157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

58/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu horietako bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 100.2 artikuluak adierazten du erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikita egonen direla.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

b) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutu izeneko erakunde autonomoa Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikita egonen da.

Xedapen iragankor bakarra.–Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren egitura organikoa zerbitzu eta ataletan garatzen ez den bitartean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretua aplikatuko da, foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez dion orotan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen uztailaren 2ko 33/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarraldia.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1511491