158. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

298/2015 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2015-2016 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, bi helbururekin: alde batetik, araubide bereziko ikasketak urrutiko modalitatean emateko eta, bestetik, Bigarren Hezkuntzako hizkuntzen curriculuma araubide bereziko ikasketen curriculumarekin bateratzen duten ikastetxeetan lankidetza programa garatzeko. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin egiten den lankidetzak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialari izaera estrategikoa ematen dio irakasleek prestakuntza eta ziurtagiria lortzeko, baita unibertsitateko ikasleen ziurtagiriei buruz aholku emateko ere.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2015-2016 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren 8.c) artikuluan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketak eta jardunak 2015-2016 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, eta Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalera, Hizkuntza Eskolen eta Egiaztapenen Bulegora eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (http://www.educacion.navarra.es/portal) argitaratzea.

Iruñean, 2015eko ekainaren 30ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2015-2016 ikasturtean arautzeko jarraibideak.

I.–Urrutiko irakaskuntza: That’s English! ikastaroa.

1. Irakaskuntzak.

1.1. That’s English! ikastaroaren barnean ematen dira oinarrizko eta erdiko mailetako ingeles irakaskuntzak, baita maila aurreratuari dagozkionak ere, hizkuntza eskola ofizialen mailaketaren arabera, urrutiko modalitatean irakasteko behar diren curriculum-egokitzapenak eginda.

1.2. 2015/2016 ikasturterako, ikastaroak egitura hau izanen du:

–Oinarrizko maila 1: 1. eta 2. moduluak.

–Oinarrizko maila 2 (A2): 3., 4. eta 5. moduluak.

–Erdiko maila (B1): 6., 7. eta 8. moduluak.

–Maila aurreratua 1 (B2.1): 9. eta 10. moduluak.

–Maila aurreratua 2 (B2.2): 11. eta 12. moduluak.

1.3. Ziurtatu beharreko mailak (oinarrizko maila 2, erdikoa eta aurreratua 2) gainditzeko probak Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztiek maila horien ziurtagiria lortzeko ezartzen dituztenekin bat etorriko dira.

2. Ikasleak onartzeko irizpideak.

2.1. Urrutiko irakaskuntza hauetan sartzeko ezinbestekoa izanen da hamasei urte beterik izatea ikasketak hasten diren urtean.

2.2. Oinarrizko eta erdiko mailetako eta maila aurreratuko bigarren kurtsoan sartzeko, irakaskuntza hauetarako baldintza orokorrez gain, honako baldintza hauetako bat bete eta frogatu beharko da:

2.2.1. 2. oinarrizko mailan sartzea (A2):

–Irakaskuntza hauetako lehen ikasmaila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.

–Oinarrizko mailako 1. modulua gainditurik izatea. Kasu horretan, beharrezkoa izanen da abenduko deialdiko 2. modulua gainditzea, mailako bigarren ikasmailako moduluetan ebaluatua izateko.

–Dagokion mailarako sarrera proba gainditzea.

2.2.2. Erdiko mailan sartzea (B1):

–2. oinarrizko maila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.

–Batxilergoko titulua izatea, bertan ingelesa ikasi bada atzerriko lehen hizkuntza gisa.

–That’s English! ikastaroko 1-4 moduluak gaindituak izatea.

–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.

2.2.3. Maila aurreratuan sartzea (B2.1):

–Erdiko maila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.

–That’s English! ikastaroko 6-8 moduluak gaindituak izatea.

–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.

2.2.4. Maila aurreratuan sartzea (B2.2):

–Maila aurreratua 1 (B2.1) gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.

–That’s English! ikastaroko 9-10 moduluak gaindituak izatea.

–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.

Kasuan kasuko mailako azken modulua gainditua ez duten ikasleak errepikatzaile gisa matrikulatu daitezke, edo hurrengo kurtsoan, gainditu gabeko modulua aurrerago gainditzeko utzirik.

Mailako proba, uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan aurreikusi dena, ondokoentzat da: aurretik ingeles maila aski izanik, oinarrizko mailako bigarren kurtsoan, erdiko mailan edo maila aurreratuan sartu nahi dutenentzat, aurreko mailak gainditu gabe. Proba hori ikasturte hasieran eginen da.

Mailako proba gainditzeak ez du ondorio akademikorik sortuko, eta 2015-2016 ikasturterako izanen du balioa.

Mailako proba bat gainditu ezean, ezin izanen da goragoko mailan sartzeko proba egin ikasturte berean.

Hori hala izanik ere, ingeleseko departamentuak kontuan izan ditzake, ikasle berri bat kokatzeko, ikasle horrek alegatutako gaitasunak (portfolio).

That’s English! ikastaroko ikasleak, ondorio guztietarako, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle ofizialak izanen dira eta aldi berean ezin izanen dira ikasketa berean matrikulatu inongo hizkuntza eskola ofizialetan, ez ikasle ofizial gisa ez ikasle libre gisa.

3. Matrikulazioa eta deialdi kopuruaren muga.

That’s English! ikastaroko matrikula epea 2015eko irailaren 1ean hasi eta urriaren 1ean amaituko da.

Aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleek tokia ziurtatuta izanen dute, betiere izena ematen badute 2015eko irailaren 9tik irailaren 22ra bitarte. Lehen ikasmailako ikasle berriak irailaren 7tik aurrera matrikulatu daitezke. Gainerako matrikulentzako epea irailaren 22tik urriaren 20ra bitartekoa izanen da, betiere bete gabeko ikasposturik badago. Eskaintzen diren Ikaspostuen kopurua mugatua denez, matrikula hurrenkeraren arabera esleituko dira; matrikula erabat formalizatutzat joko da matrikularen inprimakia aurkeztu eta ordainketa egiten denean, banketxeak balioztatuta.

Matrikula formalizatu ondoren emanen da ikasmateriala Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Aurreinskripzioa Internet bidez edo eskolara edo egoitzetara bertara joz egin daiteke, horretarako ezarriko diren egunetan.

Aurrenekoz izena ematen duten ikasleek, dagozkion tasen ordainagiriaz gain, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta bi argazki erantsiko dizkiote matrikula orriari.

Mailako proba egitea eskatzen duenak ez du matrikula egiterik izanen harik eta emaitza jakin arte.

2015-2016 ikasturterako kostua honako hau da:

Lehen aldiko inskripzioa

23,80 euro

Matrikula

45,00 euro

Material didaktikoa eta tutoretza

Pack osoa maila bakoitzeko

182,00 euro

Ikasle errepikatzaileak

Jardueren koadernoa eta gida

41,00 euro

Familia ugaria, 1. kategoriakoa

Pack osoa maila bakoitzeko

91,00 euro

Familia ugaria, 1. kategoriakoa

Pack osoa maila bakoitzeko

0,00 euro

Araubide orokorreko edo bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetan jardunean dauden langileak.

Pack osoa maila bakoitzeko

91,00 euro

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten ikasleak.

Pack osoa maila bakoitzeko

0,00 euro

Aurrenekoz matrikulatzen den ikasleak 23,80 euro ordaindu beharko ditu espedientea ireki eta kudeatzeko gastuetarako, 182 euro tutoretza eta bitarteko didaktikoak ordaintzeko eta 45 euro matrikularako.

Material didaktikoari eta tutoretzari dagokien matrikula itzultzea bidezkoa izanen da, bakar-bakarrik, interesdunari ezin lepora dakizkiokeen arrazoiengatik deuseztatzen denean. Itzulketa eskatzeko epea 2015eko abenduaren 16an bukatuko da.

Matrikularako ordaindutako 45 euroak ez dira itzuliko baliogabetzeko eskaera 2015eko irailaren 29tik aurrera aurkezten bada, egun horretan hasiko baitira eskolak.

Espedientea ireki eta kudeatzeko gastuengatik ordaintzen diren zenbatekoak ez dira itzuliko matrikula baliogabetzen bada.

Ikasleak bizilekua aldatzen duenean espedientearen lekualdaketa egiteko eskaerak jatorrizko ikastetxearen bidez tramitatuko dira, interesdunak eskaturik, destinoko ikastetxean ikasposturik badela berretsi eta gero.

4. Tutoretzarako ikastetxeak.

Tutoretzarako ikastetxeak 2015-2016 ikasturtean hauexek izanen dira:

IKASTETXEA

HERRIA

MAILAK

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren egoitza

Iruña

OM, EM, MA1, MA2

Alhama BHI

Corella

OM, EM

Tierra Estella BHI

Lizarra

OM, EM

Sierra de Leyre BHI

Zangoza

OM, EM

Mendaur DBHI

Doneztebe

OM, EM, MA1, MA2

Sancho III el Mayor BHI

Tafalla

OM, EM, MA1, MA2

Valle del Ebro BHI

Tutera

OM, EM, MA1, MA2

Ribera del Arga BHI

Azkoien

OM, EM, MA1

5. “That’s English!” ikastaroa ematen duten irakasle-tutoreak.

“That’s English!” ikastaroa ematen duten irakasleak Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak izanen dira. Eskualdeetarako ezarritako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, berriz, institutuetako plantillako irakasleek emanen dute, beren ohiko ordutegian, ikasturte osorako eskaintza horretan ariko direla konpromisoa hartuta, bai ikasleen tutoretzari bai ebaluazioari dagokien guztian.

Irakasle-tutore bakoitzaren dedikazioak bermatuko du astero ordubeteko ahozko praktikako saioa izanen dela talde bakoitzarekin, baita idatzizko jarduerak eta moduluko probak zuzentzeko, idatzizko azterketak zaintzeko eta zuzentzeko, eta ahozko proben epaimahaietan esku hartzeko beharrezko denbora ere. Halaber, irakasleak koordinazio bileretara joanen dira, baldin eta dei egiten badiete.

6. Tutoretza.

Ikasleek tutoretzako ordubeteko saioa izanen dute astean, ikasturteak dirauen bitartean. Saioak taldeetan eginen dira eta asistentzia borondatezkoa izanen da. Halere, ikasleen asistentzia ebaluatzeko, hilero kontrolatuko da asistentzia hori.

7. Material didaktikoa.

Material didaktikoen banaketa Urrutiko Irakaskuntza Berritu eta Garatzeko Zentroak (UIBGZ) eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak (NUHEO) zuzendu eta koordinatuta eginen da.

Ikasle berriak matrikulatu den ikasmailaren material guztia jasoko du (testuliburuak, material osagarriak eta ikus-entzunezko materiala), jarraibide osagarriekin batera.

Ikasle errepikatzaileek matrikulatutako ikasmailari dagozkion ariketa koadernoa eta gidaliburu osagarria jasoko dituzte.

8. Ebaluazioa.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala arduratuko da modulu guztien ebaluazio proben antolaketaz, aplikazioaz eta zuzenketaz.

Kurtso bateko edozein modulu gainditzeak aurrekoak gainditzea dakar berarekin. Edonola ere, kurtso bat gainditzeko kurtso horretako azken modulua gainditu behar da.

Ikasturtean zehar idatzizko ebaluazio proba batzuk eginen dira oinarrizko eta erdiko mailetan, baita aurreratuetan ere, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezartzen duen egutegiaren arabera.

Modulu bakoitza gainditzen denean, ziurtagiria emanen da eta horrek, hezkuntzako modalitate honen ondorioetarako, behin betiko frogatuko du probak gainditu direla.

9. Erreklamazioak.

Atal honetan, maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduari jarraikiko zaio. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen (2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

II.–Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuen arteko lankidetza programa.

1. Lankidetzaren xede diren irakaskuntzak eta hizkuntzak.

1.1. Ezaugarriak.

Araubide orokorreko irakaskuntzek eta Bigarren Hezkuntzako eta hizkuntza eskola ofizialetako araubidekoek zeinek bere ezaugarriak dituzte. Nolanahi ere, biek dituzte hizkuntza helburu eta eduki amankomun batzuk, ikaskuntza bateragarri izatea ahalbidetzen dutenak. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzeko programari esker, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ikasten dituzten hizkuntzen ziurtapen ofizialak izan ditzakete. Maila jakin batzuk ziurtatzeko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proba gainditzea.

2015-2016 ikasturtean lankidetzaren barruan sartzen diren hizkuntzak frantsesa, ingelesa, euskara eta alemana izanen dira.

Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen curriculumak martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan ezarri ziren, oinarrizko eta erdiko mailetarako, ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuan maila aurreraturako, eta abuztuaren 27ko 67/2014 Foru Dekretuan, C1 mailarako.

Irakaskuntza horiek kasuan kasuko hizkuntzaren ohiko ordutegian jasoko dituzte ikasleek, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasleen eskutik.

Programa honetarako laguntza klaseak antolatzen badira, borondatezkoak izanen dira ikasleentzat.

1.2. Mailen egokitzapena.

1.2.1. Oro har, araubide bateko eta besteko ikasketak batera eginez gero, mailen egokitzapen hauek ezarriko dira:

NAFARROAKO URRUTIKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALEKO MAILA

BIGARREN HEZKUNTZAKO MAILA

ALEMANA Atz. Hizk. 2

Oinarrizko maila (A2)

DBHko 3. maila / DBHko 4. maila

Erdiko maila (B1)

DBHko 4. maila / Batxilergoa

FRANTSEA AH2

Oinarrizko maila (A2)

DBHko 3. maila / DBHko 4. maila

Erdiko maila (B1)

DBHko 4. maila / Batxilergoa

EUSKARA. A EREDUA

Oinarrizko maila (A2)

DBHko 3. maila / DBHko 4. maila

Erdiko maila (B1)

DBHko 4. maila / Batxilergoa

Maila Aurreratua (B2)

Batxilergoa

EUSKARA. D EREDUA

Maila Aurreratua (B2)

DBHko 4. maila

C1

Batxilergoa

INGELESA

Erdiko maila (B1)

DBHko 4. maila / Batxilergoa

Maila Aurreratua (B2)

Batxilergoa

D ereduko ikastetxeetako DBHko 4. mailako ikasleek aukeratu beharko dute 2015-2016 ikasturtean euskararen B2 mailan matrikula egitea ala 2016-2017 ikasturtean, batxilergoko 1. maila ikasten dutenean, C1 mailan matrikula egitea.

C1 mailakoa aukeratuta, ikasleek 2017ko ezohiko proba gainditzen ez badute, UHEOk B2 mailako ebaluazioaren irizpideak aplikatuko dizkie idatzizko eta ahozko adierazpenaren zatietan, betiere gutxienez %50 lortu bada entzunaren eta idatziaren ulermenetan. Horrela, C1 mailako proben bitartez, bide ematen zaie ikasleei B2 mailako agiria lortzeko.

1.2.2. Lanbide Heziketako zentroetako ikasleak NUHEOko Bigarren Hezkuntzako Lankidetza Programan ingelesez matrikulatzen ahalko dira.

Erdi Mailako zikloa ikasten ari badira, erdiko mailan matrikula egiten ahalko dute (oinarrizko maila dutela frogatuta).

Goi mailako graduko ikasketak egiten ari badira, zuzenean erdiko mailan (LOE) edo maila aurreratuan (maila frogatuz) matrikulatzen ahalko dira.

2. Beste jarraibide batzuk.

2.1. “Ez gai” kalifikazioa jasotzen duten ikasleek behin bakarrik errepikatu dezakete maila, hurrengo ikasturtean, betiere Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren ikastetxe laguntzaile batean jarraitzen badu.

2.2. Ikastetxe laguntzaile batean derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko etapetan aurrenekoz sartzen diren ikasleak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programan sartu ahal izanen dira ikastetxe horretarako baimendutako mailan. Mailaketa probak egin ahal izanen dira, kasu bakoitzean ezarritako maila ikaslearentzat egokia dela ziurtatzeko.

2.3. Ikasturte bat atzerrian eginen duten ikastetxe baimendu bateko ikasleek matrikula egin beharko dute, betiere ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte.

3. Ikastetxe laguntzaileak baimentzea.

Programa honetan parte hartu nahi duten ikastetxe eta institutuek Hezkuntza Departamentuan eskatu behar dute, irakaskuntza hori ezarri nahi den ikasturtearen aurreko apirilaren 1a baino lehen, eta hori urriaren 18ko 583/1995 Foru Aginduan ezarri denarekin bat. Eskaerak dagokion hizkuntza departamentuaren babesa eta ikastetxearen Eskola Kontseiluaren onespena izan beharko du.

Hezkuntza Departamentuak emanen du horri buruzko ebazpena eta horretarako kontuan hartuko ditu Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak.

Lankidetzan hasirik dauden ikastetxeek eta institutuek konpromisoari eutsi beharko diote, programan hasi eta hizkuntza ikasten ari diren ikasleek amaitu arte, behintzat, ikastetxeari baimendu zaion heziketa, betiere ikasleek modu egokian aurreratzen badute.

4. Ikasleak.

4.1. Onarpena eta matrikulazioa.

a) Hezkuntza Departamentuaren baimena duten bigarren hezkuntzako ikastetxeetako ikasleentzat borondatezkoa da programa honetan parte hartzea.

b) Ikastetxeek behar diren neurriak ezarriko dituzte programan sartzen diren ikasle berriak modu egokian kokatzeko. Neurri horiek ez dute inola ere ondoriorik izanen ikasketetan, eta ez zaizkie aplikatuko kasuan kasuko urteko azterketaren probak gainditu ez dituztenei.

c) Ikasleek, haien ikastetxeko irakasleen bidez, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean tramitatu beharko dute matrikula, eta, horretarako, Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza horietarako ezartzen dituen tarifak ordaindu beharko dituzte.

d) Zerbitzu orokorretarako edo aurreneko izen-ematerako ordaindutako tasak ez dira itzuliko.

e) Matrikulari uko egiteko epe eta baldintzei dagokien guztia uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan eta irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduan ezarritakoari lotuko zaio.

f) Edozein kasutan, matrikula baliogabetzeak ez du berarekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea, eskaera eskolak behin hasita daudenean egiten bada.

g) Hizkuntza horrexetan aldi berean beste hizkuntza eskola ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleak ezin izanen dira matrikulatu.

4.2. Taldekatzeak.

Ikastetxe laguntzaile bakoitzak erabakiko du zein den barne antolamendurako formula aproposena bere plantillaren ezaugarri eta aukeretarako.

5. Ebaluazioa.

5.1. Araudia.

Hizkuntza ikasketen ebaluazioari dagokionez, oinarrizko eta erdiko mailak antolatzen dituzten uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan eta maiatzaren 28ko 78/2008 Foru Aginduan eta maila aurreratua antolatzeari buruzko irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduan oro har ezarritakoari lotuko zaio, baita irakaskuntza horien beraien C1 mailarako curriculuma ezartzen duen abuztuaren 27ko 67/2014 Foru Dekretuan ezarritakoari ere.

5.2. Eskualdekatzea, azterketak egin ahal izateko.

Programako ikastetxeak hainbeste direnez eta hain sakabanaturik daudenez, azterketak (idatzizkoak eta ahozkoak) egiteko eskualdeak sortuko dira. Hori dela eta, hizkuntza bakoitzerako eskualdeburutzat jotzen diren ikastetxeetara joan beharko dute ikasle-irakasleek.

Ahozko probak ikastetxean bertan eginen dira. Dena dela, ebaluatu beharreko ikasle kopurua hamarretik beherakoa bada, beste ikastetxe batean egitea erabaki daiteke.

5.3. Proben antolaketa eta aplikazioa.

Idatzizko probak Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialak antolatu eta aplikatuko ditu, eta bigarren hezkuntzako irakasle laguntzaileek zuzenduko dituzte, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko dagokion departamentu didaktikoarekin koordinatuta.

Azken proba idatziak deialdi bakarrean eginen dira, egun eta ordu beretan. Ikastetxe laguntzaile bat baino gehiago dagoen herrietan, modu zentralizatuan eginen dira, ikastetxe batean.

Ahozko proba egiteko epaimahai mistoak eratuko dira eta horietan Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle bat edo eskualdeko irakasle koordinatzaile bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bat egonen dira. Salbuespen gisa, epaimahaian Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bi irakasle egon daitezke, edo baimendutako irakasle funtzionarioak. Azkeneko kalifikazioaren erantzukizuna Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kasuan kasuko departamentu didaktikoari dagokio.

Idatzizko probak egiteko, NUHEOko zuzendaritzak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe laguntzaileei laguntza eskatzen ahalko die, baita irakasle ez diren laguntzako langileei ere.

6. Bigarren Hezkuntzako programa koordinatzea.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta programako ikastetxe laguntzaileen arteko koordinaziorako ekintza plan bat ezarri da:

6.1. Koordinazio lanak.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezarriko ditu Bigarren Hezkuntzako irakasle laguntzaileekin koordinatzeko lanak eta egutegia. Horretarako bitarteko elektronikoak erabiliko dira lehentasunez, eta, ahal dela, joan-etorriak saihestuko dira.

Koordinazioak, besteak beste, lan hauei helduko die:

–Programazioaren jarraipena eta gauzatzearen balorazioa.

–Trebetasunak hartzeko erabilitako materialen eta jardueren egokitasunaren balorazioa.

–Ebaluazio irizpideen azterketa eta balorazioa.

–Entsegutarako proben azterketa eta balorazioa.

–Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko euskarriak aztertzea.

6.2. Eskualdeetako koordinazioa.

Bigarren Hezkuntzako lankidetza programako eskualdeekin koordinatzeko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak eskualdeko koordinatzailearen figura izanen du. Bere destinoko ikastetxetik arituko da lanean, eta ikasturte akademiko osoarekin lotutako jarduketetarako izendatuko da, barnean dela iraileko azterketen deialdia.

Eskualdeetako koordinazioaren helburua da Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lanak deszentralizatzea eta erraztasunak ematea irakasle laguntzaileei programa gauzatzeko.

2015-2016 ikasturterako, ikastetxe hauetatik eginen da eskualdeko koordinazioa:

HIZKUNTZA

BHI

HERRIA:

EUSKARA

Lekaroz

Lekaroz

Sierra de Leire

Zangoza

Aralarko Mikel Donea

Altsasu

INGELESA

Mendaur

Doneztebe

Tierra Estella

Lizarra

Valle del Ebro

Tutera

Marqués de Villena

Martzilla

FRANTSESA

Lekaroz

Lekaroz

Marqués de Villena

Martzilla

Iruñerriko ikastetxeetako koordinazioa Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren egoitzatik eginen da.

6.3. Eskualdeko koordinatzailearen eginkizunak hauexek dira:

Irailaren 1etik irailaren aparteko deialdiaren ebaluazioa bukatzen den arte, eskualdeetako koordinatzaileek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

–Programa koordinatzea bere eskualdeko ikastetxeetako irakasle laguntzaileekin, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kasuko departamentuko buruaren jarraibideekin bat.

–Informazioa kudeatzea eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta programako irakasle laguntzaileen arteko lotura gisa lan egitea.

–Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzea bere eskualdean programa betetzearekin zerikusia duten alderdietan.

–Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzea matrikula kudeatzen eta programaren antolaketa eta logistika lanetan.

–Txostenak eta hobekuntzarako proposamenak egitea bukaerako memoria eginez.

–Ikasleen ebaluazioa egiten laguntzea.

Ebaluazio prozesuarekin lotutako eginkizunak hauexek dira:

–Ahozko azken azterketen egutegia eta ordutegiak antolatzea.

–Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala ordezkatzea ahozko azterketetarako epaimahaietan.

–Idatzizko azterketak administratzea bere eskumeneko ikastetxeetan.

–Bere koordinaziopeko eskualdean idatzizko azterketen lehen zuzenketa kudeatzea eta bertan parte hartzea, kasuan kasuko departamentuaren jarraibideekin bat.

–Eskola bakoitzak deituriko estandarizazio bileretara joatea.

–Estandarizazio saioak antolatzea irakasle laguntzaileentzat.

–Mailako probak kudeatzea eta bere eskualdeko simulazioetarako eskaerei erantzutea.

–Probak berrikusteko eskaerei erantzutea, zuzenketarako erabilitako deskribatzaileak azalduz.

Eskualdeko irakasle laguntzaileekin koordinatzeko, bitarteko birtualak erabiltzeko ahalegina eginen da, komunikazioa erraztuz eta joan-etorriak ahalik eta gutxien izan daitezen.

7. Irakasle laguntzaileak.

Irakasle laguntzaileak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak dira.

7.1. Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:

–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.

–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.

–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai orientazio probetan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtagiria lortzeko probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).

–Ikasleei matrikulazio prozesu guztian informazioa emateko lanean laguntzea.

7.2. Programa honetan laguntzaile izateagatik konpentsazio hauek jasoko dira:

7.2.1. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lankidetzaren xede diren hizkuntza departamentuei irakastordu bat emanen zaie lankidetza programan matrikulatutako 20 ikasleko.

7.2.2. Diru ordaina emanen zaie irakasle laguntzaileei honako lan hauek betetzeagatik, betiere irakasleen ohiko ordutegitik kanpo egiten badituzte:

–Ziurtagiria lortzeko azterketetan zainketa lana egitea.

–Idatzizko azterketak zuzentzea.

–Ahozko probetarako epaimahaiak.

7.2.1. puntuan aipatzen den ordu-konpentsazioa duten irakasle laguntzaile guztiek 5 lanordu eman beharko dituzte NUHEOren ebaluazioan (zainketa lana ziurtagiria lortzeko azterketetan, idatzizko azterketen zuzenketa eta ahozko proben epaimahaiko lana) bakoitzak duen konpentsatutako irakastordu bakoitzeko.

Kalkulu horren gainetik dauden orduak ekonomikoki konpentsatuko dira.

NUHEOren departamentuko bakoitzeko buruek bere irizpidearen arabera esleituko dituzte zereginak.

III.–Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra.

Zuzendaritza taldeak Urteko Programazio Orokorra eginen du, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lan planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatu eginen du hezkuntza jarduerak modu koordinatuan gauzatzen direla, eta hauek jasoko ditu:

1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.

Ikastetxeko ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, eta kontuan hartuko du ikastetxearen jarduna astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen dela, goiz eta arratsaldeko txandekin.

Bitartekoak jarriko dira ikastetxea goizez zabalik egon dadin eskola oporraldietan.

Irakasleen hizkuntza egiaztapenetarako Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean ematen diren prestakuntza ikastaroak dagokien deialdian xedatutakoaren arabera arautuko dira. Ikasketa buruak eginen ditu ikasle horien ordutegiak eta kurtsoak ematen dituzten irakasleenak, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen jarraibideak betez.

2. Hobekuntza plana.

Aurreikusitako hobekuntza helburuak lortzera zuzendutako jarduketak ezarriko ditu hobekuntza planak urtero, ikuspegi orokor eta integratzailetik, ikastetxearen egoeraren azterketa abiapuntu duena, denboran jarraitasuna duela kontuan hartuta.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak errendimenduaren eta eskolako jardunaren hobekuntzarekin lotura handiena duten helburuak hautatuko ditu, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, departamentuko bilerak, klaustroaren erabakiak, etab.) hala ikusten direnak.

Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.

3. Departamentuen ekintza plana eta programazioak.

Departamentu bakoitzak, irailean, jarduketa plan bat eginen du 2015-2016 ikasturterako, eta honako hauek izanen ditu:

a) Departamentuko bilerak, koordinazioko bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak.

b) Ziurtagiria lortzeko proben pilotatze, estandarizazio eta balioztatze plana, kontuan harturik Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horretarako ezartzen duena.

c) Atzerriko hizkuntzak unibertsitateko (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea) ikasleei egiaztatzeko plana, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren jarraibideei jarraikiz.

d) Gainera, ingeleseko departamentuak irakasleen maila ziurtatzeko ikastaro semipresentzialen programazio didaktikoa sartuko du (helburuak, edukiak, denboraren banaketa, metodologia eta ebaluatzeko eta kalifikatzeko irizpideak).

Zuzendaritzak programazioak ontzat eman behar ditu, eta zuzendaritzaren eta departamentuko kideen esku gelditu behar dute.

4. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak honela sailkatuko dira: ikastetxeko prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Alde horretatik, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestakuntza instituzionalerako programa bat ezarriko du, ikastetxeko irakasle guztientzat, urtean gutxienez 12 ordukoa, hobekuntza planak atzemandako beharrei erantzunen diena. Programa horren edukia eta ikasturteko ordu banaketa ikastetxeko prestakuntza planean agertuko dira.

Bi prestakuntza motak bi ikasturteko epean egiten ahalko dira, betiere ikasturteko prestakuntzarako batez besteko ordu kopuruak aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen badu.

Zuzendaritza taldeak, departamentuko buruekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planaren arabera, eta kontuan hartuta hizkuntza eskola ofizialen antolaketaren eta jardunbidearen berezko ezaugarriak. Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza arloko interesek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen gainean.

5. Memoria administratiboa.

Urriaren 21a baino lehen, zuzendaritza taldeak memoria administratiboa prestatuko du eta horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

Urteko programazio orokorra Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari emanen zaie 2015eko urriaren 30 baino lehen, onetsi eta ebaluatzeko.

Apirilaren 29a baino lehen, eskolak ekaineko jardueren behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, eta ekainaren 30a baino lehen, irailekoena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, eta baita horiei buruzko kontsultak egiteko aldia ere.

Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, 2015eko uztailaren 3a baino lehen.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du eskolaren jardunbidea ikuspuntu pedagogikotik eta antolaketaren aldetik, eta egiaztatuko du urteko programazio orokorra bat datorrela jarraibide hauetan ezarritakoarekin eta bidezkoak diren aldaketak adieraziko ditu.

IV.–Irakasleak.

1. Lanaldia eta ordutegia.

–225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

–2015ean, lanaldia Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 29an eman 237/2014 Foru Aginduan zehazten da.

2. Ordutegiaren banaketa eta taldeen esleipena.

2.1. Oro har, irakasle bakoitzak astean 30 ordu jasoko ditu bere ordutegian ikastetxeko jardueretarako, honela banatuak: 25 ordu ikastetxean nahitaez egin beharrekoak, eta 5 ordu osagarri, urtean zenbatzekoak.

2.2. Ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntza ez dagoen ostiral goizetan izanen da.

2.3. Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen ordutegia txanda guztietan kide bat gutxienez egoteko moduan banatu beharko da.

2.4. Azken azterketak egiteko ezarritako egunetan, irakasleek beren ordutegia egokituko dute, azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera.

2.5. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle bakoitzak, irakastorduak baldin baditu, bai That’s English ikastaroan bai irakasleentzako ingeles kurtsoetan, asteko irakastorduen kopurua jasoko du bere ordutegian, gehienez ere 20. Horretarako, honakoa hartuko da kontuan:

–That’s English! ikastaroa: talde bakoitzeko zuzeneko irakastordu bat ezartzen da.

–Irakasleentzako ingeles kurtsoak: ikasleentzako 3 zuzeneko irakastordu izanen dira, ordu eta erdiko bi saiotan, eta, osagarri, irakasleentzako online arretako bi ordu.

2.6 Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleen ordutegian jasoko da zenbat ordu erabiltzen diren departamentuko bileretarako, klaustroetarako eta koordinazio didaktikorako, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritakoari jarraikiz.

2.7. Ziurtagiria lortzeko probak balioztatzeko ardura duten irakasleek gehienez ere 5 ordu izanen dituzte astean eta maila bakoitzeko zeregin horietarako.

2.8. Zuzendaritza taldeak 40 ordu izanen ditu gehienez astean, guztira, karguaren eginkizunak betetzeko.

2.9. Departamentuetako buruek astean 5 ordu izanen dituzte gehienez ere karguari dagozkion lanak betetzeko.

3. Urtean zenbatu beharreko orduak.

3.1. Atal honen 2.1 puntuan aipatzen diren 5 ordu osagarriak, urtean zenbatu beharrekoak, irakasle guztiek nahitaez bete beharreko lanetarako erabiliko dira, hala nola, ekaineko eta iraileko deialdietan azterketak prestatu, administratu eta zuzentzea, plangintza instituzionala egiteko tresnak prestatu edo berrikustea, prestakuntza jarduerak eta departamentuei dagozkien beste zeregin batzuk.

3.2. Azkeneko azterketak egiteko, irakasleek beren ordutegia moldatuko dute, baina horrek ez du banakako ordutegian ondoriorik izanen, izan ere urtean zenbatu beharreko ordutegia da.

4. Ordutegien prestaketa eta onespena.

Ikasketaburutzak That’s English! ikastaroko irakasleen ordutegiak eginen ditu, baita irakasleen ziurtagirietarako ikastaroetarako ere, kontuan izanik Ebazpen honetan ezarritako jarraibideak eta urteko programazio orokorrean ezarritako irizpideak.

Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hartuko du edozein erreklamazioren gaineko ebazpena.

5. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean daudela kontrolatuko du, eta, halaber, kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, aldi baterako lan edo administrazio kontratua dutenak zer egunetan hasi diren lanean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:

http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxera, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren ustez aparteko egoera bat bada, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazi ahalko da.

Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.

Nolanahi ere, asistentzia orri horietan honakoa hartuko da kontuan:

–“Hutsegitearen arrazoia” laukia ez da inoiz hutsik utziko eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

–Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

–“Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukian “Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia” jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari lizentzia eman izana.

Asistentzia orriaren kopia bat irakasle gelan paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen.

Irakasleen hutsegiteen ziurtagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta, ondoren, asistentzia orrietan jasoko dira.

6. Ziurtatze probak balioztatzea.

Frantseseko, euskarako eta ingeleseko departamentuek beren gain hartuko dute behar diren ziurtagiria lortzeko proben balioztatzea. Nolanahi ere, proben kalitateari eusteko, balioztatzeak kontuan hartuko du beharrezkoa dela gainerako hizkuntza eskola ofizialekin koordinatzea prestaketa, pilotatze eta estandarizazio prozesua.

7. Zereginen banaketa.

7.1. Departamentuei entzutea emanda, zuzendaritzak zereginen banaketa orekatua proposatuko du.

7.2. Ingeleseko departamentua.

7.2.1. Ingeleseko Departamentuko irakasleen artean irakastorduak dituzten taldeak eta zereginak esleitzeko honakoa hartuko da aintzat:

a) Ahal den neurrian, zerbitzu eginkizunetan dauden irakasleek hartuko dute beren gain That’s English! ikastaroaren irakaskuntza Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren egoitzan.

b) Irakasleen maila ziurtatzeko ingeles ikastaroak, Hizkuntza Eskola Ofizialei dagozkien irakaskuntzak direnez, kidego horretako irakasleek emanen dituzte, nagusiki.

7.2.2. Taldeak eta zereginak aukeratzeko, plantillarentzako honako modulu eta dedikazioak ezartzen dira:

–B1 modulua: oro har, maila horri dagozkion zeregin eta eskola jarduerak ditu. 3 irakasle.

  • Balioztatze batzordea.
  • Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
  • Atzerrian dauden ikasleei arreta ematea.
  • That’s English! ikastaroa.

–B2 modulua: oro har, maila horri dagozkion zeregin eta eskola jarduerak ditu. 3 irakasle.

  • Balioztatze batzordea.
  • Irakasleen eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen maila ziurtatzeko ikastaroak.
  • Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
  • Atzerrian dauden ikasleei arreta ematea.
  • Unibertsitateekiko lankidetza programa (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea).
  • That’s English! ikastaroa.

–C1 modulua: oro har, maila horri dagozkion zeregin eta eskola jarduerak ditu. 2 irakasle.

  • Balioztatze batzordea.
  • Irakasleen eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen maila ziurtatzeko ikastaroak.
  • Unibertsitateekiko lankidetza programa (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea).

Ulertu behar da modulu bakoitzerako langileentzat ezartzen den dedikazioa hasierako gutxi gorabeherako kalkulua dela; zuzendaritzak aldatu egin dezake une zehatz batzuetan, edo inguruabarrengatik komeni bada, betiere zereginen eta helburuen hobe beharrez.

7.3. Modulu bakoitzaren barnean moduluak eta zereginak aukeratzeko, ordena honi jarraituko zaio:

a) Hizkuntza eskola ofizialetako kidegoetako irakasleak.

b) Zerbitzu eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.

c) Funtzionarioak eta lan-kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

d) Administrazio edo lan araubidean dauden aldi baterako kontratudunak.

a), b) eta c) ataletan, katedradun izateak eta kidegoan duten antzinatasunak ezarriko dute hautatzeko lehentasuna (borondatezko eszedentziak alde batera utzita). Antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.

–Nork duen denbora gehien kidegoan.

–Nork duen puntu gehien sarrerako hautapen prozesuetan.

Ikastetxean destinorik ez duten hizkuntza eskola ofizialen kidegoko irakasleen kasuan, lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den hurrenkerari segituko zaio.

Moduluak eta taldeak banatzerakoan adostasunik ez badago, honela eginen da aukeraketa:

Irakasle bakoitzak, lehenik, modulu bat aukeratuko du. Modulu horren barnean, eskola jardueren kasuan zeregin edo talde bat aukeratuko da, egintza horretan dauden departamentuko irakasleen erronda bat osatu arte.

Lehen erronda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, banakako ordutegi guztiak osatu arte.

Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.

Zereginak hautatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio berehala.

V.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

1. Departamentuak.

1.1. Departamentuak lan taldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari.

1.2. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak frantses, ingeles eta euskara departamentuak ditu.

1.3. Departamentuen eginkizunak.

–Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa, lan plana eta jardueren egutegia prestatzea.

–Ziurtagiria lortzeko probak eta entsegukoak prestatzea.

–Ebaluazio proben pilotajea kontrolatzen eta aztertzen laguntzea.

–Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko behar diren euskarriak prestatzea.

–Hizkuntza gaitasunak lantzeko material eta jarduera didaktikoak prestatzea, mailen eta helburuen arabera.

–Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialen ziurtagiria lortzeko probak balioztatzea.

–2014-2015 ikasturtean egindako proben emaitzak aztertzea, eta horiek aplikatzeko erabilitako irizpide eta prozedurak baloratzea; orobat, beharrezkoak diren aldaketak edo egokitzapenak egitea.

–Maila bakoitzeko zehaztasunak berrikustea.

–Ziurtagiriak emateko proben ebaluazio irizpideak estandarizatzeko saioetan parte hartzea.

–Antolaketa lana egitea eta laguntzea, Hizkuntza eskola guztietako irakasleek ikasgela birtualean parte hartzeko.

–Bigarren Hezkuntzako irakasleekin eta eskualdeko irakasle koordinatzaileekin koordinatzeko bilerak antolatu eta gidatzea.

–Ikasturte bukaerako memoria egitea.

1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean batez beste ordu bat gordeko da, gutxienez, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztietarako ere.

Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, ekintza plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko bukaerako memorian sartzeko.

Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuko buruak egin eta sinatuko du, eta departamentuan artxibatuko da.

1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.

2. Departamentuko burutza.

2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialen Katedradunen Kidegoko irakasle batek beteko du.

Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.

Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.

Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.

Departamentuko burutza bateraezina izanen da zuzendaritzako beste edozein kargurekin, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

2.2. Departamentuko buruaren eginkizunak.

–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

–Eskualdeko irakasle koordinatzailearen jarduna koordinatu eta gainbegiratzea.

–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.

–Programazio didaktikoa erredaktatzea eta prestaketa koordinatzea, bertan sartuz helburuak, edukiak, metodologia eta formatua eta ebaluazio irizpideak, entsegu eta ziurtagiria lortzeko probetarako.

–Programazio didaktikoa zuzendaritzari eman eta departamentuaren esku uztea, eta betetzen dela begiratzea.

–Ikasturte bukaerako memoria erredaktatzea eta prestaketa koordinatzea; bertan jasoko da lan plana noraino bete den, eskualdeko irakasle koordinatzaileen ekarpenak, proben emaitzak eta balorazioa, bai eta hurrengo ikasturterako hobekuntza proposamenak.

–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

–Azken proben antolamendua eta prestakuntza koordinatu eta zuzentzea.

–Ebaluazio proben ebaluazio irizpideak estandarizatzeko saioak antolatu eta zuzentzea.

–Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

–Material inbentariagarria eguneratzea.

–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren probak eta dokumentuak gordetzea.

–Departamentuan gertatzen den edozein gorabeheraren berri ematea zuzendariari edo ikasketa-buruari.

–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak departamentuko kideen prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

Iragarkiaren kodea: F1509937