Iragarkia
158. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
299/2015 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2015-2016 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen dituen hizkuntzen irakaskuntzaren curriculumak eta antolaketa honako hauen bidez ezartzen dira Nafarroan: 22/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, eta 58/2008 Foru Dekretua, ekainaren 2koa; 88/2007 Foru Agindua, uztailaren 4koa, maiatzaren 28ko 78/2008 Foru Aginduaren bidez aldatua, eta 149/2008 Foru Agindua, irailaren 11koa.
Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2015-2016 ikasturtean arautzeko jarraibideak onets daitezen, bai eta ziurtapen proben zuzenketa estandarizatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren 8.c) artikuluan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2015-2016 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3. Ebazpen hau eta eranskina Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalera, Hizkuntza Eskolen eta Egiaztapenen Bulegora eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (http://www.educacion.navarra.es/portal/) argitaratzea.
Iruñean, 2015eko ekainaren 30ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
ERANSKINA
Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2015-2016 ikasturtean arautzeko jarraibideak
I.–Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra.
1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza taldeek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.
2. Urteko Programazio Orokorrean honakoak sartuko dira:
2.1. Ikastetxearen ordutegi orokorra.
Ikastetxearen ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak prestatu behar duenak, bermatuko du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak, bai irakaskuntzaren arlokoak bai osagarriak, aurrera eramaten direla.
Ikastetxeak goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin egonen dira zabalik eskola komunitatearentzat. Bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen eskola oporraldietan.
Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskolaldiko orduen banaketa jasoko da, eskola egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:
a) Irakaskuntza arautua. Eskola ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goiz eta arratsaldeko txandetan.
Oro har, kurtso presentzialak izanen dira, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola egun, talde bakoitzak 140 ikastordu izan ditzan. Ostiraleko eskola saioak 2 ordukoak izanen dira.
Salbuespen gisa, eta matrikularen egoeraren ondorioz, baimena eman ahal izanen da irailean kurtso erdipresentzialak egiteko. Edozein kasutan ere, taldeen ratioa eta irakasleen ordutegiko irakastorduen zenbaketa talde presentzialenen parekoak izanen dira.
b) Matrikulako datuak zein diren, hizkuntza eskola ofizialek baimena eskatu ahal izanen dute espezializazio kurtsoak emateko.
Ikasketaburutzak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, Urteko Programazio Orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.
2.2. Planifikatzeko irizpideak.
a) Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goiz eta arratsaldeko txandak egotea.
b) Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek ikaspostu kopuru bat erreserbatuko dute, ekaineko deialdian “gai” kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat, dela bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programaren bidez, dela That’s English programan.
2015-2016 ikasturterako erreserbatutako ikaspostuen banaketa hauxe izanen da:
–Ingelesa:
- Maila aurreratua 1, IHEO: 30 ikaspostu.
- Maila aurreratua 1, THEO: 10 ikaspostu.
- C1 maila, IHEO: 10 ikaspostu.
- C1 maila, THEO: 10 ikaspostu.
–Euskara:
- Maila aurreratua 1, IHEO: 16 ikaspostu.
- Maila aurreratua 1, THEO: 10 ikaspostu.
- C1 maila, IHEO: 25 ikaspostu.
- C1 maila, THEO: 10 ikaspostu.
2.3. Hobekuntza plana.
a) Aurreikusitako hobekuntza helburuak lortzera zuzendutako jarduketak ezarriko ditu hobekuntza planak urtero, ikuspegi orokor eta integratzailetik, ikastetxearen egoeraren azterketa abiapuntu duena, denboran jarraitutasuna duela kontuan hartuta.
b) Ikastetxeek errendimenduaren eta eskolako jardunaren hobekuntzarekin lotura handiena duten helburuak hautatuko dituzte, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, departamentuko bilerak, klaustroaren erabakiak, etab.) hala ikusten direnak.
c) Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.
d) Hezkuntza Departamentuaren KKS 2013 Arauari jarraitzen dioten kalitate programetan parte hartzen duten eskolek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Arau hori uztailaren 5eko 63/2013 Foru Aginduan (otsailaren 5eko 10/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua) zehazten da. Eskola horien dokumentazioa kalitate planean bildutakoa izanen da, bidezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.
2.4. Departamentuen ekintza plana eta programazioak.
a) Departamentu bakoitzak, irailean zehar, 2015-2016 ikasturterako ekintza plana prestatuko du, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola, kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak egitea, ziurtapenekoak ere, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak ezarritakoa, eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren probak balioztatzeko ardura dutenekin elkarlanean.
Zuzendaritza taldeak, departamentuetako buruekin koordinatuta, eskolako departamentu guztien jarduketa planifikatuko du, ziurtapen probak prestatzeko. Era berean, erkidegotik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko du.
Horrekin batera, zuzendaritza taldeak NUHEOrekin lan eginen du mailetako estandarizazio eta trebatze saioetan, horretarako xedatutakoaren arabera.
b) Departamentuburuek, programazioa egiteko ardura nagusia baitute, bertan sartuko dituzte honakoak: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.
Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko zuzendaritzari, Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sartzeko. Programazioek zuzendaritzaren “ontzat emana” jaso beharko dute.
Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.
2.5. Ikastetxeko prestakuntza plana.
Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak honela sailkatuko dira: ikastetxeko prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Alde horretatik, eskolek prestakuntza instituzionalerako programa bat ezarriko dute, ikastetxeko irakasle guztientzat, urtean gutxienez 12 ordukoa, hobekuntza planak atzemandako beharrei erantzunen diena. Programa horren edukia eta ikasturteko ordu banaketa ikastetxeko prestakuntza planean agertuko dira.
Bi prestakuntza motak bi ikasturteko epean egiten ahalko dira, betiere ikasturteko prestakuntzarako batez besteko ordu kopuruak aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen badu.
Zuzendaritza taldeak, departamentuburuekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planen arabera, eta kontuan hartuta hizkuntza eskolen antolaketaren eta jardunaren berezko ezaugarriak. Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza arloko interesek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen gainean.
2.6. Jarduera osagarriak.
Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.
2.7. Memoria administratiboa.
Zuzendaritza taldeak memoria administratiboa eginen du 2015eko urriaren 21a baino lehen, eta horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.
3. Urteko Programazio Orokorra onetsi eta ebaluatzea.
Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du Urteko Programazio Orokorra eta ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.
Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, 2016ko uztailaren 3a baino lehen.
Urteko Programazio Orokorra, beranduenik, 2015eko urriaren 30ean aurkeztuko da. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta Eskola Kontseiluko kideek aztertu ahal izateko.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.
II.–Irakasleak.
1. Lanaldia.
Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
2015eko lanaldia Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 29an eman 237/2014 Foru Aginduan zehazten da.
Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, horietan sartuta irakastorduak eta ordu osagarriak, bai astean zenbatzekoak, bai urtean zenbatzekoak.
Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, prestakuntzan, irakaslanak prestatzen, eta batzorde, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko erabiliko dira, azken horiek izendapena jaso ondoren.
Ekaineko eta iraileko eskolarik gabeko lanegunetan, irakasleei baimena ematen ahalko zaie egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko, salbu eta lanaldi zatituan programatutako jardueretan. Azken azterketak egiteko ezarritako egunetan, irakasleek beren ordutegia egokituko dute, azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera.
2. Ordutegiaren banaketa.
Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko irakastorduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.
2.1. Irakastorduak.
Lanaldi osoko irakasleek 20 irakastordu izanen dituzte astean. Horien artean zuzeneko irakaskuntzakoak eta irakastordu gisa zenbatzen direnak sartuko dira.
Nolanahi ere, irakasleen irakastorduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 140 irakastordu izatea.
Irakastordu gisa kontatuko dira honakoak:
a) Zuzendaritza taldea.
Matrikula presentzialen kopurua kontuan hartuta, zuzendaritza taldeek honakoak izanen dituzte:
–Iruñeko HEO: astero 55 ordu (11 talderen baliokide), zuzendaritza taldeko kide guztien artean banatuak, kontuan harturik kide guztiek, gutxienez, talde bati eman beharko diotela eskola.
–Tuterako HEO: astero 35 ordu (7 talderen baliokide), zuzendaritza taldeko kide guztien artean banatuak, kontuan harturik kide guztiek, gutxienez, talde bati eman beharko diotela eskola.
b) Departamentuburuak eta departamentuko koordinatzaileak.
Kargu horiek betetzen dituztenek talde bati dagozkion asteko irakastorduak erabiltzen ahal dituzte zeregin horietarako.
2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Astean zenbatu beharreko ordu osagarrien multzoan, irakasle bakoitzari esleituriko eginkizunen arabera, ondoko hauek sartzen ahalko dira:
a) Astean ordu bat, departamentuaren bileretarako.
b) Astean ordu bat, ikasleei arreta emateko.
c) Bi ordu gehienez, ziurtapen probak eta ebaluaziokoak egiteko eta pilotatzeko.
d) Ordu bat, Eskola Kontseiluan dauden ordezkarientzat.
e) Zaintzarako orduak.
f) Ordu bat, koordinazio didaktikorako.
2.3. Urtean zenbatu beharreko orduak.
Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteroko 5 ordu horiek, urtean zenbatzen direnak eta irakasle guztiek egin beharrekoak, honelako lanetarako erabiliko dira:
–Klaustroak.
–Ikasle libreen azterketak aplikatu eta zuzentzea.
–Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.
–Proben emaitzak aztertzea.
–Departamentuei dagozkien lan jakin batzuk, programazio didaktikoetan sartu beharrekoak.
–Plangintza instituzionalerako tresnak prestatu edo berrikustearekin lotutako zereginak, bai eta irakasten den hizkuntzarekin lotutako prestakuntza jarduerak ere.
3. Ordutegien prestaketa eta onespena.
Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuburuei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuburuak ordu multzo orekatuetan banatuko ditu taldeak, ikasketaburutzak emandako jarraibideen arabera.
Irakasleen irakastorduak asteko egun guztien artean banatuko dira, salbu eskola egun ez diren ostiraletan.
Departamentuek ohiz kanpoko bilera bat eginen dute aurreko ikasturtearen bukaeran ordu multzoak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.
3.1. Txanden eta taldeen banaketa.
Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.
Irakasleren batek ezin baldin badu hautatutako txandan bere ordutegia osatu, bestean osatu beharko du.
Txandak hautatu ondoren, ordu multzoak nola banatu erabakiko da.
Multzoak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela hautatuko dira taldeak:
Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian dauden departamentuko irakasle guztiekin erronda oso bat egin arte.
Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, irakasle guztiek irakastordu guztiak osatu edo talde guztiak esleitu arte.
Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.
Multzoak esleitzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio berehala.
3.2. Hautatzeko ordena.
Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:
a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
b) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.
c) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.
e) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.
f) Zerbitzu eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.
g) Funtzionarioak eta lan-kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.
h) Administrazio edo lan araubidean dauden aldi baterako kontratudunak.
Arestiko a), b), c), d) eta f) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentziak alde batera utzita), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
–Ikastetxean antzinatasun handiena.
–Nork daraman urte gehien kidegoan.
–Kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan puntu gehien izatea.
e) atalean, taldeak hautatzeko lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den hurrenkerari segituko zaio.
g) eta h) ataletan, ordea, lehentasun hurrenkera ezartzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten hurrenkerari segituko zaio.
3.3. Zaintzak.
Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola ordutegia osoan izan beharko direla zaintzako irakasleak.
Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.
Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.
Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuei eskatzea zaintza ordu horiek egin ditzatela.
3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.
Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.
Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntzarik ez dagoen ostiral goizetan izanen da.
Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen ordutegia txanda guztietan kide bat gutxienez egoteko moduan banatu beharko da.
Azken azterketak egiteko ezarritako egunetan, irakasleek beren ordutegia egokitu beharko dute, azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera.
3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.
Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.
Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: irakastorduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.
3.6. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.
Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan edo administrazio araubideko kontratudunak zein egunetan hasi diren lanean.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:
http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren ustez aparteko egoera bat bada, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazi ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.
Asistentzia orrietako eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.
Nolanahi ere, asistentzia orrietan honako arau hauek beteko dira:
–“Hutsegitearen arrazoia” laukia ez da inoiz hutsik utziko eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.
–Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.
–“Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukian “Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia” jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari lizentzia emana izatea.
Asistentzia orriaren kopia bat irakasle gelan paratuko da ikusgai, hilaren 5a baino lehen. Beste kopia bat Eskola Kontseiluaren esku jarriko da.
Irakasleen hutsegiteen ziurtagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.
Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta, ondoren, asistentzia orrietan jasoko dira.
III.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
1. Departamentuak.
1.1. Departamentuak lan taldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuburuari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari.
1.2. Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.
Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.
1.3. Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:
a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan xedatutakoarekin bat.
b) Departamentuaren ekintza plana, Urteko Programazio Orokorrari buruzko I. ataleko 2.3 puntuak aipatzen duena, eta jardueren egutegia prestatzea.
c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea, bai ziurtapenekoak bai ebaluazio arruntekoak.
d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta ikasketa errendimenduaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.
Era berean, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioak ekarritako hobekuntzarako proposamenak jasoko dira.
Departamentuburuak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.
e) Beste eginkizun batzuk.
Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.
1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean batez beste ordu bat gordeko da, gutxienez, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.
Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero bukaerako memorian sartzeko.
Egiten diren bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak eginen du, eta departamentuan artxibatuko da.
1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.
2. Departamentuburutza.
2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialen Katedradunen Kidegoko irakasle batek beteko du.
Katedradunik ez badago, departamentuburua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.
Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.
Departamentuburutza bateraezina izanen da zuzendaritzako beste edozein kargurekin.
2.2. Departamentuburuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.
–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Horiek akten liburuan/artxiboan bilduko dira nahitaez.
–Programazioaren eta ikasturte bukaerako memoriaren prestaketa lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.
–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.
–Ikasle libreen azken proben prestaketa eta antolaketa koordinatu eta zuzentzea.
–Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
–Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.
–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren proba eta dokumentuak gordetzea.
–Departamentuan atzematen den edozein anomaliaren berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.
–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.
–Departamentuko kideen artean banatzea ziurtapen eta ebaluazio probetarako lanak.
3. Departamentuko koordinazioa.
Irakaskuntza arautuko kurtsoetako 27 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, betiere erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar.
Irakaskuntza arautuko kurtsoetako 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.
Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.
4. Teknologia berrien koordinazioa.
4.1. Eskolek teknologia berrietarako koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, betiere horretarako gai den langilea baldin badute.
4.2. Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.
4.3. Koordinatzailearen eginkizunak hauek izanen dira:
–Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.
–Zuzendaritza taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabileran eta erosketan.
–Ikastetxeko zuzendaritzari irizpideak proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko.
–Baliabide informatikoak behar bezala egon daitezen zaintzea, instalazio eta ekipamendu informatikoak gainbegiratzea eta programak erabiltzeko moduan daudela ziurtatzea.
–Teknologia berrien arloan dagoen informazioa zabaldu eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.
–Ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea baliabide informatikoen inbentarioak eguneratzen eta arlo horretarako dauden aurrekontuak kudeatzen.
5. Kalitate Programaren arduraduna.
5.1. Hezkuntza Departamentuaren KKS 2013 Arauari jarraikiz kalitate programetan parte hartzen duten eskolek programa horretarako irakasle arduradun bat izendatu dezakete klaustroko kideen artetik.
5.2. Arduradun horrek ohiko talde baterako adina denbora izanen du programaren garapenarekin lotutako eginkizun guztiak betetzeko.
IV.–Ikasleak.
1. Ikasle ofizialen asistentzia.
1.1. Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskolara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea.
Ikasleei asistentziaren %70 eskatuko zaie gutxienez, ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.
Ondorio horietarako, irakasle guztiek egunero kontrolatuko dute ikasleak eskolara etortzen diren, huts egindakoen berri ematen duen egoera-orri bat betez; orri hori ikasketaburutzari emanen zaio hurrengo hilabeteko lehen eskola egunean, azaroan izan ezik, ikasturtearen asistentzia osoaren %30 betetzen den egunean aurkeztuko baitute. Kasu horretan ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza taldeak kurtso hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, ikaspostu hutsak badira matrikula berriei esleitzeko.
1.3. Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleei absentzien kopurua jakinaraziko die, hiru hilabetean behin.
1.4. Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, Eskola Kontseiluak balora ditzan. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, hauek onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo instituzioetan aritzeko bekak edo kontratuak, unibertsitateko lan praktikaldiak), laneko oporrak, laneko baimena ezkontzeagatik, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.
Ikastetxeetako barne araudiaren erregelamenduak atal honetan zehaztutakoa garatuko du.
Edonola ere, araudian adierazitako kasuetan zilegi izanen da matrikulari uko egitea.
2. Matrikulazioa.
2.1. Ikasleek, matrikulatzeko, araubide bereziko hizkuntz irakaskuntzarako indarreko araudian ezarritako tarifak ordainduko dituzte.
2.2. Zerbitzu orokorren kontzeptuan edo aurreneko izen-ematerako ordaindutako tasak ez dira itzuliko.
2.3. Matrikulari uko egiteko epeak eta baldintzak uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan eta irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduan ezarritakoari lotuko zaizkio.
2.4. Edozein kasutan, matrikula baliogabetzeak ez du berarekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea, eskolak hasi ondoren eskatzen bada.
2.5. Lanpostu hutsak baldin badaude, hizkuntza eskola ofizialek matrikula eskabide berriak onartuko dituzte martxoaren 31ra arte.
2.6. Ikasleak ezin izanen dira matrikulatu aurreko deialdi batean matrikulatutako mailatik beheragoko batean, ezta gainditua duten maila batean edo beheragoko batean ere.
V.–Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.
Ikastetxeek giro higieniko eta osasuntsua bultzatu behar dute, hezkuntza komunitatean osasunerako on diren ohiturak eta jarrerak sustatuz. Hori helburu, tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legea bete dadin:
a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.
b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.
Ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte, indarrean den araudiari jarraikiz, ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira barne araubideko erregelamendua prestatzerakoan.
Iragarkiaren kodea: F1509946
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
