Iragarkia
158. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
43/2015 FORU DEKRETUA, uztailaren 16koa, aldatu egiten dituena Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta hirugarrenekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautu eta tributu arloko beste arau batzuk aldatu zituen azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretua.
Tributu Harmonizazioari buruzko abenduaren 23ko 3/2014 Legegintzako Foru Dekretuak aldaketa batzuk egin ditu Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean.
BEZaren gaineko arau horretan egindako aldaketek lau helburu dituzte:
1. Legea Europar Batasunaren araudira egokitzea, esparru juridiko seguruagoa ezartzeko ahaleginetan.
2. BEZari buruzko zuzentaraura egokitzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren zenbait epai, gure barne araudian eragin zuzena dutenak, bete behar baitira.
3. Iruzurraren kontrako borrokarako eraginkortasun handiagoa ematea legeari, “subjektu pasiboaren inbertsio araua” izenekoa aplikatzeko kasu gehiago ezarriz.
4. Azkenik, zenbait muga edo betebeharri dagokionez, araua malgutzea, hala nola, enpresa txiki edo ertainaren izaera duten enpresaburu edo profesionalen kasuetan zerga-oinarria aldatzeko epea luzatzea, edo kutxa-irizpidearen araubide bereziari atxikitako enpresaburuen kasuetan.
Legea behin aldatu ondoren, foru dekretu honen xedea haren edukia legean izandako aldaketetara moldatzea da. Foru dekretu honek hiru artikulu, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen ditu.
Lehen artikuluan balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren aldaketak jasotzen dira (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta bigarrenean, berriz, fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduarenak (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia). Hirugarren artikuluan, azkenik, aldaketa puntual bat egiten du Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duen eta zerga edukia duten beste arau batzuk aldatzen dituen azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuan.
Balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduari dagokionez, aldaketa nabarmenenak hauexek dira:
–Ondasun higiezinekin egindako zenbait eragiketaren gaineko salbuespenak Zergari buruzko Foru Legean jasotako betebehar eta baldintza berrietara egokitzen dira.
–Bidaiarien araubideari dagokion salbuespenaren aplikazioa malgutzen da.
–Egiaztatutako erakunde jakin batzuei esportaziorako ondasunak ematean, aurreikusi da Zerga Administrazioak luzatzen ahalko duela esportazio horretarako ezarritako hiru hilabeteko epea.
–Zenbait kasutan subjektu pasiboaren inbertsioa aplikatzeari dagokionez, eskakizun hauek bete beharko dira: birsaltzaile izaeraren berri ematea Zerga Administrazioari, eta izaera hori hornitzaileari frogatzea ziurtagiri bat aurkeztuz.
–Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia Zergari buruzko Foru Legean haren aplikaziorako ezarri diren muga berrietara egokitu da.
–Bidaia-agentzien araubide bereziari dagokionez, zergaren araubide orokorra aplikatzeko aukeraz baliatzeko modua arautzen da.
–Entitate taldearen araubide bereziari dagokionez, loturaren kontzeptuak zedarritzen dira: finantza arlokoa, ekonomikoa eta antolaketakoa.
–Telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuei eta bide elektronikotik emandakoei aplikatu beharreko araubide bereziei dagokienez, kapitulu berri bat, IX.a, gehitu zaio Erregelamenduaren VIII. tituluari. Kapitulu horretan araubide berezi horietan sartzeko bete beharreko baldintzak arautzen dira, bai eta haiei uko egitekoak edo haietatik kanpo gelditzekoak ere.
–Nahitaezko desjabetzeetarako prozedura administratibo eta judizialei dagokienez, Zergari buruzko Foru legean subjektu pasiboaren inbertsiorako araua aplikatzeko baldintzak aldatzen dira.
Bigarren artikuluan fakturaziorako betebeharrak arautzen dituen erregelamendua aldatzen da, balio erantsiaren gaineko zergaren araudian sartutako aldaketen ondorioz.
Hirugarren artikuluan, azkenik, aldaketa puntual bat egiten da Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duen eta zerga edukia duten beste arau batzuk aldatzen dituen azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuan. Aldaketa horren xedea hauxe ezartzea da: Nafarroako Zerga Ogasunari aldizka informazioa aurkeztu behar dioten eragiketak, baldin eta informazio hori aitorpen berariazkoen bidez aurkeztu behar bada, eta ez hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenaren bidez, eta aitorpenaren edukia berdina bada, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean sartzeko betebeharretik kanpo egonen dira. Hau da, eragiketari buruzko informazioa aitorpen informatibo baten bitartez eman behar bada, eragiketa hori hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean sartzeko betebeharretik salbuetsirik egonen da. Horretarako, 3.2.i) artikuluan hitz hauek kentzen dira: “aitortzaileari berari buruzkoak”.
Horrenbestez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko uztailaren 16ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Lehenengo artikulua.–Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren aldaketa.
Honela idatzita geldituko dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu hauek:
Bat. 8.1. artikulua:
“1. Zergari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatiaren hamargarren eta hamabigarren puntuek araututako salbuespenei uko egiten bazaie, eskuratzaileari horren berri eman beharko zaio, modu frogagarrian, kasuko ondasunak entregatu aurretik edo unean berean.
Subjektu pasiboak egindako eragiketa bakoitzeko eginen da ukapena eta, betiere, eskuratzaileak izenpetutako aitorpen baten bidez frogatu beharko da; bertan azaldu beharko du behar diren ondasun higiezinak eskuratzeagatik jasandako zergaren kenkari osoa edo zati batekoa izateko eskubidea duen subjektu pasiboa dela, edo, bestela, eskuratutako ondasunetarako aurreikusi den destinoak eskubidea ematen diola kenkari osoa edo zati batekoa izateko.”
Bi. 9.1. Bigarrena B), e) azpiletra:
“e) Aduanak eginbidetutako faktura igorriko dio bidaiariak hornitzaileari. Azken honek, jasandako kuota itzuliko dio hurrengo hamabost eguneko epean, txeke zein banku transferentzia bidez, kreditu txartelean abonatuz edo errenboltsoa froga dezakeen beste edozein bitarteko erabiliz.
Zergaren errenboltsoa Nafarroako Zerga Ogasunak baimendutako entitate laguntzaileen bidez ere egiten ahalko da, eta hark ezarriko du zer baldintzak bete beharko dituzten entitate horiek aritzeko eta zenbateko komisioak jasoko dituzten.
Bidaiariek entitate horiei igorriko dizkiete eginbidetutako fakturak, eta entitateek kasuan kasuko zenbatekoa ordainduko dute, bidaiariaren adostasuna agerraraziz.
Ondoren, aipatutako entitateek fakturak igorriko dizkiete hornitzaileei, paperean edo formatu elektronikoan, eta berauek errenboltsoa egitera beharturik izanen dira.”
Hiru. 9.1.artikulua, Laugarrena:
“Laugarrena. Egiaztatutako erakundeei ondasunak ematea, haien esportaziorako.
Salbuespen honek ondorioak izan ditzan, Zerga Administrazioari dagokio ongintza edo hezkuntza arloko jardueretan edo jarduera humanitarioetan aritzen diren erakundeak ofizialki egiaztatzea, haiek eskatu ondoren eta kasuko departamentuak txostena emanda, aipatu erakunde horiek irabazi-asmorik gabekoak direla ziurtatuz.
Entrega horiei dagokienez, idatz-zati honetako lehen puntuan xedatutakoa ere aplikagarri izanen zaie.
Ondasunak erkidegotik kanpora esportatuko dira horiek eskuratu eta ondorengo hiru hilabeteko epean, edo zerga administrazioak baimendutako epe luzeagoan, hala eskatu ondoren. Baimendutako erakundea beharturik dago hornitzaileari irteerako agiriaren kopia igortzera, egin ondoko hamabost eguneko epean.”
Lau. 15.1. artikulua:
“1. Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan aipatzen diren kasuetan, subjektu pasiboa beharturik dago eragiketen hartzailearentzako faktura berria eman eta hari igortzera; faktura horretan jasanarazitako kuota zuzendu edo, kasua bada, bertan behera utziko da, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aurreikusten den moduan. Erregelamendu hori apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Zergari buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluko kasuetan, aipatu faktura egin beharko da, eta haren kopia bat igorri beharko zaio konkurtso administrazioari epe berean.
Zerga-oinarria murrizteko edo, kasua bada, eragiketaren hartzaileak kengarri dituen kuotak handitzeko, aurreko faktura zuzenduko duen faktura berria eman eta igorri beharko da. Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietako kasuetan, subjektu pasiboak ere frogatu beharko du igorri izana.”
Bost. 15. quater artikulua.1:
“1. Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena e).b’) artikuluan aipatutako entrega egiten duen enpresaburuak edo profesionalak eskuratzaileari berariaz eta sinesgarriro jakinarazi beharko dio egindako eragiketa bakoitzaren salbuespenari uko egiten diola.
Zergari buruzko Foru Legearen 108. sexies. Bost artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, eskualdatzaileak aurreko lerroaldeko uko egitea gauzatzen ahalko du baldin eta eskuratzaileak frogatzen badu subjektu pasiboa dela eta erregelamendu honen 8.1 artikuluan aipatzen den ezaugarriak betetzen dituela.”
Sei. 15. quater artikuluari 5. idatz-zatia gehitzen zaio, eta, hortaz, egungo 5., 6. eta 7. idatz-zatiak 6., 7. eta 8. idatz-zatiak izanen dira aurrerantzean, hurrenez hurren, eta 8. idatz-zatia (oraingo 7. idatz-zatia) aldatzen da:
“5. Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena.g) artikuluaren bigarren eta hirugarren marratxoetan aipatutako eragiketen hartzaileek, kasua bada, berariaz eta sinesgarriro jakinarazi beharko dizkiote inguruabar hauek entrega egiten duen enpresaburuari edo profesionalari:
a) Eragiketa horiei dagokienez, enpresaburu edo profesional gisa jarduten dutela.
b) Eragiketa horiei dagokienez, birsaltzaile gisa jarduten dutela, eta, hala dela frogatzeko, berariazko ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, erregelamendu honen 15. quinquies artikuluan aipatzen den Zerga Administrazioak ondorio horietarako emandakoa.”
“8. Zergari buruzko Foru Legearen 33. Bat artikuluan aurreikusitako inguruabarrak suertatuz gero, aipatu hartzaileek solidarioki ordainduko dute kasuan kasuko tributu zorra, Foru Legearen 115.2. artikuluaren 2., 6. eta 7. idatz-zatietan xedatutakoa aplikatzea galarazi gabe”.
Zazpi. IV.bis tituluan 15. quinquies artikulua gehitzen da.
“15. quinquies artikulua. Enpresaburu edo profesional birsaltzailearen kontzeptua eta betebeharrak.
Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena.g) artikuluan, bigarren eta hirugarren marratxoetan, xedatutakoaren ondorioetarako, birsaltzailea izanen da eragiketa horien xede diren ondasun eskuratuak birsaltzen aritu ohi den enpresaburua edo profesionala.
Enpresaburu edo profesional birsaltzaile horrek Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunari birsaltzaile izaeraren berri eman beharko dio, jarduera hasieran zentsu aitorpena aurkeztuta edo, bestela, ondorioak sortuko dituen urte naturala hasi aurreko azaroan.
Jakinarazpena hurrengo urteetarako ere luzatzen dela ulertuko da izaera hori galtzen ez den bitartean; birsaltzaile izateari uztearen berri ere eman beharko zaio Nafarroako Zerga Administrazioari, aldaketaren zentsu aitorpena aurkeztuta.
Enpresaburu edo profesional birsaltzaileak Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiri bat eskuratzen ahalko du, eta hura ematen den eguneko urte naturalerako balioa izanen du.”
Zortzi. 32.2 eta 3 artikulua. Artikuluaren 5. idatz-zatia kentzen da.
“2. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezitik kanpo geldituko dira honako hauek:
a) Araubide berezi horretan sartutako jardueretan, aurreko urtean, guztira 250.000 eurotik gorako eragiketak egin dituzten subjektu pasiboak, baldin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian beste kopuru bat ezartzen ez bada zenbatespen objektiboko araubidea aplikatu eta aurreko zenbakian aipatutako jardueren etekinak zehazteko; hala izanez gero, azken kopuru horri eutsiko zaio.
b) Aurreko urtean, guztira 150.000 eurotik gorako eragiketak, aurreko a) letran aipatutakoak ez direnak, egin dituzten subjektu pasiboak.
c) Subjektu pasiboaren enpresa edo lanbide jardueretarako ondasun eta zerbitzuak, ibilgetuaren osagaiak izan ezik, erosten edo inportatzen, aurreko urtean, 150.000 euroko kopurua gainditu duten subjektu pasiboak, balio erantsiaren gaineko zerga alde batera utzirik.
Aurreko urtean hasitako jardueren kasuan, goiko letretan aipatutako zenbatekoak urteari egotziko zaizkio.
3. Aurreko 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatutako eragiketen zenbatekoa kalkulatzeko ondoko arauak erabili behar dira:
a) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak zehazten dituen nekazaritza, oihangintza eta abeltzaintza jarduera guztiei dagokienez, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia edo araubide erraztua aplikatzen ahal zaien jarduerak betetzean egindako eragiketen kasuan, hauexek baino ez dira konputatuko: Erregelamendu honen 29.1.Lehena eta 36.1 artikuluetan aipatutako erregistro liburuetan idatzi behar direnak.
b) Zergaren araubide orokorrean edo a) letran aipatutakoez beste araubide berezi batean sartutako jardueretan egindako eragiketak Zergari buruzko Foru Legearen 66. artikuluan xedatutako eran konputatuko dira. Halere, ondasun higiezinak errentan emateko eragiketak ez dira konputatuko baldin eta errentamendua inongo jarduera ekonomiko bati loturik ez badago, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudian xedatutakoaren arabera.”
Bederatzi. 34. artikulua, lehenbiziko lerroaldea:
“Zergari buruzko Foru Legearen 71.1 artikuluaren lehen puntuan aurreikusiak bere ondorioak izan ditzan, ez dira eraldakuntza prozesuak izanen:”
Hamar. 37.2. artikulua:
“2. Araubide berezian sartuta dauden ondasunen erosleak edo zerbitzuen hartzaileak, Zergari buruzko Foru Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, konpentsazioak itzuli behar dituenean, nekazaritza, oihangintza, abeltzaintza edo arrantzako produktuak edo aipatu zerbitzu osagarriak ematen diren unean eginen da itzulketa, oinarri duen prezioaren ordainketarako finkatu den eguna edozein izanik ere. Itzulketa hori ordainagiri baten bidez frogatuko da, hain zuzen ere, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 16. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den ordainagiriaz. Erregelamendu hori apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, interesdunak ados jartzen badira, ondasun edo zerbitzuen prezio osoa edo zati bat kobratzen den unean itzuli ahal izanen dira konpentsazioak, horren proportzioan itzuli ere.”
Hamaika. 38.1 eta 2 artikulua:
“1. Konpentsazioak ordaindu dituzten enpresaburu edo profesionalek, Zergari buruzko Foru Legearen 79. artikuluan azaltzen den eskubidea baliatu eta konpentsazioen kenkaria egin ahal izateko, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduak, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 16. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen duen ordainagiria eduki beharko dute, berek emandakoa alegia. Agiri hori egin dituzten eskuraketen frogagiri gisa erabiliko dute, aipatu kenkariaren ondorioetarako.
2. Agiri horiek kenkarirako eskubidea dagoela frogatzeko balio izan dezaten, aipatu Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari lotu behar zaizkio, erregistro liburu berezi batean jaso behar dira eta eskuratzaileek liburu horretan dagozkien datuak jarri behar dituzte. Erregistro liburu horri aplikagarriak izanen zaizkio, bidezkoak diren heinean, hartutako fakturen erregistro libururako ezarritako betekizun berak.”
Hamabi. 41. artikulua.
“41. artikulua. Zergaren araubide orokorra aplikatzeko aukera.
Zergari buruzko Foru Legearen 92. artikuluan azaltzen den aukera, zergaren araubide orokorra aplikatzekoa, subjektu pasiboak egindako eragiketa bakoitzeko baliatuko da. Aukera hori idatziz jakinarazi beharko zaio eragiketaren hartzaileari, ostatu, garraio zerbitzuak edo horien osagarriak eman aurretik edo aldi berean.
Nolanahi ere, jakinarazpena egina dela ulertuko da emandako fakturan ez bada jasotzen Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 6.1.n) eta 7.1.i) artikuluetan egiten den aipamena. Apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.”
Hamahiru. 50.3. artikulua:
“3. Araubide berezia aplikagarria duten subjektu pasiboek, horrez gain, dagozkien aitorpen-likidazioak ere aurkeztu beharko dituzte ondoko kasuetan:
Lehena.–Erkidegoaren barreneko ondasun eskuraketak egiten dituztenean, edo Zergari buruzko Foru legearen 31.1.Bigarrena artikuluan aipatzen diren eragiketen hartzaileak direnean.
Horrelakoetan, aipatu aitorpenen bidez ordainduko dute zerga, bai eta, egoki denean, aipatu eragiketen xede diren ondasun edo zerbitzuei dagokien errekargua ere.
Bigarrena.–Zerga itzultzeko eskubidea duten bidaiariei ondasunak entregatzen dizkietenean.
Aipatu aitorpenen bidez bidaiariei ordaindu zaizkien diru-kopuruak itzultzea eskatuko dute, eta interesdunei edo zerga itzultzeko prozedura honetan diharduten entitate laguntzaileei eginiko eskualdaketak erabiliz frogatuko dira.
Hirugarrena.–Zergaren menpe eta hartatik salbuetsi gabe dauden ondasun higiezinen entregak egiten dituztenean, salbu eta Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena. e). c’) artikuluak aipatzen dituen eragiketak direnean.
Horrelakoetan, egin diren eragiketengatik sorrarazitako zerga dagozkion aitorpenen bidez ordainduko dute.”
Hamalau. 50.bis artikulua. 1. idatz-zatiaren titulua, lehen lerrokada eta a) letra aldatzen dira:
“50. bis artikulua. Zentsu informazioa eta loturaren definizioa”.
“1. Entitate talde bateko kide izan, eta Zergari buruzko Foru Legearen VIII. tituluko IX. kapituluan ezarritako araubide berezia aplikatu nahi duten entitateek hala jakinarazi behar diote Nafarroako Zerga Ogasunari.”
“a) Araubide berezia aplikatuko duten taldeko entitateen identifikazioa.”
Hamabost. 50. bis artikulua, 2. eta 3. idatz-zatiak. 7. idatz-zatia gehitzen da.
“2. Entitate talde bateko kide diren entitateek, aurreko idatz-zatian xedatutakoarekin bat, araubide berezia aplikatzea aukeratzen badute, Zergari buruzko Foru Legearen 108. sexies artikuluko Bost atalean xedatutakoa aplikatzea ere aukeratu ahal izanen dute. Aukera hori, betiere, entitate talde berekoak izan eta araubide berezia aplikatzen duten entitateen taldeari dagokio.
Aukera hori araubide berezia aplikatzeko aukerarekin batera baliatzen ahalko da, edo aplikazio hori hasi ondoren, baina, betiere, ondorioak izan behar dituen urte naturalaren aurreko abenduan jakinarazi beharko da.
Aukerak urte natural bateko indarraldia izanen du gutxienez, eta uko egiten ez bazaio, berez luzatuko da. Ukoak urtebeteko indarraldia izanen du gutxienez, eta Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunari jakinarazpena bidaliz gauzatuko da. Uko hori eginda ere, entitate taldearen araubide berezia aplikatzen jarraitu ahal izanen da, Zergari buruzko Foru Legearen 108. sexies artikuluko Bost atalean xedatutakoa izan ezik, eta ezertan ukatu gabe 50. bis artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoa.
3. Zergari buruzko Foru Legearen 108. sexies. Bost artikuluan ezarritako aukeraz baliatzen diren entitateek foru legearen 49.2. Lehena artikuluan aipatutako hainbanaketa bereziaren araua aplikatzen ahalko dute talde barruko eragiketen sektore bereiziari dagokionez, taldeko entitateetako bakoitzak izan ditzakeen gainerako sektore bereiziekin erabil daitezkeen aukerak galarazi gabe.”
“7. Finantza lotura dagoela ulertuko da entitate nagusiak taldeko beste entitateen gaineko egiazko kontrola duenean, haien kapitalean edo boto eskubideetan ehuneko 50etik gorako partaidetza duelako.
Lotura ekonomikoa dagoela ulertuko da taldeko entitateak jarduera ekonomiko berean aritzen direnean edo, jarduera desberdinak izanik ere elkarren osagarriak direnean edo haiek egiteko laguntzen dutenak.
Antolaketa arloko lotura dagoela ulertuko da taldeko entitateetan zuzendaritza bakarra dagoenean.
Kontrako frogarik egon ezean, finantza loturaren baldintza betetzen duen entitate nagusi batek lotura ekonomikoa eta antolaketa mailakoa ere betetzen dituela ulertuko da.”
Hamasei. VIII. tituluari IX. kapitulua gehitzen zaio, eduki honekin:
“IX. KAPITULUA
Telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako eta bide elektronikoz ematen diren zerbitzuei aplikatzen zaizkien araubide bereziak
50. duodecies artikulua. Aukera eta ukoa. Ondorioak.
1. Zergari buruzko Foru Legearen VIII. tituluko XI. kapituluan aipatzen diren araubide berezietako bat aukeraz baliatzeko, araubide berezietan hasi izanaren aitorpena aurkeztu beharko da identifikaziorako estatu kidearen zerga administrazio eskudunean; aitorpen hori aurkeztu eta hurrengo hiruhileko naturaleko lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak aukerak.
Identifikaziorako estatu kidea Espainia baldin bada, hasi izanaren aitorpena Zergari buruzko Foru Legearen 108. noniesdecies eta 108. duovicies artikuluetan arautzen da.
Aurrekoa gorabehera, enpresaburu edo profesional batek araubide berezi hauetan sartutako eragiketak lehen lerroaldean aipatzen den ondorioetarako data baino lehenago hasten baditu, araubide bereziak zerbitzuak ematen hasten den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak, betiere enpresaburuak edo profesionalak eragiketen hasiera egunaren hurrengo hilabeteko hamargarren eguna baino lehen aurkezten badu hasi izanaren aitorpena.
Idatz-zati honetan ezarritakoak ez du galarazten identifikaziorako estatu kidearen zerga administrazio eskudunaren ahalmena, araubide berezietan erregistroa ukatzekoa, enpresaburuak edo profesionalak araubide horietan sartzeko baldintzak betetzen ez baditu.
2. Kapitulu honetan aipatzen diren araubide berezietako bati borondatez uko egiteko, identifikaziorako estatu kidearen zerga administrazio eskudunean araubide bereziak aplikatzeari uzteko aitorpena aurkeztu beharko da, betiere araubide berezia erabiltzeari utzi nahi zaion hiruhileko naturalaren aurrekoa amaitu baino hamabost egun lehenago, gutxienez; aitorpena aurkeztu eta hurrengo hiruhileko naturaleko lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.
Ukoak bi hiruhileko naturalerako izanen ditu ondorioak, gutxienez, ondorioak izaten hasten den egunetik aurrera, zein araubide berezitan aplikatzen den, hari dagokionez.
Identifikaziorako estatu kidea Espainia baldin bada, araubide bereziak aplikatzeari uzteko aitorpena Zergari buruzko Foru Legearen 108. noniesdecies eta 108. duovicies artikuluetan arautzen da.
3. Erkidegoan establezimendua duen enpresaburu edo profesional batek bere jarduera ekonomikoa estatu kide batetik bestera lekualdatzen duenean edo, identifikaziorako estatu kidean establezimendua utzita ere, Erkidegoan establezimendua izaten jarraitzen badu, eta telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako eta bide elektronikoz Erkidegoan establezimendua duten enpresaburuek edo profesionalek ematen dituzten zerbitzuei aplikatzen zaizkien araubide bereziaren babesean jarraitzeko baldintzak betetzen baditu, baina ez kontsumoko estatu kidean, establezimendua utzi duen identifikaziorako estatu kidean aurkez dezake uzteko aitorpena, eta estatu kide berri batean hasiera aitorpen berri bat aurkeztu, egoitza edo establezimendu iraunkorraren aldaketa gertatzen den egunean.
Identifikaziorako estatu kidearen aldaketak gertatzen den egunean izanen ditu ondorioak, betiere enpresaburuak edo profesionalak egoitza edo establezimendu iraunkorraren aldaketa gertatu eta hurrengo hilabeteko hamargarren eguna baino lehen aurkezten badio identifikaziorako estatu kide ukitu bakoitzari dagokion aitorpena, identifikaziorako estatu kidearen aldaketaren berri ematen duena; kasu horretan, aurreko idatz-zatiko bigarren lerroaldean xedatutakoa ez da aplikatuko.
Idatz-zati honetan aurreikusitakoa aplikatuko da, halaber, araubide bereziaren aldaketa bat gertatzen denean, Zergari buruzko Foru Legearen VIII. tituluko XI. kapituluko 2. eta 3. sekzioetan aurreikusita dauden kasuetako bat, zehazki.
4. Aurreko 3. idatz-zatian aipatzen diren kasuetan, eta establezimendua utzi duen identifikaziorako estatu kidean araubide bereziari uzteko aitorpena hiruhileko natural bateko azken eguna ez den batean aurkezten bada, enpresaburuak edo profesionalak identifikaziorako bi estatu kideetan aurkeztu beharko du araubide berezia uzteko aitorpena aurkeztu ondoren egin beharreko lehen hiruhileko aitorpen-likidazioa, bai eta zergari dagokion diru-sarrera ere bietan egin, estatu kide bakoitza identifikaziorako estatu kide izan den aldian emandako zerbitzuak kontuan hartuta.
50. terdecies artikulua. Kanpoan gelditzea eta ondorioak.
1. Enpresaburu edo profesional bat araubide berezietatik bazter uzteko erabakia identifikaziorako estatu kidearen zerga administrazio eskudunak hartuko du; erabaki hori bide elektronikoa erabiliz jakinarazi beharko zaio enpresaburuari, eta jakinarazpen hori egin ondoko hiruhileko naturaleko lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.
Aurrekoa gorabehera, araubidetik kanpo gelditzearen arrazoia jarduera ekonomikoaren egoitza edo establezimendu iraunkorra aldatzea denean, aldaketa hori gertatzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak, betiere enpresaburuak edo profesionalak egoitza edo establezimendu iraunkorraren aldaketa gertatu eta hurrengo hilabeteko hamargarren eguna baino lehen aurkezten badio identifikaziorako estatu kide ukitu bakoitzari aldaketaren aitorpena, identifikaziorako estatu kidearen aldaketaren berri ematen duena.
2. Araubide berezi horietatik baztertzeko arrazoiak hauexek dira:
a) Enpresaburuak edo profesionalak araubidea uzteko aitorpena aurkeztea, araubide berezietako edozeinetan zerbitzuak emateari utzi diolako; horretarako, enpresaburuak edo profesionalak egoera gertatu eta hurrengo hilabeteko hamargarren eguna baino lehen aurkeztu beharko dio aitorpen hori identifikaziorako estatu kideari.
Identifikaziorako estatu kidea Espainia baldin bada, uzteko aitorpena Zergari buruzko Foru Legearen 108. noniesdecies eta 108. duovicies artikuluetan arautzen da.
b) Enpresaburuak edo profesionalak araubide berezietako edozeinetan jarduerak betetzeari utzi diola pentsarazten duten egitateak egotea; hala gertatu dela ulertuko da enpresaburuak edo profesionalak zortzi hiruhileko naturaletan jarraian betetzen ez badu araubide berezietan sartutako zerbitzuetako bat, ezein kontsumoko estatu kidetan.
c) Araubide berezi horietan sartzeko beharrezkoak diren baldintzak ez betetzea.
d) Araubide berezi horietako araudiak ezarritako betebeharrak behin eta berriro ez betetzea; halaxe gertatuko da, besteak beste, kasu hauetan:
a’) Enpresaburuari edo profesionalari jakinarazpenak edo oroitzeko oharrak bidali izana aurreko hiru hiruhileko naturaletan aitorpen bat aurkezteko betebeharraz, eta zergaren aitorpena aurkeztu ez izana hamar eguneko epean, ohar edo jakinarazpen bakoitza jasotzen den egunetik aurrera;
b’) Enpresaburuari edo profesionalari jakinarazpenak edo oroitzeko oharrak bidali izana aurreko hiru hiruhileko naturaletan ordainketa bat egiteko betebeharraz, eta diru kopuru osoa ordaindu ez izana hamar eguneko epean, ohar edo jakinarazpen bakoitza jasotzen den egunetik aurrera, non eta aitorpen bakoitzari dagokion kopurua, zorretan duena, 100 eurotik beherakoa ez den;
c’) Enpresaburuak edo profesionalak bere betebeharra ez betetzea, hau da, bere erregistroak identifikaziorako estatu kidearen eskura edo kontsumoko estatu kidearen eskura ez jartzea, identifikaziorako estatu kideak igorritako oroit-oharra edo jakinarazpena egiten denetik hilabeteko epean, bide elektronikoa erabiliz.
Aurreko a) letra dela eta araubidetik kanpo geldituz gero, bi hiruhileko naturalerako izanen ditu ondorioak, gutxienez, araubidea uzten den egunetik aurrera, zein araubide berezitan aplikatzen den, hari dagokionez. Araubidetik kanpo gelditzeko arrazoia aurreko d) letrak aipatzen dituen kasuek eragin badute, zortzi hiruhileko naturalerako izanen ditu ondorioak, gutxienez, araubidetik kanpo gelditzea gertatzen den egunetik aurrera, eta bi araubide bereziei dagokienez.
50. quaterdecies artikulua. Txostena egiteko betebeharrak.
Araubide berezi horietako edozeini atxikitako enpresaburuak edo profesionalak aldaketaren aitorpen bat aurkeztu beharko dio identifikaziorako estatu kideko zerga administrazio eskudunari, aurretik emandako informazioan edozein aldaketa gertatzen bada; aitorpen hori kasuko aldaketa gertatu ondoko hilabeteko hamargarren eguna baino lehen aurkeztu beharko da.
Identifikaziorako estatu kidea Espainia baldin bada, aldaketaren aitorpena Zergari buruzko Foru Legearen 108. noniesdecies eta 108. duovicies artikuluetan arautzen da.
50. quinquiesdecies artikulua. Betebehar formalak.
1. Enpresaburuek eta profesionalek araubide berezi horietan sartutako eragiketen erregistroa eraman beharko dute, kontsumoko estatu kideko zerga administrazioak zergaren aitorpenean sartutako datuak egiaztatzeko behar bezain zehatza. Horretarako, erregistro horretan informazio hau jaso beharko da:
a) Kontsumoko zein estatu kidetan ematen den zerbitzua;
b) Emandako zerbitzu mota;
c) Zerbitzua eman zen data.
d) Zerga-oinarria, erabilitako dirua adierazita;
e) Zerga-oinarrian ondoren izandako gehikuntza edo murrizketa guztiak;
f) Aplikatutako zerga tasa;
g) Zergan zor den zenbatekoa, erabilitako dirua adierazita;
h) Jasotako ordainketen data eta zenbatekoa;
i) Zerbitzua eman aurretik jasotako aurrerakinak;
j) Fakturan ageri den informazioa, faktura eman baldin bada;
k) Bezeroaren izena, haren berri izanez gero, betiere;
l) Bezeroaren establezimendua, edo haren helbide edo ohiko bizilekua zehazteko erabilitako informazioa.
2. Aurreko informazio hori gorde beharko da halako moduan non berehala eta emandako zerbitzu bakoitza bereizirik bide elektronikotik eskuratzen ahalko baita; kontsumoko estatuaren eskura eta identifikaziorako estatuaren eskura egonen da.
3. Faktura ematea bidezkoa denean, kontsumoko estatu kideko arauekin bat eginen da.
50. sexiesdecies artikulua. Zerga Administrazioarekiko tramiteak.
Araubide berezi hauetan sartu nahi duten enpresaburuek edo profesionalek Zergari buruzko Foru Legearen kasuko artikuluetan eta kapitulu honetan aipatzen diren tramite guztiak bete beharko dituzte, nagusiki araubide berezian hasi edo hura uzteko aitorpena eta emandako informazioan gertatutako aldaketak, bai eta araubideari dagozkion aitorpen-likidazioak aurkeztea eta haien diru-sarrerak egitea; horretarako, bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dituzte Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziaren atari elektronikoan dauden inprimakiak”.
Hamazazpi. 55.5. artikulua:
“5. Data berean jaso diren faktura guztien laburpen-idazpen orokorra egiten ahalko da, eta bertan agertuko dira hartzaileak jasotako fakturei emandako lehen eta azken zenbakiak, hornitzaile bakar batengandik heldu badira, zerga-oinarri guztien batura, eta zerga-kuota osoa, eta eragiketak kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende dauden ala ez (eta, kasu horretan, erregelamendu honen 50 decies.2 artikuluko aipamenak sartuko dira), baldin eta eragiketa guztien zenbateko osoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 6.000 eurotik gorakoa ez bada, eta faktura bakoitzean ageri diren eragiketen zenbatekoa 500 eurotik gorakoa ez bada, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe.”
Faktura beraren idatzoharra hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan egitea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.”
Hemezortzi. 62.8. Seigarrena artikulua:
“Seigarrena. Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikatzen ahal zaien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta Ogasun Publikoari eskatzen badiote bidaiariei ordaindu dizkioten kuotak itzultzeko, kuota horiek zerga ordaintzetik salbuetsita dauden ondasunen entregei badagozkie Zergari buruzko Foru Legearen 18. artikuluko 2. idatz-zatiaren A) letran xedatutakoaren arabera, bai eta zergaren menpe eta hartatik salbuetsi gabe dauden ondasun higiezinen entrega eragiketak egiten dituztenean ere, salbu eta foru lege horren 31.1.Bigarrena e).c’) artikuluan aipatzen direnean.”
Hemeretzi. Laugarren xedapen gehigarria.
“Laugarren xedapen gehigarria.–Nahitaezko betearazpeneko prozedura administratibo eta judizialak.
Nahitaezko betearazpeneko prozedura administratibo eta judizialetan, Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren horietan, enpresaburuak edo profesionalak diren esleipen-hartzaileek honako hau egiteko ahalmena dute, subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura, prozedura horietan izaten diren eta zerga haren menpe dauden ondasunen entregei eta zerbitzuen prestazioei dagokienez: eragiketa jasotzen duen faktura egiteko, eta foru lege horren 17. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitako salbuespenei uko egiteko, hala nahi badute; horrekin batera, ahalmena dute emandako fakturan zergaren kuota jasanarazteko, dagokion likidazio aitorpena aurkezteko eta ateratzen den zergaren zenbatekoa ordaintzeko, baldin eta ondasunen entregen eta zerbitzu emateen hartzailea subjektu pasiboa bera ez bada, Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena artikuluan xedatutakoarekin bat.
Prozedura horietan arau hauek aplikatuko dira:
Lehena. Esleipen-hartzailea ahalmen horiez baliatuz gero, hala adierazi beharko dio, idatziz, kasuan kasuko prozedura betetzen ari den organo judizial edo administratiboari, esleipenaren zenbatekoa ordaindu aurretik edo aldi berean.
Jakinarazpen horretan jaso beharko du, hala baldin bada, erregelamendu honen 8. artikuluan ondasun higiezinekin egiten diren eragiketak salbuesteari uko egiteko ezartzen diren baldintzak betetzen dituela eta uko egiten diola.
Esleipen-hartzaileak jakinarazi beharko dio eragiketa horren zergaren subjektu pasiboari edo haren ordezkariei ahalmen horiek erabili dituela, eta organo judizial edo administratiboan aurkeztutako jakinarazpenaren kopia igorriko dio, han aurkeztu eta hurrengo zazpi egunetako epean. Ez da nahitaezkoa izanen kopia igortzea kasuan kasuko ondasun entregan edo zerbitzu ematean esleipen-hartzailea haien subjektu pasiboa denean, Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena artikuluan xedatutakoarekin bat.
Esleipen-hartzaileak ahalmena erabiltzen badu, subjektu pasiboak edo haren ordezkariek ezin izanen diete uko egin salbuespenei, Zergari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusi bezala, ez eta eragiketa jasotzen duen faktura egin, eragiketa hori beren aitorpen-likidazioetan sartu, eta hark sortutako zergaren diru-sarrera egin ere.
Bigarrena. Eragiketa jasotzen duen faktura Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 11. artikuluan (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia) aipatzen den epean eman beharko da, eta sortzapen data esleipenari buruzko dekretua ematen den eguna izanen da.
Faktura hori esleipen-hartzaileak eginen du, eta bertan jasoko du fakturaren emailea betearazpenaren xede diren ondasun edo zerbitzuen subjektu pasibo titularra dela, eta eragiketaren hartzailea esleipen-hartzailea dela.
Faktura horiek zenbakitze sail berezia izanen dute.
Esleipen-hartzaileak fakturaren kopia bat igorriko dio zergaren subjektu pasiboari edo haren ordezkariei, faktura eman eta hurrengo zazpi eguneko epean, baina jatorrizko faktura esleipen-hartzaileak gorde beharko du.
Hirugarrena. Esleipen-hartzaileak eragiketaren kuotaren aitorpena eta diru-sarrera eginen ditu, aldizkako izaera ez duen aitorpen-likidazio bat aurkeztuz, erregelamendu honen 62.8 artikuluan arautzen direnetako bat, hain zuzen.
Esleipen-hartzaileak aitorpen-likidazioaren kopia bat igorriko dio zergaren subjektu pasiboari edo haren ordezkariei, egindako diru-sarrera baliozkotu dela adierazita, diru-sarrera egin eta hurrengo zazpi eguneko epean, baina jatorrizkoa esleipen-hartzaileak gorde beharko du.
Aurrekoa ez da aplikatuko kasuan kasuko ondasun entregan edo zerbitzu ematean esleipen-hartzailea haien subjektu pasiboa denean, Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.Bigarrena artikuluan xedatutakoarekin bat.
Laugarrena. Aurreko lehen, bigarren eta hirugarren arauetan aipatzen denari jarraikiz, subjektu pasiboari edo haren ordezkariei ahalmena baliatzeari buruzko jakinarazpena, fakturaren kopia edo aitorpen-likidazioarena igortzea ezinezkoa denean, esleipen-hartzaileari ezin egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ezintasun horren berri izan eta ondoko zazpi eguneko epean, Nafarroako Zerga Ogasunari igorri beharko zaizkio agiri horiek, gorabehera hori adierazita.”
Hogei. Zortzigarren xedapen gehigarria gehitzen da.
“Zortzigarren xedapen gehigarria.–Arau-erreferentzia.
Erregelamendu honetan jasotzen diren “Erkidegoa” eta “Europar Erkidegoa” terminoak “Batasunari” buruzkoak dira; aldiz, “Europako Erkidegoak” edo “EEEkoak”, “Europar Batasunari” buruzkoak eta “erkidegokoa” eta “erkidegokoak” “Batasunari” buruzkoak.
Bigarren artikulua.–Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduaren aldaketa.
Apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako fakturazio betebeharren Erregelamenduko manu batzuk aldatu, eta honela geratzen dira:
Bat. 3.1.b) artikulua:
“b) Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikagarri duten jardueretan ari direlarik, enpresaburu edo profesionalek egiten dituzten eragiketak.
Hala ere, faktura beti egin beharko da, zergaren menpekoak eta hartatik salbuetsi gabekoak diren higiezin-entregak egiten direnean.”
Bi. 6.1.a) artikulua:
“a) Zenbakia eta, halakorik badago, seriea. Serie bereko fakturen zenbakiak elkarren ondokoak izanen dira.
Fakturak bereizietako serietan egiten ahalko dira horretarako arrazoiak daudenean eta, besteak beste, fakturak egitera behartuak establezimendu bat baino gehiago dituenean eragiketak egiteko, eta beste mota bateko eragiketak egiten dituenean.
Dena dela, nahitaezkoa izanen da beti berariazko serietan egitea hurrengo fakturak:
Lehena. Eragiketetako hartzaileek edo hirugarrenek egiten dituztenak, 5. artikuluan aipatzen diren horiek alegia. Haietako bakoitzak serie desberdina izan beharko du.
Bigarrena. Zuzenketako fakturak.
Hirugarrena. Balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsia) laugarren xedapen gehigarriari jarraituz egiten direnak.
Laugarrena. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 31.1.Bigarrena. g) artikuluan aurreikusitakoari jarraituz egiten direnak.
Bosgarrena. Balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsia) 50. quinquies.2 artikuluari jarraituz egiten direnak.
Hiru. 16.1.b) artikulua:
“b) Hura egitera behartuaren eta nekazaritza, abeltzaintza, baso edo arrantza ustiategiko titularraren izen-deiturak, sozietatearen izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezian sartuta dagoela adierazita.
Lau. 16.3. artikulua:
“3. Bidaia agentzien araubide berezia aplikatzen den eragiketetan, subjektu pasiboak ez dira behartuta egonen kuota jasanarazia bereizita ezartzera egiten duten fakturan, eta zerga eragiketaren prezioaren barrenean dela ulertu beharko da. Betiere, araubide berezi hori aplikatzen zaien eragiketak jasotzen dituzten fakturetan 6.1.n) edo 7.1.i) artikuluetan egiten den aipamena agerrarazi beharko da”.
Hirugarren artikulua.–Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duen Foru Dekretuaren aldaketa.
Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duen eta zerga edukia duten beste arau batzuk aldatzen dituen azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuaren 3.2.i) artikulua aldatzen da. Hona hemen haien testu berria:
“i) Oro har, Nafarroako Zerga Ogasunari aldizka informazioa foru dekretu honetan araututakoa ez den berariazko beste aitorpen batzuen bidez aurkeztu beharra duten beste eragiketa guztiak, baldin eta horien edukia bat badator”.
Xedapen iragankor bakarra.–Birsaltzailearen izaeraren jakinarazpena 2015eko ekitaldirako.
Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia), 15 quinquies artikuluan aipatzen den birsailtzailearen izaeraren jakinarazpena, 2015erako, urte horretako ekainaren 30era arte egiten ahalko dute 2014an enpresa edo lanbide jarduerak bete dituzten enpresaburuek edo profesionalek, dagokien zentsu aitorpena aurkeztuta.
Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, baina 2015eko urtarrilaren 1az geroztik izanen ditu ondorioak.
Dena dela:
a) Lehen artikuluko seigarren idatz-zatian aurreikusitakoak, soilik balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 15.quater artikuluari 5. idatz-zatia gehitzeari dagokionez, 2015eko apirilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
b) Lehen artikuluko zortzigarren idatz-zatian aurreikusitakoak, soilik balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 32. artikuluari 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzeari dagokionez, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2015eko uztailaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1510478
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
