165. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

528E/2015 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aldatzen da Kasedako udal mugapean bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua, 1. makinan heste artifiziala fabrikatzeko proiekturako. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 0232/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 198E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 9ko 323E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

2009ko martxoaren 31n, enpresak eskaera aurkeztu zuen, Ingurumen baimen integratuan aldaketa ez-funtsezkoa egiteko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendua). Enpresak aurkeztutako agirien arabera, hauxe izanen da ekoizpen prozesuko aldaketa: 1. makina (1. nabea) izenekoa eraldatzea, eta, hala, kolagenoko heste artifiziala fabrikatzetik zelulosako hestea fabrikatzera igaroko da.

2009ko apirilaren 15ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten bat eman zuen, eta hartan aldaketa hau garrantzirik gabekotzat jo, ez baitzuen muntako aldaketarik ekartzen instalazioaren funtzionamendu orokorrean, eta, gainera, instalazioaren funtzionamendua sinplifikatu eginen zuen (1. nabea eta hondakin uren araztegia). Titularrak aurkeztutako agirietan ez zen agertzen gasak garbitzeko ekipo bat jarriko dela, aire isuriak tratatzeko, ezta emisio foku berri bat izanen dela ere.

Berrikiago, 2014ko urriaren 6an, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua, 1. makinan zelulosako heste artifiziala fabrikatzeko proiektua gauzatzeko, baina emisio foku berri bat jaso zuen bertan, gasak garbitzeko ekipo bat jartzeari loturik, 1. makinako aire isuriak tratatzeko.

Horrenbestez, 2014ko urriaren 13an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak hasierako irizpena aldatu zuen, oraingoan uste izanik aldaketa hori ez zela funtsezkoa, Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideekin bat, eta, hortaz, ez zela beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea, baina aldaketa nabarmena zela erabaki zuen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baitzituen instalazioaren funtzionamendu baldintzetan, Ingurumen baimen integratuan jaso beharrekoak, eta jadanik baimen hori baduenez, aldatu beharra dago.

2015eko maiatzaren 29an, titularrak Ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua burutu ahal izateko, hau da, zelulosako heste artifiziala fabrikatzeko makina bat jartzea 1. makinan.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horregatik guztiagatik eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera.

EBATZI DUT:

Lehena.–Kasedako udal mugapean bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, 1. makinan heste artifiziala fabrikatzeko proiektua burutzearren. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2015eko uztailaren 23an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1510871