165. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

527E/2015 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Faltzesko Udalak sustatutako Faltzesko Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Faltzesko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2013ko urriaren 15ean egindako txostenarekin hasi zen Faltzesko Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura. Txosten horretan zehaztu ziren Hirigintzako Udal Plana eta Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumenari dagokionez kontuan hartu beharreko alderdiak; horien artean azpimarratzen ziren udalerriak naturaren, paisaiaren eta ingurumenaren aldetik dituen balioak eta hirigintzako proposamenak zekarren uholde arriskuaren azterlana. Geroago, 2014ko irailaren 17an, ingurumen ondorioen azterlana aski zela adierazi zen txosten baten bidez, eta berretsi zen planeamenduaren barnean uholde arriskuaren zonifikazioa sartu beharra.

Faltzesko Udalak 2014ko irailaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez Hirigintza Plana onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen 2014ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 3an, argitaratutako iragarki baten bidez. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenean zehaztutako alderdien zati bat biltzen da jendaurrean jarritako dokumentazioan.

Faltzesko Udal Plan Orokorraren funtsezko helburuak dira udalerria modu jasangarrian garatzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan zehaztu bezala. Era berean, indarra duen planeamendua eguneratu eta egokitu da, 35/2005 Foru Legean eta Ebroko Ardatza LAP 5ean ezarritakoaren arabera. Egungo hiri ehunaren iraupena segurtatzeaz eta hobetzeaz landa, planaren bidez lurzoru premiak konpondu nahi dira bizitegietarako, ekipamenduetarako nahiz jarduera ekonomikoetarako, eta balioetsi nahi da alde zaharreko kultur ondarea; orobat, luizi arriskuak eta haien ondorioak aztertu nahi dira hirigunearen inguruko eremuetan.

Faltzesko Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 115 km². Lurraldearen gaitasunek eta ingurumen balioei buruz, uholde arriskuaren ondorioei buruz eta luizi arriskuei buruz beharrezkoak diren babesek garapen eredu trinkoa eratzen dute gaur egungo Faltzesko hirigunearentzat, Arga ugaldearen eta haitzen artean. Faltzesko lurralde egituraren osagai nabarmena ipar-hegoalde lerroa da, Arga ugaldeak eta bere trazaduraren inguruko ibai sistemak taxutua; bertze bat dira unitate geomorfologiko handiak, udalerrian honela identifikatzen direnak: terraza garaiak, ibarrak eta uholde-lautadak eta igeltsuzko malkarrak.

Hirigintza Plana prestatzeko prozesuan hiru aukera aztertu dira bizitegietarako, industriarako eta hirigunea zaharberritzeko eremuen proposamenetarako. Bakoitza baloratu ondoan irizpide sozial eta ekonomikoak eta xedeak betetzeari dagozkionak erabilita, azkenean hautaturiko hirigintza aukera bateragarria da ingurumenaren ikuspegitik begiratuta:

–Proposatzen da bizitegiak hegoalderantz haztea (SUR-1 eta SUR-2), eta erreserbatzen da Arga ugaldearen eta haitzaren artean dagoen lur zerrenda guztia, garapen eredua zaindu beharrez.

–Jarduera ekonomikorako eremutako finkatzen da NA 6210 eta NA 6100 errepideen arteko gurutzagunearen inguruko industria eremua, eta ingurune hurbileko lurzoruekin osatua (SUI-2, 3 eta 4), 10 hektareako azalera gehituta. Herrian berean, hirigunea ixten da, industriarako eta/edo biltegietarako lurzoruko sektore batekin, eta hegoaldeko muturrean eremu bat erreserbatzen da nekazaritzari lotutako lokaletarako.

Lurzoruaren eraldaketa gauzatzen da nagusiki nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen diren lurretan, hiri lurzoruekiko mugan. Proposamen honek ez du eraginik ibai sarean, ezta landaredia interesgarria duten barrutietan edo ingurumenaren eta/edo paisaiaren aldetik balio nabarmenak ageri dituztenetan ere. Urpean gelditzeko aukerei dagokienez, SUR 1 sektorean uholde arriskua ertaina eta apala da; SUR 2 sektorean eta SUI 1-en zati txiki batean, berriz, arrisku apala.

Lurzoruaren eraldaketa gauzatzen da nagusiki nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen diren lurretan, hiri lurzoruekiko mugan. Proposamen honek ez du eraginik ibai sarean, ezta landaredia interesgarria duten barrutietan edo ingurumenaren eta/edo paisaiaren aldetik balio nabarmenak ageri dituztenetan ere. Urpean gelditzeko aukerei dagokienez, SUR 1 sektorean uholde arriskua ertaina eta apala da, SUR 2 sektorean eta SUI 1-en zati txiki batean, berriz, arrisku apala. Ur Zerbitzuak, 2015eko uztailaren 20ko txostenean, urpean gelditzeko diren arriskuekiko bateragarria iritzi zion hirigintza proposamenari. Hala ere, gainerako lurzoru urbanizaezinerako sartu beharko da, lurzoru urbanizaezinaren sailkapenean, “Uholde arriskuaren ebaluazioari, kudeaketari eta lurralde antolamenduari buruzko azterlanean” (2010) arriskuaz agertzen den zonifikazioa.

Arlas errekarekin muga egiten duen industria eremuari dagokionez, Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak izeneko BILaren barnean baitago, proposamenak ez dakar ingurumenaren gaineko eraginik haren gainean. Hala ere, konektore biologikoa eta gune sentikorra denez, eremu hori handituz gero, ekialderantz egin beharko da, bere inguruko lurzoruak ez eraldatzeko.

Alor berean eta abelbideei dagokienez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldeko txostena luzatu du, eta hartan adierazi zerbitzu horrek berak eginen duela 21. eta 5. iraganbideen (SUI 2 eta 3 sektoreak eta AA1-15 eta AAI-API-1) ondoko eremuak, 21. eta 5. iraganbideekin muga egiten dutenak, garatzeko tresnen gaineko txostena. Hirigunearen ekialdean da espazio libre publikoaren kategorian sarturiko ekipamendurako lurzorua; hari dagokionez, kontuan hartu beharko da Foru Komunitateko jabari publikoko ondasunak direla 5. iraganbidean, 5. iraganbideko bidebanatzean eta El Vergelilloko adarrean dauden abelbideak; beraz, ez dira kontatu behar espazio libre/berdegune/sistema orokorretarako m²/biz-ei dagokienez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak nahi bezala. Betiere, azalera horri atxikitzen ahalko zaio modu osagarrian, baina ez ordeztu, espazio, erabilera eta titular desberdinak direlakoz.

Ukipen akustikoak Faltzesko Udal Planaren barneko Hotsaren azterlanean baloratzen dira; hartan egiaztatzen da betetzen ote diren egungo eremu urbanizatuetarako eta proposatutako eremu berrietarako hotsaren kalitatearen arloan ezarri diren xedeak. Orobat, soinuen zonifikazioren planoa gehitu da, udalerriko hirigintza proposamenaren barnean, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duen gisan.

Udal mugapearen gainerako aldeetarako, landalurraren antolamenduari heltzen zaio lurra babestu eta gorde beharreko lurzoruaren kategorian sartuz, Ingurumen ondorioen azterlanak biltzen duen aldez aurreko azterketatik abiatuta; azterketa horrek ekartzen ditu udalerriko ingurune fisikoaren datuak (klima, geologia, edafologia, hidrologia, ...) eta udalerriko natur balioen gainekoak.

Faltzesko lurraldeko ingurumen balioen kontserbazioa lurzoru urbanizaezinaren sailkapenari eta kategorizazioaren bidez bermatzen da.

Ingurumen balioari begiraturik, sartu dira ingurumen balioa izateagatik LAP 5ean definituriko babes bereziko eremuak, hala nola Arga ugaldeko eta sakan mediterraneoetako ibai sistema, estepako hegaztiak zaintzeko Baigorrana-Usón intereseko eremua, igeltsuzko labarren paisaia naturala eta interes bereziko landaredia (IBL).

Interes bereziko landaredia (IBL) lurzoru gipsifiloei loturiko larre eta sastrakei dagokie; haren kasu zehatzean, Hirigintza Planak egindako eskalak eta doikuntzak berekin dakarte mugapen zuzena, gisa honetara zuzenduz LAP 5ean atzemandako okerra. IBL eremuak osatzeko, bereziki Estellerriko Erriberako igeltsuak BILetik kanpora gelditzen direnak, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2015eko uztailaren 15eko txostenak barruti horien kartografia geoerreferentziatua dakar.

Orobat sartzen dira Sotos del Arquillo eta Barbaracesko erreserba naturala (EN 28), Sotos de la Muga natur lekunearen (NL-22) eta Leringo pinudien (NL-3) periferiako eremuak eta Estellerriko Erriberako igeltsuak BILa, Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak BILa, Batasunaren intereseko habitatak eta ingurumen balioko zuhaizti eta zuhaixkak.

Habitatei eta haien irudikapen grafikoari dagokienez, kontuan hartu beharra dago habitaten esparruak Habitaten Inbentario Nazionaletik heldu direla, 1:50.000 eskalan. Beraz, zehaztasun handiagoko eskalan tratamendua emateko, beharrezkoa da eskala doitzea habitataren mugapen egokia bertatik bertara eginez. Aldez aurreko doikuntza hori egin ez denez, eta ikusirik sortzen diren okerrak, ez da bidezkoa hirigintzako azpikategoriarik definitzea habitatetarako.

Ureztalur nahiz lehorreko lur, udalerrian nekazaritzari emanik dagoen azalera handia ustiatze naturalerako balioa duen lurzoru gisa biltzen da.

Kultur ondareari dagokionez, aztarnategi arkeologikoez eta abelbideez landa, katalogoa sartu da, toki intereseko ondasunak bereganatzen dituena, hala nola intereseko bideak (Milagrotik Aezkoarako errege altxonbidea), interes kultural eta etnologikoko ibilbideak (El Pilón erreka-zuloa) eta nekazaritzan eta abeltzaintzan laguntzeko etxola tradizionalak.

Udalerriko arriskurik handienak uholdeei eta luiziei loturik daude. Uholde arriskuari dagokionez, Ur Zerbitzuak adierazi du Planean sartu behar dela “Uholde arriskuaren ebaluazioari, kudeaketari eta lurralde antolamenduari buruzko azterlanean” (2010) arriskuaz agertzen den zonifikazioa. Luizi arriskuez den bezainbatean, berriz, igeltsuzko eta buztinezko labarrak identifikatu dira. Igeltsuzko malkar hauek nortasun handiko osagaiak dira udalerrian eta balioa dute paisaiaren aldetik; nolanahi ere, materialen eroriko, hondorapen eta erroizteen ondoriozko arriskuen aurreikuspena planeamenduan jasorik dago, labarraren zolan eta kaskoan 50 m-ko babes zerrenda ezarrita eta hartan eraikuntza jarduerak debekatuta.

2014ko urriaren 6an sartu zen Faltzesko Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.

Espedientean, Uraren Zerbitzuaren 2013ko urriaren 14ko eta 2015eko uztailaren 20ko txostenak, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2014ko azaroaren 7koa daude jasota.

Agiri guztiak azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Faltzesko Hirigintzako Planaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintza ezarrita.

Horrenbertzez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Faltsezko Hirigintzako Udal Planaren alde, Faltsezko Udalak sustaturik.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematen da baldin determinazio hauek betetzen badira:

–Abelbideen trazadurak zeharkatzen dituen sektoreez (SU I4 sektorea, AA1 15 eta AAI-API-1) den bezainbatean, Udal Plana garatzeko tresnek Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostena beharko dute eskumenei eta sektoreko legeria aplikagarriari dagokienez.

–Lurzoru urbanizaezinaren sailkapena bere azpikategoria desberdinetan, irizpide hauen arabera osatuko da:

  • Interes bereziko landarediko eremuak (IBL) berrikusi eta zuzenduko dira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak igorritako kartografiatik abiatuta.
  • Uholde arriskuaren zonifikazioa sartuko da; haren araubidea LAP5aren PN 4 eta 5. eranskinetan adierazten da.
  • Planeamenduaren eta Batasunaren intereseko habitaten mugapenaren artean eskalari dagokionez dauden aldeak direla-eta sortzen diren okerren ondorioz, ez da bidezkoa hirigintzako azpikategoriarik ezartzea lehenago eskala doitzen ez bada.

–Bertze agiri bat erantsiko da zehazteko nola sartuko diren ingurumen arloko aginduak araudian, kartografian, memorian edo ingurumen ondorioen azterlanean, kasua zein den.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Faltzesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko uztailaren 23an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1510868