160. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1113/2015 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan ikerketa komisionatu bat sustatzeko deialdiaren oinarriak ezartzen dituena.

Osasun Departamentuak bere gain hartzen du Osasun Zientzien arloko ikerketa Nafarroan sustatzeko ardura, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 1/2007 Legeak ezarritako esparruan, eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko.

Ebazpen honek helburu du Ikerketa sustatzeko programan aurreikusitako ekimen bat egitea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan (Osasun Departamentuak onetsia da), ikerketa komisionatuko proiektuak egiteko laguntzen deialdiari dagokionez.

Hori dela-eta, Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Zuzendaritzak proposatuta eta Ogasunak Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasunarekin, Osasun Zuzendaritza Nagusiak irizten du egokia dela ikerketa komisionatuko proiektuen 2015eko deialdia egitea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan ikerketa komisionatu bat sustatzeko deialdiaren oinarriak ezartzea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan xedatutakoarekin bat.

2. Guztira 20.000,00 euroko gastua baimentzea proiektuen deialdia finantzatzeko, 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikerketa sustatzeko proiektua” izeneko 512002 51350 6095 465100 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko ekainaren 30ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Ansa Erice.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan ikerketa komisionatuko proiektu bat sustatzea ondoko gaian: “Botiken arrazoizko erabilera: botiken preskripzioa asko hartzen dituztenei”.

2.–Proiektuek bete beharreko baldintza teknikoak.

Laguntzak eskuratu ahal izateko, proposatzen diren proiektuek II. eranskinean ezarritako berariazko baldintzak bete behar dituzte.

3.–Eskatzaileak eta ikerketa taldearen betebeharrak.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzarekin funtzionarioen, estatutupekoen edo lan-kontratudunen lotura izan behar du ikertzaile nagusiak, laguntza eskatzen denetik kontzesioa ebazten den arte.

Ikerketa taldea diziplina anitzekoa izanen da, eta gutxienez II. eranskinean ezarritako lanbide profilak bildu behar dira haren osaeran. Ez dira ikerketa taldeko kidetzat hartuko aholkularitzako eginkizunak bakarrik egiten dituzten kideak.

Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahalko, baina bai, ordea, ikerketa taldeko kide.

4.–Finantzatzen ahal diren gastuak.

Ikerketa proiektuaren finantziazioa ezin da 20.000,00 eurotik gorakoa izan.

Ondoren azalduko diren gastuak ordaintzeko erabiliko dira esleitzen den laguntza, baldin proiektuaren gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude:

–Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, langile teknikoak kontratatu daitezke (salbu parte hartzen duten erakundeetako funtzionarioak, estatutupekoak eta lan-kontratudunak), eta aurreikusten den denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira proiektuan.

Proiektua gauzatzeko beste gastu batzuk, honakoak barne:

a) Material suntsigarria.

b) Zerbitzu profesionalak, eta komeni da orduka zenbatzea, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

c) Bidaia gastuak, bilera zientifikoetara joatekoak eta ikerketaren emaitzak zabaltzeko gastuak.

d) Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak.

Ikerketa taldeko kideek, prestakuntza espezializatuaren aldian dauden profesionalak barne, ezin izanen dute ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

Kasu guztietan, gastuak behar bezala justifikatuko dira, eta beharrezkoak izanen dira proiektuaren helburua lortzeko.

Laguntzak bateragarriak dira xede bererako lortzen diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin, betiere laguntzek guztira ez badute gainditzen finantzatu beharreko zenbatekoa. Hala gertatzen bada, esleitutako zenbatekoa murriztu eginen da gehieneko mugaraino.

5.–Proiektuaren gehieneko iraupena.

Proiektuak 12 hilabete iraunen du gehienez.

6.–Eskaerak.

6.1. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria.–Ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide bakoitzak sinatutako eskaera.

2. agiria.–Ikerketa proiektuaren memoria, eta haren atalen artean erantsi behar dira emaitzak aplikatuta aurreikusten den eragina eta aurrekontu xehakatua.

3. agiria.–Ikertzaile nagusiaren eta taldeko gainerako kideen curriculum vitae-a, bertan adierazita zein diren alderdirik interesgarrienak proiekturako, deialdi honetarako eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera beterik.

4. agiria.–Ikerketa taldeko kideen zentro edo erakunde bakoitzeko zuzendariak sinatutako txostena, baimena emanez proiektua egiteko eta zehaztuz eskatutako orduetatik zenbat ordu konputatuko diren horretarako ikertzaileen lanaldi arruntaren barnean.

5. agiria.–Nafarroako Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoak egindako txostena. Proiektua aurkezteko unean nahikoa izanen da eskaera Batzordeari aurkeztea, eta laguntza esleitzeko ebazpena eman aurretik aurkeztu beharko da baimena.

6.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.navarra.es).

7.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Erregistroan edo erregistro elektronikoan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

7.3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, jakinarazpen elektronikoaren bidez eskatuko zaio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta ohartaraziko zaio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

8.–Ebaluazioaren Batzorde Teknikoak.

Aurkeztutako eskaerak ondoko osaera izanen duen batzorde tekniko batek baloratuko ditu:

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzko Ikerketa Batzordeko kideak.

–Osasun Departamentuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua eta Ikerketa Bulegoko burua.

–Miguel Servet fundazioaren ordezkari bat.

9.–Eskaeren balorazioa.

Ebaluazioaren Batzorde Teknikoak ondoko irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

1. Proiektuaren kalitate teknikoa eta metodologikoa. 50 puntu gehienez. Atal honetan hauek baloratuko dira:

–Proposamenaren formulazioa, argitasuna, bidezkotasuna eta zehaztasuna.

–Gaiari buruz aldez aurretik izandako ezagutza eta aurkeztutako bibliografiaren garrantzia.

–Metodologiaren egokitasuna.

–Proposamenen originaltasuna eta berrikuntza.

2. Proiektuaren bideragarritasuna.

2.1. Proiektuan programatutako gaietan eta jardueretan ikerketa taldeak duen esperientzia. 20 puntu gehienez. Atal honetan hauek baloratuko dira:

–Gaitasun zientifikoa eta teknikoa eta ikerketaren gaiaren arloan aurretik izandako esperientzia, bai ikertzaile nagusiarena bai ikerketa taldeko gainerako kideena.

–Ebaluazio ikerketaren arloan izandako esperientzia, batik bat ikertzaile nagusiaren kasuan.

2.2. Proposatutako proiektuaren aurrekontua eta lan plangintza. 15 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Lan plangintza, zereginen banaketa eta kronograma.

–Eskura dauden baliabideak eta aurreikusten direnak nola egokitzen diren.

–Kudeatzeko gaitasuna.

–Eskatutako aurrekontua proiektuko helburuetara nola egokitzen den.

3. Zentro anitzekoa, lankidetzakoa eta diziplina anitzekoa izatea. 10 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Ikerketa taldea diziplina askotariko kideek osatzea.

–Zentroen eta/edo ikerketa taldeen arteko lankidetza maila.

–Lankidetza unibertsitateekin eta beste erakunde publikoekin, pribatuekin eta abarrekin.

4. Ikertzeko dohaina sustatzea. 5 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Nabarmendu bidean dabilen ikertzaile bat burutzan duen proiektua. Halakotzat joko dira ikertzaile nagusi gisa aldez aurretik lehiakortasuneko finantzabiderik izan ez dutenak, hura I+G+Bko plan nazionalarena izan, edo Carlos III.a Institutuaren Osasunaren Ekintza Estrategikoarena, Europar Batasuneko deialdiena edo Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuarena izan; halaber, lehenengo edo azken autore gisa, harremanetarako autore gisa, gutxienez 3 argitalpen izan behar dituzte azken 5 urtean, Journal Citation Report-ean indexatuak.

–Prestakuntza espezializatuaren aldian dauden profesionalen parte-hartzea.

Finantziazioa lortzeko, proiektuek gutxienez 25 puntu lortu behar dituzte 1. atalean (proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa) eta gutxienez 10 puntu, berriz, 2. atalean (proiektuaren bideragarritasuna).

Ebaluazioaren Batzorde Teknikoak emanen du finantzabidea jasoko duten proiektuen proposamen arrazoitua. Finantzagarritzat jotako proiektu bakoitzaren aurrekontua eraginkortasunik handieneko irizpideak erabiliz zehaztuko da eskura dauden baliabideak banatzeko orduan.

10.–Ikerketarako laguntzen kontzesioa.

Ebaluazioaren Batzorde Teknikoaren proposamen arrazoitua ikusita, Osasun Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du zer ikerketa proiektu izanen den 2015ean Osasun Departamentuaren ikerketa komisionatua egiteko laguntzen onuradun, ematen diren laguntzen zenbatekoa eta gastu kontzeptuak adierazita.

Hartutako erabakia eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan egonen da ikusgai (www.navarra.es).

11.–Proiektuaren ikuskapena.

Proiektuek behar adinako kalitatearekin gauzatuko direla bermatzeko, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak frogatutako esperientzia duen teknikari bat izendatuko du. Hark ikuskapen eta tutorizazio jarraituak eginen ditu bere eskumenari dagokion ikerketa proiektuaren aurrerapenaz.

Proiektua gauzatzeko ezarritako denbora erdia iraganda, ikertzaile nagusiak gauzatutakoari buruzko memoria eguneratu bat aurkeztu beharko du, non jasoko baitira haren aurrerapenak eta, hala balegokio, lortutako behin-behineko emaitzak. Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera igorriko da memoria hori.

12.–Proiektuaren kudeaketa eta ordaintzeko prozedurak.

Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura izanen da. Nolanahi ere, Miguel Servet fundazioa proiektuaren entitate kudeatzaile gisa arituko da. Horretarako, lankidetza hitzarmen bat sinatuko du ikertzaile nagusiarekin.

Proiektuari esleitutako zenbatekoa ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da, Miguel Servet fundazioaren kontularitzako kontuan, onartzeko agiria eta Miguel Servet fundazioaren eta ikertzaile nagusiaren arteko lankidetza hitzarmena egin ondoan.

13.–Proiektua gauzatzea.

13.1. Proiektua deialdi honetan eta ikertzaile nagusiak sinatzen duen onarpen agirian aurreikusitako terminoetan garatuko da.

13.2. Proiektuan aurreikusitako garapenean suertatzen den edozein gorabehera edo aldakuntza idatziz baimendu beharko du aldez aurretik Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak.

Proiektua garatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota ezberdinei esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskaera egin beharko dio, idatziz eta behar bezala arrazoituz, Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari.

Egindako lana aurreikusitako garapenari ez zaiola egokitzen frogatzen bada, Osasun Zuzendaritza Nagusiak, Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak egindako txosten arrazoitua ikusita, bertan behera uzten ahalko du proiektuaren finantzaketa, izan daitezkeen erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

14.–Proiektuaren amaiera.

Ikerketa amaitu eta bi hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak amaierako memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuan, xehetasun hauekin:

a) Memoria tekniko bat, ikerketa komisionatuko azterlaneko emaitzekin. II. eranskinean zehazten diren alderdi guztiak jaso beharko ditu, eta proiektuaren laburpen bat ekarriko du, 2 orrikoa gehienez. Laburpen hori Osasun Departamentuaren “Anales del Sistema Sanitario de Navarra” izeneko aldizkarian argitaratzen ahalko da, Osasun Departamentuak onarturiko proiektuen sailean.

b) Ikerketaren eraginari buruzko memoria teknikoa: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa.

c) Memoria ekonomikoa, non izandako gastuak justifikatuko baitira emandako finantzaketari dagokionez.

Proiektuaren garapenak eskatzen badu, ikertzaile nagusiak Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari amaierako memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio, behar bezala arrazoituta.

15.–Konpromiso osagarriak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo ikerketa proiektuaren ondoriozko emaitzen zabalkunde orokorretan, deialdi honen bidezko finantzabidea izan dela zehaztu beharko da. Produkzio horien berri emanen zaio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, proiektuaren espediente zenbakia zehaztuta, baita separatak ere, argitalpena egiten denean, amaierako memoria noiz igorri zen kontuan izan gabe.

Finantzaketa onartzeak ebazpen honetan ezarritako baldintzak onartzea dakar ikerketa taldearentzat.

Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarririko betebeharrak edo proiektua onartzeko agirian ezarririko baldintzak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utzi eta kobraturiko dirua itzuli beharko da, izan litekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

Ikerketa proiektu horretarako beste edozein motatako laguntza edo diru-laguntzarik ematen baldin bada, horren berri eman beharko zaio Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari jakinaraz diezaion. Azken horrek ikerketa proiektuaren esleipen ekonomikoaren baldintzak aldatzen ahalko ditu.

II. ERANSKINA

Finantzatu beharreko proiektuaren baldintza teknikoak

Gaia.

Botiken arrazoizko erabilera: botiken preskripzioa asko hartzen dituztenei.

–Helburua.

  • Botika asko hartzen dituzten gaixoei egiten zaien preskripzioaren kalitatea hobetzeko tresnak eta metodologiak ematea, ondokoak barne: botiken arrazoizko erabilera, botiken noizean behineko berrikuspena eta botiken kontziliazioa laguntzen trantsizioetan.

–Metodoa.

  • Egoeraren azterketa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, hauek barne: botika asko hartzen dituzten gaixoen kopurua, botiken kontziliazioak eta berrikuspenak egiteko tresna eta prozedura eskuragarriak O-NOZen eta gaur egun O-NOZen egiten ari diren jarduketak.
  • Estrategia nagusiak identifikatzea botika asko hartzen dituzten gaixoenganako arretaren kalitatea hobetzeko, bereziki Nafarroako gaixo kroniko eta pluripatologikoei laguntza emateko programan dauden gaixoenganakoarena.
  • Estrategia desberdinak erabiltzearen alde on eta txarrak zehaztea, eskura dagoen frogabide zientifikoan oinarrituta, hauek zehaztuta: jarduketa bakoitza nork egin behar duen, zein populazioarekin, nola eta noiz.
  • Aldez aurretik hautatutako esku-hartzea profesionalen lagin bati eta/edo botika asko hartzen dituzten gaixo kolektibo bati aplikatzea. Lagina edo kolektiboa adierazgarria izan behar da, eta ondorio sendoak ateratzeko behar bezain handia.
  • Ebaluatzea profesionalentzat nolako erabilgarritasuna duten aplikatutako esku-hartzearen emaitzek haien aholku klinikoak bideratzeko eta gaixoaren erantzuna ebaluatzeko.
  • Aurkitzen diren arazo eta oztopoak identifikatzea, eta horiek gainditzeko neurriak proposatzea.

–Taldearen osaera:

  • Ikerketa taldea diziplina askotariko kideek osatuko dute. Gutxienez, familiaren eta komunitate-medikuntzako espezialista bat egonen da, baita farmazialari bat eta erizaintzako profesional bat ere.

–Aurreikusten den azken produktua:

  • Botika asko hartzen dituztenen egoera ebaluatzeko azterlana, bereziki Nafarroako gaixo kronikoen eta pluripatologikoena, abiapuntua izan dadin hobetzeko esku-hartzeen prestaketan.
  • Beharrezko tresna, metodologia eta baliabideak proposatzen dituen txostena, eguneroko jardun klinikoan botika asko hartzen dituzten gaixoei ematen zaien arreta hobetzeko.

Iragarkiaren kodea: F1510195