157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

52/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 100.2 artikuluak adierazten du erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikita egonen direla.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia.

b) Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia.

c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Orobat, Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikirik geldituko dira erakunde autonomo hauek:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia.

3. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak honako arlo hauetan zituen eskumenak: gizarteratzea, oinarrizko laguntza, garapenerako lankidetza eta laguntza humanitarioa, baita etorkinei laguntzea ere. Zuzendaritza nagusi honek ere bere gain hartzen ditu lehengo Sustapen Departamentuak etxebizitza arloan zituen eskumenak, baita aipatutako arloan eskudantziak zituzten unitate organikoak ere.

4. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak plangintza, ebaluazio, ikuskapen eta kalitatearen arloan zituen eskumenak, baita honako arlo hauetako eskumen orokorrak ere: errealitate sozialaren azterketa eta ikerketa eta aldaketa prozesuen eta gizarte arazoen azterketa. Zuzendaritza nagusi honek ere bere gain hartzen ditu enplegu eta etxebizitza arloko azterketa, plangintza eta ebaluazioaren eskumenak.

5. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak bere gain hartzen ditu lehengo Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zituen eskumenak. Halaber, erakunde autonomo honek bere gain hartzen ditu lehengo Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak familia eta haurrentzako arreta arloan zituen eskumenak, baita aipatutako arloan eskudantziak zituzten unitate organikoak ere.

Xedapen gehigarri bakarra.–Deskontzentrazioa.

1. Zuzendari nagusien esku deskontzentratzen dira, nork bere eskumenen esparruan, kontratazioen arloan indarreko araudiak Eskubide Sozialetako kontseilariari esleitutako eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera, eskumen hau izan ezik: departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileei 750.000 eurotik gorako kontratuak egin aurretik baimena ematea.

2. Zuzendari nagusien esku deskontzentratzen dira, nork bere eskumenen esparruan, zehapen espedienteak hasi, tramitatu eta ebazteko, indarreko araudiak Eskubide Sozialetako kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Xedapen iragankor bakarra.–Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren egitura organikoa zerbitzu eta ataletan garatzen ez den bitartean, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez den orotan eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez: Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretua, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretua, eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretua. Hartara, ulertu behar da izen horiei erreferentzia egiten zaienean Eskubide Sozialetako Departamentuari egiten zaiola erreferentzia.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 2ko 35/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1511490