158. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

493/2015 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez baliogabetzen da Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 704/2014 Ebazpena, Nafarroako Ubidearen XXIV. sektoreko (Larraga eta Mendigorria) lurzati berrantolamenduaren gaineko erabakia onetsi zuena.

Aurrekariak:

1. Otsailaren 26ko 277/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Larraga eta Mendigorria udalerrietan Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIV. sektoreko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea, lurzatien berrantolamendua eginez eta ureztalurra sortuz, eta adieraztea esku-hartze hori onura publikokoa eta presakoa dela (2014ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 12koa).

2. 2014ko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialen, apirilaren 15ean, argitaratu zen martxoaren 21eko 208/2014 Ebazpena, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIV. sektorearen (Larraga eta Mendigorria) lurzati berrantolamendua egiteko oinarriak. 2014ko irailaren 4an, berrantolamenduaren oinarriak irmo deklaratu ziren.

3. 2014ko apirilaren 11n jakinarazi zen Landa Garapenerako zuzendari nagusiaren martxoaren 25eko 225/2014 Ebazpena. Haren bidez, lurzati berrantolamenduak ukitutako jabeei aukera eman zitzaien beren finkak ureztalur bihurtzeari uko egiteko. Larragako Udalak ez zion bihurtzeari uko egin.

4. 2014ko apirilaren 11n jakinarazi zen Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 226/2014 Ebazpena. Haren bidez 30 eguneko epea eman zitzaion Larragako Udalari, bere finkak ureztalur bihurtzeak berarekin dakartzan konpromisoak onartzeko, besteak beste interes orokorreko lanen kostuaren zati bat pagatzea, baita herrilurretako lurzatian ureztaketako barne banaketaren kostuaren zati bat pagatzea ere. Larragako Udalak onartu zituen bere finkak ureztalur bihurtzearen konpromisoak.

5. 2014ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialen, irailaren 26an, argitaratu zen irailaren 22ko 704/2014 Ebazpena, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIV. sektorearen (Larraga eta Mendigorria) lurzati berrantolamendurako akordioa.

6. 2014ko azaroaren 20an, Larragako Udaleko alkate Antonio Lamberto Urquijo jaunak alegazioak aurkeztu zituen. Horietan adierazten du teknikoki onargarria dela herrilurretako 60,96 hektarea ureztalur bihurtzea, baina antiekonomikoa, ez justifikatua, eta bideraezina dela, teknikoki, 29,37 hektareako azalera ureztalur bihurtzea (salbuetsi beharreko lurzatiei buruzko txosten tekniko zehaztua eransten du), eta eskatzen du 2014ko urriaren 28an eskatutako lurren trukea onets dadila.

Inguruabar juridikoak:

Lehena.–Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 6ko 30/1992 Legearen 105.1 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek noiznahi baliogabetu ditzaketela kargak ezartzen dituzten egintzak edo bere kontrako egintzak, betiere baliogabetze horrek ez badakar legeak baimentzen ez duen salbuespen edo dispentsarik, edo ez bada berdintasun printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren kontrakoa.

INTIA SA sozietate publikoak uste du egokia dela lur horien salbuespena onartzea, zeren ureztagarritasun irizpideak betetzeko mugan baitaude azalera horiek. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak uste du onartzeko modukoa dela lur horiek salbuestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen ekainaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Baliogabetzea Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 704/2014 Ebazpena, Nafarroako Ubidearen XXIV. sektoreko (Larraga eta Mendigorria) lurzati berrantolamenduaren gaineko erabakia onetsi zuena, eta ureztalur bihurtzeko azaleratik salbuestea Larragako Udalaren herrilurretako 29,37 hektareako azalera.

2. Larragako Udalarekin egindako lurren trukea, 2014ko urriaren 28an eskatutakoa, onestea eta berrestea.

3. Ebazpen hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Larragako Udalari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2015eko uztailaren 3an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.

Iragarkiaren kodea: F1510013