16. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 29an hartua, Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren estatutuen aldaketa, eranskin gisa gehitua, onesten duena fundazio pribatua izan dadin.

Nafarroako Gobernuak 1999ko apirilaren 26an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako Kalitaterako Fundazioaren sorrera. Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, bere adostasuna adierazi zion Nafarroako Kalitaterako Fundazioari, horrek bere estatutuak aldatzeko planteatutako proposamenarekin, hari fundazio publikoaren izaera ematearren. Nafarroako Gobernuak 2010eko apirilaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Kalitaterako Fundazioaren izena aldatu zen, eta Nafarroako Bikaintasunerako Fundazio bihurtu.

Egungo testuinguruan, mundu garatuko herrialde nagusietan krisi latzaren ondorioek irauten duten honetan, Espainiako ekonomian, eta horrenbestez, Nafarroakoan ere, ondorio larriak daude. Inguruabar horietan, lehentasun handiena da, Europar Batasunaren eskakizunen harira, Espainian hitzartutako iraunkortasun programa betetzea, eta, hori dela eta, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko helburua ere betetzea, 2014an Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean hitzartua.

Helburu hori izanik, Nafarroako Gobernuak, besteak beste, Foru Komunitateko Administrazioaren goi karguen eta administrazio unitateen murrizketa handia egin du, eta sozietate publikoak berrantolatzeko prozesua burutuko du, Administrazioan austeritatea eta eragimena areagotzearen helburua betetzeko asmoz, ematen diren zerbitzu publikoen kalitateari eutsiz, betiere.

Nafarroako Gobernuak 2014ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez agindu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait fundazio iraungitzeko edo haien estatutuak aldatzeko prozedurak abian jartzeko. Zehazki, erabaki horretan Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren estatutuak aldatuko dituen prozedura hasteko agindu zen, fundazio pribatua izan dadin eta bere jarduerarekin jarrai dezan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 126. artikuluan, ondokoa ezartzen du:

1. Nafarroako Gobernuak sortuko ditu fundazio publikoak, erabaki baten bidez, interesa duen departamentuak proposaturik, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.

2. Erabaki horren bidez fundazio publikoa arautuko duten estatutuak onetsiko dira. Horiek, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako kontuez gain, sortzaileari patronatuaren kaltean datxezkion ahalmenak eta bertan parte hartzeko modua adierazi beharko dituzte.

3. Bereziki, fundazio publikoa aldatu eta iraungitzeko eskumenari atxiki beharko zaio sortzailea. Egintza horiek artikulu honetako 1. idatz-zatian zehaztu bezala onetsi beharko dira.

4. Estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Adierazitakoarekin bat, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren estatutuak aldatzeko proposamena egin du, fundazio pribatu bihurtu dadin eta bere jarduerekin jarrai dezan; proposamen horrek aldeko txostena du, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek emana.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren estatutuen aldaketa, erabaki honi eranskin gisa gehitua, onestea, fundazio pribatu bihur dadin eta bere jarduerekin jarrai dezan.

2. Erabaki hau eta Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren estatutu berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusira eta Kontabilitate Zerbitzura igortzea, baita Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusira eta Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura igortzea, eta Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioari jakinaraztea.

Iruñean, 2014ko abenduaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

NAFARROAKO BIKAINTASUNERAKO FUNDAZIOA

ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Izena, araubide juridikoa, nortasuna, helburuak, helbidea,
lurralde eremua, iraupena eta onuradunak

1. artikulua. Izena eta araubide juridikoa.

Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioa irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, estatutu hauek, Patronatuak ematen dituen arauek eta aplikatzeko modukoak diren lege-xedapenek arautua.

2. artikulua. Nortasuna eta ahalmena.

Fundazioak nortasun juridiko propioa du eta antolamendu juridiko pribatuaren menpe dago; jarduteko ahalmen osoa du aipatu Konpilazioaren 43.6 eta 45. legeetan xedatutakoaren arabera eta, beraz, eraketan zituen helburuak betetzeko beharrezkoak diren egintza guztiak burutu ditzake.

3. artikulua. Helburuak.

Bikaintasunaren kultura eta printzipioak eta hura kudeatzeko sistemak sustatu eta zabaltzea du helburu Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioak, baita sistema horiek berritu eta garatzea ere Nafarroako Foru Komunitateko ekonomia, gizarte, kultura eta hezkuntza arloko eremu guztietan, Nafarroako gizarte eta enpresa sarea osatzen duten enpresa, antolakunde eta erakunde guztiak, publikoak zein pribatuak, etengabe hobe daitezen; bikaintasunaren kultura hori sustatuko du Nafarroako gizartean, nafarrek ongizate handiagoa izan dezaten, ongi egindako lanaren bidez eta enpresa, erakunde eta antolakunde guztien garapenaren eta hobekuntzaren bidez.

Fundazioak, besteak beste, azaldutako helburuekin bat heldu diren jarduketa hauek garatzen ahalko ditu:

1. Nafarroako Foru Komunitateko antolakunde guztien kudeaketan etengabe bultzatzea bikaintasunaren printzipioetan oinarritutako filosofia ezar dadin.

2. Bikaintasunera bideratutako jarrera eta sistematika erakusten duten enpresak eta antolakunde publikoak zein pribatuak saritzea.

3. Kudeaketa bikainaren printzipioen eta sistematikaren inguruko prestakuntza sustatu eta bultzatzea hezkuntza arautuaren eta arautu gabearen eremu guztietan.

4. Lehiakortasunerako Bikaintasun eta Kudeaketa Aurreratuaren arloan, nazioartean gertatzen diren ezagutzak, berrikuntza teknologikoak eta esperientziak hedatzeko elementu iraunkor izatea, eta saiatzea, Nafarroako enpresa eta antolakunde guztiak aurrerapen horietan partaide izan daitezen.

5. Azterlanak egin daitezen bultzatzea Lehiakortasunerako Bikaintasun eta Kudeaketa Aurreratuari loturiko gai guztietan.

6. Nafarroako gizarteko sektore guztietan Lehiakortasunerako Bikaintasun eta Kudeaketa Aurreratua bultzatzen duten entitateen arteko lankidetza erraztea.

7. Fundazioaren oinarrizko helburua garatzen duten beste jarduera guztiak egitea, produktu eta zerbitzu bikain eta lehiakorrak sortu eta garatzen dituen eskualde lehiakorraren irudia zabalduz Nafarroari buruz.

Bere helburuak garatu eta betetzeko, Fundazioak honako hauek burutzen ahalko ditu:

1. Era guztietako jarduera ekonomikoak garatzea, bere helburuak gauzatzera bideratuak, edo helburu hori duten baliabideez hornitzea.

2. Era guztietako ondasunak eskuratu, besterendu eta izatea, zein dela ere titulua, baita era guztietako egintza eta kontratuak egitea ere.

3. Legeen edo bere Estatutuen araberako ekintza mota guztiak egitea.

Fundazioak behar adinako informazioa emanen du bere helburu eta jarduerei buruz, onuradun eta interesdun izan daitezkeenek ezagut ditzaten.

4. artikulua. Helbidea.

Fundazioak Iruñean du helbidea, Felipe Gorriti kaleko 24-behean, baina Patronatuak noranahi alda dezake Nafarroako Foru Komunitatearen barrenean, estatutuetan aldaketa eginez; orobat, egokiak iruditzen zaizkion ordezkaritza eta bulegoak ezar ditzake.

5. artikulua. Lurralde eremua.

Fundazioak bere jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean eginen ditu batik bat, nahiz eta, noizean behin, Nafarroatik kanpo egiten ahalko diren batzuk.

6. artikulua. Iraupena.

Fundazioak iraupen mugagabea du, Estatutu hauetan eta aplikatu beharreko lege xedapenetan aurreikusitako iraungitze kasuak galarazi gabe.

7. artikulua. Onuradunak.

Fundazio honek interes orokorrei erantzuten die eta onuradunak ez dira pertsona jakin batzuk izanen; fundazioaren helburuek eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek lor dezakete onuradun izatea. Horrenbestez, onuradun horien gozamen eskubidea inork ezin izanen du alegatu, ez bakarka ez taldean, fundazioaren edo bere organoen aurrean, ezta, eman aurretik, pertsona jakin batzuei eman edo esleitu beharra ezarri ere.

Fundazioak, bere helburuen barrenean, irizpide objektiboekin jokatu beharko du onuradunak hautatu behar dituenean, estatutuetan ageri den guztia betez, eta ezin da bereizkeriarik egin.

II. KAPITULUA

Patronatuko osoko kideak, instituzionalak eta ohorezkoak

8. artikulua. Patronatuko osoko kideak.

Patronatuak une bakoitzean ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateak edo pertsona fisikoak izanen dira.

9. artikulua. Patronatuko kide instituzionalak

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa eta Nafarroako Gobernua izanen dira.

Patronatuak beste edozein pertsona juridiko izendatzen ahalko du patronatuko kide instituzional, haren hirutik bik onetsiz gero.

10. artikulua. Patronatuko ohorezko kideak.

Patronatuak gehiengo soilez izendatzen ahalko ditu ohorezko kide merezimendu bereziak dituzten pertsona fisikoak edo entitateak, baita zientzian, teknologian eta humanitateetan duten garrantzia berezia dela-eta sari hori merezi dutenak, edo Fundazioaren helburuetan aparteko jarduerak egin dituztenak.

Ohorezko kideek haien izendapenean zehazten diren eskubide eta ohoreak dituzte. Ez dute botorik Patronatuaren bilkuretan, horietara gonbidatuta joaten baitira, eta, hortaz, ezin zaie erantzukizunik eskatu ohorezko ezaugarri horrengatik.

III. KAPITULUA

Fundazioaren laguntzaileak

11. artikulua. Laguntzaileak.

Honako hauek dira fundazioaren laguntzaileak: fundazioari laguntzen beren borondatez aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, eta Patronatuak laguntzaile izendatzen dituenak beren ezagupenak, dedikazioa, esperientzia eta ekarpenak kontuan hartuta eta fundazioaren helburuak betetzeko benetako ilusioa dutelako.

Fundazioak figura horren funtzionamendua arautuko du.

IV. KAPITULUA

Ondarea eta araubide juridikoa

12. artikulua. Ondarea eta baliabideak.

Kide fundatzaileen hasierako ekarpenek eta Fundazioak dirauen bitartean haren helburuetarako izaera berezi horrekin atxikitzen direnek osatuko dute Fundazioaren zuzkidura.

Berariaz jasotzen da Fundazioaren ondarea honela integratuko dela:

a) Fundazioaren eskrituran jasotako hasierako zuzkidura.

b) Osoko kideek egiten dituzten ekarpenak.

c) Aurrerantzean, Fundazioak kostubidez edo dohainik entitate publikoetatik edo pribatuetatik eta partikularren eskutik eskuratzen dituen beste edozein ondasun eta eskubide; bereziki, diru-laguntzak, dohaintzak, jaraunspenak edo legatuak.

13. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Honako hauek osatzen ahalko dituzte Fundazioaren helburua lortzeko baliabide ekonomikoak:

a) Fundazioaren kapitalaren edo ondarearen eta egiten dituen jardueren emaitzak, errentak, etekinak edo onurak.

b) Fundazioaren onuradunek egindako diru-sarrerak.

c) Ondare zuzkidura osatzen duten ondasunak, baita jasotzen dituen inter-vivos dohaintzak, jaraunspenak eta legatuak ere, baita edozein tituluren bidez eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

d) Entitate publiko edo pribatuetatik jasotzen ahal dituen diru-laguntzak.

14. artikulua. Dohainik eskuratutako ondasunak.

Jaraunspen, legatu, dohaintza edo diru-laguntza bidez edo doaneko beste edozein tituluren bidez eskuratutakoak; eskualdatzailearen nahiaren eta eskurapen tituluan ezarritako baldintzen arabera aplikatu edo gordeko dira.

15. artikulua. Ondasunen bermea.

Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, hurrengo arauak beteko dira:

a) Ondasun higiezinak eta eskubide errealak Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, Fundazioaren izenean.

b) Higiezinen balioek Fundazioaren izenean gordailutuko dira, Patronatuak izendatzen dituen finantza entitateetan.

c) Patronatuak berak edo bere ordezkariak zainduko ditu gainerako ondasun higigarriak, jabetza tituluak, gordailu ordezkagiriak eta jabetza, edukitza, erabilera, gozamena edo Fundazioak duen beste edozein eskubide egiaztatzen duen beste edozein agiri.

d) Fundazioaren ondasun guztien inbentarioa eginen da Ondarearen Inbentario Liburuan, eta haiek identifikatu eta deskribatzeko datuak adieraziko dira bertan.

V. KAPITULUA

Gobernu organoak

16. artikulua. Zein diren.

Patronatua da Fundazioaren gobernurako eta ordezkaritzarako organoa.

Patronatuak Zuzendaritza Kontseilua sortuko du Estatutu hauetan aurreikusitako moduan, eta ahalmena emanen die aukeratzen dituen pertsonei.

1. ATALA

Patronatua

17. artikulua. Patronatua.

Patronatua Fundazioaren organo gorena da.

Patronatuak, beste inork ez, esleituta ditu Fundazioaren ordezkaritza, gobernua eta administrazioa, eta legeetan ezarritako mugak dituela beteko ditu bere eginkizunak.

Patronatua bere eginkizunak eraginkortasunez gauzatzeko zuzenbidean behar diren ahalmen eta botere guztien titular bakarra da.

18. artikulua. Karguen izaera.

Patronatuko kide izatea dohainik da; hortaz, titularrek ez dute kargua baliatzean ordainsaririk sorrarazten. Dena dela, eginkizunak betetzean dituzten gastuak ordaintzen ahalko zaizkie, haiek behar bezala egiaztatuta.

19. artikulua. Osaera, izendapena eta kargu-uztea.

Patronatua kide anitzeko organoa da. Osoko kideak eta kide instituzionalak izanen dira Patronatuko kideak. Pertsona juridikoak badira, pertsona fisiko bat izan beharko dute haien ordezkari Patronatuan.

Ohorezko kideek Patronatuaren bilkuretan hartzen ahalko dute parte haietara gonbidatzen direnean, hizpidea dutela baina botorik ez.

Patronatuak pertsona fisikoak edo beste entitate batzuen ordezkariak gonbidatzen ahalko ditu bere bilkuretara, eta haiek hizpidea dutela baina botorik ez hartuko dute parte.

Patronatuko kidearen karguak mugagabe iraunen du. Patronatuko kide den pertsona juridikoak askatasun osoa du bere izenean Patronatuko kidearen karguan ariko dena izendatzeko, baita ordezteko ere. Izendapen hori, hortaz, iraunkorra edo mugagabea izaten ahalko da, baita behin-behinekoa ere bilera baterako edo bilera jakin batzuetarako. Patronatuko kide den pertsona juridikoak Zuzendaritza Kontseiluan ordezkatuko duen pertsona ere izendatzen ahalko du, pertsona juridikoa kontseilukide bada.

Patronatuko kide izateari uko egiteak balioa izateko, Patronatuan berean egin beharko da, bilkura arruntean edo berezian, edo dokumentu publiko baten bitartez, nahiz dokumentu pribatu baten bitartez, notarioak legeztatutako sinadura duela. Eta Patronatuak modu sinesgarrian haren berri duenetik aurrera izanen du eraginkortasuna. Fundazioen erregistroan inskribatuko da.

20. artikulua. Funtzionamendua, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua.

Patronatua haren buruak egokitzat jotzen duen hainbat aldiz bilduko da; hark egin beharko du deia, bi aldiz gutxienez urtean, eta kideen heren batek eskatuta ere bilduko da.

Idazkariak eginen ditu biltzeko deiak gutuna, faxa edo ohiko beste baliabide batzuk erabilita, bilkura eguna baino hamar egun lehenago gutxienez ere.

Lehen deialdian nahikoa quorum ez bada, bigarren deialdia besterik gabe eginen da ordu erdi bat gerorako.

Lehen deialdian, Patronatuaren eraketak balioa izanen du kideen erdiak eta bat gehiago, bertaratuta edo ordezkariak dituztela, biltzen direnean; aldiz, bigarren deialdian, edozein dela ere bildutakoen kopurua. Lehen eta bigarren deialdien artean ordu erdi bat, gutxienez ere, utzi beharko da.

Bertaratuta edo behar bezala ordezkatuta dauden kideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak; berdinketa izanez gero, Patronatuko buruaren botoak erabakiko du. Dena dela, kideen hirutik biren aldeko botoa beharko da estatutuak aldatzeko eta Fundazioa fusionatzeko eta iraungitzeko erabakiak hartzeko.

Erabakiak Akta liburuan jasoko dira, baita hartzen diren erabakiak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak ere. Akta horiek Patronatuko buruak eta idazkariak baimenduko dituzte.

21. artikulua. Ahalmenak.

Patronatuaren eskumenak, Legearen araberakoak, Fundazioaren goi gobernuari dagokion guztia hartzen du eta, bereziki, puntu hauek:

1.–Fundatzaileen borondatea bete dadin zaintzea, eta hura interpretatu eta garatzea, beharrezkoa bada.

2.–Fundazioaren Estatutuak aldatzea, beharrezkoa bada, haren borondatea hobeki betetze aldera.

3.–Fundazioaren ikuskatze, zaintze eta orientatze lana egitea.

4.–Zuzendaritza Kontseiluko kideen kopurua zehaztu, eta kideak izendatu eta kargugabetzea.

5.–Ekitaldi bakoitzeko memoria, balantzea eta kontuak onestea.

6.–Aurrekontuak onestea.

7.–Fundazioaren helbidea aldatzea.

8.–Fundazioa iraungitzat ematea, Legean eta Estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.

9.–Ondarearekin zerikusia duten era guztietako ekitaldiak egitea. Legeari eta gero ezarriko denari berariaz loturik, era guztietako egintza eta kontratuak egiten ahalko dira, ondasun higiezinak, higigarriak, balore higigarriak, eskubide pertsonalak eta errealak xedatu, kargatu eta besterentzekoak barne.

Ondare zuzkiduraren parte diren, edo helburuak betetzera zuzenean atxikita daudenen edo urteko azken balantzetik ateratzen den Fundazioaren aktiboaren %20tik gorako balioa dutenen ondasun edo eskubideen gaineko karga edo xedapen egintzen berri emanen zaio berehala Babesletzari.

Horren berri ere eman beharko da aurreko atalean aipatu ondasun eta eskubideak arbitrajean edo transakzioan jartzeko.

Babesletzak ondasunen gainean ezarritako karga iraunkorrak bete daitezela eskatu eta kontrolatuko du, interes orokorreko helburuak gauza daitezen.

10.–Ahalak ematea, libreki erabakitzen dituen ahalmenekin, legez delegaezinak direnak izan ezik.

2. ATALA

Patronatuko karguak

22. artikulua. Iraupena.

Karguak lau urterako aukeratuko dira, eta berriz aukeratuak izaten ahalko dira behin edo gehiagotan, gehieneko iraupen bereko aldietarako.

23. artikulua. Patronatuko burua.

Patronatuak bi hereneko gehiengoaz izendatuko du bere burua lehen bozketan, eta gehiengo soilaz bigarrenean.

Izangaiak libreki aurkezten ahalko dira.

Patronatuko burua aukeratzeko bozketa isilpekoa izanen da beti.

Patronatuko burua Fundazioarena ere bada eta, hortaz, honako hauek dagozkio:

1. Fundazioaren ordezkaritza instituzionala.

2. Patronatuaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

3. Bere ontzat emanda, aktak eta ziurtagiriak baimentzea.

4. Dagozkion eskubide guztiak erabiltzea eta betebehar guztiak betetzea, Estatutu hauen xedapenen eta Patronatuak hartutako erabakien arabera.

5. Berdinketa emanez gero, boto erabakigarria izanen du Patronatuan, baita Zuzendaritza Kontseiluan ere, organo hori eratzen bada.

24. artikulua. Buruordeak.

Patronatuak bi hereneko gehiengoaz izendatuko du buruordea lehen bozketan, eta gehiengo soilaz bigarrenean.

Buruordeak Patronatuko buruarekin lankidetzan ari beharko du, hark bere esku uzten dituen gaietan, eta haren ordezko izanen da hura kanpoan edo gaixo dagoenean edo, zeinahi arrazoi dela eta, hark ezin duenean.

Patronatuko buruak berak erabakitzen duen moduan ordeztuko du bera buruordeak.

Patronatuko burua ordezten duenean, haren eskubide eta ahalmen berak izanen ditu. Bestela, bere botoak Patronatuko gainerako kideen balio bera du.

25. artikulua. Idazkaria.

Patronatuko buruak idazkari bat izendatuko du bere kideen artean, eta hark eginkizun hauek beteko ditu:

a) Patronatuko buruak aginduta, Patronatuaren bilkuren eguneko gai-zerrenda prestatzea, eta haien deialdietarako abisuak ematea.

b) Idazkari lana egitea Patronatuaren bilkuretan, hau da, aktak egitea; horiek baimentzeko, Patronatuak ontzat eman beharko ditu.

c) Akten artxiboa eta Fundazioaren posta kontrolatzea.

Dokumentu horiek erredaktatzeko, aktetarako idazkari bat izendatzen ahalko da.

Fundazioko zuzendariaren kargua betea dagoenean, Patronatuko buruak haren esku uzten ahalko ditu Patronatuko idazkariaren eginkizunak. Patronatutik kanpoko beste edozein ere, kargu horretarako behar adinako prestakuntza duena, izendatzen ahalko da. Kasu horietan, organo horretako kide ez den idazkaria izanen da.

26. artikulua. Diruzaina.

Patronatuko buruak diruzain bat izendatzen ahalko du bere kideen artean, eta hark eginkizun hauek beteko ditu:

a) Fundazioaren kontabilitateko eta finantzetako liburu eta erregistroak eraman eta zaintzea, haien euskarriak barne.

b) Fundazioaren egoera ekonomikoaren eta finantzarioaren berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari, eta horrek hala erabakita, Patronatuari.

3. ATALA

Zuzendaritza Kontseilua

27. artikulua. Izaera eta osaera.

Izaera. Zuzendaritza Kontseiluari dagokio Fundazioaren jarduerei dagozkien aurrekontuak, memoria, balantzea, kontuak eta jarduketa planak prestatu eta Patronatuari proposatzea, baita jarduera horiei jarraipena egin eta beteko direla bermatzea ere.

Osaera. Patronatuko zazpi kidek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: buruak, buruordeak eta bost kidek.

Betiere, Zuzendaritza Kontseiluaren osaeran irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Patronatuko burua Zuzendaritza Kontseiluarena ere izanen da.

b) Patronatuko buruordea Zuzendaritza Kontseiluarena ere izanen da.

c) Nafarroako Gobernuko kide bat Patronatuko kide instituzionalen ordezkaria izanen da.

d) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko kide bat Patronatuko kide instituzionalen ordezkaria izanen da.

e) Patronatuko kideetako hiru osoko kide haien ordezkariak izanen dira, eta Estatutu hauen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera izendatuko dira.

28. artikulua. Bilerak.

Patronatuko Burutzak egokitzat jotzen duen adina aldiz bilduko da Zuzendaritza Kontseilua, edo bi kidek eskatzen dutenean.

29. artikulua. Eraketa eta erabakiak hartzea.

Zuzendaritza Kontseiluaren eraketak lehen deialdian izanen du balioa bere kideen gehiengoa, bertaratuta edo ordezkatuta, biltzen denean. Lehen deialdian nahikoa quorum ez bada, bigarren deialdia besterik gabe eginen da ordu erdi bat gerorako. Haren erabakiak, bildutakoen gehiengoz hartuko direnak, akta liburu batean jasoko dira; akta horiek Patronatuko buruak sinatuta baimenduko dira, baita haiei buruz egiten diren ziurtagiriak ere.

Eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko moduari buruz, Patronatuan aurreikusitakoa aplikatuko da.

30. artikulua. Izendapena eta bateraezintasunak.

Izendapena:

Patronatuko osoko kideak ordezkatzen dituzten Zuzendaritza Kontseiluko kideak lau urterako izendatuko dira.

Estatutuetako epea bukatzen denean Zuzendaritza Kontseiluaren karguak berritu ahal izateko, Kontseiluak berritu behar diren kargu guztien berri emanen die Patronatuko kide guztiei, Patronatuaren bilkura egin baino bi hilabete lehenago. Berri hori eman eta hilabeteko epean, Patronatuko osoko kideek beren hautagaitza aurkezten ahalko dute Zuzendaritza Kontseilurako, berritu beharreko karguetarako hautagai gisa onar ditzaten. Epe hori igaro, eta hautagaiek bateraezintasunik ez dutela aztertu ondoren, Zuzendaritza Kontseiluak hautagaien aldarrikapena eginen du, eta berritu beharreko kargu bakoitzerako hautagai zerrenda prestatuko. Zuzendaritza Kontseiluak zerrendetako hautagaiak zein diren jakinaraziko die Patronatuko kide guztiei, Patronatua biltzeko jarritako eguna baino astebete lehenago gutxienez. Kargu bakoitzerako bozketa Patronatuaren bilkuran eginen da, eta bertan ez diren Patronatuko kideek postaz bidalitako botoa ere sartuko da, aurretik boto hori gutun-azal itxi batean Patronatuko buruari edo buruordeari bidalita. Bozketa egin ondoren, zerrenda bat eginen da, eta horietan hautagai bakoitzak lortutako botoak azalduko dira. Horrela, boto kopuru gehien lortzen duten hautagaiak Zuzendaritza Kontseiluko kargu eta kide berri izendatuko dira.

Beste arrazoi batzuk direla eta, Patronatuko osoko kideen ordezkariei Zuzendaritza Kontseiluan esleitutako karguak hutsik gelditzen badira, Patronatuan aurretik egindako hautapen prozesuan boto gehien izan dituen baina Zuzendaritza Kontseiluan postua lortu ez duen hautagaia zuzenean aldarrikatzen ahalko du Zuzendaritza Kontseiluak, kide berri izateko. Azken hautaketa prozesuan izendatutako hautagaiei beren kargualdia bukatzeko zenbat denbora falta zaien, horrenbestekoa izanen da Zuzendaritza Kontseiluko kide horren kargualdia.

Ezarritako denbora iraganik kargua uzten duen kideak nahi adina aldiz aukeratzen ahalko dira berriro.

Bateraezintasuna:

Zuzendaritza Kontseilukoak izateagatik izan dezaketen informazioagatik, hura, zuzenean edo zeharka, beren lanbide edo enpresa jardueran ustiatzen ahal dutenek horren berri eman beharko diote Kontseiluari, hark, kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, bateraezintasunik dagoen edo ez erabaki dezan. Bateraezintasunik bada, ukitutako pertsonak uko egin beharko dio Zuzendaritza Kontseiluko karguari.

31. artikulua. Ahalmenak.

Patronatuak bere esku utzitako eginkizunez gain, Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenaren barrenean sartzen dira ohiko kudeaketaren egintzak eta Babesletzaren baimena behar ez dutenak. Beraz, kontuak eta aurrekontua onesteko delegazioa ez da ahalmenetan sartzen.

Bereziki, eta ondoko zerrenda mugatzailea ez bada ere, ahalmen hauek izanen ditu:

1. Fundazioaren ohiko kudeaketaren egintza eta kontratuak egitea.

2. Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunen errentak, dibidenduak, interesak eta beste edozein produktu jasotzea; orobat, beharrezko ordainketa guztiak egitea.

3. Urteko aurrekontua, memoria, balantzea eta ekitaldiko kontuak prestatzea.

4. Langileen kontratazioa eta Fundazioak ematen dituen zerbitzuena onestea, langileen ordainsariak finkatzea eta barreneko funtzionamendua antolatu eta zuzentzea, zuzendaritzako karguak libreki izendatu eta kenduta.

5. Bidezkotzat jotzen dituen ekintza, salbuespen edo errekurtso guztiak egitea edozein pertsona natural edo juridikori buruz eta edozein jurisdikzio, ente edo erakunderen aurrean; ondorio horretarako, era guztietako ahalak eman eta errebokatzen ahalko ditu bidezkotzat jotzen dituen ahalmenekin, baita ordezteko ahalmenarekin ere.

6. Proposatutako helburuak lortzeko, Fundazioaren ondasunak zer ondasun edo baloretan inbertitu behar diren erabakitzea, indarra duten legeei jarraituz.

7. Jarduketaren aldian aldiko programak prestatzea, eta laguntza ekonomikoak, diru-laguntzak, bekak edo beste edozein laguntza finkatzea, eta laguntza horien onuradunak hautatzea.

8. Fundazioko zuzendaria izendatzea.

9. Erabilgarri dauden fondoen banaketari eta aplikazioari buruzko ildo orokorrak finkatzea, Fundazioak lortu gogo dituen helburuen artean, eta jarduketaren aldian aldiko programak onestea.

10. Fundazioak era guztietako erakunde, instituzio eta beste entitateekin, publiko edo pribatuekin, duen parte-hartzea eta lankidetza erabakitzea.

11. Mailegu eta kredituak eman eta onartzea, kontu korronteak, kreditukoak edo bestelakoak ireki, jarraitu eta xedatzea era guztietako kreditu entitateetan, era guztietako efektu komertzialak libratu, onartu, laga eta abalatzea eta, oro har, Fundazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egitea.

4. ATALA

Aholku Batzordea(k)

32. artikulua. Aholku Batzordeak.

Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluak, bilkuran bertaratuen gehiengoaren aldeko botoa izanik, Aholku Batzorde bat edo gehiago izendatzen ahalko ditu, kasu bakoitzean egokientzat jotzen diren osaera, eginkizunak eta ahalmenak dituztela.

Betiere, haien ahalmenak aholku arlokoak baino ez dira.

Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluak, izendapenarekin batera, haien osaera, funtzionamendua eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua finkatuko ditu.

Berariaz adierazten da Fundazioko patronatu-kideak edo/eta laguntzaileak Aholku Batzordeetako kideak izaten ahalko direla.

5. ATALA

Zuzendaria

33. artikulua. Zuzendaria.

Fundazioaren jarduerak hobeki garatzeko beharrezkotzat jotzen denean, Zuzendaritza Kontseiluak zuzendari bat aukeratzen ahalko du, eta karguan aritzeko baldintza orokorrak ezarriko dizkio.

Zuzendariaren eginkizunak bateraezinak dira Patronatuko kidearenekin; horrenbestez, izendatzen den pertsonak ezin du Patronatuan sartuta egon.

Zuzendariaren izendapena aldi baterako edo mugagabe izanen da, zer erabakitzen den izendapena egiten denean.

Zuzendariaren kargua, profesionala denez, erabakitzen den zenbatekoarekin eta moduan ordainduko da. Haren eta Fundazioaren arteko harremana kontratu bidezkoa izanen da, ez organikoa, eta kontratua egiten denean finkatuko da.

Fundazioaren jardueren zuzendari denez, honako hauek dagozkio:

a) Patronatuak edo Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabaki eta jarraibideak betetzea, haren esku uzten direnean edo karguaren beraren eginkizunak direnean.

b) Fundazioaren zerbitzuak zuzentzea, haren helburuak hobeki lortzeko beharrezkoak diren antolamenduko eginkizun guztiak burututa.

c) Proiektuak, azterlanak eta zerbitzuak kontratatzea, Fundazioaren helburuekin bat eta arauetan ezarritako baldintzetan.

d) Fundazioak ekitaldi ekonomiko bakoitzean burutu ditzakeen jarduketa programak onetsita daudela, haiek prestatu, proposatu eta zuzentzea.

e) Fundazioaren instalazio, zerbitzu edo jarduera berriei buruzko proiektu guztiak Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea, hark onets ditzan, baita daudenak handitu edo berritzekoak ere.

f) Egokitzat jotzen diren lankidetza, laguntza eta eskurapen kontratuak prestatu eta Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea.

g) Karguari dagozkion eginkizunak burutzean, Zuzendaritza Kontseiluak bere esku uzten dituen jarduketa guztiak egitea; betiere, haren menpe eta haren jarraibideen arabera.

h) Jarduera edo zerbitzu guztien Kontabilitate Orokorra eta Laguntzailea antolatzea, baita kobrantza eta ordainketen mekanika ere; betiere, diruzainik bada, haren menpe eta haren jarraibideen arabera.

i) Fundazioarekin harremana duten guztien izendapenak eta ordainsariak eta haiekin egin beharreko kontratuak proposatzea, baita haien jardueren eta lan araubidearen antolaketa eta zeinetatik kendu ere.

j) Ordaintzeko agintzea eta sozietateak finantza entitateetan dituen kontuak erabiltzea, diruzainaren jarraibideen arabera eta hark ezarritako mugekin.

k) Diruzainik bada, hark zuzenduta prestatzea Fundazioaren aurrekontuak, haren aurrekontu orokorrak izan edo edozein zerbitzu edo jarduketarenak izan.

l) Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluak ahalmena emanik, Fundazioaren ordezkari izatea judizioan edo judiziotik kanpo, botere publikoekin, entitateekin, korporazioekin eta edozein eratako pertsona juridiko edo naturalekin dituen harreman guztietan.

m) Fundazioak eskuratzen dituen diru-sarrerak jasotzea, eta haien ordainagiriak edo ordainketa-gutunak prestatzea. Edozein entitatetan edo erakundetan, publikoa edo pribatua izan, Fundazioari, edozein titulu dela eta, dagozkion diru-laguntzak edo diru-kopuruak kobratzea, bidezko dokumentuak sinatuta.

n) Fundazioak egin beharreko ordainketak burutzea. Zuzendaritza Kontseiluak, kasu bakoitzerako eta banku-kontu bakoitzari buruz, finkatzen dituen arauak beteko dira banku xedapenetan.

o) Mugaegunera iritsitako ekitaldi bakoitzeko balantzeak eta emaitzen kontuak prestatzea, baita hurrengo ekitaldiko aurrekontuak ere, eta Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea, txostena egin dezan eta Patronatuari igor dakion.

VI. KAPITULUA

Urteko ekitaldia eta kontabilitatea

34. artikulua. Urteko ekitaldia.

Ekitaldi ekonomikoa urtebetekoa izanen da, eta urte naturalarekin bat eginen du.

35. artikulua. Urteko aurrekontua.

Fundazioak aurrekontu arrunt bat prestatuko du ekitaldi ekonomiko bakoitzean, eta bertan diru-sarrera eta gastu arruntak jasoko dira.

Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko lehen sei hilabetean, Fundazioak aurreko ekitaldiko balantzea eta aurrekontu arruntaren likidazioa prestatuko ditu, baita ekitaldi horietan egindako jardueren eta kudeaketa ekonomikoaren gaineko memoria ere.

36. artikulua. Kontabilitatea eta aurrekontuak.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoa, edo haren ordezko lege xedapena, aplikatuko zaio nahitaez Fundazioari.

37. artikulua. Kontuak ematea.

Patronatuak bere kudeaketa, Fundazioaren helburuei egokitua dela, justifikatu beharko du. Horretarako, urteko lehen seihilekoan, honako hauek aurkeztuko dizkio Babesletzari:

a) Aurreko ekitaldiko emaitzen kontua, egoeraren balantzea eta inbentarioa, Estatutuek adierazitako egunean edo, halakorik ez bada, abenduaren 31n itxiak, Fundazioaren benetako egoera ekonomikoa, finantzarioa eta ondarearena jasotzen dituztela.

b) Fundazioaren aurreko urteko jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa azaltzen dituen memoria, barne direla finantzaketa taula eta Fundazioaren helburuak zenbateraino bete diren. Ondarea nola aldatu den eta gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan zer aldaketa izan diren ere zehaztuko da memorian.

c) Aurreko ekitaldiko gastu eta diru-sarreren aurrekontuaren likidazioa.

Nahitaezkoak diren dokumentuak aurkeztuko zaizkio Nafarroako Gobernuari, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen 11. artikuluan edo haren ordezko lege xedapenean ezarritako moduan.

VII. KAPITULUA

Estatutuen aldaketa

38. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Patronatuak, bilduta daudenen hirutik biren gehiengoaz, Fundazioaren Estatutuak aldatzea erabakitzen ahalko du; betiere, Fundazioaren helburua errespetatuta.

Patronatua behartua dago Fundazioaren Estatutuen aldaketa erabakitzera, haren eraketa ekarri zuten inguruabarrak halako moduan aldatu direnean, non ezinezkoa duen haien arabera behar bezala jokatzea.

Aldatzeko erabakia arrazoitu beharko da, eta eskritura publikoan formalizatu; Babesletzaren onespena beharko du eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko da.

VIII. KAPITULUA

Iraungipena

39. artikulua. Iraungipena: arrazoiak eta prozedura.

Honelakoetan iraungiko da Fundazioa:

1. Patronatuak erabakitzen duenean, bilduta daudenen hirutik biren gehiengoaz.

2. Kode Zibilaren 39. artikuluan eta Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako arrazoietako bat gertatzen denean.

3. Bat-egite prozesu bat gertatzen denean.

4. Ebazpen judizial irmo baten bidez desegiten denean.

1. eta 2. ataletan aurreikusitako kasuetan, Patronatuaren erabakia, Babesletzak berretsia, beharko da Fundazioa iraungitzeko.

Iraungitzeko erabakiak beti arrazoituta egon beharko du, eta ondarearen egoera eta likidazio programa adierazi beharko dira.

Gobernu organoaren erabakirik ez bada, edo Babesletzak hura berresten ez badu, ebazpen judizial arrazoitua beharko da Fundazioa iraungitzeko; hori, kasu bakoitzean, Babesletzak edo Fundazio organoak eskatzen ahalko du.

Iraungitzeko erabakia edo, ebazpen judizial arrazoitua, halakorik bada, Fundazioen Erregistroan inskribatuko da.

40. artikulua. Likidazioa.

Fundazioen bat-egitea salbu, Fundazioa iraungitzeko erabakiak edo, zein den kasua, ebazpen judizialak, haren ohiko jarduerak bukatuko ditu eta likidazio eragiketak abiatuko; horiek Patronatuak burutuko ditu Babesletzak kontrolatuta.

Fundazioaren likidaziotik ateratzen diren ondasun eta eskubideak interes orokorreko beste entitate edo jarduera batzuetarako izanen dira, fundatzaileek Fundazioaren eskritura publikoan aginduak dituztenetarako, hain zuzen. Bestela edo destinoa Patronatuaren erabakiaren arabera, Babesletzak berretsia, ezin bete denean, Patronatuak aukeratzen duen helbururako erabiliko dira ondasunak, Legean aurreikusitako mugei loturik. Azkenik, beste kasuren batean, iraungitakoaren antzeko helburuak dituzten beste fundazio edo entitate batzuetara bideratuko ditu Babesletzak; ahal dela, helbidea udalerri berean dutenetara edo, horrelakorik gabe, lurralde berekoetara.

IX. KAPITULUA

Babesletza eta Fundazioen Erregistroa

41. artikulua. Babesletza.

Nafarroako legeriarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Babesletzaren tutoretza, fiskalizazio eta kontrolaren menpe dago Fundazioa, eta hark, zein den gaia, hartan eskumena duen departamentuaren bidez baliatuko ditu eginkizun horiek.

42. artikulua. Fundazioen Erregistroa.

Fundazio honen eraketa legearen arabera eskumena duen Fundazioen Erregistroan inskribatuko da, baita legez horren beharra duten egintza edo negozio juridiko guztiak ere.

(Patronatuak 2014ko abenduaren 11ko XXXI. bileran onetsitako aldaketak).

Bidezko diren ondorioetarako jasota geldi dadin, Iruñean egin dut, 2014ko abenduaren 15ean. Sinatua: idazkaria, Alberto Ecay Pagoto. Ontzat emana: Patronatuko burua, José Ignacio Larretxi.

Iragarkiaren kodea: F1417764