165. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko diru-laguntzen deialdi publikoa, 2015. urtea

Tafallako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2015eko abuztuaren 4an, aipatu diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarriak onetsi zituen, baldintza orokor hauen arabera:

Oinarrien xedea: aipatutakoa.

Esleitzeko modua: deialdi publikoa.

Gehienez ere aurreikusitako zenbatekoa: 50.000 euro.

Oinarriak non argitaratu: Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

Eskabideak aurkeztea: Tafallako Udaleko Erregistro Orokorrean (Nafarroa plaza, 5), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ageri diren erregistroetako edozeinetan.

Eskabideak aurkezteko epea: 30 egun natural, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Tafallan, 2015eko abuztuaren 11n.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK, GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEEKIN LANKIDETZA PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO. 2015. URTEA

1.–Atarikoa.

Tafallako Udalak aurrekontuko kontu-sail bat du nazioarteko lankidetza programendako diru-laguntzak emateko, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzearren. 2015. urterako, udal ordezkariek 50.000 euro (hasierako udal aurrekontuaren gastu arrunten %0,55) lotu dituzte, Nazio Batuek –herriak garatzeko nazioarteko lankidetza bultzatzeko– eman dituzten aholkuekin bat.

2.–Deialdiaren xedea eta aurrekontua.

Deialdi honen bidez, garapen bidean dauden herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatu nahi dira, diru-laguntzak emanda. Proiektu horien helburua izanen da pobreziari aurka egitea eta tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa edo azpiegiturak herrietako edo hirietako komunitateendako, komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatu, kudeatu eta gauzatzean eta, orobat, arreta berezia ematen dietelarik ingurumenaren gaineko eraginari eta baliabide naturalen erabilera iraunkorrari.

Alde horretatik, arreta jarriko da Nazio Batuek hautatzen dituzten eta GGIren erdiko edo behe tartean dauden herrialdeetan eta/edo, GGI handia duten herrialdeen barnean egonda ere, dena delako eremuan garapen txikia duten lurraldeetan gauzatzen diren proiektuetan.

Orobat, lankidetza proiektu horiekin batera herritarrak sentikor bihurrarazteko programa bat abiatuko da, Tafallan garatuko dena, komunitatearen parte-hartzea bultzatu eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hartu-emanen inguruan jarrera kritikoak eta gogoetak sustatzen dituena.

Lehenetsiko diren jarduketa eremuak izanen dira oinarrizko beharrak asetzera bideratutako proiektuak, eta halakotzat jotzen dira:

–Uraren arazketa eta saneamendua: urez hornitzeko sistemak eta oinarrizko saneamenduaren zerbitzuak eta azpiegiturak.

–Hezkuntza: lehen mailako hezkuntza eta eskolaurrea denei zabaltzea, hezkuntzaren azpiegiturak hobetzea, helduak alfabetatzea eta hezitzaileak trebatzea.

–Oinarrizko osasuna: osasuna bere osotasunean hartzen duten ekimenak; haurren heriotza tasa murrizteko programak; sexu eta ugaltze osasuna hobetzeko programak, bai aurrea hartzeko fasean bai eritasunak artatzerakoan.

–Etxebizitza: kostu txikiko eraikuntzak, gizartetik baztertuak dauden sektoreen integraziorako.

2015. urteko zenbatekoa jarduera hauetarako 50.000 eurokoa izanen da.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak jaso nahi dituzten erakunde, entitate edo elkarteek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Elkarteen Udal Erregistroan edo Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak, eta dokumentazioa eguneraturik edukitzea.

b) Irabazi asmorik ez izatea.

c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraziko da berariazko helburu hau duela: garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Nafarroan edukitzea egoitza soziala edo delegazio iraunkorra eta aktiboa.

e) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo Hegoaldeko herrialdeen egoeraren inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Horretarako, arlo horretan azken hiru urteetan egindako jarduera agiri bidez frogatu beharko dute. Azken urtean eratu direla frogatzen duten GKEak salbuesten dira.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

a) Irabazi asmoa duten enpresak edo beste entitate batzuk.

b) Tafallako Udalaren aurreko deialdietan diru-laguntza lortu zuten GGKE edo elkarteak, baldin eta azken urtean ez badituzte jarraipen txostenak aurkeztu (deialdi honetan proiektuak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta), eta ez badute behar bezala jakinarazi eta arrazoitu.

c) Azken 3 urteetan Nafarroan jardun publikorik izan ez duten GGKE edo elkarteak, azken urtean eratu direla frogatzen dutenak izan ezik (deialdi honetan diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta). Hau da, kanpoan geldituko dira epe horretan Nafarroan sentsibilizazioaren, laguntza humanitarioaren edo lankidetzaren esparruan izandako jardun publikoa agirien bidez frogatzen ez dutenak; ez da jarduntzat hartuko hedabideetan agertze soila edo inoizka artikuluak edo elkarrizketak argitaratzea.

4.–Proiektuen baldintzak eta balorazio irizpideak.

Diru-laguntza eskatzeko, proiektuek edo jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honen xederako egokiak izatea.

b) Helburuei, jarduerei eta proiektua gauzatzeko behar diren baliabideei buruz nahikoa informazio ematea.

c) Proiektua gauzatzeko ardura duen erakundearen helburuei eta lan esperientziari buruz behar besteko informazioa ematea.

d) GGKE horrek proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea eta tokian tokiko GGKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea, lagundutako egintzaren jarraipena egiteko.

e) Aurreikuspenen arabera, lagundutako egintzak 12 hilabete baino gehiago ez irautea.

f) Proiektua egin nahi den tokian bertako bazkide bat izatea. Lankide hori GGKE bat izaten ahalko da, edo GGKE eskatzaileak delako herrialdean duen delegazioa.

g) Genero ikuspuntua proiektu osoan sartzea, era koherentean, integralean eta zeharkakoan.

h) Herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programa bat aurkeztea, Tafallako biztanle mota guztiei zuzenduta.

i) Sendagaiak dohaintzan ematearekin edo jendearen eskura jartzearekin zerikusia duten jarduerak dituzten proiektuak Osasunaren Mundu Erakundeak 1996an sendagaiak dohaintzan emateari buruz ezarritako jarraibideei lotuko zaizkio.

Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko 2 eskabide aurkezten ahalko ditu, gehienez ere. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatuz gero laguntza, finantzatzerakoan lehentasuna zeinek duen adieraziko da.

Hona hemen deialdian sartzen diren proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

–Proiektuaren kalitate teknikoarekin eta aurkeztutako informazioarekin zerikusia dutenak: 34 puntu.

  • Garatu nahi den proiektuaren inguruko informazioa: testuingurua eta proiektu horrek ukituko duen sektorearen egoera (testuingurua, baliabideak, azpiegiturak...).
  • Ekintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean.
  • Egintzaren bideragarritasun teknikoa; atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan.
  • Proiektuak iraunkortasuna izanen ote duen, diruz lagundutako egintza bukatutakoan.
  • Proiektuaren osagarritasuna, eremu horretan gauzatzen diren bestelako garapen ekintzekin.

–Egileen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin zerikusia dutenak: 26 puntu.

  • Tokian tokiko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako beste entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duen harremana.
  • Pertsona onuradunek parte hartzea proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan.
  • GKE eskatzailearen esperientzia eta haren jarraipen gaitasuna, eta, bereziki, aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen kudeaketan erakutsitako gaitasuna.

Proiektuaren gizarte helburuekin zerikusia dutenak: 25 puntu.

  • Bizi baldintzak hobetzea eta tokian tokiko sektore bereziki ahulei laguntza ematea: haurrak, emakumeak, indigenak, ezgaitasunak dituztenak, errefuxiatuak, etab.
  • Genero ikuspuntua proiektuan eranstea, emakumeek gizartean nahiz politikan ordezkaritza handiagoa lortzea helburu duten ekimen positiboak bultzatzea, ekonomia arloan emakumeen aukerak hobetzea eta herritarrak balio horietan sentsibilizatzea.
  • Komunitatearen antolaketa eta parte hartzea sustatzea.
  • Proiektua gauzatzen den herrialdeko baldintza sozial eta ekonomikoak, Giza Garapenaren Indizean oinarrituz.

–Herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programarekin zerikusia dutenak: 8 puntu.

Erakunde eskatzaileak Tafallan jardutea: 7 puntu.

  • Tafallan egoitza izatea.
  • GKE eskatzailean Tafallako jendea egotea.

Proiektuek 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, aintzat hartzeko. Baloratu ondoren, diru-laguntza esleitzeko proposamen arrazoitua eginen dio ebaluazio batzordeak Tokiko Gobernu Batzarrari.

5.–Eskabideak aurkezteko epea, tokia eta agiriak.

Eskaerak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako edozeinetan.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

–Eskabide eredua, 1. eranskinean dagoena.

–Memoria, proiektua aurkezteko inprimakiaren araberakoa, 2. eranskinean baitago. Laburpen orria aurkeztu beharko da, alderdi hauek jasoko dituena: eremu geografikoa, proiektuaren testuinguru orokorra, aurreikusitako helburuak, garatu beharreko jarduerak eta bertako bazkidearen aurkezpen laburra.

–Erakunde eskatzailearen nortasun juridikoa eta erakundearen ordezkariarena frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia baimenduak:

  • Estatutuak
  • Ziurtagiria, Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik dagoelako frogatzen duena.
  • Identifikazio Fiskaleko Txartela.
  • Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria (nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa).

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

–GGKE eskatzaileak Nafarroan azken 3 urtean honako esparru hauetan egindako jardueren agiriak: garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo, oro har, garapenerako lankidetza. Azken urteko jardueren dokumentazioa frogagirien bidezkoa izanen da (jatorrizko memoriak, prentsa artikuluak, web orrietako argitalpenak eta abar), eta aurreko bi urteetakoa zerrenda batean biltzen ahalko da. Azken urtean eratu direla frogatzen duten GKEak salbuesten dira.

▪ Tokian tokiko lankidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa erakusten duen agiria, jatorrizkoa edo kopia baimendua:

  • Estatutuak
  • Legezko eraketaren egiaztagiria, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.
  • Legezko helbide osoa.
  • Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria (nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa).

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

–Betiere, gastuen eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko da, sailkakoa eta eurotan emana; halaber, adieraziko da proiekturako zer baliabide dauden herrialde hartan eta zer baliabide jarriko dituen entitateak, eta beste erakunde edo entitate batzuei zer diru-laguntza eskatu zaien edo haiengandik jada zer laguntza lortu den.

–Foru Ogasunak –edo, hala denean, Ogasun Ministerioak– eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazteko egin dituzten ziurtagiriak.

–Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (herrialdea, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

–Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko. Ziurtagiriak data eguneratua izan beharko du, eskabideak aurkezteko epearen ingurukoa (aurreko urteetan ere aurkeztua izan arren).

–Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

Tafallako Udalak egiaztatuko du, ofizioz, entitate eskatzaileak bete dituela Udalarekiko dituen tributu betebeharrak eta, zorrak egonez gero, horiek konpentsatuko ditu.

Eskabideekin batera entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa aurkezten ez bada, oinarri honetan esandakoa, Tafallako Udalak 10 eguneko epea utziko du, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko; hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Eskatutako hori ez bada emandako epean betetzen, eskabidea artxibatu eta eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.

6.–Diruz laguntzen ahal diren gastuen ezaugarri orokorrak.

Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak eta 9. oinarrian ezarritako epeak bukatu baino lehen ordaindu direnak, ondoko lerroaldeetan ezarritakoarekin bat:

–Emandako diru-laguntzekin materialen, horniduren, ekipamenduen eta ekoizpenerako bestelako aktiboen erosketa eta garraioa ordaintzen ahalko da, betiere proiektua garatuko den herrialde edo eskualde berean eginez gero.

–Salbuespen gisa, lurrak edo ondasun higiezinak erosteko erabiltzen ahalko da diru-laguntza; baina, betiere, legezko egoeraren berri ematen duten eta benetan erosten ahal direla frogatzen duten agiriak aurkeztea izanen da baldintza. Gainera, proiektua zein tokitan egiten den, bertako jendea ordezkatzen duen erakunde batena izanen da ondasun horien titulartasuna. Azken baldintza hori eraikin berriak egiteko proiektuen kasuan ere aplikatuko da.

–Erbesteratutako lankide boluntarioen gastuak diru-laguntzen bidez ordaintzen ahalko dira, egoki denean; baina horretarako, diruz lagundutako proiektuaren xedearekin lotuta daudela frogatu beharko da. Alderdi honen zenbatekoa, gehienez ere, diru-laguntza osoaren %10 izanen da. Erbesteratutako langileen gastutzat jotzen dira langile mota horrek sortzen dituenak (nominak, bidaiak, ostatuak, mantenua eta abar).

–Zeharkako gastuak (administratiboak eta kudeaketakoak), horietarako diru-laguntza lortu denean, ez dira aurrekontuaren %7tik gorakoak izanen eta entitate onuradunak Nafarroan duen egoitzari buruzkoak izanen dira.

–Diru-laguntzekin ordaintzen ahalko dira finantzatutako proiektuarekin sentsibilizatzeko jarduera berariazkoen kostuak, zuzeneko gastuen kontu-sailean eta gehienez ere diru-laguntzaren %3 erabiliz, eta betiere Tafallan egin badira eta hasieratik zehazki aurkeztuak izan badira. Ez dira atal honetan sartuko entitate onuradunaren zabalkunderako eta sentsibilizaziorako jarduera orokorrak.

Dena den, emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du inoiz gaindituko –beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta– egin beharreko proiektuaren kostua.

Proiektuen finantzaketari dagokionez, gutxienez %10 beharko da izan entitatearen beraren funtsetatik etorria, edo beste administrazio publiko edo entitate batzuek emana.

Deialdi honetako diru-laguntza bateragarria da edozein administrazio, erakunde edo pertsonak xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin, baina diru-laguntzen zenbatekoa ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

7.–Diru-laguntzak ematea.

Gizarte Ongizateko zinegotzia buru duen batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu proiektuak. Hona hemen batzorde horretako kideak:

–Batzordeburua: Albina Prieto García

–Idazkaria: Amanda Acedo Suberviola

–1. batzordekidea: Carmen Esquíroz Torralba (Udaleko zinegotzia)

–2. batzordekidea: Ana Ozcáriz Arana (Udaleko zinegotzia)

–3. batzordekidea: Mikel Juango Lizarbe (Udaleko zinegotzia)

–4. batzordekidea: Soco Ojer Bueno (Udaleko zinegotzia)

–5. batzordekidea: Aurora Beroiz Zaratiegui (teknikari soziokulturala)

–6. batzordekidea: Imelda Mañeru Viguria (Berdintasuneko teknikaria)

–7. batzordekidea: David Gutiérrez Setas (proiektuak baloratzerako laguntzailea)

–8. batzordekidea: Iñaki Arregui Flamarique (proiektuak baloratzerako laguntzailea)

Batzorde horrek proposamen txosten bat prestatuko du, eta erabakia hartzeko eskumena duen organoari igorriko dio.

Organo eskudunak hiru hilabeteko epea izanen du, proiektuak aurkezteko epea bukatzen denetik aitzina, dagokion erabakia hartzeko.

Aldez aurretik emanen da diru-laguntza, ordainketa bakar batean. Ordainketa hori bi hilabeteko epean eginen da, gehienez ere, organo eskudunak ebazpena ematen duenetik aitzina.

8.–GGKEaren edo erakunde onuradunaren betebeharrak.

1. Eskabidean adierazi bezala gauzatzea proiektua. Diru-laguntza jaso ondorengo 2 hilabeteetan hasiko da proiektua, ez beranduago, ezinezkoa ez bada, behintzat, arrazoi bereziak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio; inguruabar horiek justifikatu egin beharko dira.

2.–9. oinarrian aipatutako erdi bideko txostenak eta bukaerakoak aurkeztea diru-laguntza eman duen entitateari.

3.–Laguntza eman duen entitateak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

4.–Tafallako Udalari baimena eta laguntza ematea proiektuaren garapenaren zabalkundean, jendea garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan sentsibilizatzeko.

5.–Tafallako Udalaren logotipoa ikusteko moduan paratzea proiektuaren agiri eta publizitate guztietan, eta tokian tokiko lankide edo kontraparteari jakinaraztea nondik etorri den diru-laguntza.

6.–Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, Tafallako Udalari jakinaraztea eta, behar denean, Udalari baimena eskatzea.

Tafallako Udalak berariaz emandako baimena beharko da, aldez aurretik, proiektuan funtsezko aldaketarik egiteko; alegia, honako elementu hauek ukitzen baditu:

–Helburuak.

–Herritar onuradunak.

–Proiektua gauzatzen deneko lekua.

–Aurreikusitako kontu-sailetan %20 arteko aldaketak egitea.

Proiektuan funtsezko aldaketak egiteko eskabideak behar bezala arrazoituko dira, eta aldaketa horiek ekarri dituzten inguruabarrak sortu eta berehala aurkeztuko dira.

Tafallako Udalari adierazi eginen zaio, baldin eta GGKE eskatzailearen nortasun juridikoan aldaketak gertatzen badira proiektua garatu bitartean: estatutuak, entitatearen legezko ordezkaria, etab.

7.–Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

9.–Justifikazioa.

Diruz lagundutako proiektuak gauzatzen dituzten GGKE onuradunek txostena emanen dute, lanak deskribatzeko; Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dituzte, sei hilean behin; eta beste txosten bat, proiektuaren bukaerari buruzkoa, urtea igarotakoan (3. eranskinean dago eredua); salbu eta aurkeztea galarazten duen arrazoi justifikaturik badago. Kasu horretan ezintasun hori idatziz jakinaraziko zaio Tafallako Udalari, eta honek baloratu eta onartu egin beharko du. Lehen txostena sei hilabete igarotakoan aurkeztuko da, diru-laguntza ordaintzen denetik aitzina kontatuta. Azken txostena, jarduera egiteko epea bukatu eta hilabetera aurkeztuko da.

Gizarte Ongizateko Zinegotzigoak GGKE bakoitzari deitzen ahalko dio proiektuen gauzatzearen berri eman dezan, deusetan ukatu gabe 9. oinarrian erakunde onuradunei ezartzen zaien eginbeharra. A) 3.

Txostenetan, agiri hauek erantsiko dira:

a) Diru-laguntzaren zenbatekoa bertako kontraparteari bidali izanaren egiaztagiria, aplikatu den aldaketa mota zehaztuz.

b) Tokian tokiko bazkide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako egiaztagiria, diru-laguntza herrialde onuradunean jaso dutela frogatzen duena.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko txostena (3. eranskinean datorren ereduaren araberakoa).

Sei hilean behingo txostenean ez da beharrezkoa izanen proiektuaren garapenaren finantza eta kontabilitate txostena gehitzea.

Diru-laguntza lortu duten proiektuen kontrola eta jarraipena egiten ahalko da, haiek gauzatzeko edozein fasetan, eta Tafallako Udalak eskatutako informazio eta agiri guztiak eman beharko dituzte proiektuen ardura duten erakundeek.

Finantzatuko diren proiektuak garatuko diren inguruabar sozial eta geografikoak kontuan hartuta, frogatutako arrazoiengatik klausula honetan adierazitako justifikazio epeak egoki betetzerik ez badago, epea luzatzen ahalko da, betiere hirugarrenak kaltetzen ez badira. Horretarako, txostena aurkezteko epea amaitu baino lehen, idatziz adieraziko zaizkio horretarako dauden arrazoiak Gizarte Ongizateko Zinegotzigoari eta honek baiezkoa eman beharko du.

Informazio hori jaso ondoan, Udalak –Gizarte Ongizateko Zinegotzigoa dela medio– laburpen txostena prestatuko du, proiektuak gauzatzeari buruz eta horiei diru-laguntzak emateari buruz.

10.–Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituen GGKE onuraduna behartuta dago behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Tafallako Udalak finantzatu dituela.

11.–Finantza kontrola, arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honen bidez diru-laguntza jasotzen duten erakunde guztiak egonen dira Tafallako Udalak eta Udaleko Kontu-hartzailetza Orokorrak egiten dituen egiaztapen jarduketen menpe.

GGKEei edo erakunde onuradunei eginen zaie finantza kontrola, honakoak egiaztatzeko asmoz: funtsak behar bezala lortu direla, jasotako funtsak aplikatzeko betebeharrak betetzen direla, diru-laguntza ongi justifikatu dela, aurkeztutako justifikazioaren arabera diru-laguntzaren bidez finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna.

Diru-laguntza jaso duten GGKEek jarraipen eta justifikazio txostenak aurkeztu ondotik, deialdi honen 9. oinarrian ezarri bezala, unitate kudeatzaileak (Gizarte Ongizateko Zinegotzigoa) deialdiaren azken txostena eginen du. Azken txosten hori Tokiko Gobernu Batzarrera igorriko da, diru-laguntzen aprobetxamenduaren berri emateko eta espedientea ixteko.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, Administrazioaren esparruko ez betetzeak dira honako jokabide hauek, baldin eta dolua, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

–Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

–Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

–Diru-laguntza lortzearen ondorioz bere gain hartutako betebeharrak ez betetzea, entitate onuradunari edo, bestela, zuzenbidezko edo egitezko administrazioaren erantzule gisa aritu denari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

–Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

Ez betetzeen erantzule zuzena izanen da dirua eskuratu eta oinarri hauetako betebeharrak betetzen ez dituen GGKEa.

Itzuli beharraren eta –halakorik badago– zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak; alegia, betebeharrak saihestu (nahiz eta beren esku egon), ez betetzea ekarri duten erabakiak hartu edo beren mendekoen urraketa onartu zuten pertsona juridikoen administratzaileak.

Gainera, jardunak utzi dituzten pertsona juridikoek itzuli beharreko zenbatekoen eta ordaindu beharreko zehapenen erantzule subsidiarioak izanen dira egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta entitate interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatzen denaren arabera tramitatuko da espediente hori.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

–Bost urte arteko epean diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

–Bost urte arteko epean Estatuarekin eta beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

Diruzko isunak ez du loturarik aurreko artikuluan aipatzen den dirua itzuli beharrarekin.

Artikulu horretako arau-hausteen zehapenak mailaz mailakoak izanen dira, alderdi hauek kontuan hartzen direla:

–Pertsona edo entitateen fede ona ala txarra.

–Diru-laguntzen eta laguntzen arloan arau-hausteak behin eta berriz egitea.

–Administrazioaren ikerketa lanari edo araudi aplikagarrian xedatzen diren finantza kontroleko lanei aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

–Bost urtean Tafallako Udalaren diru-laguntzak jasotzeko aukera kenduko da, gastuak frogatzeko gezurrezko fakturak erabiliz gero.

Diru-laguntza ematen duen organoak hartuko du erabakia eta ezarriko ditu zehapenak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Administrazio Prozedurari buruzko Legearen VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

12.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Kasu jakin batzuetan, jasotako zenbatekoaren zati bat edo zenbateko osoa itzuli beharko da eta, hala badagokio, garapenerako lankidetza proiektu eta hitzarmenen bidez sortu diren diru-sarrera finantzarioak eta diru-laguntzak sorrarazitako korrituak; orobat, itzuli beharko dira diru-laguntza ordaindu den unetik itzuli behar dela erabaki arte diru-laguntzak izan dituen berandutza korrituak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 30/2003 Lege Orokorra). Honako kasuetan itzuli beharko dira:

1.–Justifikatu beharra ez betetzea.

2.–Eskatzen ziren baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.

3.–Finantza erakundeari diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako dirua edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak atxikitzea erabaki dezakete, baita zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak atxikitzea ere.

Harturiko dirua hein batean itzuli eta dagokion berandutza korritua ordaindu beharra izanen da, baldin eta diru-laguntza izan duten gastuak ez badira justifikatzen edo proiektua gauzatzean izandako diru-sarrerak (edonolakoak) gastuak baino handiagoak badira.

13.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIEN ERANSKINAK, GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEEKIN LANKIDETZA PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO

2015EKO DEIALDIA

1. eranskina. Eskaera-Eskabidea.

2. eranskina. P roiektuak aurkezteko inprimakia.

3. eranskina. Eredua, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuen arrazoiak adierazteko.

Fitxategiak PDF formatuan daude, behera kargatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: L1511582