158. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

65/2015 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Hezkuntzako kontseilariak emana eta Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren otsailaren 5eko 15/1992 Foru Agindua indargabetzen duena. Hartan Nafarroako maila ez-unibertsitarioetako ikastetxeetako ikasle elkarteen eta ikasleen aita-amen elkarteen errolda arautu zen.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 7. eta 5. artikuluek ezartzen dute, hurrenez hurren, bai ikasleek bai ikasleen gurasoek aplikatu beharreko legeetan eta erregelamenduetan ezarri bezala elkartzeko eskubidea daukatela. Horregatik, eta lege horretan ezarri xedeen arabera elkartze bidea ezartzeko asmoz, uztailaren 11ko 1532/1986 Errege Dekretua eta uztailaren 11ko 1533/1986 Errege Dekretua eman ziren, aipatu artikuluekin bat ikasleen eta ikasleen gurasoen elkarteak arautzen dituztenak, hurrenez hurren.

Administrazioak elkarte horiei eman beharreko babesa eta laguntza behar bezala eratzeko asmotan, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ikasleen eta ikasleen gurasoen elkarteen erroldak sortu zituen 1987ko maiatzaren 27ko aginduaren bidez. Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan ezarritakoaren babesean Nafarroako Foru Komunitateak hezkuntza arloko eginkizunak eta zerbitzuak bere gain hartzeak berekin ekarri zuen erantzukizuna ere bere gain hartzea, elkarte horien erregulazioari eta Administrazioarekiko harremanei dagokienez.

Hezkuntza Departamentuaren ustez, beharrezkoa zen Nafarroako ikasleen eta ikasleen gurasoen elkarteen errolda propioa arautzea, baliabide egokia baitzen koordinazio ona izateko, elkarte horien jarduera garatzeari eta aipatu lege organikoak esleitzen dizkien zereginak hobeki betetzeari begira. Horrenbestez, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak 15/1992 Foru Agindua eman zuen otsailaren 5ean, eta, horren bidez, Nafarroako maila ez-unibertsitarioetako Ikastetxeetako ikasle elkarteen eta ikasleen aita-amen elkarteen errolda arautu zen.

Horrez gain, elkartzeko oinarrizko eskubidea, Konstituzioaren 22. artikuluan aitortzen dena, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan agertu zen. Hona hemen haren 10. artikuluak xedatzen duena: “Lege honetan araututako elkarteak kasuan kasuko erregistroan inskribatu beharko dira, publizitate-ondoreetarako.”

Horren ondorioz, Elkarteen, Fundazioen eta Elkargo Profesionalen Erregistroa sortu zen: erregistro publiko bakarra da, elkarte, fundazio edo elkargo profesional bat sortu eta inskribatzeko bide korapilatsuan herritarrei laguntzeko helburua daukana. Gaur egun erregistro hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mende dago.

Nafarroako Parlamentuak Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea onetsi zuen, besteak beste, jarduketa administratiboa arrazionalizatu eta sinplifikatzeko neurriak ezarri zituena.

Aurretik adierazitakoa dela eta, Nafarroako Gobernuaren Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorrean proposatu bezala administrazio kargak desagerrarazteko zein Elkarteen Erregistro bakarra egoteko asmoz, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren otsailaren 5eko 15/1992 Foru Agindua indarrik gabe uzteko asmoa duen foru agindu hau onets dadin.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Araudia indargabetzea.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren otsailaren 5eko 15/1992 Foru Agindua indarrik gabe geratuko da. Hartan Nafarroako maila ez-unibertsitarioetako Ikastetxeetako ikasle elkarteen eta ikasleen aita-amen elkarteen errolda arautu zen.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko uztailaren 3an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1510235