170. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

128/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen. Foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 23/2015 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.

Era berean, abuztuaren 12ko 52/2015 Foru Dekretuaren bidez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zen.

Bidezko da, orain, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren egitura behar bezala garatzea.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organiko berria garatzea da foru dekretu honen xedea.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 28an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak erabiltzea: gizarte gaiak; familia; haur eta nerabeentzako arreta; pertsonen autonomiaren sustapena; hirugarren adinekoen eta desgaitasunak dituztenen beharretarako laguntza; gizarteratze-lana; immigrazio politiken koordinazioa; garapenerako nazioarteko lankidetza eta ekintza humanitarioa; enplegua sortzeko politika aktiboak sustatzea eta enplegua lortzeko informazioa, orientazioa, prestakuntza eta laguntza; bitartekaritza lana lan eskaintzaren eta lan eskariaren artean; etxebizitza eskuratzeko aukerak erraztea; eraikuntzen kalitatearen kontrola eta sustapena; etxebizitzak egiteko lurzoruaren merkatuan esku hartzea; egoera sozialaren, aldaketa prozesuen eta problema sozialen azterketa; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Eskubide Sozialetako kontseilaria.

1. Eskubide Sozialetako kontseilariak, Departamentuko titularra baita, eta foru dekretu honen 1. artikuluan definitutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu.

Bereziki, Eskubide Sozialetako Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren diru-laguntzen deialdiak onestea dagokio.

2. Departamentuaren titularra den aldetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren zeregina da, orobat, kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

a) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua.

b) Nafarroako Adinekoen Kontseilua.

c) Nafarroako Desgaitasunaren Kontseilua.

d) Gizarte Zerbitzuen Administrazioen arteko Kontseilua.

e) Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua.

f) Nafarroako Adingabearen Kontseilua.

3. Departamentuan bada Kontseilariaren Kabinete bat, Eskubide Sozialetako kontseilariari laguntza politikoa eta teknikoa emateko; kabinetea Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari loturik dago, eta kontseilariaren mendean dago zuzenean.

3. artikulua. Eskubide Sozialetako Departamentuaren antolaketa orokorra.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia.

b) Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia.

c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikirik geldituko dira erakunde autonomo hauek:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia.

4. artikulua. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala eta eskudantziak.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan arlo hauen gainean aurreikusten diren eskudantziak erabiliko ditu:

a) Gizarteratze-lana.

b) Etxebizitza.

c) Oinarrizko laguntza.

d) Garapenerako lankidetza eta ekintza humanitarioa.

e) Immigrazio politiken koordinazioa.

2. Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak, kontseilariaren goi zuzendaritzapean eta aurreko atalean adierazitako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak izanen ditu, eta, horiez gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak agintzen dion beste edozein, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

5. artikulua. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eta eskudantzien esparru materiala.

1. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan arlo hauen gainean aurreikusten diren eskudantziak erabiliko ditu:

a) Plangintza.

b) Ebaluazioa.

c) Ikuskapena.

d) Kalitatea.

e) Errealitate sozialaren azterketa eta ikerketa, eta aldaketa prozesuen eta arazo sozialen analisia.

f) Informazioa eta modernizazioa.

Zuzendaritza nagusi honek bere gain hartzen ditu, orobat, etxebizitzaren eta enpleguaren arloen gaineko azterketak, plangintzak eta ebaluazioak egiteko eskumenak.

Halaber, departamentuaren eskumenen esparruaren barrenean dauden fundazioen babesle lanak eginen ditu, baita indarra duten xedapenek Eskubide Sozialetako Departamentuari zuzendaritza nagusiaren esparruan esleitzen dizkioten beste eginkizunak ere.

2. Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak, kontseilariaren goi zuzendaritzapean eta aurreko atalean adierazitako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak izanen ditu, eta, horiez gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak agintzen dion beste edozein, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu diren eskumenen esparruan, eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren goi zuzendaritzapean –berari atxikita baitago zuzenean–, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan aurreikusitako eskudantziak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoak erabiliko ditu, baita indarra duten xedapenek emandakoak edota Eskubide Sozialetako kontseilariak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

2. Horrez gain, aipatu araudiari jarraituz bere dituen eskudantzia juridikoak, tekniko-administratiboak eta aurrekontuaren kudeaketari buruzkoak, departamentuan dauden erakunde autonomoei dagokienez, bakoitzaren estatutuetan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

3. Langileen arloan, dagozkion eginkizunak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoek arlo horretan dituzten eskudantziak zehazten dituen araudiari jarraikiz, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako langileei dagokienez, baita Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileei dagokienez ere, salbu eta erakunde autonomo horren mendean dauden egoitzetako langileak.

4. Idazkaritza Tekniko Nagusiak Eskubide Sozialetako Departamentuko erregistro eta artxibo administratiboak antolatzeko eta koordinatzeko irizpideak ezarriko ditu, gai horietan eskumena duten gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

7. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek jarraian adierazten diren eginkizunak izanen dituzte, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta zerbitzu bakoitzari foru dekretu honetan ezartzen zaion esparru material edo funtzionalean: bere menpeko atal edo unitate organikoen jarduera planifikatzea, koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea; prozedurak azkartzea, arrazionalizatzea eta erraztea bultzatu eta sustatzea; indarreko xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

8. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalek jarraian adierazten diren eginkizunak izanen dituzte, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta atal bakoitzari foru dekretu honetan ezartzen zaion esparru material edo funtzionalean: hierarkian bere gainetik dagoenari proposamenak eta txostenak egitea bere esparru materialeko gaien gainean, eta haiek burutzea; bere menpeko bulegoen jarduerak koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea; eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten eginkizun guztiak.

II. KAPITULUA

Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren egitura

9. artikulua. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzua.

b) Diru-sarreren Bermearen eta Lankidetzaren Zerbitzua.

c) Etxebizitza Zerbitzua.

2. ATALA

Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzua

10. artikulua. Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

1. Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak gai hauen gainean foru dekretu honetan aurreikusten diren eskudantziak erabiliko ditu: gizarte gaiak; gizarte zerbitzuen oinarrizko laguntza; gizarteratzeko programak; immigrazio politiken eta gutxiengo etnikoei eta bestelako talde minoritarioei arreta emateko politiken koordinazioa.

2. Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Atala.

b) Gizarteratzeko eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atala.

11. artikulua. Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Atalak, gizarte gaien esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Oinarrizko laguntzaren sarean garatu beharreko programak eta prestazioak diseinatzen laguntzea.

b) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kudeatzeko ardura duten toki entitateekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.

c) Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean aurreikusitako oinarrizko lau programak garatzea eta ezartzea modu erreal eta eraginkorrean.

d) Oinarrizko laguntzaren sarean garatu beharreko oinarrizko programak diseinatzen laguntzea.

e) Gizarte zerbitzuen zentroak ezartzea eta kudeatzea, baita haietan integratzen diren lanbidearteko lantaldeak kudeatzea ere.

f) Oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzazioari buruzko espedienteak kudeatu eta tramitatzea.

g) Oinarrizko gizarte zerbitzuei eta haiek sartuak dauden toki entitateei aholku teknikoa ematea.

h) Oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileentzako prestakuntza.

i) Oinarrizko laguntzaren arloan, departamentuen edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

j) Komunitatean jarduten duten ekimen sozialeko entitateekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.

k) Bere eskumeneko arloan boluntario-lana sustatzea.

l) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

12. artikulua. Gizarteratzeko eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalaren esparru material eta funtzionala.

Gizarteratzeko eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalak, gizarte gaien esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu. Bereziki, honako hauek:

a) Departamentuan gizarteratze-lanaren arloan ezarritako programak kudeatu, tramitatu, jarraipena egin eta kontrolatzea.

b) Diru-sarrerak bermatzeko programei lotuta dauden gizarteratze jarduketak kudeatu, tramitatu, jarraipena egin eta kontrolatzea.

c) Pertsona kalteberen gizarteratzea hobetzeko programa berriak diseinatu, planifikatu eta abian jartzea, beste administrazio publiko eta/edo entitate batzuekin lankidetzan.

d) Gizartean eta lan munduan sartzeko ekipoak kudeatu eta koordinatzea.

e) Gizarteratze-lanaren arloan dauden koordinazio eta ebaluazio baliabideekin kolaboratzea, batez ere gizartean eta lan munduan sartzeko ekipoekin.

f) Foru Administrazioko departamentuekin eta beste entitate batzuekin koordinatzea migrazioaren eragina analizatzeko, eta prozesu horren bilakaerari erantzuna emateko eta egokitzeko neurriak abian jartzeko.

g) Immigrazioari buruzko eta gutxiengo etnikoei eta bestelako talde minoritarioei arreta emateko politika publikoak, planak eta programak bultzatu eta koordinatzea.

h) Tratu-berdintasuna eta errespetuari eta tolerantziari lotutako balio eta jarrerak sustatzeko eta mota guztietako bazterketen aurka egiteko politika publikoak, planak eta programak bultzatu eta koordinatzea.

i) Enplegu zerbitzuekin koordinatzea pertsona kalteberenak lan munduan sartzen laguntzeko.

j) Etxebizitza zerbitzuekin koordinatzea pertsona kalteberenek etxebizitza bat lor dezaten laguntzeko.

k) Gizarteratze-lanaren arloan, departamentuen edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

l) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

3. ATALA

Diru-sarreren Bermearen eta Lankidetzaren Zerbitzua

13. artikulua. Diru-sarreren Bermearen eta Lankidetzaren Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

1. Diru-sarreren Bermearen eta Lankidetzaren Zerbitzuak gai hauen gainean foru dekretu honetan aurreikusten diren eginkizunak erabiliko ditu: pertsonentzako prestazio ekonomikoak kudeatzea haiei diru-sarrera egoki batzuk bermatzeko; garapenerako lankidetza eta ekintza humanitarioa; eta bere gaien esparruan, esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak.

2. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atala.

b) Garapeneko Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atala.

14. artikulua. Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak diru-sarrerak bermatzearen arloan eta prestazio ekonomikoen kudeaketaren arloan foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, eta, zehazki, honako hauek:

a) Gizarteratze-errentaren Programa kudeatu, tramitatu, haien jarraipena egin, kontrolatu eta ebaluatzea.

b) Departamentuan babes sozialerako ezarritako bestelako programa eta prestazioak kudeatu, tramitatu, haien jarraipena egin, kontrolatu eta ebaluatzea.

c) Babes sozialerako bestelako prestazioak aztertu, diseinatu eta ezartzea.

d) Kotizazio gabeko pentsio eta laguntzen espedienteak tramitatu, haien jarraipena egin eta kontrolatzea.

e) Alargun-pentsioak jasotzeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan kenkaria aldez aurretik ordaintzeko espedienteak tramitatu, haiei jarraipena egin eta kontrolatzea.

f) Diru-sarrera txikiak dituzten biztanleen tratamendu fiskalari eta prestazioei begira, Ogasun Departamentuarekin koordinatzea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

15. artikulua. Garapeneko Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalaren esparru material eta funtzionala.

Garapeneko Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioko Programen Atalak, garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta nazioarteko ekintza humanitarioaren esparruan, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta nazioarteko ekintza humanitarioaren arloan jarduteko programak prestatzea, departamentuak finkatzen dituen helburu eta jarduketa-ildoetatik abiatuta.

b) Garapen bidean diren herrialdeentzat Nafarroako Gobernuak ematen duen Garapenerako Laguntza Ofiziala kudeatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan finantzatzen dituen proiektuak ebaluatu eta haien jarraipena egiteko programak prestatu eta gauzatzea.

d) Departamentua beste departamentu eta administrazio publiko batzuekin koordinatzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko neurriak har daitezen proposatzea, garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan dauden baliabideak optimizatzeko.

e) Garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta nazioarteko ekintza humanitarioaren arloan jarduten duten Gobernuz kanpoko Erakundeekin koordinatzea eta haiekin lankidetzan aritzea.

f) Garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta ekintza humanitarioaren arloan Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatzen diren proiektu eta ekintzak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

4. ATALA

Etxebizitza Zerbitzua

16. artikulua. Etxebizitza Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

1. Etxebizitza Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, betiere honakoekin loturik: etxebizitza eskuratzeko bideak sustatzea, eraikuntzako kalitatea kontrolatzea eta sustatzea, Lurzoruaren Foru Bankua kudeatzea, lurzorua eskuratzea eta urbanizatzea, baita bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

2. Etxebizitza Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Eraikuntza Atala.

b) Laguntzen eta Plangintzen Atala.

17. artikulua. Eraikuntza Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Eraikuntza Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, eta, zehazki, honako hauek:

a) Etxebizitzen eraikuntzarako betebehar teknikoak kontrolatzea.

b) Etxebizitzen diseinuaren eta kalitatearen araudia prestatzea.

c) Kalitateko arkitektura egiteko programak kudeatzea.

d) Zaharberritze babestuko espedienteetan txostenak eta proposamenak egitea.

e) Etxebizitza babestuko espedienteetan txostenak eta proposamenak egitea.

f) Eraikuntzako alderdiei buruzko azterlanak egitea.

g) Lurralde bulegoen jarduketak gainbegiratzea.

h) Etxebizitza babestuen espedienteak kudeatzea.

i) Nafarroako etxebizitzen erregistroa kudeatzea.

j) Etxebizitzen ondare publikoa kudeatzea.

k) Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan sartzea sustapenak.

l) Etxebizitzen bizigarritasunari buruzko espedienteak kudeatzea.

m) Eraikuntzaren ikuskapen teknikoa ezartzea eta kudeatzea.

n) Lurzoruaren Foru Bankua kudeatzea.

o) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

18. artikulua. Laguntzen eta Plangintzen Atalaren eginkizunak.

Laguntzen eta Plangintzen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, eraikuntzarekin loturik, eta, zehazki, honako hauek:

a) Babestekoak diren eragiketetarako laguntza planak eta programak prestatzea.

b) Etxebizitza babestuen salerosketarako eta alokairurako kontratuak ikus-onesteko espedienteak kudeatzea.

c) Finantza hitzarmenen formulazioan eta jarraipenean parte hartzea.

d) Etxebizitzen arloan babesgarriak diren jarduketetarako laguntza publikoak kudeatzea.

e) Etxebizitza planak eta programak ebaluatzeko tresnak garatzea.

f) Jendeari etxebizitza arloko informazioa ematea.

g) Hipoteka eta alokairu kontuetan bitartekari lana egitea.

h) Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua eta egiten diren etxebizitza esleipenak kudeatzea.

i) Etxebizitzak lehentasunez eskuratzeko eskubideak kudeatzea.

j) Alokairuko etxeen poltsa kudeatzea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

III. KAPITULUA

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren
eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura

19. artikulua. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzua.

b) Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua.

2. ATALA

Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzua

20. artikulua. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

1. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak foru dekretu honetan honako gai hauei buruz aurreikusita dauden eskudantziak erabiliko ditu: gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako politika publikoen ebaluazioa, plangintza eta ikerkuntza aplikatua, eta eraldaketa sozialen prozesuen eta arazo sozialen analisia.

2. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Plangintza eta Ebaluazio Atala.

b) Informazio eta Modernizazio Atala.

21. artikulua. Plangintza eta Ebaluazio Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Plangintza eta Ebaluazio Atalak foru dekretu honetan gizarte gaiei, enpleguari eta etxebizitzari buruz aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Nafarroako gizartean gertatzen ari diren eraldaketa prozesuak eta aldaketa joerak aztertzea eta analizatzea.

b) Unean-unean identifikatzen diren arazo sozial zehatzak aztertzea eta analizatzea.

c) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetan dagoen eskariaren gaineko azterlanak eta ikerketak egitea.

d) Gizarte zerbitzuen sistemako prestazioen eskaria, eraginkortasuna eta eragimena aztertu eta ebaluatzea.

e) Beharren, egoeraren eta baliabideen azterketak egitea, jarduketa plan eta programetarako jarraibideak eman ahal izateko.

f) Adierazle sozialak prestatzea, eta haien jarraipena eta balorazioa egitea.

g) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetan ikerketa jarduerak sustatzea.

h) Ikerketa proposamenak egitea eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren ikerketei laguntzea.

i) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetarako programak diseinatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea, kasuan kasuko unitate teknikoekin batera.

j) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetarako plan estrategikoak, plan sektorialak eta gizarte zerbitzu orokorren zorroa diseinatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.

k) Planak eta programak gauzatzeko baliabide-beharrak baloratu eta haien kostu ekonomikoa ebaluatzea.

l) Lege-arauak eta erregelamenduak egiteko laguntza teknikoa ematea.

m) Gizarte prestazioen ereduen definizioak proposatzea unitate teknikoei.

n) Topaketak, kongresuak, jardunaldiak eta bestelako ekitaldi profesional eta/edo zientifikoak antolatzea eta haiek egiteko laguntza ematea.

o) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako plangintzari buruzko azterlan eta dokumentuak prestatu, hedatu eta argitaratzea.

p) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloen kudeaketa, koordinazioa, antolamendua eta arreta hobetzeko proposamenak prestatzea.

q) Departamentuetan planei buruzko informazio bilketa errazteko baliabideak koordinatzea eta haien jarraipena egitea.

r) Bere esparruko gaiei buruz Europako, Espainiako, autonomia erkidegoko eta tokiko iturrietan eskuratzen ahal den informazioa bildu eta aztertzea.

s) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

22. artikulua. Informazio eta Modernizazio Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Informazio eta Modernizazio Atalak, gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako informazioa kudeatzeko eskumen materialaren esparruari dagokionez, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Herritarrei Eskubide Sozialetako Departamentuaren jarduerez informazio orokorra emateko modua koordinatu eta bultzatzea, ikuspegi korporatibo batetik, gaur egun dauden eta geroan izan daitezkeen baliabideen bitartez, Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien arloan eskumena duen zuzendaritzarekin elkarlanean eta horrek ematen dituen jarraibideen arabera.

b) Eskubide Sozialetako Departamentuko informazio sistema garatu eta mantentzea, estatutuetan departamentuaren menpeko erakunde bakoitzari esleitzen zaizkion eskumenak ezertan galarazi gabe.

c) Eskubide Sozialetako Departamentuaren argibideak eta agiriak kudeatu eta koordinatzea, estatutuetan departamentuaren menpeko erakunde autonomo bakoitzari esleitzen zaizkion eskumenak ezertan galarazi gabe.

d) Eskubide Sozialetako Departamentuaren programa informatikoak koordinatzea.

e) Aginte-koadroa prestatu eta eguneratzea.

f) Eskubide Sozialetako Departamentuaren urteko memoria egitea.

g) Urteko kudeaketa plan integratu bat ezarri eta haren jarraipena egitea, emaitzei eta planaren beraren ebaluazioari begira.

h) Departamentuaren web orria prestatzea, mantentzea eta eguneratzea, bere mendeko erakunde autonomoekin eta Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien arloan eskumena duen zuzendaritzarekin elkarlanean.

i) Departamentuko zuzendaritza nagusiei eta gainerako erakunde eta unitateei laguntzea bere eskumeneko gaietan.

j) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

k) Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

3. ATALA

Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua

23. artikulua. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu gizarte zerbitzuen, etxebizitzaren eta enpleguaren kalitatea eta ikuskapena sustatzeko lanari dagokionez.

24. artikulua. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Kalitatearen eta Fundazioen Babesletzaren Atala.

b) Ikuskapen Atala.

25. artikulua. Kalitatearen eta Fundazioen Babesletzaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Kalitatearen eta Fundazioen Babesletzaren Atalak, gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako prozeduretan eta arretan kalitatea sustatzeko esparru materialean, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Departamentuaren funtzionamenduan eta helburuak erdiesteko, kalitate-sistemak sustatzea eta ezartzea, zerbitzuen eragimena eta erabiltzaileen asetasuna irizpide harturik.

b) Kalitate sistema homologagarrien proposamenak prestatzea departamentuaren funtzionamendurako.

c) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen kalitatea hobetzeko sustapena eta jardunbide egokien zabalkundea.

d) Arretaren kalitatea sustatzea eskubideak bermatzea eta pertsonari laguntzea oinarri izanik.

e) Gizarte zerbitzu publikoen prestazioa jasotzeko betebeharrak zehazten, aztertzen eta berrikusten laguntzea, baita haien homologazio administratiborako baldintzak ere.

f) Zerbitzuen kartak prestatzea.

g) Kalitate Plana prestatu, aztertu eta ebaluatzea, eta gauzatzeari buruzko jarraipena egitea, bereziki adierazleen ebaluazioari dagokionez.

h) Kalitatea hobetzeko eta homologazio administratiboa eskuratzeko diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta haien gaineko jarraipena egitea.

i) Gizarte zerbitzuetako profesionalentzako prestakuntza ekintzak eta jardunaldiak antolatzea.

j) Gizarte zerbitzuak ematen dituzten entitateei aholkua ematea kalitate irizpide, adierazle eta estandarrak jartzerakoan.

k) Fundazioen Erregistroari jakinaraztea eratzen ari diren fundazioen xedeak egokiak diren eta horretarako hornidura egokia duten.

l) Fundazioen Babesletza kudeatzea.

m) Eratzen ari diren fundazioei aholku ematea.

n) Departamentuaren babesletzaren pean dauden fundazioei aholku ematea haien xedeak erdiesteko garatzen duten edozein jarduerari buruz, eta beharrezkoa den laguntza ematea.

o) Fundazioen xedeak betetzen direla begiratzea, fundatzailearen asmoarekin bat eta interes orokorra aintzat hartuta.

p) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

26. artikulua. Ikuskapen Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Ikuskapen Atalak, gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu. Bereziki, honako hauek:

a) Gizarte zerbitzuen eta arretaren sistemako zerbitzuak ematen dituztenek eta haien hartzaileek gizarte zerbitzuak erregulatzen dituzten arauetan eta hitzarmenetan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Ikuskapen planak prestatzea, gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako eta ikuskapen jarduera kontrolatu eta koordinatzeko.

c) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

d) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

e) Gizarte Zerbitzuen Erregistroa kudeatzea.

f) Homologazio administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

IV. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

27. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atala.

b) Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Atala.

c) Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Atala.

c) Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atala.

e) Sistemen Kudeaketarako Atala.

28. artikulua. Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Aholkua ematea Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari eta departamentuaren gainerako erakunde autonomoei departamentuaren aurrekontuen aurreproiektua eta epe ertaineko plan ekonomikoa prestatzeko.

b) Departamentuko aurrekontuen aurreproiektua koordinatu eta tramitatzea.

c) Departamentuko aurrekontuen kudeaketari buruzko informazioa beti eguneraturik edukitzea.

d) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren ordaintzeko aginduak, justifikatu beharrekoak, kudeatu, horien jarraipena egitea eta justifikatzea, eta kutxako aurrerakinen kontuak kudeatu eta kontrolatzea.

e) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jarduera ekonomikoen kontabilitate orokorra eta aurrekontuena.

f) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari dagozkien diru-sarreren eta gastuen espedienteen kontabilizazioa.

g) Azterlan ekonomikoak egitea.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

29. artikulua. Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu pertsonen autonomia sustatzeko esparru materialei eta hirugarren adinekoen eta ezgaitasunen bat dutenen beharretarako arretari dagokienez:

a) Kontseilariak Nafarroako Gobernuari igortzen dizkion espedienteak, departamentuaren eta haren erakunde autonomoen aferei buruzkoak, koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Kontseilariak ebatzi behar dituen departamentuaren eskumeneko espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea, onetsiak izan daitezen.

c) Departamentuko organoei aholkua eta laguntza juridikoa ematea.

d) Aginduzko txosten juridikoak eta departamentuko organoek eskatzen dizkioten txostenak egitea.

e) Txosten juridikoak prestatzea departamentuak ematen dituen egintzen aurka jartzen diren errekurtso administratiboei buruz.

f) Eskubide Sozialetako kontseilariak, bide jurisdikzional zibil eta sozialera jo aurretik, ebatzi behar dituen erreklamazioetan behar diren txosten juridikoak prestatzea.

g) Arauak bildu eta eguneratzea eta, orobat, interes juridikoa duen jurisprudentzia, doktrina eta informazioa bildu, hedatu eta haien jarraipena egitea.

h) Ondare-erantzukizunaren prozedurak tramitatzea.

i) Erabiltzaileek zerbitzu publikoen gainean aurkezten dituzten kexa eta aholkuak kudeatu eta tramitatzea.

j) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

k) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

30. artikulua. Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu gizarteratze-lanaren, oinarrizko laguntzaren, plangintzaren, kalitatearen, ikuskapenaren, familiaren, adin txikikoen babesaren, garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta immigrazio politiken koordinazioaren esparru materialei dagokienez:

a) Kontseilariak Nafarroako Gobernuari igortzen dizkion espedienteak, departamentuaren eta haren erakunde autonomoen aferei buruzkoak, koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Kontseilariak ebatzi behar dituen departamentuaren eskumeneko espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea, onetsiak izan daitezen.

c) Departamentuko organoei aholkua eta laguntza juridikoa ematea.

d) Aginduzko txosten juridikoak eta departamentuko organoek eskatzen dizkioten txostenak egitea.

e) Txosten juridikoak prestatzea departamentuak ematen dituen egintzen aurka jartzen diren errekurtso administratiboei buruz.

f) Arauak bildu eta eguneratzea eta, orobat, interes juridikoa duen jurisprudentzia, doktrina eta informazioa bildu, hedatu eta haien jarraipena egitea.

g) Ondare-erantzukizunaren prozedurak tramitatzea.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

31. artikulua. Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu etxebizitzaren esparru materialari dagokionez:

a) Kontseilariak Nafarroako Gobernuari igortzen dizkion espedienteak, departamentuaren eta haren erakunde autonomoen aferei buruzkoak, koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Kontseilariak ebatzi behar dituen departamentuaren eskumeneko espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea, onetsiak izan daitezen.

c) Departamentuko organoei aholkua eta laguntza juridikoa ematea.

d) Aginduzko txosten juridikoak eta departamentuko organoek eskatzen dizkioten txostenak egitea.

e) Txosten juridikoak prestatzea departamentuak ematen dituen egintzen aurka jartzen diren errekurtso administratiboei buruz.

f) Arauak bildu eta eguneratzea eta, orobat, interes juridikoa duen jurisprudentzia, doktrina eta informazioa bildu, hedatu eta haien jarraipena egitea.

g) Ondare-erantzukizunaren prozedurak tramitatzea.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

32. artikulua. Sistemen Kudeaketarako Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Sistemen Kudeaketarako Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Telekomunikazio eta informazio sistemen inguruan diren premiak identifikatzea, eta departamentuko unitate administratiboek gai horren gainean egiten dituzten eskaerak bideratzea.

b) Erabiltzaileen errekerimenduak eta asetzeko xedeak bildu, definitu eta lehenestea, hori guztia Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien gaietan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiarekin elkarlanean, informazio sistemak eta aplikazio informatikoak eratu eta ezartzeko, auditoretzarako eta kontrolerako, informazioaren segurtasunari dagokionez, departamentuetakoak edo korporatiboak izan.

c) Enpresa kontratatuek egindako lanen kontrola eta plangintza, bere jarduketa esparrukoak direnean.

d) Ekipoak eta aplikazioak behar bezala erabiltzeko prestakuntza programak antolatzen eta garatzen parte hartzea.

e) Departamentuaren multimedia tresneriaren kontrola egitea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

1. Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak eraginik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen banaketa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Genero berdintasuna.

Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal mugatuko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko “consejero”, “director”, “presidente”, “secretario” eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio guztietarako.

Laugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuko zuzendaria, hemendik aurrera Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendari gisa.

–Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendari gisa.

–Oinarrizko Laguntzaren Ataleko burua Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Ataleko buru gisa.

–Gizarte Onarpenerako Ataleko burua Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Ataleko buru gisa.

–Garapeneko eta Ekintza Humanitarioko Programen Ataleko burua Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Ataleko buru gisa.

–Kudeaketa Ekonomiko eta Plangintzarako Ataleko burua Laguntzen eta Plangintzen Ataleko buru gisa.

–Plangintza eta Ikerketa Ataleko burua Plangintza eta Ebaluazio Ataleko buru gisa.

–Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko burua Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Ataleko buru gisa.

–Berdintasun, Familia, Kirol, Gazteria eta Kontsumoko Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko burua Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko buru gisa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko behar diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialetako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 28an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1511969