2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, merezimendu lehiaketaren
bidez Alor teknikoko burutza betetzeko
Mairagako Mankomunitateko buruak, 67. Ebazpenaren bidez (2015eko uztailaren 31koa) deialdia onetsi zuen, Mairagako Mankomunitateko Alor teknikoko burutza merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko. Hona haren oinarriak.
Oinarriak
1.–Deialdiaren xedea.
Mairagako Mankomunitateko Alor teknikoko burutza merezimendu lehiaketaren bidez betetzea du xede deialdi honek.
2.–Aplikatu beharreko arauak.
Merezimendu lehiaketa hau ondoko xedapen hauen arabera ebatziko da: Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 251/1985 Foru Dekretuaren II. tituluko II. kapituluko 3. atala, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta oinarri hauek.
3.–Burutzaren ezaugarriak.
Burutzaren titularrak honako eginkizun hauek izanen ditu: langileen antolaketa eta koordinazio teknikoa (ingeniariak, uren 1. mailako ofizialak eta iturginak); Mairagako Mankomunitateak bere esku dituen obren egokitzapen teknikoko araudia ezartzea; Mankomunitatearen organoei aholkularitza teknikoa ematea; Mankomunitatearen ordezkaritza eta aholkularitza teknikoa, beste entitate eta erakunde publiko nahiz pribatuen aitzinean; Mankomunitateko ur hornidura eta saneamenduko instalazioen mantentze, zainketa, ustiapen, garbiketa eta konponketa zerbitzuak ematen dituen enpresaren lanak gainbegiratzea eta kontrolatzea; eta inoiz Mankomunitateko organo eskudunek zehazten dituztenak, zehazki, bere espezialitate teknikoa dela-eta hondakinen atalean bere gain uzten ahal direnak.
Deialdiko burutza lortzen duen langileak indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten lansariak jasoko ditu.
4.–Merezimendu lehiaketa bidez lortzen den burutzan aritzeko baldintzak.
Merezimendu lehiaketaren bidez lortutako burutzan aritzeko epea sei urte natural artekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du burutza horretan, harik eta berriz ere merezimendu lehiaketaren bidez betetzen den arte, deusetan ukatu gabe Mankomunitateko buruak duen ahalmena haren kargugabetzea eta, hala izanez gero, beste langile bat bitarteko moduan izendatzea proposatzeko.
Burutzaren titulartasuna merezimendu lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen bertze lanpostu bat betetzeko inolako merezimendu lehiaketatara, hiru urte naturaleko epearen amaiera arte.
Muga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek izendatu zuteneko epea bete baino lehen deialdi honetako burutzan aritzeari uko egiten badio.
Merezimendu lehiaketaren bidez lortutako burutza baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:
a) Sei urte naturaleko kargualdia bukatzen denean.
b) Burutza kentzea, Mankomunitateko Alor teknikoaren egitura organikoa aldatzearen ondorioz.
c) Norberak eskatuta.
d) Burutza hartu eta gero, haren eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko gauza ez izateagatik, behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen delarik, edo lanpostuaren edukian aldaketak gertatu izanagatik, interesdunari eta langileen ordezkariei entzutea eman ondoan.
e) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.
f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz, zehapena paratzen zaionean, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra paratzen zaionean.
g) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen dutenean, dela Mairagako Mankomunitatean dela beste edozein administrazio publikotan.
5.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Indarra duten legezko xedapenen arabera, merezimendu lehiaketa honen xedeko burutza eskuratu ahal izateko, hautagaiek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:
a) Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko lan-kontratudun finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) B mailakoak izatea.
6.–Eskabidea, aurkezteko epea eta lekua.
6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitateko Erregistroan aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamabortz egun naturaleko epean.
6.2. Eskabideak deialdiaren eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
6.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak, salbu eta Mairagako Mankomunitatean egindako zerbitzuen frogagiria, horiek langileen espedienteetan badaude.
7.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, eta izangaiek deialdiko baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatu ondoan, Mairagako Mankomunitateko buruaren ebazpen baten bidez onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, baita akatsak, halakorik bada, zuzendu ere.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Mairagako Mankomunitateko buruak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
Erreklamazioetarako epea amaituta, Mairagako Mankomunitateko buruak aurkezten diren erreklamazioak ebatziko ditu, halakorik aurkezten bada, eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
8.–Epaimahaiko kideak.
Honako hauek osatuko dute merezimenduen lehiaketako epaimahaia:
–Mahaiburua: Mairagako Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Mairagako Mankomunitateko buruordea.
–Mahaikidea: Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatzen duten ekonomiako aholkularia eta kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
–Mahaikide idazkaria: Mairagako Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Azkoiengo Udaleko idazkaria.
Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko bost eguneko epean.
Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
9.–Merezimenduen kalifikazioa.
Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:
a) Lehiaketaren xede den burutzari buruzko lan-memoria: gehienez ere 25 puntu.
Deialdiko burutza eskuratu nahi dutenek lan-memoria aurkeztu beharko dute, lehiaketako izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendan zehazten den epean. Hartan, azterketa bat eginen da burutzaren egitekoei eta hartan aritzeko behar diren betekizun, baldintza eta baliabideei buruz, baita Mairagako Mankomunitateko Alor teknikoaren antolaketa tekniko-administratiboari buruz ere.
Izangai bakoitzak ahoz defendatuko du bere lan-memoria, epaimahaiaren aitzinean. Ekitaldi horretan, epaimahaiak, egoki iruditzen bazaio, izangaiak aurkeztutako merezimenduei buruzko galderak egin ditzake, bai, halaber, lehiaketaren xedeko burutzaren ezaugarrietara nola moldatzen den ikusteko galderak.
Izangaia lan-memoriaren ahozko azalpen eta defentsara ez aurkezteak berarekin ekarriko du lehiaketatik bertzerik gabe baztertzea.
Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.
b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu arte.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, bakoitza deialdiaren xede den burutzaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa lotzailea izanen da epaimahaiarentzat.
c) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere 25 puntu.
Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.
Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
Lehiaketako elementu guztien balorazioa bururatu ondoan, epaimahaiak burutzari buruzko lan-memoriaren gaineko proba gainditu duten parte hartzaileek lehiaketaren atal guztietan lorturiko puntuazioak paratuko ditu Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.
10.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.
Epaimahaiak, aurkezten diren alegazioak ebatzitakoan, Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak, eta deialdiaren 9.a) oinarrian agertzen den proba gainditu duten lehiatzaileen zerrenda, lehiaketako atal guztietan lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igorriko dio Mankomunitateko buruari.
Mairagako Mankomunitateko buruak puntuaziorik handiena lortu duenaren aldeko izendapena eginen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izendatutako izangaiak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturaletan hartu beharko du burutzaren jabetza.
Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbestekoetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, esleitu zaion burutzan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, gainditu dutenen zerrendako –oinarri honetako lehen paragrafoak aipatzen duen hartako– hurrengo lehiatzaileak beteko du hutsunea.
11.–Izangaiek ekarritako agiriak.
Ekarritako agiriak berreskuratu ahal izanen dira, interesdunak halaxe eskatu ondotik eta betiere erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, izendapena onesten duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.
Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.
Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratu ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Mairagako Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Tafallan, 2015eko uztailaren 31n.–Mankomunitateko burua, Francisco María Irizar Jauregui.
I. ERANSKINA
Izena
NANa
Egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua)
Herria ......................................................... Posta kodea
Sakelako telefonoa ............... Lantokiko telefonoa
Datu administratiboak:
Administrazio egoera:
a) Oraingo lanpostua
Jardunean.
Zerbitzu berezietan.
Eszedentzia berezian.
(X batez markatu dagokion kontzeptua).
b) Egungo destinoa. Alor teknikoko ingeniaria
Hau izenpetzen dudan honek adierazten dut eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko azken egunean.
ESKATZEN DU:
Mairagako Mankomunitateko Alor teknikoko burutza lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea. Deialdia ............. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, …...(e)ko ….............aren ...............…(e)an.
Tafallan, 2015eko ............aren ....(e)an.
(Sinadura)
MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUA.
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
1. Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila eta titulazioko lanpostuan langile finko gisa egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 2 puntu.
2. Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila eta titulazioko lanpostuan aldi baterako edo behin-behineko langile gisa egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko puntu 1.
3. Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila eta titulazioa baino goragoko lanpostuan langile finko gisa egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 3 puntu.
4. Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila eta titulazioa baino goragoko lanpostuan aldi baterako edo behin-behineko langile gisa egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 2 puntu.
Oharrak.
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
4. Langilea zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru lanetan aritu bada, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira. Horri dagokionez, ez da kontuan hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babespean bere prestakuntza eta hobekuntzarako jarduketetan egin duen denbora, atal honen 1. puntuan xedatuaren arabera baloratuko baitira.
5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.
b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertzelako merezimenduak:
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 6 puntu.
Oharrak:
1.–Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2.–Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3.–Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4.–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.
5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.
3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.
4. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak; besteak beste:
–Zerbitzuko burutza, kudeatzailetza eta/edo zuzendaritza lanak, uraren hornidurarekin eta saneamenduarekin lotutako sektore pribatuan: egindako zerbitzu urte bakoitzeko 3 puntu.
–Bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsultako, aholkularitzako, parte-hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 3 puntu gehienez ere.
Oharrak b) atal osorako:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko Alor teknikoko burutzarekin zerikusi zuzena izanez gero baizik ez dira baloratuko.
2. Honako b) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntu izanen da.
Iragarkiaren kodea: L1511307