157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

55/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 100.2 artikuluak adierazten du erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikita egonen direla.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia.

b) Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia.

c) Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritza.

d) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari atxikita gelditzen da.

3. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoa Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari atxikita gelditzen da, baina izena aldatuta, hemendik aurrera Nafarroako Berdintasunerako Institutua deituko baita. Erakunde horrek gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako politiken arloko eskumenak kudeatuko ditu, besterik ez. Hortaz, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari agintzen zaio behar dena xedatu dezan erakunde autonomo horren estatutuak aldatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 106. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lehen xedapen gehigarria.–Eskumenak bereganatzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuak euskarara ekartzen diren itzulpen ofizialen gainean orain arte zituen eginkizunak Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuak hartzen ditu bere gain, baita arlo horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak ere.

Erakunde autonomo horren esku gelditzen dira, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek euskara ikasi eta hobetzearen gainean orain arte zituen eginkizunak.

Xedapen iragankor bakarra.–Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuko zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatzen den arte, eta foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten ez dioten neurrian, honako arau hauek aplikatuko dira: Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretua, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 24ko 133/2011 Foru Dekretua eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen uztailaren 25eko 75/2012 Foru Dekretua, baina arau horietan Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari, Hezkuntza Departamentuari edo, halakorik bada, Gizarte Politiketako Departamentuari egiten zaizkion aipamenak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari buruzkoak direla ulertuta.

Xedapen Indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1511486