1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
262E/2015 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: estazio meteorologikoa ezartzea baliabide eolikoa neurtzeko, Paulino-1 bazkalekuan, Erriberriko udal mugapean. Agrowind Navarra 2013 da sustatzailea.
2014ko azaroaren 12an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) kategorian dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektutako jarduketan dorre bat paratuko da, baliabide eolikoa neurtzeko, Erriberriko 13. poligonoko 468 E lurzatiko hegoaldeko muturrean. Hautatutako kokalekua alor zabala da.
Sareta motakoa izanen da dorrea, 80 metro luze. Hartan, haizea neurtzeko behar diren neurgailuak ezarriko dira, baita azterlan meteorologikorako behar direnak ere. Halaber, armairu bat ezarriko da, datuak hartzeko behar diren ekipoak paratzeko. Beheko tartea 1 x 1 metroko oinarri batean ezarriko da. Lur trinkotuan ainguratuko da, 40 zentimetroko 4 finkagailuren bidez.
Soka bidezko sei ainguraketa jarriko dira (bi norabide bakoitzeko), gutxi gorabehera 120 graduko bereizketarekin, lur motaren arabera. Txarrantxatze egitura osatzen duten hiru norabideetako bakoitzean jarriko dira pikak. Sokak 8 milimetroko zirgak izanen dira, eta sei mailatan lotuko zaizkio hagari. Beheko lehenbiziko hiru sokak (9 m, 21 m eta 33 m) zutoinean 22 metrora dauden ainguraketetara lotuko dira, eta azkeneko lauak (45 m, 57 m, 69 m eta 77.1 m) 45 metrora dauden ainguraketetara. Soketarako, sei zapata ainguratuko dira, 1,50 m x 1,40 m neurrikoak, eta kanpoko soketarako 1,70 m x 1,40 m neurriko zapatak. Horien gainean 1 x 1 metroko ainguraketa plakak ezarriko dira.
Antenaren euskarria eta ainguratze-zapatak paratuko dira bere kalitatea dela-eta ingurumen balioa duen lurzoruan. Larre naturalek osatzen dute eremu hori. Soketan, hegaztiak babestekoak ezarriko dira, basa hegaztiek jo ez ditzaten, eta, elementu horizontaletan, bertan ez pausatzeko sistemak, arrazoi berberarengatik.
Landabideak erabiliko dira estaziora joateko. Instalazioa jartzeko ibilgailuak ertainak edo txikiak izanen dira.
Agirien artean bada obrak zaintzeko proposamen bat ere, bereziki hegaztiak babesteko elementuak paratzeari eta mantentzeari dagokienez. Gainera, jarraipena eginen da, jakiteko zer eragin duten dorreak eta sokek hegaztiengan.
Erriberriko Udalak, 2015eko urtarrilaren 30ean, udal txostena jakinarazi zuen, non beste aukera bat proposatu baitzuen kokalekurako. Baina sustatzaileak uko egin zuen zuhaitzak eta gasbide bat egoteagatik. Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2015eko ekainaren 15ean egindako aldeko txostena.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio proposamenari. Adierazi du espedientea osorik dagoela, eta zehaztu du zein diren baimenaren baldintzak.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: estazio meteorologikoa ezartzea baliabide eolikoa neurtzeko, Paulino-1 bazkalekuan, Erriberriko udal mugapean. Agrowind Navarra 2013 da sustatzailea.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Baimena ematen da, gehienez ere 5 urteko epean neurketa dorrea kentzeko baldintzarekin, parke eolikoaren osagarria den jarduera bat baita. Neurketa dorrea parkearen aurrekoa da betiere. Neurketaren xedeak beteta, hots, neurketa meteorologikoetarako dorrea instalatzea ekarri zuten xedeak beteta, dorrea inolako ukipenik eragin gabe kenduko da, eta okupatutako eremuari aurretik zuen erabilera emanen zaio.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Erriberriko Udalari, Tafalla-Zangoza aldeko 10. Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko ekainaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1509544