1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
186/2015 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren eta foruzainburuaren esku uzten duena ibilgailuak zentro baimenduetara eraman eta entregatzeko kudeaketa, abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren instalazioetan bildu eta gordeta baitaude.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 85. artikuluak, azaroaren 23ko 18/2009 Legeak emandako idazkeraren arabera, ezartzen du trafikoa kudeatzeaz arduratzen den agintaritzak ibilgailuak eremutik kendu eta horretarako esleituta dauden lekuetan gordetzen ahal dituela, honako inguruabar hauek gertatzen direnean: ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari traba larria egitea, zerbitzu edo ondare publikoa hondatzea, istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzea, eta legez ezarritako prozeduren arabera edo antzeko arrazoien arabera ibilgetuta izatea.
Bestetik, aipatutako legearen 86. artikuluak ezartzen du trafikoaren kudeaketaren arloan eskumena duen administrazioak agintzen ahalko duela ibilgailuak eramateko haiek tratatzeko zentro baimendu batera, haiek desegin eta deskontamina ditzaten, administrazioak ibilgailua ibilgetu edo eremu publikotik kendu eta altxatu denetik bi hilabete baino gehiago iragan eta titularrak alegaziorik egin ez duenean. Eramateko agindua eman aurretik, ibilgailuaren titularrari eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hori egin ezean hilabeteko epean tratatzeko zentro baimendura eramanen dela. Dena den, artikulu beraren hirugarren idatz-zatiaren arabera, trafikoaren arloan eskumena duten autonomia erkidegoetako organoek, zeinek bere jarduketa esparruan, ibilgailua desegin ordez trafikoa zaindu eta kontrolatzeko zerbitzuei esleitzea erabakitzen ahalko dute.
Nafarroako Foruzaingoak eskudantzia horiek erabiltzeko titulartasun publikoko lurrak erabili behar dira ibilgailuak gordetzeko, eremu horien edukiera mugatua izanik. Espazioak beteta daudela kontuan hartu behar da eta, horrez gain, ibilgailuak entregatu beharra dagoela, bizitza erabilgarriaren bukaeran dauden ibilgailuen kudeaketari buruzko abenduaren 20ko 1383/2002 Errege Dekretuan ezarritako ingurumeneko eskakizun batzuen arabera.
Horregatik guztiagatik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuari loturik Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz,
EBATZI DUT:
1. Foruzainburuaren eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea ibilgailuak zentro baimenduetara eraman eta entregatzeko kudeaketa, abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren instalazioetan bildu eta gordeta baitaude.
2. Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea aipatutako ibilgailuak berrikusi eta haien egoera aztertzea. Azterketa horretatik ibilgailua erabiltzen ahal dela ondorioztatzen bada, ondasuna entregatu eta suntsitu beharrean mantendu egiten ahalko da eta erabiltzeko esleitu Barneko Zuzendaritza Nagusiari edo Foruzaingoari, zirkulazioa zaindu eta kontrolatzeko zerbitzuetarako.
3. Ebazpen hau foruzainburuari, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2015eko abuztuaren 6an.–Barneko zuzendari nagusia, Francisco José Fernández Elizalde.
Iragarkiaren kodea: F1511413