2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIRAUKI
Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroa kudeatzeko erregelamendua. Behin betiko onespena
Ziraukiko Udalak, 2015eko otsailaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, legez eskatutako gehiengoarekin onetsi zuen hasiera batean herriko Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroa kudeatzeko erregelamendua.
Iragarkia 2015eko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 23an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ziraukin, 2015eko uztailaren 27an.–Alkate udalburua, Victoriano Goldaraz Carmona.
ZIRAUKIKO PRESTAKUNTZA ETA AISIALDIRAKO ZENTROA
Zerbitzuaren kudeaketaren azterketa
Ziraukiko Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroa kudeatzea Ziraukiko Udalaren eskumena da, eta honako hau ezarri du zerbitzua emateko:
–Kulturaren eta Festen Batzordeak emanen du zerbitzua, eta Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroaren kudeaketa dinamizatu eta gainbegiratuko du.
–Zentroa erabiltzearen gaineko erregelamenduaren onespena, horren bidez azalduz lokalak uzteko baldintzak eta pertsona eta/edo erakunde erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
–Gelak erreserbatzeko/eskatzeko eta erabiltzeko prozedura, bai noiz edo noiz erabili nahi direnean bai taldeek modu iraunkorrean erabiltzen dituztenean. Azken kasu horretan berariazko lankidetza hitzarmenak sinatuko dira.
Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroa mantentzeko gastuak (argia, berokuntza, garbiketa, ekipamendua berritzea) osorik hartuko ditu bere gain Ziraukiko Udalak.
Lokala erabiltzeko arauak
Erregelamendua:
–Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroaren erabiltzaileak izanen dira hala pertsona fisikoak nola erakundeak edo taldeak.
–Udal instalazio eta baliabideak lagatzeak berarekin dakar horien gaineko erregelamendua onartzea eta, betetzen ez bada, horiek erabiltzeko eskubidea galduko da.
–Begirunez eta duintasunez tratatuko dira beti Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroko jardueren arduradunak, animatzaileak eta gainerako parte-hartzaileak.
–Errespetatu eginen dira zentroko instalazio, material eta baliabideak. Erabilera behar bezalakoa ez bada, kalteak lehengoratu edo ordaintzeaz gain, erabiltzeko eskubidea galtzen ahalko da, bai aldi baterako bai behin betiko.
–Erabilitako gela eta material guztiak garbi, bilduta eta txukun utziko dira.
–Ezin da erre zentroaren barnean.
–Ezin da animaliarik sartu instalazioetan.
–Ezin da edari alkoholdunik edo gai toxikorik hartu zentroaren barnean. Halako gaiak hartu ondoren beren gaitasun fisiko edo adimenekoak bestelakotuak dituzten erabiltzaileak agertuz gero, sarrera ukatzeko eskubidea baliatzen ahalko da.
–Jardueretan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.
–Ordaindu egin beharko dira programatutako jardueretarako ezartzen diren tasak.
–Zentroko jardueren bilakaera onerako egokiak diren jokabide arau batzuk bete beharko dira.
–Zentroko ordutegiak errespetatuko dira. Zentroa irekita dagoen ordutegian eginen dira jarduerak, eta errespetatu eginen da ekintzarako ezarritako ordutegia.
–Zentroan ikusten diren gorabeherak edo irregulartasunak Ziraukiko Udalari jakinaraziko zaizkio.
–Beharra izanez gero, Ziraukiko Udalak aukera izanen du lagatako tokia aldatzeko edo ekintza bertan behera uzteko, betiere entitate edo taldearen ordezkariari aldez aurretik jakinarazita.
Prozedura:
Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroko gelaren bat erabili nahi duten taldeek edo pertsonek eskaera egin beharko diote Ziraukiko Udalari, eta hark eskaera baloratu eta egokia den ebazpena emanen du. Eredua erantsi da.
Tokiak eskatzeko inprimakia nahitaez bete behar da, Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroko gelaren bat eskatu nahi bada. Inprimaki orokorrean agertzen diren datu guztiak eman behar dituzte eskatzaileek. Hori egiten ez bada, Ziraukiko Udalak ez dio sarrera emanen eskaerari, eta falta den informazioa eskatuko dio eskaera aurkeztu duenari.
Eskaeraren sinatzaileak bere gain hartuko du instalazioak eta ekipamendua ongi erabiltzearen gaineko erantzukizuna.
Lagatako berariazko materialak Ziraukiko Udaleko langileen jarraibideen arabera erabiliko dira eta, edonola ere, lagatakoan zuten egoera berean itzuliko. Gainera, materialak kontrolatu behar diren jardueretan, eskatzaileak eginen du zaintza lana eta, material horiek hondatuz gero, Ziraukiko Udalak ez du horren gaineko inolako erantzukizunik izanen. Era berean, antolatzaileak konpromisoa hartzen du behar den garbiketa egiteko, lagatakoan zuen egoera berean utz dadin gela.
Jarduera bukatutakoan, eskaeraren sinatzaileak erabiltzaileen kontrolari eta balorazioari buruzko fitxa bat bete beharko du.
Gelak erreserbatzeko eskaera egiten ahalko da, bai noiz edo noiz egiten diren ekintzetarako bai erabilera jarraituagorako. Azken kasu honetan lankidetza hitzarmena sinatuko da Ziraukiko Udalarekin, eta talde zehatzaren kontraprestazio bat ekar dezake, diruzkoa ez dena eta borondatezkoa, Ziraukiko kultur edo prestakuntza jardueraren alde.
Ziraukiko Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroan eremuak eta materialak eskatzea (PDF).
Jardueraren kontrol fitxa (PDF).
Kudeaketa ekonomikoa:
Ziraukiko Udalak bere gain hartuko ditu Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroa mantentzeko gastuak.
Irekitzeko ordutegia:
Zentroaren kudeaketan sortzen diren proposamen eta beharrei egokituko zaie ordutegia ahal den neurrian, eta ahal dena eginen da malgua izan dadin eta erabiltzaileen aisialdirako eskaerei eta denborari egokitua. Eskaerak, nahiak eta programatuko jarduerak nolakoak diren begiratuko da.
Hasiera batean, gutxieneko ordutegi hau aurreikusi da:
–Astelehenetik ostiralera: 17:00 - 20:00.
–Larunbatetan: 09:00 - 12:30.
Proiektuaren kudeaketa:
Inbertsioak bukatu direlako ziurtagiriaren ondoko bost urtean, Ziraukiko Udalak konpromisoa hartzen du egindako jarduerei buruzko urteko memoria bat emateko Teder Elkarteari, bost urte horietan. Memoria horrekin zerbitzuaren jarraipena eginen da, eta honako alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:
–Gelen erabilerak eta egindako jardueren kopurua eta iraupena (egutegia).
–Prestakuntza eta Aisialdirako Zentroan parte hartu duten erabiltzaileen kopurua.
–Parte hartu duten taldeak.
–Gelak modu iraunkorrean erabiltzen dituzten taldeekin egindako lankidetza hitzarmenak (sinadura berriak edo eguneratzeak).
–Helburu aurreikusiak eta helburu beteak.
–Hurrengo urterako aurreikusi diren jarduerak.
Horren bidez kudeaketaren datuak ateratzen ahalko dira eta jarraipena egin.
Iragarkiaren kodea: L1510883