aholku ematea.

c) Baterako lan programetan osasun arloarekin koordinatzea.

d) Zerbitzuek dituzten beharrak baloratzea, profilei, zainketei, jarduerei eta esku hartzeko programei dagozkienak, Zuzendariordetzako beste atal batzuekin elkarlanean.

e) Adinekoentzako zerbitzuei loturiko prestazio ekonomikoen antolaketa, tramitazioa eta kudeaketa koordinatzea.

f) Zahar etxeen erabiltzaileek egonaldien zerbitzuak finantzatzeko egin beharreko diru-ekarpena arautzen duen abenduaren 29ko 17/2000 Foru Legea aplikatzearen ondoriozko administrazio jarduketak burutzea (zorraren gaineko informazioa, kudeaketa, segimendua eta kontrola).

g) Egoitza zentro berekien edo itunduen erabiltzaileek tarifak ez ordaintzeagatik sortzen diren zorren erreklamazioen gaineko informazioa, kudeaketa, gainbegiratua eta kontrola.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

4. Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentroetan, desgaitasuna duten pertsonen sarrera antolatu, planifikatu eta kudeatzea.

b) Desgaitasuna edo eritasun mentala duten pertsonei arreta emateko gizarte eta osasun zerbitzu eta zentroak koordinatu eta kudeatzea eta haiei sostengu eta aholku ematea.

c) Baterako lan programetan osasun arloarekin koordinatzea.

d) Zerbitzuek dituzten laguntza beharrak baloratzea, profilei, zainketei, jarduerei eta esku hartzeko programei dagozkienak, Zuzendariordetzako beste atal batzuekin elkarlanean.

e) Desgaitasuna edo eritasun mentala duten pertsonentzako zerbitzuei loturiko prestazio ekonomikoen antolaketa, tramitazioa eta kudeaketa koordinatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

5. Prestazioen Koordinazio Administratiboaren Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Mendekotasuna duten pertsonentzako prestazioak eskatzeko prozedura administratibo guztiak koordinatzea.

b) Espedienteak tramitatzea, eskaeratik hasi eta Banakako Arreta Programa (BAP) prestatu eta prestazioetara edo zerbitzuetara bideratu arte.

c) Banakako Arreta Programak kudeatzea.

d) Pertsonen gaitasun ekonomikoa baloratzea, mendekotasuna duten pertsonek prestazioak edo zerbitzuak eskuratzeko.

e) Mendekotasuna duten pertsonak familia inguruan zaintzeko eta laguntzaile pertsonalerako prestazio ekonomikoa kudeatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

21. artikulua. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren Atalak.

1. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:

a) Familien Atala.

b) Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atala.

c) Adopzioaren eta Familia-harreraren Atala.

2. Familien Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Familientzako zerbitzuak eta prestazioak kudeatzea eta koordinatzea, hau da: familia orientaziorako zerbitzua, familia bitartekaritzarako zerbitzua eta familia elkartzeko guneak.

b) Familientzako diru-laguntzak tramitatzea eta horiek birformulatzeko proposamena egitea, familia ereduen bilakaeraren arabera, gizartearen errealitatearen arabera eta prestazio horiek zainketen ardurakidetzan (arlo publikoan zein pribatuan) duten eraginaren arabera.

c) Haur eskolak kudeatu eta koordinatzea, bere eskumen esparruaren barrenean.

d) “Etxe lagunak” baliabidea koordinatzea eta baliabide horrentzako diru-laguntzak kudeatzea.

e) Familientzako politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Zuzendariordetzaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

3. Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak, adingabearen babesaren eta sustapenaren esparruan, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeei laguntza emateko jarduketa programak diseinatzen laguntzea eta horiek gauzatzea.

b) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeei buruzko espedienteak baloratu eta tramitatzea, eta familietan esku hartzeko programak eta adingabeak zentzatzekoak garatzea.

c) Organo judizialek babesik gabe edo gatazka sozialeko egoeran eta zentzatzeko bidean dauden adingabeei buruz agindutako neurriak betearaztea.

d) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuekin eta adingabeak babesteko sistemaren esparruko bestelako zerbitzuekin koordinatzea.

e) Departamentuko, departamentuen arteko edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan, zehazten direnetan, parte hartzea.

f) Haurren babesgabetasunari aurrea hartzeko sentsibilizazio kanpainen garapenean parte hartzea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

h) Erakunde autonomoaren jarduerei buruz agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

4. Adopzioaren eta Familia-harreraren Atalak, adopzioaren eta familia-harreraren esparruan, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Harrera familien eta adoptatzen duten familien gaineko txostenak eta balorazio psikosoziala egitea, hautatzea, prestakuntza ematea, gainbegiratzea eta laguntzea.

b) Hala badagokio, egokitasunaren ziurtagiria luzatzea, eta jarraipena egiteko konpromisoarena.

c) Egitatezko zaintzan edo antzeko egoera batean dauden eta familietan hartzeko aukera duten adingabeen espedienteak baloratzea.

d) Familia-harrerak formalizatzea, eta, kasua bada, epaitegian adoptatzeko proposamenak egitea, eta harrerak gainbegiratzea.

e) Familia-harrerei buruzko datu-basearen eta Nafarroako Adopzioen Erregistroaren mantentze- eta eguneratze-lanez arduratzea.

f) Adingabeen familia-harreraren edo adopzioaren arloko koordinazioa eta lankidetza teknikoa, maila hauetan: departamentuak, maila autonomikoa, autonomia erkidegoen artekoa eta nazioartekoa.

g) Nazioarteko adopzio espedienteak tramitatzea Espainiako zein atzerriko agintari eskudunen aurrean.

h) Nafarroako Foru Komunitatean nazioarteko adopzioaren arloan diharduten entitate laguntzaileentzat jarraibideak eta egiaztagiriak prestatzea.

i) Bere eskumenen esparruko eskaerak jaso eta tramitatzea eta espedienteen kudeaketa eta instrukzio administratiboa egitea eta artxibatzea.

j) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

22. artikulua. Atalen menpeko unitate administratiboak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu eta kentzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez eginen da, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

VI. KAPITULUA

Zentroak

23. artikulua. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroak.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroak hauek dira:

a) Iruñeko El Vergel zahar etxea.

b) Lizarrako Santo Domingo zahar etxea.

c) Iruñeko San José zentroa.

d) Lur Gorri egoitza.

e) Arreta Goiztiarreko Zentroa.

2. Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzari dagokio zentro horien koordinazioa, haren menpe baitaude, langileria arloko eginkizunak izan ezik, horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari baitagozkio.

24. artikulua. Zentroetako zuzendaritza lanpostuak.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikitako zentro berekietako zuzendaritza lanpostuak, lanpostu horien titularrek irabazi dituzten eskubideak galarazi gabe, izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileen artetik.

2. Arreta Goiztiarreko Zentroko zuzendariaren ordainsariak atalburuenak bezalakoak izanen dira, eta Lur Gorri Egoitzako zuzendariarenak bulegoburuenak bezalakoak; gainerako zentroetako zuzendarien ordainsariak Nafarroako Gobernuak plantilla organikoan finkatutakoak izanen dira.

VII. KAPITULUA

Haur Eskolak

25. artikulua. Haur Eskolen atxikipena eta zuzendaritza.

1. Nafarroako Gobernuko Haur Eskolak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpe egonen dira. Erakunde horri dagozkio, orobat, haur eskolen antolaketa eta koordinazio lanak.

2. Haur eskoletako zuzendari lanpostuak, lanpostu horien titularrek irabazi dituzten eskubideak galarazi gabe, izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileen artetik.

3. Haur Eskoletako zuzendarien ordainsariak Nafarroako Gobernuak plantilla organikoan finkatutakoak izanen dira.

III. TITULUA

Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

26. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearekin bat, honako hauek atxikitzen zaizkio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari:

a) Nafarroako Ondarekoak izanik, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion ondasun eta eskubide guztiak; ondare horren ondasun diren aldetik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, hori guztia aipatutako foru legearen 75. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

b) Gizarte Zerbitzuen arloan gertatutako eskualdatze prozesuaren ondorioz, Nafarroako Ondarekoak izatera pasatu diren Gizarte Segurantzako sistemaren ondasun eta eskubideak, erakunde autonomoari atxikitzen zaizkionak.

27. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren baliabideak honako hauek izanen dira:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen interes, errenta eta mozkinak.

b) Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

28. artikulua. Aurrekontua.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menpe izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, diru-sarreren eta gastuen sailkapenari eta horien zehaztasun mailari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.

3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

29. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako kudeaketa ekonomikoa –hots, eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak– Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eginen da, kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

30. artikulua. Kontabilitatea.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia kontabilitate publikorako araubidearen menpean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA

Langileak

31. artikulua. Langileak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileak hauek dira:

a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikita daudenak eta atxikitzen zaizkionak.

c) Estatuko Administraziotik edo beste administrazio batetik Foru Komunitatera transferitu eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxiki zaizkion langileak.

d) Erakunde autonomoaren beraren lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA

Egintzen araubide juridiko administratiboa

32. artikulua. Araubide juridiko orokorra.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluko I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

33. artikulua. Errekurtsoak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako organoen egintzen eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

34. artikulua. Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren aholkulari juridikoei dagokie, Agentzia ordezkatzeko eta defendatzeko elkargoko abokatu bat izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritako moduan.

Iragarkiaren kodea: F1512357