157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

56/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Hezkuntza Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Hezkuntza Zuzendaritza Nagusia.

b) Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia.

c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak hartuko ditu bere gain, salbu eta unibertsitateko irakaskuntzari dagozkionak.

3. Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak hartuko ditu bere gain, baita Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak unibertsitateko irakaskuntzaren arloan zituenak ere.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 18ko 81/2011 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

Iragarkiaren kodea: F1511488