157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

59/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu oinarrizko egitura gisa:

a) Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia.

b) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

c) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu, ingurumenaren eta uraren arloan bere dituen eskumenez gain, lehengo Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan betetzen zituen eskumenak, baita aipatutako arloan eskudantziak zituzten unitate organikoak ere.

Xedapen gehigarri bakarra.–Deskontzentrazioa.

1. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna, arlo hauetan: diru-laguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

2. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna, arlo hauetan: diru-laguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Era berean, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira indarreko araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera, hain zuzen ere ingurumena babesteko esku hartzearen, ehizaren eta arrantzaren arloetakoak, baita gaur egun lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloaren esku dauden beste guztiak ere.

3. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna, arlo hauetan: kontratazioa, mandatuak eta ondare erantzukizuna, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Xedapen iragankor bakarra.–Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren egitura organikoa zerbitzu eta ataletan garatzen ez den bitartean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuan eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez dioten orotan, eta ulertu behar da izen horiei erreferentzia egiten zaienean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari egiten zaiola erreferentzia.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen ekainaren 27ko 29/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1511493