155. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 19koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Suministros Uribo SL enpresako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Suministros Uribo SL enpresako hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100091012013) aztertu da, erregistro honetan 2015eko ekainaren 4an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2015eko maiatzaren 27an izenpetu eta 2015eko ekainaren 16an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko ekainaren 19an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

SUMINISTROS URIBO SL ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA.

Atariko artikulua: alderdiak zehaztea.

Alde batetik, Aitor Uriartek (NANa: 16.286.037J), Sumistros Uribo SL enpresa ordezkatuz, eta bestetik, Fco. Javier Aguirre Flores de Redalek (NANa: 44.630.993E), enpresako langileen ordezkari gisa, ELA sindikatuaren izenean, Suministros Uribo enpresako hitzarmen kolektibo hau sinatu dute.

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Lurralde eremuari, eremu funtzionalari eta langile eremuari dagokienez, hitzarmen honek Suministros Uribo SL enpresan izanen du eragina.

2. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen kolektibo honen artikuluek, ezarritako legezko tramiteak egin ondoren, 2015eko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra eta 2015eko abenduaren 31ra arte izanen dute indarra, biak barne.

Itundutako iraunaldia amaitu ondoren, bi alderdietako edozeinek salatzen ez badu, hitzarmena urtero luzatuko da.

Hitzarmen hau salatu nahi bada, bi alderdietako edozeinek egin beharko du, hitzarmena edo urteko luzapena bukatu baino lau hilabete lehenago gutxienez.

Espresuki erabakitzen da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hitzarmena salatuta eta itundutako indarraldia igarota, hitzarmenak indarrean jarraituko duela, mugarik gabe, mugagabeko aurreraeragina izanik, bi alderdiek beste hitzarmen bat sinatzen duten arte.

3. artikulua. Ordezko arauak.

Ordezko arauak izanen dira indarra duten lege orokorrak, Merkataritzarako Lan Ordenantza eta hitzarmen kolektibo honetan adostutakoaren osagarri diren lege xedapen guztiak.

4. artikulua. Lanaldia.

Urte osoan 1.746 lanordu izanen dira.

Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, erabaki da lanaldiaren %100 modu erregularrean beteko dela. Hortaz, ez da posible modu irregularrean banatzea.

Lan ondorioetarako, jaieguntzat hartzen dira Mendekoste eta Eguberri biharamunetako arratsaldeak, eta aukerakoa izanen da enpresak horien ordez beste batzuk jartzea, betiere ordu kopuru bera izanda.

5. artikulua. Ordainsariak.

Hilean 1.466,63 euroko oinarrizko soldata finkatu da 2015. urterako, 1. Eranskinean agertzen denaren arabera (2015eko soldata taulak).

Osagarri pertsonala ezin izanen da xurgatu, konpentsatu edo murriztu Langileen Estatutuaren 41. artikuluaren bidez, eta, gainera, hitzarmenean adostutako igoerak aplikatuko zaizkio.

6. artikulua. Lanbide-sailkapena.

1. taldea: bulegoetako langileak.

Administraria.

Saltzailea.

2. taldea: biltegi/tailerreko langileak.

1. mailako ofiziala.

Kategoria desberdineko kontratazio berrien kasuan, hitzarmen honek 2. eranskinari jarraituko dio.

7. artikulua. Antzinatasuna.

Langileek sorraraz ditzaketen laurtekoen kopurua mugagabea izanen da, ikastaldia barne egonda.

Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratu horren iraupena ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.

Laurteko bakoitzaren zenbatekoa egungo hitzarmeneko taulen oinarrizko soldataren %5 izanen da.

8. artikulua. Aparteko eskersariak.

Enpresek uztaileko eta Eguberrietako aparteko eskersariak ordainduko dizkiete horietarako eskubidea duten langile guztiei. Eskersaria hilabeteko soldata adinakoa izanen da, ordainsari guztiak hartuta.

Enpresek langileei eskersari aldakorrak emanen dizkie, salmenten edo mozkinen arabera. Eskersariak establezimendu bakoitzaren berariazko antolaketara moldatuko dira eta ez dira, inola ere, langileak hilabetean jasotzen dituen ordainsari guztiak baino txikiagoak izanen.

Aurreko paragrafoak aipatzen duen eskersaria urtean behin ordainduko da eta, kasu guztietan, urte bakoitzeko lehendabiziko hiruhilekoan likidatu beharko da.

9. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak, ordainduta edo jai hartuta konpentsatuko dira (1,5 ordurekin konpentsatuko da lan egindako ordu bakoitza), langilearen nahierara.

10. artikulua. Bidaiak eta dietak.

Lanarekin lotura duten irteerak enpresaren ibilgailuetan eginen dira.

Joan-etorrietarako langileak bere ibilgailua erabiltzen duenean, enpresak 0,30 euro ordainduko ditu kilometroko.

11. artikulua. Eritasuna eta istripua.

Edozein gertakizunen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran, haurdunaldiko arriskua barne dela, enpresek Gizarte Segurantzak ematen duenaren eta soldata osoaren arteko diferentzia ordainduko dute, bere kontzeptu guztietan.

Behin-behinekoz lanpostu egokiago bat emanen zaie haurdun dauden emakumeei, aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketarenak kontuan hartuta.

Kontingentzia arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunengatik behar bezala justifikatzen diren absentziak (eritasun arrunta edo lanetik kanpoko istripua) ez dira kontuan hartuko Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (3/2012 Errege Lege Dekretuan emandako idazketaren arabera).

52 d) artikuluan xedatu bezala, enpresaburuak arrazoi objektiboengatik kontratua amaitzeko, beharrezkoa izanen da lantokiko langileen absentismoa, guztira, %5etik gorakoa izatea epe berberetan.

Hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean, ugazaben mutualitateek ezin izanen dituzte ohikoak diren eritasunak kudeatu.

12. artikulua. Lanetik gelditzeagatiko kalte-ordaina.

Enpresan hogei urtez aritu ondoren erretiratzen den langile orok kalte-ordain bat jasoko du, bi hilabetekoa 10 urteko zerbitzualdi bakoitzeko. Kalte-ordaina hamar urtetik beherako zatikien arabera kalkulatuko da, zerbitzualdian emandako denboraren proportzioan.

13. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.

Langilea hiltzen bada, haren eskubidedunei enpresak hiru hilabeteko soldata ordainduko die, horietako bakoitza langileak kobratu duen azken soldata adinakoa.

14. artikulua. Laneko arropa.

Enpresa behartua dago lanerako beharrezkoak diren jantziak banatzera langileei. Jantzi horiek enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren hasieran banatuko dira eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan berrituko dira, edo beharrezkoa denean.

15. artikulua. Oporrak.

Langile guztiek urtero opor ordainduak izanen dituzte, baldintza hauek kontuan hartuta:

1. Hogeita hamar egun naturaleko oporrak hartuko dira (antolaketako ondorioetarako, 176 lanordu dira), langileen kategoria edozein dela ere.

2. Langilea eta enpresa ados jarriko dira oporrak noiz hartu erabakitzeko.

Urtean zehar enpresa uzten duen langileak eskubidea izanen du lan egindako denboraren proportzioko oporrak hartzeko.

Amatasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran oporrak eten eginen dira baina urte naturalaren barnean hartu beharko dira, emakumezko langileak eta enpresak adosten duten garaian.

Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak urte naturalean dagozkion oporrak hartzerik ez badu, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere.

16. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborarako:

a) Langilearen ezkontza: 20 egun natural, oporraldiarekin batzen ahal direnak, enpresarekin ados jarrita eta ohiko funtzionamendua oztopatu gabe betiere.

b) Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

c) Seme-alaba baten jaiotza: bi egun natural; horietatik bat, gutxienez, laneguna izanen da.

d) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben, aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen eritasun larria: bi egun natural.

e) Ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen eritasun larria, ospitaleratu beharra badakar: hiru egun natural.

f) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben eta aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen heriotza: bi egun natural.

g) Aitaren edo amaren heriotza: hiru egun natural.

h) Seme-alaben heriotza: lau egun natural.

i) Ezkontidearen heriotza: bost egun natural.

j) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun natural bat.

k) Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

l) Hitzarmen honen eraginpeko langileek norberaren aukerako 9 egun izanen dituzte, 4 egun lehenago abisatuta, betiere.

m) Ordubeteko murriztapena egunean, haurrari esnea emateko. Baimen hori amak edo aitak hartzen ahal du, euren nahierara.

Lizentzia horien ondorioetarako, larritzat joko da ospitaleratu beharra dakarren eritasuna.

Gertaera eragilea sortzen den unetik beretik kontatuko da lizentzia ordainduen hasiera. Lizentzien iraupena nola banatu adostu eginen da edo ospitalizazioak dirauen bitartekoa izanen da.

Heriotza, eritasun edo seme-alaben jaiotza kasuetan, bidaia egin behar izanez gero, dagokion lizentzian bi egun gehiago izanen dira.

Lanaldi murrizketa legezko zaintzarengatik: langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentzia alditzat.

Ondorio horietarako, izatezko bikoteek ere lizentzia horiexek izanen dituzte.

17. artikulua. Kulturarako laguntza.

Langileen kultur eta lanbide maila igotzeko asmoz, enpresak Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako eskoletan eta hizkuntza eskolan euskara ikasteko edo lantokiaren herri berean dagoen antzeko ikastetxe batean ikasteko matrikula gastuak ordainduko dizkie langile guztiei, betiere ikasketa horiek lanorduetatik kanpo egiten badituzte eta ikasketen aprobetxamendua normala baldin bada. Horixe bera eginen da ikastunekin, ohartaraziz ezen bidezko arrazoirik gabe klasera ez joateak eskubidea galtzea ekarriko duela. Enpresek erraztasunak emanen dituzte ikastunak arratsaldeko zazpietan atera daitezen lanetik, artikulu honetan ezarritakoa erabiltzen ahal izan dezaten.

18. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.

Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez den orotan indarreko legedian ezarritako arauak aplikatuko dira.

Merkataritzako langileak behartuak daude lanaldiaren bukaeran egiten ari diren eginbeharrak bukatzera, lanaldi arruntean jarri beharreko ardura berarekin.

Langile bat delitu arrunt batengatik edo arrunta ez den delituagatik atxilotua izan arren auziperatu ez badute edo auziperatu izanda ere absolbitzen badute, ez zaio lanera agertu ez izana kontuan hartuko; beraz ez da justifikatu gabeko absentziatzat joko eta horren ondorioz ez dute kaleratuko.

Kontratazioa:

Lanaldi partzialeko kontratuak hamabi ordutik gorakoak izanen dira beti. Kontratuetan benetako lanaldia, zentroa, egunak eta ordutegiak finkatuko dira. Enpresak, beharrezkoa dela behar bezala egiaztatuta, baldintza horiek alda ditzake.

Kontratazioa, modalitate guztietakoa, indarreko legedian xedatutakoari lotuko zaio.

Produkzio gorabeherengatik egiten den behin-behineko kontratazioan egoera hori gertatzen ari dela ulertuko da enpresak ohiko produkzioa baino gehiago egin behar duenean.

Indarra duen legeriaren babesean egindako lan kontratuak dituzten ikastunen soldata bigarren taldeko eta ofizioko profesionalen ikastunentzako soldata taulen eranskinetan ageri da.

10-50 langile dituzten enpresetan, behin-behineko kontratuak eta aldi baterakoak plantillaren %35era mugatuko dira. 50 langile baino gehiagoko enpresetan, aldi baterako kontratuak ez dira %25 baino gehiago izanen.

Probaldia:

Probaldia 15 egunekoa izanen da kategoria guztientzat, buru eta arduradunentzat izan ezik, horientzat, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen baita.

Gaueko lanaren plusa:

Gaueko 10etatik goizeko 6etara lan egindako ordu guztiei gaueko lanaren plusa, %25ekoa, gehituko zaie.

Erretiro partziala. Errelebo kontratua:

Langileen esku dago 60 urtetik aitzinera erretiro partziala hartzeko erabakia hartzea.

Enpresak du, ordea, erretiro sistema horretan sartzen diren langileen lanaldia antolatzeko ahalmena.

19. artikulua. Eskubide sindikalak.

Langileen ordezkariak legean ezarritako eskubide guztiak izanen ditu, hauek bereziki:

1. Gai garrantzitsuen gaineko txostenak egitea, hala nola enplegu erregulazioari, lanaldi murrizketari eta instalazioak beste toki batera eramateari buruzkoak.

2. Enpresak langileei ezarritako zehapen oso larrien gaineko informazioa jasotzea. Ahal den neurrian, absentismoaren eta horren zergatien gaineko informazioa (laneko istripuak, lanbide eritasunak eta horien ondorioak) jasotzea.

3. Lankideei lan harremanetan eragina duten edo izan dezaketen gaiei buruzko informazioa ematea, legeak ezarritako moduan.

Enpresa batzordeko kideek eta langileen ordezkariek hilean 20 lanordu izanen dituzte euren karguko eginkizunetarako.

20. artikulua. Aseguruen poliza.

Hitzarmen honek bere eragin esparruan hartzen dituen enpresek euren langileentzat aseguru kolektiboa kontratatuko dute, istripuaren ondorioz heriotza eta erabateko baliaezintasuna edo baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, honako kopuru hauek bermatuko dituena:

–36.060,73 euro, heriotza kasuetan.

–36.060,73 euro, laneko edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko edo laneko eritasun baten ondoriozko baliaezintasun iraunkorra eta erabatekoa gertatuz gero.

21. artikulua. Enplegua sustatzea.

Edozein arrazoirengatik enpresan hutsik gelditzen diren lanpostu guztiak, INEMen izena emandako langileek beteko dituzte.

Nahi duen langileak erreleboko kontratua eskatzen ahalko du indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak beteta.

22. artikulua. Lan-osasuna.

Enpresak behartuta daude langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Azterketa hori lan istripuetako ugazaben mutualitateetan eginen da; zeinetan dagoen enpresa inskribatua, hartantxe. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.

Enpresak behartuak daude langileei euren lanposturako behar dituzten jantziak edo babesgarriak ematera.

Hitzarmen honen eremuko enpresek hitzematen dute Lan arlokoetan aurreikusitakoa zorrotz eta berehala aplikatuko dutela.

Horretarako, enpresek eta langileen ordezkariek hitzematen dute prebentzioko planak ezarriko dituztela, ahal duten neurrian eta aurreikusitako epeetan, laneko arriskuak desagerrarazteko edo pixkanaka gutxitzeko eta sektoreko lan arriskuei eraginkorki aurrea hartzeko.

Prebentzioko delegatuei dagokienez, legean ezarritako bermeak izanen dituzte, eta enpresek agintzen dute erraztasunak emanen dizkietela euren eginkizunetarako, behar dituzten ordu kredituen bidez.

23. artikulua. Hizkuntza plusa.

Lanean hizkuntza bat baino gehiago erabili beharra duten langileek hitzarmenaren soldataren %5eko plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.

24. artikulua.

Hitzarmen hau enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, kontratazio mota edozein dela ere.

25. artikulua. Lanbide Heziketa.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek euren langileriaren lanbide prestakuntza sustatuko dute; horretarako, ordezkari sindikalen eta enpresaren artean aztertuko dituzte prestakuntza jarraituaren arloko beharrak, eta enpresa planak prestatzen ahal dituzte, bai eta sektoreka egin daitezkeen plan bateratuetan parte hartu ere.

Enpresak hartzen badu langileak prestakuntza ikastaroetara joateko erabakia, langileek horrelakoetan ematen dituzten orduak benetako lanordutzat joko dira, eta ahaleginak eginen dira ikastaroak lanorduetan izan daitezen.

26. artikulua. Banaketako laguntzaileak.

Hitzarmen honen baitan lan kategoria berria sortu da, banaketako laguntzaileak izena duena.

Kategoria horretan kontratatzen diren langileek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Batez ere enpresako salgaien banaketaz arduratzea.

b) Biltegiko lan osagarriak.

c) Banaketa lanerako erabiltzen dituzten garraioko ibilgailuak ez dira 75 cc-koak baino gehiagokoak izanen.

d) Kategoria horretako langileak biltegiko morroi izatera pasatuko dira enpresan bi urteko antzinatasuna dutenean edo hogei urte betetzen dutenean.

e) 16 edo 17 urteko banaketako laguntzaileek lehenengo urteko ikastunaren soldata jasoko dute eta 18 edo 19 urtekoek, berriz, bigarren urteko ikastunarena.

27. artikulua. Aldi baterako laneko enpresetako langileak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, ukitutako langileen eta enpresen artean diskriminazio eta desberdintasun egoerarik izan ez dadin eta hitzarmen hau ez aplikatzea saihestearren, beharrezkoa dutenean bakarrik kontratatuko dituzte langileak aldi baterako laneko enpresen bidez, eta betiere enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresetara zuzenduz; beraz, hitzarmen hau aplikatuko diete horrelako langileei, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

28. artikulua. Berdintasunari buruzko Legea.

Hitzarmen honek Berdintasunari buruzko Legea bere osotasunean biltzen du.

29. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Batzorde paritario bat eratu da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua; gehienez ere 2 kide izanen ditu, 1 langileen aldetik eta 1 enpresaren aldetik.

Batzorde horretako bi alderdietatik edozeinek eskatuta, 15 eguneko epean bilduko da beranduenez, eta gehienez ere 7 egun naturaleko epean ebatziko du, bilkura egiten denetik.

Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

A) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.

B) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Dituen eskumenen ondorioz, edozein ordezkaritzatatik batek eskatuz gero bilduko da Batzorde Paritarioa.

Batzorde Paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritzak aholkulari baten laguntza izaten ahalko du gehienez, baita enpresa-ordezkaritzak ere. Aholkulariak hitza izanen du, baina botorik ez.

Batzordekide guztiek ordezko bat izan dezakete, batzordeari aurretik abisatuz gero.

Batzorde Paritarioaren akordioek balioa izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute.

Batzorde Paritarioan sortzen diren desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegian konponduko dira, araututako bitartekotza-prozedurei jarraikiz.

Lehenbiziko klausula gehigarria.–Langileek sorrarazitako ordainsarien atzerapenak, hitzarmen honetan ezarritako baldintzekin bat, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzen dutenean jasoko dira.

Bigarren klausula gehigarria.–Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzea.

Enpresak ezin izanen dio inolaz ere heldu, hitzarmen hau ez aplikatzeko, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako prozedurari, eta mugaeguna iritsi aurretik negoziatzen saiatu beharko du, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bi aldeek espresuki erabaki dute batzordeak adostasunak konpontzeko ikusiko dituen prozesuak Nafarroako Lan Auzitegiko adiskidetze eta bitartekotzakoak izanen direla. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi alderdien arteko akordioa badago.

Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzeko, alderdi bakoitzak gehiengoz erabaki beharko du.

1. ERANSKINA

2015. urteko soldata taulak

KATEGORIA

2015EKO OINARRIZKO SOLDATA

Administraria

1.466,63 euro

Saltzailea

1.466,63 euro

1. mailako ofiziala

1.466,63 euro

2. ERANSKINA

Kategoriak

TALDEA

KATEGORIA

Lehena

Ingeniariak eta lizentziadunak

Laguntzaile teknikoak

Praktikanteak

Bigarrena

Langileriaren eta salerosketen burua

Kudeatzailea edo zuzendari komertziala

Sukurtsaleko burua

Arduradun nagusia

Saltokiaren arduraduna, saltzailea, eroslea

Biltegiko burua

Taldeko burua

Ataleko burua

Saltzaile bidaiaria

Hiri-artekaria

Dendako saltzailea, 25 urtetik gorakoa

Dendako saltzailea, 22 urtetik 25era bitartekoa

Laguntzailea

Dendako saltzaile nagusia. 25 urtekoak baino %10 gehiago

Ikastuna, bigarren urtekoa

Ikastuna, lehen urtekoa

Hirugarren taldea

Administrazioko burua

Administrazioko atalburua

Kontularia

Administrari-ofiziala

Administrari laguntzailea, 25 urtetik gorakoa

Administrari laguntzailea, 25 urtetik beherakoa

Ikastuna, bigarren urtekoa

Ikastuna, lehen urtekoa

Kutxako laguntzailea, 20 urtetik gorakoa

Kutxako laguntzailea, 24 urtetik 25 urtera bitartekoa

Kutxako laguntzailea, 25 urtetik gorakoa

Laugarren taldea

Marrazkilariak

Erakusleiho-apaintzaileak

Lanbideko profesionala

Zerbitzu teknikoetako burua

Tailerreko burua

Lehen mailako ofizioko profesionalak

Bigarren mailako ofizioko profesionalak

Laguntzailea

Sehi espezializatua

Sehia

Telefonista

Ontziratzailea edo paketatzailea

Moztailea

Moztailearen laguntzailea

Ikastuna, bigarren urtekoa

Ikastuna, lehen urtekoa

Banaketako laguntzailea, 18 urtetik 19ra bitartekoa

Banaketako laguntzailea,16 urtetik 17ra bitartekoa

Bosgarren taldea

Etxezaina, zaintzailea, gauzaina, mandataria

Atezaina

Kobratzailea

Garbiketako langileak

Iragarkiaren kodea: F1509510