159. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELORTZ

Ordenantza, Baratze herrilurretakoen esleipena, erabilera
eta aprobetxamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Elorzko Kontzejuko Batzarrak, 2014ko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Elorzko Kontzejuaren titulartasuneko baratze herrilurretakoen esleipena, erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2014ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 17an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea iraganik, 2015eko urtarrilaren 17an egin bilkuran, Batzarrak alegazioak ebatzi eta ordenantza behin betiko onetsi zuen, baita osorik argitaratzeko agindu ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Elortzen, 2015eko urtarrilaren 24an.–Kontzejuko burua, Miren Balda Clavería Herrero.

Udal ordenantza, Elorzko Kontzejuaren titulartasuneko baratze herrilurretakoen esleipena, erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 156. artikuluak ezartzen duenez, horretarako lur egokia dagoen herrietan, toki entitateak lurzati bat uzten ahalko du, zozketa bidez, ezaugarri bereko lurrik ez duten eskatzaileen eskuetan, familia-baratzea edo gisa bereko aprobetxamendua para dezaten. Azalera, kanona eta baldintzak toki entitateek libreki finkatuko dituzte behar den ordenantzan, helburu hauetarako jarri den azalera globalak inola ere ez duelarik gaindituko laborantzarako herrilurraren azaleraren ehuneko hamarra.

Ildo beretik doa Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gainean urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 117. artikuluak dakarren arauketa.

Gaur egun, eta zenbait egitateren ondorioz, handitzen ari da bizilagunen eskaria, herrilurrak familia-baratzetako erabili beharrez, eta gizarte eskaera gero eta handiago horri erantzuteko ahalmena duten toki entitateak arautzen ari dira ondasun horien erabilera, eskaera betetzeko interes publikoari kalterik egin gabe eta herrilurretako ondasunen erabilera zuzena bermatzeko; izan ere, Nafarroako horien gaineko legeriak araubide juridiko bereziaz hornitzen ditu ondasun horiek.

Elorzko Kontzejuak, Nafarroako Toki Administrazioari buruz indarra duen uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen lege xedapenekin bat, erabaki du ordenantza hau prestatzea, posible izan daitezen familia-baratze gisa ustiatzeko egokiak diren herrilurren loteen esleipena eta ustiapena.

Familia-baratzearen esleipena, erabilera eta aprobetxamendua baldintza hauei lotuko zaizkie:

1. artikulua. Familia-baratzetako erabiltzeko arautzen diren lurrak.

Ordenantza honen bidez arautzen diren loteak baldintza-orri honen I. eranskinean agertzen dira.

2. artikulua. Esleipen-hartzaileen baldintza pertsonalak.

Orokorrean, familia-baratzetako aprobetxamendurako zerrendatzen diren loteen onuradun izateko, familia unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Erroldaturik egotea Noain Elortzibarko udalerrian, gutienez ere hiru urte lehenagotik, betiere Elorzko Kontzejuko bizilagun gisa.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Elorzko Kontzejuarekin nahiz Noain Elortzibarko Udalarekin zerga arloko nahiz gainerako betebeharrak eguneraturik izatea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan xedatuarekin bat, familia unitatetzat hartzen da etxe berean bizi diren guztien multzoa, eta familia unitate independentetzat, berriz, guraso erretiratuek osatzen dutena, beren ahaideekin batera bizi badira ere, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutieneko soldata baino tikiagoak badira.

Baldintza horiek bete beharko dira esleipenak irauten duen denbora guztian, eta ez betetzea bertzerik gabe esleipena suntsiarazteko arrazoia izanen da, behar den espedientea tramitatu ondoan.

3. artikulua. Loteen aprobetxamenduaren baldintzak.

Lehen artikuluan zerrendaturiko loteen aprobetxamendua eta ustiapena, nahitaez, baldintza hauei lotuko zaizkie:

3.1.–Onuradunen gainean.

a) Esleipen-hartzaileak berak edo familia unitateko bertze kide batzuek ustiatu beharko dute, zuzenean. Hala ere, eta onuradunak eskatuta Kontzejuak berariaz eta aitzinetik baimena erabakita, esleipena jaso duen familia unitatekoa ez den hirugarren batek ustiatzen ahalko du lotea, betetzen badira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142.2 artikuluak aipatzen dituen baldintzak.

b) Herrilurretako aprobetxamendua eta familia unitatearen eskubidea izateagatik, familia-baratzearen ustiapena ezin zaie inola ere hirugarrenei laga.

Debeku hau ez betetzeak esleipena suntsiaraztea ekarriko du, eta horrek galaraziko dio familia unitateari hurrengo esleipen aldian onuraduna izateko eskubidea, hori guztia interesdunari entzutea eman ondoan Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gainean urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 166. artikuluaren baldintzetan.

c) Ez da baimenik emanen bi baratze edo gehiago batzeko. Hala ere, onuradunen elkargoak eratzen ahalko dira, hobekuntzak elkarrekin egiteko; horiek, betiere, Kontzejuaren onespena beharko dute.

d) Aprobetxamendu kontzeptuak dakar baratzea modu jarraituan lantzea; alde horretatik, Kontzejuak esleipena suntsiarazteko espedientea irekitzen ahalko du frogatzen baldin bada urtebete baino gehiago egin duela landu gabe, behar bezala frogaturiko ezinbertzekoetan izan ezik.

3.2.–Erabileren gainean.

a) Esleitutako lotea familia-baratzetako baizik ez da izanen; beraz, ez da inola ere zilegi lortutako produkzioa salgai jartzea.

Alde horretatik, Kontzejuak esleipena suntsiarazteko espedientea abiatzen ahalko du, muga hori betetzen ez delako arrastoak ikusten baditu.

b) Familia-baratzea hauen laborantzarako baizik ez da izanen: barazkiak, tamaina tikiko frutarbolak, loreak eta landare aromatikoak, sendabelarrak eta apaindurakoak.

2 metro baino gehiagoko arbolarik edo landarerik izanez gero, gutienez ere hiru metroko tartera landatu beharko dira, bai lurzatiaren itxiturari dagokionez, bai elkarren artean ere, aldameneko loteei kalte egiten dien lerro jarraiturik era ez dezaten.

Halakoetan, debeku da landaketa-lerroaren artean adarrak lotzen dituzten inausketa teknikak erabiltzea.

c) Hala ere, soropila ereiten ahalko da, haren gainazala lote osoaren %10 baino gehiago ez bada.

d) Espresuki debeku da basa fauna harrapatzeko bitartekoak paratzea, izanik horiek hautakorrak edo ez, non ez den laborantzei kalte egiten dieten karraskariak harrapatzeko, eta orobat debeku amu kimiko edo pozoitsuak erabiltzea betiere.

e) Loteen arteko tarteak Elorzko Kontzejuak esleipenaren aitzinetik definitzen dituenak izanen dira.

f) Debeku da esleitutako lotean lurrak paratzea, horrek ekartzen badu 10 zentimetro baino gehiagoko desnibela aldameneko loteen artean.

g) Debeku da etxolak, mahaiak, aulkiak, barbakoak eta baratzezaintzak berezko dituen lanetarako berariaz ez diren bertzelako gauzak paratzea, bereziki igerilekuak, paletak, bainuontziak, altzari zaharrak, ura biltegiratzeko kuboak, eta gisakoak, ingurunearen kontrako eragina dutenak.

Orobat debeku da zolak paratzea.

Kutxak paratzen ahalko dira lanabes tikiak gorde beharrez, baita ureztatzeko ur biltontzi bakarra, 1.000 litrorainokoa, ingurunearekin bat modu egokian egin behar badu ere.

h) Berotegien garaiera bi metro izanen da, gehienez, lekurik garaienean, eta okupatzen duten azalera ez da inola ere esleitutako lotearen %25etik goiti izaten ahalko.

i) Debeku da inolako animaliarik gordetzea esleitutako lotean.

4. artikulua. Ureztatzeko uraren aprobetxamenduaren gainean

Gaur egun, baratzeek ez dute ureztatzeko urik; beraz, jabe bakoitzak aitzineko artikuluan xedatu denari jarraikiz hornitu beharko du urez.

Debeku da putzu, errekaxka eta abarretatik ura hartzea, Kontzejuak aitzinetik eta espresuki baimena eman ezik, eta arroko erakundeek eman beharreko baimenak aparte utzita.

Kontzejuak hornidura saretik ureztatzeko ura eskura duen momentuan, lote bakoitzak ur hargune independentea izanen du, kontagailu orokor batetik aterako dena; hartan Kontzejuak bakoitzarendako kontagailua paratuko du.

Kontagailuaren fakturazioa esleipen-hartzaileei kobratuko zaie, kontagailu bakoitzean agertzen den kontsumoaren arabera.

5. artikulua. Esleipenaren prozedura eta iraupena.

Esleipena zozketaz eginen da ordenantza honen 2. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularren artean, behar den eskaera egiten badute Kontzejuak horretarako ematen duen epean; hori Kontzejuaren iragarki-oholaren bidez emanen da aditzera.

Zozketa Kontzejuaren egoitzan eginen da, eta haren bidez eskatzaileen ordena hautatuko da, esleipenaren xede den lote bat hauta dezaten.

Zozketan ateratako loteari uko egiteak berekin ekarriko du zozketan parte hartzen segitzeko eskubidea galtzea.

Zozketa eginda, behin-behineko zerrenda Kontzejuaren iragarki-oholean jarriko da ikusgai, hamabortz egunerako jarri ere, nahi dutenek alegazioak aurkez ditzaten.

Epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, esleipen-hartzaileen zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta banan-banan jakinaraziko zaio esleipen-hartzaile bakoitzari zozketaren emaitza.

Esleipen-hartzaileek loteen aldaketak erabakitzen ahal dituzte beren artean, Kontzejuak aitzinetik espresuki onesten badu horretarako egiten zaion eskaera; hura interesdun guztiek sinatu beharko dute.

Prozedura bera erabiliko da uko egiteagatik edo esleipena suntsiarazteagatik libre gelditzen diren loteekin, nahiz eta, halakoetan, iraupena izanen den hasierako esleipen epea bukatu arterainokoa.

Esleipena lau urteko eperako izanen da; horiek iraganik, banaketa eginen da berriz.

6. artikulua. Kanona.

Esleipen-hartzaileek lehen urtean ordaindu beharreko kanona ordenantza honen 1. artikuluan agertzen da; hura urtero eguneratuko da Nafarroako Foru Komunitateko kontsumoko prezioen urte bakoitzeko abenduaren 31ko indizean (KPI) oinarriturik.

7. artikulua. Esleipenaren suntsiarazpena.

Aprobetxamendurako eskubidea galduko da esleipen-hartzaileak uko egiten badio edo esleipena suntsiarazten bada ordenantza honetan aurreikusten diren arrazoiengatik eta, orokorrean, bertan jasotzen diren betebeharrak ez betetzeagatik.

Nolanahi ere, uko egitean izan ezik, suntsiarazteko ebazpena aitzinetik administrazio espedientea irekita etorri behar da, interesdunari entzutea emanez.

Uko eginez gero edo esleipen-hartzaileari egozten ahal zaion arrazoi batengatik aprobetxamendua suntsiaraziz gero, hark ez du kalte-ordainerako eskubiderik izanen bertan egindako hobekuntzengatik, hauek lotetik kendu ezin direnean edo kentzeak loteari kalte handiak ekartzen ahal dizkionean.

8. artikulua. Esleitu gabeko loteak.

Esleitzeko eskubidea duten eskaera guztiei erantzuna eman ondoan loteren bat libre gelditzen baldin bada, Kontzejuak zozketa bidez esleitzen ahalko du, eskaera egin bai baina baldintza guztiak betetzen ez dituztenen artean; esleipena urte bateko aldietarako izanen da, baldintzak betetzen dituztela frogatzen dutenek esleitzeko eskaerak egiten ez dituzten bitartean.

Nolanahi ere, nahitaezko baldintza izanen da eskatzaileak 2. artikuluan eskatzen dena betetzea, salbu eta bizilagun gisa izan beharreko antzinatasuna eta gutienez ere bederatzi hilabetez bertan egiazki bizitzea.

Adierazi bezala ere ez bada esleitzeko eskaerarik aurkezten, Kontzejuak loteak zuzenean esleitzen ahalko dizkie jadanik bertze lote batzuen esleipen-hartzaile direnei, horrela eskatzen badute. Halakoetan, esleipena urte bateko aldietarako izanen da, 2. artikuluko baldintzak betetzen dituztela frogatzen dutenek esleitzeko eskaerak egiten ez dituzten bitartean.

Xedapen iragankorra.

Ordenantzak indarra hartzen duenetik, bertan ezartzen diren muga eta betebehar guztiek eragiten diete gaur egungo baratzeetan diren aldez aurreko egoerei.

Hala ere, urtebeteko epea ezarri da, ordenantzak indarra hartzen duenetik, esleipen-hartzaileek beren lotea egokitu dezaten araudi berrira.

Epe hori egokitzapena egin gabe iraganik, esleipena suntsiarazteko espedientea abiatuko da.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren Kontzejuko ordenantza eta xedapen guztiak.

Azken xedapena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraituko zaio ordenantza honek indarra hartzeko.

I. ERANSKINA

Elorzko Kontzejuaren herrilurretako loteak,
familia-baratzetako esleitzeko

LOTE
ZENBAKIA

POL./LURZ.

ALDERDIA

AZALERA
(m²)

URTEKO KANONA

1

8/115

El Soto

176

25

2

8/115

El Soto

176

25

3

8/115

El Soto

176

25

4

8/115

El Soto

176

25

5

8/115

El Soto

176

25

6

8/115

El Soto

176

25

7

8/115

El Soto

176

25

8

8/115

El Soto

176

25

9

8/115

El Soto

176

25

10

8/115

El Soto

176

25

11

8/115

El Soto

176

25

12

8/115

El Soto

176

25

13

8/115

El Soto

176

25

14

8/115

El Soto

176

25

15

8/115

El Soto

176

25

16

8/115

El Soto

176

25

17

8/115

El Soto

182

25

18

8/115

El Soto

182

25

19

8/115

El Soto

182

25

20

8/115

El Soto

182

25

21

8/115

El Soto

182

25

22

8/115

El Soto

182

25

Iragarkiaren kodea: L1511286