158. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

480/2015 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako natur ingurunean pozoiaren legez kanpoko erabilera desagerrarazteko Ekintza Plana onesten duena.

Natur ingurunean, amu pozoituak basa fauna kontrolatzeko metodo gisa erabiltzea jardunbide kaltegarrienetako bat da ekosistementzat oro har eta, bereziki, espezie mehatxatu batzuentzat. Gai toxikoak bereizkuntzarik gabe eta oso kopuru handitan erabiltzen baitira eta, gainera, erraz eskuratzeaz gain, zaila baita gai horiek landetan detektatzea, gaitza da jardunbide hori desagerraraztea.

Jardunbide hori desagerraraztera bideratutako neurriak hartzea justifikatzen du egoera horrek; jardunbide hori debekatu egin zuen Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak, zeinaren 62.3 artikuluak ezartzen baitu debekatuta dagoela animaliak harrapatu edo hiltzeko prozedura masibo edo bereizkuntzarik gabeko guztiak eduki, erabili eta merkaturatzea, besteak beste pozoia, lege horren VII. eranskineko zerrendan agertzen den moduan.

Bestalde, ekimen horretarako beste arrazoi bat da jardunbide hori delitu gisa agertzea ekainaren 22ko 5/2010 Lege Organikoan, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatu zuen hartan.

Natur ingurunean pozoia erabiltzearen aurka egiteko, teknika eta prozedura espezializatuak behar dira, eta ezinbestekoa da, emaitza onak lortzeko, giza baliabide eta baliabide material berariazkoak erabiltzea, eta arlo horretan eskumenak dituzten agenteen eta administrazioen arteko koordinazioa izatea.

“Natur ingurunean legez kanpoko amu pozoituak erabiltzearen aurka egiteko estrategia nazionalean” zehaztutako esparruaren barnean (Natura Babesteko Batzorde Nazionalak onetsi zuen 2004ko irailaren 23an), eta kontuan harturik zer informazio dagoen Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan agertzen diren espezieendako mehatxu faktoreen gainean, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak plangintza tekniko irekia egin du, pozoia erabiltzearen aurkako borrokan gauzatu beharreko neurriak eta ekintzak jasotzeko. Plangintza hori etengabe eguneratu da orain arte, eta ez da onespen formala behar izan. Hala ere, 2014ko martxoaren 21ean, Nafarroako Parlamentuak mozio bat onetsi zuen eta, haren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari eskatu zion pozoiaren kontrako borrokarako kudeaketa plan bat onets zezala.

Ebazpen honen bidez, Nafarroako natur ingurunean pozoiaren legez kanpoko erabilera desagerrarazteko Ekintza Plana onesten da, eta horrek izaera formala ematen dio Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren jarduketari, eta etorkizunerako jarduketa ildoa marrazten du, arazoaren arrazoiak bilatuz, horrela konponbideak bilatu eta espezie mehatxatuen gaineko ukipena murrizteko.

“Nafarroako natur ingurunean pozoiaren legez kanpoko erabilera desagerrarazteko Ekintza Plana” jendaurrean jarri da, eta aldeko txostena egin du Nafarroako Ingurumen Kontseiluak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen ekainaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako natur ingurunean pozoiaren legez kanpoko erabilera desagerrarazteko Ekintza Plana onestea. Ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko uztailaren 3an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

NAFARROAKO NATUR INGURUNEAN POZOIAREN LEGEZ KANPOKO ERABILERA DESAGERRARAZTEKO EKINTZA PLANA

Sarrera

Basa faunaren kontrako amu pozoituen legez kanpoko erabilera oso egoera heterogeneoa da Nafarroan; kasu oso larri batzuk daude Nafarroako hegoaldeko eskualde jakin batean, eta eragina txikia da Komunitateko gainerako tokietan. Erabilera hau, gehienbat, ehizaren legez kanpoko kudeaketako kasu zehatz batzuei lotuta dago, ingurunea gaizki ezagutzearen ondorioz, uste baitute harrapakari guztiek ehiza espezieen gainean jarduten dutela eta horrek kalte egiten diola ehizari. Abeltzaintzari lotutako kasu bakanen bat ere badago. Pozoi erabilienak izurrien kontrakoak eta pestizidak dira, eta horietako batzuk orain urte asko debekatu ziren.

2004. urtean Estrategia Nazionala onetsi zenetik, eta hura oinarri hartuta, aurrerapen asko egin dira arlo honetan. Garrantzitsuenak hauek dira:

–Eguneratuta edukitzen da datu geoerreferentziatu guztiak jasotzen dituen artxiboa; horiei esker arrisku eremuen mapa prestatzen da urtero.

–Albaitari espezializatu batek aldez aurreko nekropsiak egiten ditu eta, heriotza pozoiaren ondoriozkoa izan daitekeela ikusten bada, laginak bidaltzen dira, azter daitezen; gainera, lagin batzuk gordetzen dira beti, egin beharreko kontraanalisietarako.

–Eguneratu egin da laginak eta frogak biltzeko protokoloa, eta prestakuntzarako zenbait saio egin dira Basozaintzakoekin.

–Zaintza lanak egiten dira, urte osoan, arazo gehien duten eremuetan.

–Lankidetza izaten da etengabe Foruzaingoarekin eta SEPRONArekin.

–Kalteak ebaluatzeko sistema bat dago, fasa fauna babestuak kalteak egiten dituenean kalte-ordainak eman behar direnerako.

2004-2013 epean 58 kasu izan dira guztira, alegia, batez bestekoan 6 kasu baino gutxiago daude urtean. Dena dela, animalia hilak 367 izan dira guztira, toki berean izandako hiru kasu bereziki ugariren ondorioz. Espezierik kaltetuenak harrapariak dira eta, horien artean, nekrofago fakultatiboak eta beren baliabide trofikoen parte garrantzitsu gisa sarraskia erabiltzen dutenak.

Espezie kaltetuena miru beltza da (264 miru pozoitu); miru gorri asko ere hil dira (24). Garai berean 13 sai arre eta 12 sai zuri hil dira eta, gainera, ugatzak, arrano beltzak, zapelatzak, zingira-mirotzak etab.

Aplikazio eremua

Nafarroako natur ingurunean pozoiaren legez kanpoko erabilera desagerrarazteko Ekintza Plana Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatuko da.

Jarduteko neurriak

1. helburua.–Ezagutza hobetzea eta informazioa.

1.1. Arrisku eremuen urteroko mapa prestatzen eta eguneratzen jarraitzea, pozoitzearen ondorioz animalia gehien hiltzen diren eremuen kokapena osatuz.

1.2. Kasu guztien erregistro bateratua izatea.

1.3. Espezie “zelatariak” erabiltzea (basati bihurtutako txakurrak, espezie babestugabeak), pozoien erabilera detektatzeko maila hobetu ahal izateko, betiere SEPRONArekin eta Foruzaingoarekin informazioa trukatuz.

1.4. Pozoitutako animalien kasu gehien dituen eremuaren monitorizazioarekin jarraitzea.

1.5. Zehapen prozeduretan aplikatu beharreko laborategiko analisien kalitate handia mantentzea.

1.6. Administrazioko langileendako protokoloa mantentzea peritu txostena zuzen egin dadin; aldian aldiko prestakuntza ekintzak ere sartzen dira.

1.7. Gaur egungo metodologiari eustea: lehen nekropsia bat egiten da Basa Fauna Sendatzeko Ilundaingo Zentroan eta, gero, laginak laborategi espezializatura bidaltzen dira, animalia pozoituta dagoela erakusten badute emaitzek.

1.8. Informazioa arin bidali eta jasotzea Basa Fauna Sendatzeko Ilundaingo Zentroaren, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko teknikarien eta agintaritzako agenteen artean.

1.9. Amu pozoituak erabiltzearen arrazoiak sakonago ezagutzea.

1.10. Honako hauen artean informazioa trukatzeko protokoloak sortzea: ehiztarien elkarteak, albaitarien elkarteak, pozoi kasuak bereziki ezagutzen ahal dituzten taldeak.

2. helburua.–Prebentzioa, eta pozoia erabiltzeko asmoa kentzea.

2.1. Produktu toxikoen eskuragarritasuna.

Erregistro bateratua sortzea, bertan jasotzeko basa fauna pozoitzeko erabili ohi diren produktuen gainean eskuragarri dagoen informazio guztia eta produktu horien merkaturatze mailari buruzkoa.

2.2. Ehiza antolatzeko teknikak.

Ehiza barrutietan pozoiaren gaineko zaintza indartu egin beharko dute hala ehiza barrutiko zaindariak eta barruti hori kudeatzen duen elkarteak nola Basozaintzako langileek.

Ehiztariei zuzendutako kanpainak egitea, pozoiaren erabilera desagerrarazten lagun dezaten, baita akusazio partikular gisa agertuz ere federazioei edo elkarteei dagokienez, natur ingurunean amu pozoituak erabiltzearen ondoriozko kasu penaletan.

“Pozoirik gabeko ehiza barrutia” figura sortzea; ehiza barrutiko titularrak eta aprobetxamenduaren titularrak konpromiso agiri bat sinatuko dute horretarako.

2.3. Basati bihurtutako etxeko animalien kontrako neurriak.

Toki entitateak bultzatzea basati bihurtutako etxeko animaliak hobeki kontrolatzera; hala egokituz gero, Foru Komunitateko eta Estatuko Administrazioetako langileen laguntza izanen dute: Basozaintza, Foruzaingoko Patruila Ekologikoa, SEPRONA.

Txakurren eta katuen egoera legala berrikustea basati bihurtuta eta natur ingurunean txertatuta daudenean.

2.4. Nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorea.

Sektore horretakoei prestakuntza ematea basa faunak egiten dituen kalteei aurrea hartzeko neurrien gainean, eta laguntza teknikoa ematea basa faunak beren ustiapenetan sortzen dituen arazoak konpontzeko.

Saien koloniei eta peritu txostenei buruzko informazioa aldian-aldian argitaratu eta ematea, fasa faunak egindako kalteak benetan zenbaterainokoak diren jakin dezan gizarteak.

Basa faunak egindako kalteen ordainak azkar ematea, ordain horiek bidezkoak direnean.

“Pozoirik gabeko abeltegia” figura sortzea; jabeak konpromiso agiri bat sinatuko du horretarako.

2.5. Komunikazioa, zabalkundea eta ingurumen arloko hezkuntza.

Kontzientziazio kanpainak egitea, gizarteak ahalik eta gehien arbuia dezan pozoiaren legez kanpoko erabilera.

Tokiko eragileek eta eragile ekonomiko eta sozialek, erakunde kontserbazionistak barne, pozoiaren kontrako borrokan parte hartzeko bideak ezartzea, horretan sartuz, halaber, sektore inplikatuenak (ehiztariak, abeltzainak, nekazariak). Denen protagonismoa bilatzen da.

Parte hartzeko prozesuak abian jartzea, estrategia horretan sar daitezen boluntariotza programak, Tokiko Agenda 21ak, mendizaleak, bidezaleak, natur ingurunean jarduerak egiten dituzten elkarteak etab.

Ezagutzen diren kasuak publikoki salatzea, eta zigorrak ezartzen dituzten ebazpen judizialen eta administrazio zehapenen publizitatea egitea.

Amu pozoituen arazoa berariaz sartzea Nafarroan ehizarako lizentzia lortzeko gai zerrendan, baita ehizako zaindari titulua lortzeko ikastaroan ere.

3. helburua.–Delituen atzetik joatea.

3.1. Kontrola eta zaintza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko teknikari baten eginkizunen artean mantentzea pozoiaren kontrako borroka koordinatzeko lanak eta espediente guztien jarraipenekoak.

Pozoia gehien erabiltzen den eremuetan Basozaintzarako ezarritako zaintza protokoloak mantendu eta eguneratzea.

Gai horri buruzko prestakuntza ematea, aldian-aldian, Basozaintzakoei, horretan sartuz laginak jasotzea, datuak zuzen hartzea etab.

3.2. Delitua ikertzea.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren, SEPRONAren eta Foruzaingoaren arteko koordinazioa izaten jarraitzea pozoiarekin zerikusia duten jarduketa guztietan.

Txakur patruilak ohikotasunez erabiltzen jarraitzea, bai kasu berriei aurrea hartzeko bai delituaren atzetik joateko.

3.3. Zigor eta administrazio jarduketa.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak sustatuko du kautelazko eta leheneratzeko neurriak har daitezela, irizpide teknikoetan oinarriturik; betiere, irizpide horiek arau-hauslearengandik apartekoak izanen dira.

Komunikazio egokia sustatuko da Ingurumeneko Fiskaltzarekin, eta pozoiaren garrantziari eta basa faunan dituen ondorioei buruz beharrezkoa den informazio guztia emanen zaio.

4.–Zaintza eta berrikuspenak.

Ekintza Plan honek iraupen mugagabea izanen du. Bost urtean behin berrikusi eginen da eta zenbateraino bete den ebaluatuko, baita lortutako emaitzak ere, gaur egungo egoeran aldaketa nabarmenik ez badago behintzat, alegia, Ekintza Planeko helburuak betetzerakoan eragina izan dezakeen aldaketarik; halakorik gertatuz gero, lehenago berrikusiko da.

Urtero txostena eginen da izandako gorabehera eta jarduketa guztiak jasotzeko, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren webgunean argitaratuko da.

Iragarkiaren kodea: F1510148