16. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKIROTZ

Ordenantza, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena

Ezkirozko Kontzejuak, 2014ko irailaren 23an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkirozko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. 2014ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 7an. Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza osorik argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aginduari jarraikiz.

Ezkirotzen, 2015eko urtarrilaren 2an.–Kontzejuko burua, Jesús Huarte Remiro.

TESTU ARAUTZAILEA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Ezkirozko mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Ezkirozko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Ezkirozko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ezkirozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Ezkirozko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Herrilurrei buruzko Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Ezkirozko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.

8. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Ezkirozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze edozein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuk: baratzeak.

15. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Galar Zendeako Biztaleen Udal Erroldan Ezkirozko bizilagun gisa inskribatua izatea, hiru urteko antzinatasunaz gutxienez ere.

c) Ezkirotzen urtean bederatzi hilabetez gutienez jarraian bizitzea.

d) Galar Zendeako Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Ezkirozko Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

16. artikulua. Ezkirozko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

1.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

2.–Herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

3.–Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Ezkirozko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Ezkirozko Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako bertze edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurra: 25 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea, hau da, lehorreko 50 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, lehorreko 70 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, lehorreko 80 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea, hau da lehorreko 90 erregu.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ezkirozko Kontzejuak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Ezkirozko Kontzejuak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua ez da zortzi urtetik beheitikoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 2 euro/erregua/urtea.

Modalitate horiek 2014. urterako proposaturiko kanonari dagozkio eta urtero eguneratuko da, nekazaritzako KPIrekin, gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak Ezkirozko Kontzejuak ordaindu beharreko kostuak berdindu beharko ditu, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Ezkirozko Kontzejuaren iritzian, laborantza pertsonala egitea galarazten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean.

Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Ezkirozko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Ezkirozko Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Kontzejuko Batzarraren txostenaren arabera, esleitutako lurzatiak, ordenantza honen 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

2.–Herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko esleipena egin ondoren zehaztuko du herritarren arteko zuzeneko esleipeneko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

–Lehorreko lurrak: 20 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2015. urterako proposatutako kanonari dagozkio; urtero eguneratuko da, K.P.I.aren igoera gehituz gehienez ere.

30. artikulua. Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

31. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak beretzat gordeko du herrilurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei esleitzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

3.–Ezkirozko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa.

33. artikulua. Ezkirozko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Ezkirozko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

b) Herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuk: baratzeak.

34. artikulua. Herritarren arteko esleipen zuzenaren onuradun izateko, familia unitateko bizilagun titularrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Eskaerak baratzeak baino gehiago badira, lehentasuna izanen dute herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuez baliatzen ez direnek eta beren baratzerik ez dutenek. Hala ere, eskaerak baratzeak baino gehiago badira beti, zozketa eginen da.

35. artikulua. Baratzeen aprobetxamendua prekarioan izanen da, desjabeturik baitaude saihesbidea egiteko. Bertzerik xedatu ezean, epea 8 urtekoa izanen da.

36. artikulua. Baratzeen onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute: 12 euro/urtea.

Zenbateko horiek 2014. urterako proposatutako kanonari dagozkio; urtero eguneratuko da, K.P.I.aren igoera gehituz gehienez ere.

37. artikulua. Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

38. artikulua. Baratzeetan ez da onartuko etxolik paratzetik, ez arbolarik landatzerik (ezta fruta arbolak ere) ezta, orokorrean, ez hura zaindu edo garbitu gabe izaterik.

III. KAPITULUA

Esleitzeko prozedura

39. artikulua. Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabortz egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurren esleipena eska dezaten.

40. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Ezkirozko biztanle izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Ziurtagiria, Galarko Udalarekin eta Ezkirozko Kontzejuarekin zerga arloko beharkizunak beteak dituztela dioena.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai bertzeetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai bertze batzuetan, lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Ezkirozko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

41. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Ezkirozko Kontzejuak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko modu bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan eta baratzeetakoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

42. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki oholean jarriko da hamabortz egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrendak behin betikoak bilakatuko da, bertzerik gabe.

43. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuko Batzarrak horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

44. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Ezkirozko Kontzejuak ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten loteak esleituko ditu.

Loteak banatzean, haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzen ahaleginduko da; desadostasunik bada, zozketa eginen da.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jarriko da jendaurrean 15 egunean, Kontzejuaren iragarki oholean. Kontzejuak onetsi beharko ditu zerrendak.

45. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

46. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea Kontzejuaren esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak egitea, Udalaren baimenik izan gabe.

g) Etxolak paratzea, arbolak landatzea eta, orokorrean, tokia zaindu edo garbitu gabe edukitzea.

h) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

47. artikulua. Adierazitako arau-hausteetan, kontzesioa kenduta zehatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1500023