170. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

130/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

HITZAURREA:

Espainiako Konstituzioak Atariko Tituluaren 3. artikuluan xedatzen du, Espainia aberatsa izanik mintzaira-moldez, bereziki errespetatu eta zainduko dela kultura-ondare hori. Era berean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 22. artikuluan aitortzen du Batasunak aniztasun kulturala, erlijiosoa eta linguistikoa errespetatzen dituela.

Ildo berean, Europako Kontseiluaren baitan eginiko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak, Espainiak 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon sinatu eta 2001eko otsailaren 2an berretsi zuenak, ezartzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen babesak Europako kultura tradizioak eta aberastasuna mantentzen eta garatzen laguntzen duela.

Espainiak gutun hori Berresteko Tresnan aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla zenbait autonomia erkidegotako, tartean Nafarroa, autonomia estatutuek ofizialtzat jotakoak eta horiei aplikatuko zaizkiela Gutunaren III. ataleko xedapenak, hain zuzen ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera bizitza publikoan sustatzeari buruzkoak. Era berean, Espainiak aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla autonomia estatutuek tradizioz mintzatzen diren lurraldeetan babestutakoak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak ezartzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere hizkuntza ofizialaren izaera izanen duela Nafarroako eremu euskaldunetan. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen bidez arautzen da euskararen erabilera arrunta eta ofiziala bizikidetza sozialaren eta irakaskuntzaren esparruetan. Foru lege horrek, 2. artikuluan adierazten du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla, eta ondorioz, herritar orok duela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutua erakundea irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretu bidez sortu zen erakunde autonomo gisa, euskara berreskuratzera, sustatzera eta garatzera bideraturiko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak modu positibo eta integratzaile batez kudeatzeko. Abuztuaren 24ko 133/2011 Foru Dekretuak eguneratu egin zituen erakunde autonomo horren estatutuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bitartez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura. Foru dekretu horrek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari esleitu dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hizkuntza politikaren alorrean dituen eskumenak.

Abuztuaren 12ko 55/2015 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura, eta departamentu horri atxiki zitzaizkion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa eta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko Zerbitzuaren eginkizunak, euskarara egindako itzulpen ofizialei dagokienez, eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Institutuaren eginkizunak, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak euskara ikasteari eta hobetzeari dagokionez.

Ondorioz, bidezkoa da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuetan aldaketa egitea, aipaturiko xedapenen ondoriozko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolamendu berrira egokitzeko.

Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 106. artikuluak xedatzen du erakunde publikoen estatutuen aldaketa Nafarroako Gobernuko Foru Dekretu bidez eginen dela, zein departamentutan atxikiak dauden hark proposaturik.

Horrenbestez, foru dekretu honen xedea da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eskudantziak eta egitura organiko berria finkatu eta garatzea.

Hori horrela, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 28an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Estatutuen onespena.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira; estatutuen testua foru dekretu honen eranskina izanen da.

Lehen Xedapen Gehigarria.–Kudeaketa aginduak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak departamentu bereko edo beste bateko beste organo edo erakunde publikoei agindu diezaieke esleiturik dituen helburuak eta eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren izaera materialeko, teknikoko edo zerbitzuetako jarduerak egitea, gai hau arautzen den legeetan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarren Xedapen Gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Itzulpen Ataleko buruaren izendapena egin zen baldintza berberetan berresten da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetzen dira foru dekretu honetan ezartzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki 133/2011 Foru Dekretua, abuztuaren 24koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

Azken Xedapenetako Lehena.–Aurrekontuko aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko kontseilariari aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.

Azken Xedapenetako Bigarrena.–Arauen garapena.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA
ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera, Atxikipena eta Eskumenak

1. artikulua. Izaera.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa da, berezko izaera juridikoa du eta jarduteko ahalmen osoa du bere helburuak bete ahal izateko.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua zeharkakotasunez arituko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetan, indarra duen araudiari jarraikiz.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, bere helburuak betetzeko, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren plangintza eta politika orokorrerako arauen mende egonen da -hartan atxikita dago- eta departamentu horrek Estatutuek, foru legeek eta antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten kontrolerako eta zaintzarako ahalmenak erabiliko ditu Euskarabidean.

3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkio euskararen erabilera ofizialaren arautegia garatzeko ikerketa- eta aholkularitza-eskumenak, eta euskararen baliabideak planifikatzea, sustatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Eskumen horiek garatzeko eta haien esparru materialaren barnean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hizkuntza politikako eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduerak aztertzea eta ebaluatzea, eta jarduketa horien gaineko txostenak egitea.

b) Nafarroako Gobernuaren xedapen orokorretako proiektuen aginduzko txostenak egitea, indarrean den hizkuntzaren alorreko legeriari egokitzeari dagokionez.

c) Euskarari buruzko Foru Legearen eta berau garatzen duten arauen aplikazioari dagozkien erregelamendu eta planen proposamenak egitea, bere ekimenez zein hala eskatzen zaionean.

d) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak betetzen direla bermatzeko jarduketa irizpideak proposatuz.

e) Nafarroako Gobernuko sozietate publikoei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

f) Nafarroako toki entitateei eta udal izaerako beste entitate publiko batzuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

g) Nafarroan den Estatuko Administrazioari aholku ematea, bi administrazioek hala adosten badute, eta Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeko orduan lankidetzan aritzea.

h) Euskararen Nafar Kontseiluaren eta beronen batzordeen jarduera koordinatzea eta idazkaritza lanak egitea.

i) Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jarduketen gaineko txostenak aztertzea eta prestatzea, bereziki, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez.

j) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek euskara ikasteko eta hobetzeko prestakuntza antolatzea eta kudeatzea eta euskararen ezagutza egiaztatzea.

k) Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea, prestakuntzara edo hautatze prozesuetara loturik, eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

l) Helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatzea eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko.

m) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko ediziorako xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako ekintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

n) Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialak bi norabideetan egitea, Euskarari buruzko Foru Legeak eta berau garatzen duten arauek xedaturikoarekin bat.

o) Toki entitateei eta gainerako administrazio publikoei aholku ematea euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialei dagokienez, bi norabideetan.

p) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekitaldi publikoetan, komunikazioetan eta irudi korporatiboan euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatzeko irizpideak prestatzea.

q) Terminologiaren alorrean ekitea eta euskararen hizkuntza baliabideekin eta terminologiarekin loturiko gaietan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

r) Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta haiek erabiltzeko irizpideen proposamena egitea.

s) Euskaltzaindiarekin hitzarmenak sinatzeko proposamena prestatu eta haiek izenpetzea, baita akordio horien ondoriozko jarduketen jarraipena egitea ere.

t) Nafarroako euskalkiak kontserbatzeko, garatzeko eta hedatzeko jarduketa planak onestea.

u) Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatzea, koordinatzea, egitea eta hedatzea eta, hala behar denean, beste erakunde edo entitate batzuek garatutako proiektuetan lankidetzan aritzea.

v) Euskara sustatzeko eta erabiltzeko plan estrategikoaren proposamena egitea eta beroni jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta eguneratzeko nahitaezkoak diren azterlan eta ikerketak egitea.

w) Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

x) Hizkuntza aniztasuna zaintzen duten foro, sare eta erakunde jakinetako parte-hartzea kudeatzea.

y) Hizkuntza politikaren alorrean eskumenak dituzten erakundeekiko harremanak koordinatzea.

z) Harremanak sustatzea Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskaldunen beste talde batzuekin.

aa) Euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

bb) Herritarrei hizkuntza eskubideen berri ematea.

cc) Agerraldi kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena, ikus-entzunezko ekoizpena eta euskaraz egiten den edo euskarari buruzkoa den zeinahi beste jarduera sustatzea eta antolatzea eta xede horretarako elkarte zibikoekin lankidetzan aritzea.

dd) Euskarak Nafarroako komunikabide sozial publiko eta pribatuetan izan behar duen presentzia progresiboa sustatzea eta laguntza ekonomiko eta materialeko plan eta hitzarmenak prestatzea.

ee) Euskararen presentzia eta erabilera informazioaren eta komunikazioaren teknologietan eta sare sozialetan sustatzeko proposamenak egitea eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

ff) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamenak egitea eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

gg) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaritza organoak dira:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendaritza-Kudeatzailetza.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Osaera.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren Gobernu Kontseiluko kideak honako hauek dira:

a) Kontseiluko burua: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilaria.

b) Kontseiluko buruordea: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzailea.

c) Kontseiluko kideak: Departamentu bakoitzaren ordezkari arituko den pertsona bat, behar den departamentuko kontseilariak zuzendari nagusien edo, erakunde autonomoei dagokienez, zuzendari-kudeatzaileen artean izendatua.

d) Idazkaria: Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

2. Gobernu Kontseiluan kide moduan sartzen diren departamentuetako zuzendaritza karguetan hutsuneren bat gertatuz gero, departamentuko kontseilariek, behin-behinekoz, kide moduan ordezkatuko dituzten pertsonak izendatuko dituzte, behin betiko izendapenak egin arte.

6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena urtero onestea.

b) Urteko kudeaketa plana eta prestatzen diren urteko txostenak onestea.

c) Plan estrategikoak onestea, Kontseiluak ezarritako aldizkakotasunarekin.

d) Erakunde autonomoaren zuzendaritza funtzioak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

e) Nafarroako Gobernuko departamentuetan aplikatuko den hizkuntza politikaren arau bidezko garapena koordinatzea.

7. artikulua. Kontseiluko buruaren ahalmenak.

1. Kontseiluko buruaren ahalmenak honako hauek dira:

a) Gobernu Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Bilkuretara deitzea eta eguneko aztergaiak finkatzea eta, orobat, Kontseiluko bilkuren buru izan eta haiek zuzentzea.

c) Gobernu Kontseiluko erabakiak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren funtzionamendua erregulatzen duten arauak betetzen direla zaintzea.

2. Postua hutsa gertatzen denean, lanean ez dagoenean, gaixo dagoenean edo arrazoitutako bestelako zergati bat gertatzen denean, kontseiluko buruordeak ordezkatuko du.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak Kontseiluko bilkuretan parte hartuko du, hizpidearekin eta botoarekin, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluko buruaren aginduz, Kontseiluko bileretara joateko deia egitea.

b) Kontseiluko lanak prestatzea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera, eta erabakien exekuzioa tramitatzea.

c) Kontseiluko bileren akta egitea, hartutako erabakien fede ematea, eskatzen zaizkion ziurtagiriak egitea eta Gobernu Kontseiluko liburu eta agiriak zaintzea.

d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak egitea.

2. Kontseiluko bilkuretan, idazkariari Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Kontseiluak bilera arrunta eginen du, urtean behin gutxienez, eta ezohiko izaeraz, kontseiluko buruak hartarako deia egiten duenean.

2. Gobernu Kontseiluak noiznahi beste pertsona batzuei aholkua eska diezaieke, jakintzagatik, prestakuntzagatik, ospeagatik edo bestelakoengatik haien esku-hartzea komenigarria ikusten denean. Haien beharra denean, horretarako dei daitezke.

3. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotan, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA

Zuzendaritza-Kudeatzailetza

10. artikulua. Izendapena, kargutik kentzea eta ordezkatzea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik.

2. Postua hutsik dagoenean, lanean ez dagoenean, gaixo dagoenean edo bestelako zergatiengatik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak ordezkatuko du eta, azken hau ez dagoenean, Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak.

11. artikulua. Eginkizunak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ordezkaririk gorena izatea.

b) Euskarabidearen eta bere organoen jarduna zuzentzea.

c) Erakunde autonomoaren funtzionamenduaren erantzukizun gorena bere gain hartzea.

d) Jarduketa ildoak proposatzea, urteko kudeaketa plana prestatzea eta Kontseilura eramatea, onets dezan.

e) Bere eskumenen esparruan urteko txostenak igortzea eta, hala eskatzen zaionean, plan estrategikoa prestatu eta aurkeztea.

f) Kudeaketarako helburu orokorrak prestatzea.

g) Gobernu Kontseiluko erabakiak eta haren buruarenak bete eta betearaztea.

h) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena prestatzea eta Kontseilura eramatea, onets dezan.

i) Administrazio ebazpenak luzatzea eta erakunde autonomoaren jardunaren administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

j) Erakunde autonomoaren giza baliabideak, baliabide fisikoak eta finantza baliabideak modu integratuan kudeatzea, zerbitzu eraginkor eta kalitatezkoa eman ahal izateko.

k) Kontratazio administratiboaren gainean indarra duen araudiak erakunde autonomoetako ordezkariei kontratuak egiteko esleitzen dizkieten ahalmenak erabiltzea.

l) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko ahalmenak, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zuzendari nagusiei ahalmen horiek ematen zaizkien heinean.

m) Euskarabideko jarduketa programak eta urteko txostena prestatzea eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.

n) Euskarabidearen funtzionamendurako beharrezkoak diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarreko arautegiaren arabera.

o) Euskarabidean lan egiteko metodoak hobetzeaz arduratzea.

p) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkion ondarearen gaineko erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibilera eta lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileei dagozkien erreklamazioak izan ezik.

q) Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari proposatzea atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren gaian eskumena duen departamentuak aldeko txostena aldez aurretik eman ondoren.

r) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko langileen buru izatea.

s) Arlo honetako araudiak erakunde autonomoei langileriaren arloan ematen dizkien eskudantziak gauzatzea.

t) Erakunde autonomoko zerbitzuko zuzendariak eta atalburuak aldi baterako ordezkatuko dituztenak ebazpen bidez izendatzea, haien postuak hutsik geratzen direnean, lanean ez daudenean, gaixo daudenean edo aldi baterako ezintasuna dutenean.

u) Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak agintzen ahal dizkion eginkizun guztiak gauzatzea.

12. artikulua. Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzietako batzuk Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuak eta atalak

13. artikulua. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zerbitzuak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua ondoko zerbitzuetan egituratzen da:

a) Hizkuntza Baliabideen Zerbitzua.

b) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzua.

14. artikulua. Zerbitzuetako zuzendariak.

Zerbitzuetako zuzendariak Nafarroako Gobernuak libreki izendatuko eta kargutik kenduko ditu, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren proposamenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde publikoetako funtzionarioen edo haiei atxikirikoen artean.Haien araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean zerbitzuko zuzendariei ezarritako berbera izanen da.

15. artikulua. Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko eginkizunak.

Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek euskara ikasteko eta hobetzeko programa eta baliabideak sustatzea.

b) Administrazio Publikoetan euskararen erabilera sustatzeko eta prestakuntzarako planak egitea.

c) Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

d) Helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatzea eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko.

e) Xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako ekintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

f) Toki entitateei eta gainerako administrazio publikoei aholku ematea euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialei dagokienez, bi norabideetan.

g) Terminologiaren alorrean ekitea eta euskararen hizkuntza baliabideekin eta terminologiarekin loturiko gaietan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

h) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

16. artikulua. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten zeharkako politikak sustatzea eta garatzea.

b) Euskara sustatzeko eta erabiltzeko plan estrategikoaren proposamena eta diagnostikoa egitea eta beroni jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta eguneratzeko nahitaezkoak diren azterlan eta ikerketak egitea.

c) Euskararen presentzia egokia bermatzea ekitaldi publiko, komunikazio eta protokolozko ekitaldi guztietan eta, oro har, Administrazio Publikoen irudi korporatiboan.

d) Administrazioaren esparruan euskararen erabilerari buruzko ikerketak egitea, plantillaren diagnostikoarekin eta zirkuitu elebidunak martxan jarriz.

e) Euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

f) Nafarroako Administrazio Publikoei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak betetzen direla bermatzeko jarduketa irizpideak proposatuz.

g) Tokiko administrazioekin lankidetza hitzarmenak bultzatzea.

h) Herritarrei hizkuntza eskubideen berri ematea.

i) Euskararen Nafar Kontseiluaren jarduera koordinatzea eta idazkaritza lanak egitea.

j) Nafarroako komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen presentzia sustatzea.

k) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamenak egitea eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

l) Nafarroako euskalkiak kontserbatzeko, garatzeko eta hedatzeko jarduketa planak onestea.

m) Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta haiek erabiltzeko irizpideen proposamena egitea.

n) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

17. artikulua. Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko atalak.

Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atala.

b) Itzulpen Atala.

18. artikulua. Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atala.

Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Euskara helduei irakasteko behar diren baliabide pertsonalak, teknikoak, materialak eta ekonomikoak kudeatzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek euskara ikasteko eta hobetzeko prestakuntza kudeatzea.

c) Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea, prestakuntzara edo hautatze prozesuetara loturik, eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

d) Gaur eguneko eskariari eta etorkizunekoari erantzuteko ikasketa mota hau ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea eta diru-laguntza deialdiak kudeatzea.

e) Helduei euskara irakasteko curriculum edukiak eta material didaktikoa prestatzea, eguneratzea eta ikertzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoaren baitan eta irakaskuntza hori ematen duten gizarte ekimeneko entitateekin koordinaturik.

f) Unibertsitateekin lankidetzan aritzea, soziolinguistikaren eta hizkuntzalaritzaren alorretan ikasleen eta tituludunen prestakuntzan.

g) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko entitateekin lankidetzan aritzea, helduen euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko.

h) Euskararen Liburutegi Espezializatua kudeatzea eta euskarazko funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak eskuratzea, biltzea eta jendaurrean jartzea.

i) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

19. artikulua. Itzulpen Atala.

Itzulpen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialak bi norabideetan egitea, Euskarari buruzko Foru Legeak eta berau garatzen duten arauek xedaturikoarekin bat.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko ediziorako xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako ekintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

c) Toki entitateei eta gainerako administrazio publikoei aholku ematea euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialei dagokienez, bi norabideetan.

d) Euskaratik edo euskarara itzulpenak egitea Euskarabiderako, Departamenturako, eta agintzen zaizkion gainerakoak.

e) Terminologiaren alorrean ekitea eta euskararen hizkuntza baliabideekin eta terminologiarekin loturiko gaietan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

f) Euskaltzaindiarekin hitzarmenak sinatzeko proposamena prestatu eta haiek izenpetzea, baita akordio horien ondoriozko jarduketen jarraipena egitea ere.

g) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

20. artikulua. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ondoko atal hauek izanen ditu:

a) Azterlan eta Plangintza Atala.

b) Euskara Sustatzeko Atala.

21. artikulua. Azterlan eta Plangintza Atala.

Azterlan eta Plangintza Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jarduketen gaineko txostenak aztertzea eta prestatzea, bereziki, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez.

b) Hizkuntza politikako eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduketak aztertzea eta ebaluatzea, eta jarduketa horien gaineko txostenak egitea.

c) Nafarroako Gobernuaren xedapen orokorretako proiektuen aginduzko txostenak egitea, indarrean den hizkuntzaren alorreko legeriari egokitzeari dagokionez.

d) Euskarari buruzko Foru Legearen eta berau garatzen duten arauen aplikazioari dagozkien erregelamendu eta planen proposamenak egitea, bere ekimenez zein hala eskatzen zaionean.

e) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak betetzen direla bermatzeko jarduketa irizpideak proposatuz.

f) Nafarroako Gobernuko sozietate publikoei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

g) Udalei eta udal izaerako beste entitate publiko batzuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

h) Nafarroan den Estatuko Administrazioari aholku ematea, bi administrazioek hala adosten badute, eta Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeko orduan lankidetzan aritzea.

i) Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatzea, koordinatzea, egitea eta hedatzea eta, hala behar denean, beste erakunde edo entitate batzuek garatutako proiektuetan lankidetzan aritzea.

j) Euskara sustatzeko eta erabiltzeko plan estrategikoaren proposamena egitea eta beroni jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta eguneratzeko nahitaezkoak diren azterlan eta ikerketak egitea.

k) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea hizkuntza politikaren alorrean eskumenak dituzten erakundeekiko hartu-emanean.

l) Administrazioaren esparruan euskararen erabilerari buruzko ikerketak egitea, plantillaren diagnostikoarekin eta zirkuitu elebidunak martxan jarriz.

m) Euskararen ezagutza eta erabilerari eta hizkuntza politiken garapenari buruzko adierazleak eta ebaluazio sistemak ezartzea, kalitatea egiaztatzeko sistemen parametroak baliatuz.

n) Euskararen Nafar Kontseiluaren jarduera koordinatzen laguntzea.

o) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

22. artikulua. Euskara Sustatzeko Atala.

Euskara Sustatzeko Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

b) Herritarrei hizkuntza eskubideen berri ematea.

c) Euskararen presentzia egokia bermatzea ekitaldi publiko, komunikazio, ekitaldi instituzional eta, oro har, Administrazio Publikoen irudi korporatiboan.

d) Tokiko administrazioekin lankidetza hitzarmenak bultzatzea.

e) Agerraldi kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena, ikus-entzunezko ekoizpena eta euskaraz egiten den edo euskarari buruzkoa den zeinahi beste jarduera sustatzea eta antolatzea eta xede horretarako elkarte zibikoekin lankidetzan aritzea.

f) Nafarroako komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen presentzia progresiboa sustatzea eta Nafarroako komunikabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdi eta hitzarmenak kudeatzea eta ebaluatzea eta laguntza ekonomiko eta materialeko planak egitea.

g) Euskararen presentzia eta erabilera informazioaren eta komunikazioaren teknologietan eta sare sozialetan sustatzeko proposamenak egitea eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

h) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamenak egitea eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

i) Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

j) Hizkuntza aniztasuna zaintzen duten foro, sare eta erakunde jakinetako parte-hartzea kudeatzea.

k) Nafar komunitate zientifikoak euskararen gaineko ikerketa programetan parte har dezan bultzatzea.

l) Harremanak sustatzea Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskaldunen beste talde batzuekin.

m) Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta haiek erabiltzeko irizpideen proposamena egitea.

n) Nafarroako Euskararen Mediateka kudeatzea.

o) Nafarroako euskalkiak kontserbatzeko, garatzeko eta hedatzeko jarduketa planak onestea.

p) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

23. artikulua. Bulegoak edo antzeko unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru aginduaren bidez eginen da, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

III. TITULUA

Parte-hartze organoak

Euskararen Nafar Kontseilua

24. artikulua. Euskararen Nafar Kontseilua.

Euskararen Nafar Kontseilua Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartze organoa da eta, euskararen plangintzan eta sustapenean, Nafarroako Gobernuari aholkuak eman eta proposamenak egiten dizkio.

25. artikulua. Osaera.

1. Euskararen Nafar Kontseiluko kideak honako hauek dira:

a) Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilaria, kontseiluko buru izanen dena.

b) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzailea, kontseiluko buruorde izanen dena.

c) Kontseiluko kideak:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Komunikazioaren eta Erakundeekiko Harremanen zuzendari nagusia.

–Kontseiluko buruak izendaturiko zuzendari nagusi bat, esparru hauetan: hezkuntza, toki administrazioa, lehendakaritza eta gobernu irekia, edo funtzio publikoa.

–Euskaltzainburua.

–Zazpi kide, erakunde eta entitate hauetako bakoitzak proposaturik, nork berea:

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
  • Nafarroako Unibertsitatea.
  • Euskaltzaindia.
  • Eusko Ikaskuntza.
  • Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa.
  • Nafarroako Ikastolen Elkartea.
  • Nafarroako Kazetarien Elkartea.

–Beren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako bi kide.

–Euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako zazpi kide.

2. Kontseiluko idazkari izanen da Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

Kontseiluko bilkuretan, idazkariari Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

26. artikulua. Kontseiluko kideak izendatzea.

1. Kideak lau urterako izendatuko dira. Hori hala izanik ere, epe hori agortu baino lehenago kargutik kendu daitezke eta beste batzuez ordezkatu, izendatzeko erabilitako prozedura berarekin.

2. Erakundeek eta entitateek proposaturiko zazpi kideak eta euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposaturiko gainerako biak Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu eta, ondorio horretarako, proposamenak ezarriko den epean igorri beharko dituzte.

3. Nafarroako Gobernuak kultura elkarteen edo gizarte ekimeneko entitateen ordezkari arituko diren kideak izendatuko ditu, eurek aurkezturiko hautagaien artetik eta behar den zozketan ateratako hurrenkeraren arabera. Zozketa jendaurrean eginen da eta hura noiz eginen den posta ziurtatuaren bidez jakinaraziko zaie eskatzaileei, zozketa egin aurretik gutxienez bi egun balioduneko epean.

Izendapena bi urterako izanen da, gehienez. Gainerako bi urteetarako, zozketaren ondoriozko zerrendan hurrengo tokian dauden entitateetako ordezkariak izendatuko dira. Lau urteko epea bukaturik, berriro emanen zaio hasiera parte hartzeko prozedurari.

27. artikulua. Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak.

Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza normalizazioari dagozkion plan orokorren eta arau proiektuen gaineko txostena ematea, onetsi aurretik.

b) Hizkuntza plangintzaren eta normalizazioaren arloan Gobernuak egindako galderen gaineko iritzia ematea.

c) Euskararen erabileraren eta sustapenaren gainean Gobernuari proposamenak egitea.

d) Indarrean dauden xedapenek berariaz esleitutako gainerako eginkizunak.

28. artikulua. Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Euskararen Nafar Kontseiluaren organoak honako hauek dira:

–Osoko Bilkura.

–Berariazko batzordeak.

2. Kontseiluko kideez gainera, kontseiluko buruak egokitzat jotako beste pertsona batzuek ere har dezakete parte bilkuretan, hizpidearekin baina botorik gabe, landu behar diren gaietan gaitasuna dutelako.

3. Osoko Bilkurak berariazko batzordeak eratzea erabaki dezake, Osoko Bilkurak haiei agindutako gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

Batzorde horiek sortzeko erabakian zehaztuko da kontseiluko zein kide izanen diren batzordeetako kide, baita zein izanen diren haien eginkizunak eta funtzionamendua ere.

4. Kontseiluko idazkariak koordinatuko ditu berariazko batzordeak.

5. Kontseiluko buruaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluko bileretarako deia egitea.

c) Kontseiluko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Kontseiluko burua den aldetik dagozkionak.

6. Kontseiluko idazkariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Osoko Bilkurako bileren akta egitea.

b) Kontseiluko administrazio jarduerak zuzentzea.

c) Berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

d) Kontseiluko erabakiak betetzea.

e) Kontseiluko idazkari den aldetik dagozkionak.

7. Kontseilua sei hilean behin bilduko da, gutxienez, eta, ezohiko izaeraz, kontseiluko buruak, bere kabuz edo kontseiluko kideen gehiengoak hala eskaturik, bilerarako deia egiten duenean.

Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik badago, kontseiluko buruak kalitateko botoa izanen du.

8. Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua arautuko da funtzionamendurako berariaz duen araudiaren arabera (2008ko maiatzaren 14ko Erabakiaren bidez onetsitakoa) eta, hartan aurreikusi ez den orotan, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoaren arabera.

29. artikulua. Urteko memoria.

Euskararen Nafar Kontseiluak urteko memoria prestatuko du eta memoria horretan garatutako jardueren berri emanen da. Idazkariak idatziko du eta, Osoko Bilkuran onetsirik, Nafarroako Gobernura igorriko da.

IV. TITULUA

Ondarea, Baliabideak, Aurrekontuak eta Kontrola

30. artikulua. Ondarea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ondare araubidea Nafarroako Ondareari buruzko arautegian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.

31. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua ondoko baliabideez finantzatuko da:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideez.

b) Ondasun eta eskubide horien etekin eta errentez.

c) Jasotzeko baimena duen sarrera arrunt eta apartekoez, haiek arautzen dituzten xedapenen arabera.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleiturik dituen transferentzia arruntez edo kapitalekoez.

e) Administrazioek edo erakunde publikoek ematen dizkioten diru-laguntza arruntez edo kapitalekoez.

f) Erakunde pribatuen eta norbanakoen dohaintza, legatu eta bestelako ekarpenez.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabide guztiez.

32. artikulua. Aurrekontu araubidea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen mendean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

33. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren kudeaketa ekonomikoa -kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren eduki ekonomikoko eskubide eta betebeharrak sartzen dira-, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetzaren arloan, dela kontabilitatearen arloan.

34. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua kontabilitate publikorako araubidearen mendean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrez ikusitakoaren arabera formalizatuko, tramitatuko eta ebatziko da.

V. TITULUA

Langileak

35. artikulua. Langileen araubidea.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko langileak honako hauek izanen dira:

a) Nafarroako Gobernuko zuzendaritza karguetan edo izendapen libreko karguetan aritzen direnak.

b) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari atxikita dauden edo atxikiko zaizkion Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo lan-kontratudunak.

c) Erakunde autonomoari atxikitako aldi baterako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zerbitzuko langileak funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak izanen dira, Nafarroako Foru Administraziorako ezarritako termino beretan.

VI. TITULUA

Egintzen Araubide Juridikoa

36. artikulua. Araubide juridiko orokorra.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluko I. kapituluan erakunde autonomoetarako ezarritakoa da.

2. Langileriari, kontratazioei eta aurrekontuei dagozkien administrazio egintzak Foru Komunitateko Administrazioaren berariazko arautegiaren mende egonen dira.

37. artikulua. Baliabideak.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak. Egintza horiek, bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurreko erreklamazioak eta ondare-erantzukizunari buruzkoak ebazten dituztenak izan ezik, ez dute bide administratiboa amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaie Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzenduta.

2. Bide administratiboari bukaera ematen dioten Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko organoek emandako egintzen eta ebazpenen kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen ahal da egintza edo ebazpena eman duen organoaren aurrean.

3. Bide judizial zibilaren edo lanekoaren aurreko erreklamazioak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra, demanda jartzen ahal da jurisdikzio eskudunari zuzendua.

4. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako egintzei dagokienez, egintza deusezen ofiziozko berrikuspena, egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea, eta kargak ezartzen dituzten edo kalterako direnen ezeztapena Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru agindu bidez eginen dira.

38. artikulua. Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatzeko eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak lege arloko aholkua ematen ahalko dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1512008