1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
310/2015 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdia onesten da, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2015-2016 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektuetan esku hartzeko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren atariko tituluko I. kapituluaren 1. artikuluko b) idatz-zatian ezarritakoaren arabera, ekitatea hezkuntzaren printzipio eta helburu bat da. Horri esker, nortasuna hezkuntzaren bidez erabat garatzeko aukera-berdintasuna, hezkuntzan txertatzeko aukera, diskriminazioa gainditzen laguntzen duen eskubide eta aukera berdintasuna eta hezkuntzarako sarbidea bermatzen dira, eta desberdintasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak konpentsatzeko tresna da.
Orobat, haren II. tituluko II. kapituluaren 80. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera, hezkuntzarako eskubidea erabiltzean berdintasun printzipioa gauzatzeko, administrazio publikoek konpentsazio ekintzak garatuko dituzte, egoera ahulean dauden pertsona, talde eta lurraldeei dagokienez, eta horretarako baliabide ekonomikoak eta behar diren babesak emanen dituzte.
Artikulu horretako 2. idatz-zatiaren arabera, konpentsazio hezkuntzako politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak saihesteko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 72.5 artikuluak hauxe dio hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleei buruz: “hezkuntza administrazioek beste administrazio batzuekin, irabazi asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jardun ahal izango dute ikasle horien eskolatzea errazteko eta ikasle horiek ikastetxean hobeto txertatzeko”.
Oinarrizko gizarte zerbitzuak edo haien mankomunitateak jarduketa batzuk garatzen ari dira zenbait kolektibotako ikasleen absentismoari, eskola-porrotari, eskola-uzteari edo gizartetik baztertzeko arriskuari aurrea hartzeko.
Jarduketa horien artean nabarmentzekoa da hezkuntza komunitateari tresnak ematea ikasleen baldintza pertsonalak eta ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko. Horretarako, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala behar da familien eta ikastetxearen arteko harreman etengabea errazteko. Pertsona horiek beharrezkoak dira familiak bisitatzeko, haiekin elkarrizketak izateko eta gurasoen eta ikastetxearen arteko harreman malgua sustatzeko.
Hezkuntza Departamentuak badaki Nafarroan badaudela gizarte eta hezkuntzako egoerak non ikasleak eta haien familiak bazterturik edo gutxietsita dauden, bereziki etorkinen eta gutxiengoen artean. Horregatik erabaki du konpentsazio neurri zehatzak hartzea pertsona, talde eta lurralde horien alde.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txerta daitezen esku-hartze integralak sustatzeko, zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdia onets dadin, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2015-2016 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektu horietan esku hartzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak eta eranskinak onestea, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2015-2016 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektuetan esku hartzeko.
2. 33.000 euroko gehieneko gastua baimentzea. Horietatik 13.200 euro 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuetako “Gizartean eta hezkuntzan txertatzeko jardueretarako diru-laguntzak” izeneko 425009-42190-4819-322400 kontu-sailaren kargura ordainduko dira; eta gainerakoa, hots, 19.800 euro, 2016ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den kontu-sail baliokidearen kargura.
3. Ebazpen hau Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari jakinaraztea, bai eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio Proiektuetarako Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari ere.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2015eko ekainaren 30ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEI EDO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ESKOLAKO SUSTATZAILEA EDO BITARTEKARI SOZIOKULTURALA KONTRATA DEZATEN 2015-2016 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN GIZARTEAN ETA HEZKUNTZAN TXERTATZEKO EGITEN DIREN PROIEKTUETAN ESKU HARTZEKO
Oinarriak
Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen diren oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak ematea, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzea sustatzeko, honako hauen bidez:
1. Mekanismoak garatzea gizartean eta hezkuntzan txertatzen aritzen diren eskualdeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko.
2. Eskola huts egiten duten ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea hobetzea, erabat txerta daitezen.
3. Ikastetxean bizikidetza egokia bultzatzea, txertatzeko estrategia eta metodologia ezberdinak erabiliz; bereziki elkarreragin sozialeko jarrera positiboak sustatuko dira kultur ezberdinetako taldeen eta gutxiengoen artean.
4. Gatazka pertsonalak eta arrisku soziala dituzten ikasleak identifikatzea, eta kasu horietan laguntza emateko neurriak diseinatu eta gauzatzea.
5. Hezkuntza normalizazioan aurrera egitea ikasketa-arrakastaren tasak igotzeko.
6. Irakasleei eta hezkuntza komunitateari prestakuntza ematea eta parte hartzen uztea proiektuaren diseinu, garapen eta ebaluazioan.
Bigarrena.–Onuradunak.
Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko gizarte zerbitzuak edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak, betiere Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen badira.
Hirugarrena.–Proiektuaren ezaugarriak.
Eskualdeko ikastetxe batean edo batzuetan ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren programak edo proiektuak honen inguruan izan daitezke:
a) Eskolan, familian eta esparru soziokomunitarioan egiten den lana koordinatzea.
b) Hezkuntza komunitateak, erakundeek, gizarte zerbitzuek, elkarteek eta beste batzuek neurrien garapenean eta baliabide egokien erabileran parte hartzea, gatazka edo arrisku soziala duten ikasleen tratamendu eta suspertze lanari dagokionez.
c) Baztertzeko arriskuan diren ikasleak hartzea eta hezkuntza sisteman txertatzea.
d) Ohiko irakaskuntza eskolaz kanpoko jardueren bidez indartu eta orientatzea, hala nola ikaskuntza bideratuaren bidez, arlo instrumentalak sendotuz, gurasoak heziz, etab.
e) Ikastetxea beste erakunde, entitate eta elkarte batzuekin elkarlanean aritzea, ikasle horiek gizartean eta hezkuntzan txertatzeko programak garatzeko.
Laugarrena.–Agiriak.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten gizarte zerbitzuek edo haien mankomunitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea, 1. eranskinaren araberakoa.
b) Proiektuaren deskribapena, 2. eranskinaren araberakoa.
c) Proiektuari lotua dagoen ikastetxeko zuzendaritza taldearen oniritzia eta ikastetxe horretako Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen adostasuna. Proiektua ikastetxe batzuek egiten badute batera, eskabidea ikastetxe guztietako zuzendariek sinatu beharko dute.
Bosgarrena.–Aurkezteko epea.
Laugarren oinarrian aipatzen diren agiriak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietan edo ekainaren 21eko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.
Aurkezteko epea bukaturik, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta gizarte zerbitzuen mankomunitateek 7 egun naturaleko epea izanen dute agirietan egindako akatsak zuzentzeko.
Seigarrena.–Esleipena eta proiektuak baloratzeko irizpideak.
Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Kideak hauek izanen dira:
–Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.
–Inklusio Proiektuetarako Bulegoko burua.
–Inklusio Proiektuetarako Bulegoko teknikari bat.
Batzordeak irizpide eta baremo hauek kontuan hartuz baloratuko ditu proiektuak:
1. Gizarte eta hezkuntza arloko abiapuntuko egoeraren eta inguruaren azterketa sakon eta sistematikoa, esku-hartzearen xedeko arazoak argi identifikatuz: 20 puntu.
2. Proiektuak, gizarte eta hezkuntza aldetik eta aurreikuspenen arabera, bere xedeko komunitatean izanen duen eragina: 20 puntu.
3. Ebaluazio adierazle argien ezarpena proiektuaren jarduketa eremu guztietan: 20 puntu.
4. Aurkeztutako proiektuaren eta parte hartzen duten ikastetxeen aniztasunarekiko arreta planen arteko koherentzia: 20 puntu.
5. Proiektuaren izaera berritzaile eta inklusiboa, eta proiektuaren aplikagarritasuna hezkuntza, gizarte eta kultura inguruan: 10 puntu.
6. Aurrekontua proiektuaren helburuetara egokitzea: 10 puntu.
Proiektu bat ontzat hartzeko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.
11.000 euro, gehienez, emanen zaie puntu gehien lortzen dituzten hiru proiektuei.
Zazpigarrena.–Deialdia ebazteko prozedura.
Balorazio prozesua bukaturik, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak deialdia ebazteko proposamena eginen dio Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebatz dezan; oinarrizko gizarte zerbitzu eta/edo gizarte zerbitzuen mankomunitate interesdunei ere jakinaraziko zaie.
Zortzigarrena.–Laguntzaren ordainketa.
Laguntza Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko da, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Hiru ordainketa eginen dira: lehenbizikoan, emandako laguntzaren %40 ordainduko da 2015eko aurrekontuaren kargura; bigarrenean eta hirugarrenean, %30 ordainduko da bakoitzean, 2016ko aurrekontuaren kargura. Lehenbiziko ordainketa 2015eko abenduaren 30a baino lehen eginen da; bigarrena, 2016ko martxoaren 30a baino lehen; eta hirugarrena, 2016ko ekainaren 30a baino lehen.
Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa.
Emandako laguntza justifikatzeko, egindako zerbitzuen fakturak eta dagozkien ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte onuradunek. Abenduaren 31ra bitarte egindako gastuen egiaztagiriak (emandako laguntzaren %40ri dagozkionak) urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan. Bigarren ordainketa (laguntzaren %30ari dagokiona) 2016ko apirilaren 15a baino lehen justifikatuko da. Hirugarren ordainketa (gainerako %30ari dagokiona) 2016ko uztailaren 30a baino lehen justifikatuko da.
Hamargarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:
a) Zerbitzua diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.
b) Programaren publizitatea eta zabalkunde guztietan laguntza norena den adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten bada, Hezkuntza Departamentuaren logotipoa paratu beharko da, diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan.
c) Jasotako dirua itzultzea, programa gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak bete ezin badira, edo justifikatu ezina itzultzea, dena justifikatzerik ez badago; horrekin batera, berandutze-interesa eskatuko zaio diru-laguntza ordaintzen denetik, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak xedatzen duenaren arabera.
d) Jarduketen memoria aurkeztea, 3. eranskineko puntuei jarraikiz.
1. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: ......................, helbidea: .............................., kalea edo plaza: .........................., zenbakia: .........., telefonoa: ......................, NANa: ................., oinarrizko gizarte zerbitzu hau edo gizarte zerbitzuen mankomunitate hau ordezkatuz: ..................... IFZ: ........................................,
AZALTZEN DU:
2015eko ...... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ....aren .......... (e)an, argitaratutako deialdia (2015-2016 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egiten diren gizartean eta hezkuntzan txertatzeko proiektuetarako) ikusirik, eta eskatutako baldintzak betetzen dituelarik, deialdi horren oinarri guzti-guztiak onartzen ditu eta eskatutako agiri guztiak aurkeztu ditu.
ESKATZEN DU:
Eskabide hau onar dezazula, erantsita duen proiektuaren eskema eta guzti.
.......................(e)n, 2015eko ....................aren ......(e)an
2. ERANSKINA
1.–Proiektuaren deskribapena:
–Proiektuaren izena eta izenburua.
–Justifikazioa eta inguruaren azterketa:
–Abiapuntuko egoera.
–Esku-hartzearen mailak eta esparruak.
–Lan proiektuaren xede diren gizarte taldeak.
–Proiektuaren helburuak.
–Lortu nahi diren helburuen arabera gauzatu beharreko ekintzak.
–Metodologia: egutegia, giza baliabideak eta baliabide materialak.
–Hezkuntza eremuan gizarteratzeko neurri zuzentzaileak.
–Gizartean eta hezkuntzan txertatzea hobeki lantzeko eskolan berean edo eskolatik kanpo egin beharreko lanak.
–Aurrekontua eta aurreikusitako gastuen kontzeptuak.
2.–Arduradunen izenak:
–Proiektuaren koordinatzailea gizarte zerbitzuetan.
–Proiektuaren koordinatzailea ikastetxean.
–Gainerako parte-hartzaileek proiektua prestatu nahiz gauzatzeko beren gain hartzen dituzten eginkizunak edo lanak.
3. ERANSKINA
Memoria
1.–Programaren hedapenaren datuak.
–2015-2016 ikasturtean parte hartu duten ikasleen kopurua, eta haiekin garatutako jarduketak.
–Arreta jaso duten familien kopurua, eta garatu diren jarduketak.
2.–Mekanismoen garapena, ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzen aritzen diren eskualdeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko.
3.–Ikastetxeekin ezarritako koordinazio bideak, eskola huts egiten duten ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea nabarmenki hobetzeko, erabat txerta daitezen.
4.–Gatazka pertsonalak eta arrisku soziala dituzten ikasleen identifikazioa, eta kasu horietan laguntza emateko neurrien diseinu eta gauzatzea.
5.–Jarduketen eragina eskola absentismoaren kasu eta egoerak murrizteko.
6.–Aurrerapena hezkuntza normalizazioan, ikasketa-arrakastaren tasak igotzeko.
7.–Irakasleak prestatzeko eta hezkuntza komunitatea sentsibilizatzeko berariazko jarduerak egitea.
8.–Hobetzeko proposamenak.
9.–Gastuen frogagiriak.
Iragarkiaren kodea: F1509964