Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko ekainaren 15ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Akordio Kolektiboari buruz Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak emandako Epaia inskribatu, erregistratu eta argitara ematen duena.
Ikusirik 2015eko martxoaren 31n Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak 141/2014 prozedura laburtuaren barrenean emandako 103/15 epaiaren epaitza. Prozedura hori Sindicato Médico de Navarra izeneko sindikatuak, Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Akordio Kolektiboa dela-eta (31100052132014 kodea), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren ondorioz bideratu da. Akordio horren bidez (2014ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 31koan), berrikusi egin zen landa eremuko oinarrizko osasun laguntzako laguntza jarraituari eta zerbitzu horretako langileen bestelako lan baldintzei buruzko 2008ko martxoaren 13ko Akordioa.
Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, horren bidez ezarri baitzen onesten diren akordioak eta egiten diren itunak Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan aipatzen den bulego publikora bidali behar direla eta lehenbailehen argitaratuko direla Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 166.3 artikuluan xedatutakoa era berean aplikatuz, horretan ezartzen baita epai baten bidez osorik edo partez baliogabetzen bada inpugnatutako hitzarmen kolektiboa, eta hitzarmen hori argitaratua baldin bada, hitzarmena argitaratutako aldizkari ofizial berean argitaratu beharko dela epaia.
EBATZI DUT:
1. Agintzea Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutu dezatela Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak, 141/2014 prozedura laburtuaren barrenean, 2015eko martxoaren 31n emandako 103/15 epaia, landa eremuko oinarrizko osasun laguntzako laguntza jarraituari eta zerbitzu horretako langileen bestelako lan baldintzei buruzko 2008ko martxoaren 13ko Akordioa berrikusteko Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Akordio Kolektiboaren gainekoa.
2. Epaia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.
Iruñean, 2015eko ekainaren 15ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
103/15 EPAIA
Iruñean, 2015eko martxoaren 31n. María del Mar Puyuelo Omeñaca andreak, Iruñeko eta bere probintziako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko magistratuak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren 151/2014 auto hauek aztertu ditu. Prozesu horretan, Sindicato Médico de Navarra izan da errekurtsogilea, José Javier Castillo Torres epaitegietako prokuradore jaunak ordezkatua eta Jesús María Bayo Morlones legelari jaunak lagundua. Demandatua, berriz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua izan da, Nafarroako Gobernuko aholkulari juridiko eta legelaria denak ordezkatua eta lagundua. Espainiako Konstituzioak eta legeek ematen dizkioten ahalmenak erabiliz, honako ebazpen hau eman du hurrengo hauek oinarri harturik:
Aurrekariak:
Lehena.–José Javier Castillo Torres epaitegietako prokuradore jaunak, Sindicato Médico de Navarra sindikatuaren izenean eta hura ordezkatuz, idazki bat aurkeztu zuen 2014ko apirilaren 24an Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, iragartzeko errekurtsoa jarria zuela Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Akordio Kolektibo baten aurka (31100052132014 kodea). Errekurritutako akordio kolektibo hori osasun arloko entitatearen legezko ordezkariek eta hango funtzionarioen sindikatu batzuek (CCOO, UGT, AFAPNA eta SATSE) sinatu zuten 2014ko urtarrilaren 31n, eta haren bidez berrikusi zen 2008ko martxoaren 13ko Akordioa, landa eremuko oinarrizko osasun laguntzako laguntza jarraituari eta zerbitzu horretako langileen bestelako lan baldintzei buruzkoa. Sinatu ondoren, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren 2014ko martxoaren 14ko Ebazpenaren bidez, akordio kolektibo hori erregistratzea, gordailutzea eta argitaratzea erabaki zen (2014ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa).
Bigarrena.–2014ko maiatzaren 21eko 57/2014 Autoaren bidez, Salak erabaki zuen ezin zuela errekurtsoa onartu, horretarako eskumenik ez zuelako. Txanda-banaketak direla eta, auzia epaitegi honi egokitu zitzaionez, 2014ko uztailaren 4an, demanda aurkeztu zuen eta, gertakariak eta bere iritziz aplikatu beharreko oinarriak alegatu ondoren, azkenean eskatu zuen epaia eman zezatela ikustaldia egin beharrik gabe, eta epai horren bidez deklara zezatela aurkaratutako akordio kolektiboa deuseza dela zuzenbidearen aurkakoa izateagatik, edo, subsidiarioki, deuseza deklara zitzatela akordioaren 3., 4. eta 7. artikuluak, zuzenbidearen aurkakoak izateagatik, eta, orobat, administrazioa kondena zezatela kostuak ordaintzera.
Hirugarrena.–Administrazio demandatuak administrazio espedientea igorri zuen, eta demandari erantzun zion errekurtsoa ez onartzeko eskatuz, edo, subsidiarioki, ezetsi zezatela, eta kostuak errekurtsogileari ezartzeko ere eskatu zuen.
Laugarrena.–2014ko urriaren 2ko antolaketarako eginbidearen bidez, jarduketak bukatutzat eman eta epaiaren zain gelditu ziren.
Bosgarrena.–Prozedura honetan legezko tramiteak errespetatu dira.
Oinarri juridikoak:
Lehena.–Prozeduraren xedeko ebazpena eta alderdien asmoak.
Prozedura honetan auzitan jartzen da Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Akordio Kolektiboaren legezkotasuna (31100052132014 kode zenbakia). Akordio kolektibo hori osasun arloko entitatearen legezko ordezkariek eta hango funtzionarioen sindikatu batzuek (CCOO, UGT, AFAPNA eta SATSE) sinatu zuten 2014ko urtarrilaren 31n, eta haren bidez berrikusi zen 2008ko martxoaren 13ko Akordioa, landa eremuko oinarrizko osasun laguntzako laguntza jarraituari eta zerbitzu horretako langileen bestelako lan baldintzei buruzkoa. Sinatu ondoren, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren 2014ko martxoaren 14ko Ebazpenaren bidez, akordio kolektibo hori erregistratzea, gordailutzea eta argitaratzea erabaki zen (2014ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa).
Errekurtsoa jarri duen sindikatuak eskatu du deuseza deklara dezatela aurkaratutako akordio kolektiboa, edo, subsidiarioki, haren 3., 4. eta 7. atalak, eta honako argudio hauek eman ditu: lehenbizi, lege-erreserbaren eta arau-hierarkiaren printzipioa urratu da, Osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoari buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legean xedatutakoa ez betetzeagatik, sistema aldatu dutelako aurretik Funtzionamendu Plan bat prestatu gabe, Nafarroako Parlamentuak eztabaidatu eta onetsi beharko lukeen plana, alegia; bigarrenik, Osasun zerbitzuen estatutupeko langileei buruzko abenduaren 16ko 58/2003 Legearen 48.1 artikulua urratu da, lanaldi osagarriak ez duelako ohiko lanaldiaren iraupen bera edo antzekoa, 58/2003 Legearen 51. artikuluan xedatutakoaren arabera guardia bat egiteak dakarren atsedena saihestuz; hirugarrenik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.2 artikulua urratu da, akordioa sinatu ez duten sindikatuak segimendu batzordeetatik kanpo uzteagatik.
Demandatutako administrazioak eskatu du, batetik, errekurtsoa ez onartzeko, arrazoi hauengatik: lehenbizi, errekurtsoa garaiz kanpokoa izateagatik, izan ere, sindikatu errekurtsogileak 2014ko urtarrilaren 31n izan zuen errekurritutako akordio kolektiboaren berri, baina 2014ko apirilaren 24an aurkeztu zuen errekurtsoa; bigarrenik, jarduera hori aurkaratu ezina izateagatik, izan ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 15eko 56E/2014 Ebazpenaren bidez gauzatu zen hitzarmena, eta, horrenbestez, ebazpen hori zen aurkaratu beharrekoa.
Subsidiarioki, eskatu du errekurtsoa ezetsi dezatela, eta horretarako honako hau alegatzen du funtsean: lehenbizi, akordio kolektiboa 2/2013 Foru Legearekin bat dator, izan ere, egia bada ere lege horrek eskatzen duela Oinarrizko Osasun Laguntzako eta osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoetako osasun zentroen funtzionamendu plan bat prestatzea eta indarrik gabe uzten duela abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua, ez du galarazten aurreko araudia aplikatzea eta ez du debekatzen erabakirik hartzea; bigarrenik, errekurritutako akordioak ez du galarazten 12 orduko atsedenaldi jarraitua hartu ahal izatea, 2008ko martxoaren 13ko Akordio Kolektiboaren 10. atala bere horretan mantentzen delako; hirugarrenik, akordioa abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 48.1 artikuluaren araberakoa da, eta, gainera, litekeena da artikulu hori aplikagarria ez izatea; laugarrenik, akordio kolektiboa 84. artikuluan ezarrita dagoenetik aldentzeko aukera dago, kontuan harturik, betiere, 2008ko martxoaren 13ko Akordioaren 15.1 atalak ezartzen duela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak informazioa emanen diela langileen ordezkariei akordioaren edukiaren segimenduari eta ezarpenari buruz; eta bosgarrenik, errespetatzen da laneko eta familiako eginkizunak batera eraman ahal izatea, finkatutako atsedenaldiak bermatzen dituelako.
Bigarrena.–Errekurtsoa garaiz kanpo egotea.
Administrazio demandatuak adierazi du, lehenbizi, errekurtsoa ezetsi beharko litzatekeela epez kanpo aurkeztu zelako, izan ere, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 46.1 artikuluaren arabera bi hilabeteko epea dago errekurtsoa aurkezteko. Kasu honetan, sindikatu errekurtsogileak Akordioaren berri izan izan zuen egunean hasiko litzateke epe hori, hau da, 2014ko urtarrilaren 31n, akordioa egun horretan hartu baitzen.
Ez onartzeko arrazoiak ezin du aurrera egin, errekurtsoa legeak finkatutako epearen barrenean aurkeztu zelako. Eta egiazki hala da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 46.1 artikuluak hauxe xedatzen duelako:
“1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea bi hilabetekoa da, aurkaratutako xedapena argitaratu eta biharamunetik hasita edo, berariazko egintza bada, administrazio bidea amaitzen duen egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Hala ez bada, epea hiru hilabetekoa izanen da, eta hasiko da kontatzen, eskatzailearentzat eta beste balizko interesdunentzat, ustezko egintza gertatu eta biharamunetik aurrera, betiere bere araudi zehatzarekin bat.”
Hitzez-hitzezko aipamen horretatik ondorioztatzen da berariazko egintzen kasuan bi hilabeteko epea kontatzen hasten dela aurkaratutako xedapena argitaratu eta biharamunean edo, bestela, administrazio bidea amaitzen duen egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean. Kasu honetan, 2014ko urtarrilaren 31ko Akordio Kolektiboa 2014ko martxoaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenez (61. zk.), bi hilabeteko epea apirilaren 1ean hasi zen, eta 2014ko maiatzaren 31n bukatu. Hortaz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko asmoa iragartzen duen idazkia 2014ko apirilaren 24an aurkeztu zenez, argi dago epe barrenean aurkeztu zela. Administrazioak alegatu du sindikatu errekurtsogileak akordio kolektiboa hartu zen egunean berean izan zuela haren berri, Negoziazio Mahai Sektorialean parte hartzen zuelako, baina, horrek ez du dies a quo delakoa baldintzatzen, hau da, araudiaren arabera errekurtsoa jartzeko epearen hasiera eguna, izan ere, akordioak argitaratzen den unean hartzen du indarra, eta, horrenbestez, orduan hasten da interes legitimoa duen edozein pertsonak edo entitatek haren aurka egiteko epea.
Hirugarrena.–Akordioa aurkaratzeko modukoa den ala ez.
Administrazio demandatuak, bestalde, adierazi du Akordio Kolektiboa ez dela aurkaratu daitekeen jarduketa bat, izan ere, Landa Eremuko Larrialdi Zerbitzuetako eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako langileen egutegia eta lanaldia banatzeko araubidea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 15eko 56E/2014 Ebazpenaren bidez ezarri ziren, eta, beraz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa haren aurka jarri beharko litzateke.
Errekurtsoa ez onartzeko alegaturiko bigarren arrazoi hori ezetsi beharra dago, izan ere, Landa Eremuko Larrialdi Zerbitzuetako eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako langileen egutegia eta lanaldia banatzeko araubidea apirilaren 15eko 56E/2014 Ebazpenaren bidez ezarri badira ere, horrek ez du esan nahi ezin dela modu autonomo eta independentean errekurtsorik jarri egin beharreko aldaketak biltzen dituen Akordio Kolektiboaren aurka. Uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25. artikuluaren eta hurrengo artikuluen arabera aurkaratzeko moduko jarduera bat dela irizten dugu, deusetan galarazi gabe sindikatu errekurtsogileak errekurtsoa jartzea; orobat, akordioa gauzatzen duen ebazpenaren aurka.
Laugarrena.–2/2013 FLaren urraketa dela eta.
Sindicato Médico de Navarrak adierazi du 2014ko urtarrilaren 31ko Akordio Kolektiboak lege-erreserbaren eta arau-hierarkiaren printzipioa urratzen duela, Osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoari buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legean eskatzen denaren aurka. Argudio horrek ezin du aurrera egin.
Lehenbizi, ustez urratutako araudiaren edukia azalduko dugu. Osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoari buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legea 2013ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 25ekoan, eta aurreikuspen hauek jasotzen ditu:
“Artikulu bakarra.
1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Nafarroako landa eremuetako populazioaren beharrizanei buruzko ebaluazio bat eginen du, osasun-laguntzari dagokionez eta osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoaren ereduaren gabeziei dagokienez, eta oinarrizko osasun laguntzako osasun etxeen eta osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoaren modalitateen funtzionamenduari buruzko plan bat taxutuko du osasun arloko profesionalen, toki entitateen eta arlo horrekin zerikusia duten eragile sozialen parte-hartzearekin, eta ahal den adostasunik handiena bilatuko du.
2. Nafarroako Gobernuak gehienez ere urtebeteko epean igorriko du aipatu plan hori Nafarroako Parlamentura, eztabaidatu eta onesteko.
Xedapen iragankor bakarra.
1. Foru lege honetako artikulu bakarrak aipatzen duen plana onesten ez den bitartean, abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua indarrean sartu zenean indarduna zen erregelamendu mailako araudia aplikatzen jarraituko da, aldatzen edo indargabetzen ez den bitartean.
2. Administrazio prozeduraren bat baldin badago abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuaren arabera abian jarria eta ez duena behin betiko ebazpenik jaso, prozedura hori foru dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera ebatziko da.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Indargabeturik gelditzen da abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko osasun laguntzako osasun zentroen, laguntza jarraituko eta larrialdiko laguntzako guneen eta laguntza jarraituko eta larrialdiko laguntzaren modalitateen ordutegia eta funtzionamendua.”
Agindu horren testutik ondorioztatzen da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, arau horrek indarra hartu eta urtebeteko epean, Nafarroako landa eremuetako biztanleen beharrizanak baloratu behar zituela, eraginkorrak ez diren alderdiak atzeman eta oinarrizko osasun laguntzako osasun etxeen eta osasun laguntza jarraitu eta larrialdikoaren modalitateen funtzionamenduari buruzko plan bat taxutu, osasun arloko profesionalen, toki entitateen eta arlo horrekin zerikusia duten eragile sozialen artean ahal den adostasunik handiena bilatuz. Gero, plan hori Parlamentura igorri beharra zuen, eztabaidatu eta onesteko. Agidanez, Osasun Departamentuak ez du plan hori prestatu, eta ez du Parlamentura igorri. Horren ondorioz, esan liteke aipatutako 2/2013 Foru Legearen aurreikuspenak ez direla bete, ez-betetze horren ondorioz legezko erantzukizunak eskatzen ahal direla eta legezko interesa duten pertsonek horren aurka egiteko eskumena dutela. Dena dela, errekurtsoaren xedeko akordio kolektiboak ez ditu foru lege horren aurreikuspenak urratzen, izan ere, akordioa ez da araudian aurreikusitako plana eta, gainera, ez du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak onetsi, baizik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta sindikatu batzuek. Hortaz, akordio hori Plana prestatzeko oinarri edo abiapuntu gisa erabil badaiteke ere, ezin du hura ordeztu. Horregatik, hemen ez dago 2/2013 Foru Legean xedatutakoaren aurkako arau-hausterik, zeren legeak ez baitu debekatzen edo galarazten gai horren gaineko akordio kolektiborik hartzea edo aldatzea. Errekurritutako Akordio Kolektiboa 2008ko martxoaren 18an hartutako beste akordio kolektibo bat aldatzera dator. Haren bidez, landa eremuetako larrialdi zerbitzuak sortu ziren eta medikuntzako eta erizaintzako langileen berariazko profil bat sortu zen larrialdietako arretarako, haien lanaldia eta urtean egin beharreko gehieneko ordu kopurua ere finkatuta. Ez da alegatu edo egiaztatu aplikatu beharreko araudia urratu denik (2/2013 Foru Legeak berak abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua indarrik gabe utzi ondoren, aplikatu beharreko araudia, berriz ere, azaroaren 2ko 351/1992 Foru Dekretua da, lehen osasun laguntzako langileen ordutegia ezarri eta haien laguntza jarraitua arautzen duena).
Bosgarrena.–Akordioak 12 orduko etengabeko atsedenaldia hartzea galarazten ote duen.
Alderdi demandatuak salatu du akordioak Osasun zerbitzuetako estatutupeko langileei buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 48.1 artikulua urratzen duela, aginduak lanaldi osagarriak aipatzen dituelako eta ez ordu osagarriak. Horrela, guardia bat egiten duten pertsonei 58/2003 Legearen 51. artikuluan aurreikusitako atseden eguna hartzea galarazten zaie.
Arrazoi horrek ezin du bide luzerik egin, ez baita ikusten aipatutako aginduak urratu direnik, ez eta aplikagarri diren bestelako foru agindurik ere.
Azter dezagun, lehenik, ustez urratu diren artikuluen edukia.
48. artikuluak, lanaldi osagarriari buruz ari delarik, zera ezartzen du:
“1. Laguntza jarraituko zerbitzuak eman behar direnean, eta osasun zentroetako erabiltzaileei etengabeko laguntza egokia ematen zaiela bermatzearren, hango unitate edo kategoria jakin batzuetako langileek lanaldi osagarri bat eginen dute kasuan kasuko zentroaren programazio funtzionalean ezartzen den moduan.
Lanaldi osagarria aplikatuko zaie, bakar-bakarrik, foru lege honek indarra hartu baino lehenagotik arreta jarraitua guardien bidez edo antzeko beste sistema baten bidez egiten ari ziren kategoria edo unitateetako langileei, baita kasuan kasuko mahaietan negoziatu ondoren zehazten diren beste kategoria edo unitate batzuetako langileei ere.
2. Lanaldi osagarriak eta ohiko lanaldiak batuta, ez da 48 orduko lanaldia gaindituko astean, benetako lan-denboran neurtua, salbu eta akordio, itun edo hitzarmen kolektibo baten bidez besterik ezartzen bada. Kalkulu hori egiteko, seihilekoaren batez bestekoa aterako da.
Gehieneko iraupen hori neurtzeko, lokalizazio aldiak ez dira kontuan hartuko, salbu eta interesdunari deitzen bazaio lan edo zerbitzu jakin bat egiteko. Kasu horretan, lanaldi gisa hartuko dira bai egindako lanaren iraupena, bai joan-etorrietan emandako denbora.
3. Lanaldi osagarria ez da inolaz ere hartuko edo tratatuko aparteko orduen moduan. Hortaz, beste arau edo xedapen batzuetan aparteko orduak egiteari buruz ezarrita dauden edo ezartzen ahal diren mugak ez dira kasu honetan aplikatuko, eta haren berariazko ordainketa edo konpentsazioa bereiz zehaztuko da kasuan-kasuan aplikagarri diren arau, itun edo hitzarmenetan”.
51. artikuluak, lanaldiari eta eguneko atsedenaldiari buruz ari delarik, zera ezartzen du:
“1. Ohiko lanaldiaren lan-denbora jarraian ez da 12 ordutik gorakoa izanen.
Dena dela, antolaketa edo osasun laguntza hobetzeko egokia bada, zentroen programazio funtzionalaren bidez, 24 ordurainoko lanaldiak ezartzen ahalko dira, salbuespen gisa, osasun arloko zerbitzu edo unitate jakin batzuetarako. Horrelako kasuetan, etenik gabeko gutxieneko atsedenaldiak luzatzeko modukoak izan beharko dira, osasun zerbitzuetako negoziazio sindikaletako prozesuen emaitzen arabera. Pixkana-pixkana ezarriko dira, ukitutako zerbitzu eta unitateen aukerekin bateragarriak izan daitezen.
2. Langileek eskubidea izanen dute 12 orduko atsedenaldi jarraitua hartzeko lanaldi bat bukatu eta hurrengoa hasi bitarte.
3. Aurreko atalean adierazitako lanaldien arteko atsedenaldia honako kasu hauetan murriztuko da, hura justifikatzen duen kasuan kasuko arrazoian adierazten den bezala:
a) Txandaka lan egiten denean, langilea taldez aldatzen bada eta ezin badu eguneko atsedenaldia hartu talde baten lanaldiaren bukaeratik hurrengoaren hasiera bitarte.
b) 12 ordutik beherako denbora-tartean, bata bestearen atzetik gertatzen badira ohiko lanaldiko denborak, lanaldi osagarrikoak eta, halakorik bada, lanaldi berezikoak.
4. Aurreko atalean adierazitako kasuetan, atsedenaldi alternatiboen bidezko konpentsazio araubidea 54. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da”.
Akordio Kolektiboak 4.3 atalean ezartzen duenean oinarrizko osasun laguntza taldeetako langileek arreta jarraituan parte hartuko dutela lanpostuan bertan egon beharreko guardiak eginez gehienez ere 34 orduz hilean (astelehenetik ostegunera 15:20tik 20:00etara, eta ostiraletan edo jaiegun bezperetan, berriz, 15:20tik biharamuneko 8:00etara) ez dira agindu horiek urratzen. Alderdi errekurtsogileak adierazi du 48.1 artikuluaren arabera lanaldi osagarriak ohiko lanaldia bezalakoa edo haren baliokidea izan behar duela. Interpretazio horrek ez du funtsik, legeak ohiko lanaldia osatzeko lanaldiaz ari baita, kontzeptu horiek asimilatu gabe, eta 48.2 artikuluan aste bakoitzerako gehieneko muga bat finkatzen du, lanaldi osagarria eta ohiko lanaldia baturik gainditu ezin dena. Hortik aise ondorioztatzen da lanaldi osagarria ezin dela inola ere izan ohiko lanaldia bezalakoa edo antzekoa. Nolanahi ere, alderdi errekurtsogileak ez du egiaztatu Akordio Kolektiboan lanaldi osagarrirako eta ohiko lanaldirako ezarritako ordu kopuruak legeak ezarritako muga gainditzen duenik. Akordio Kolektiboa Estatuko araudiaren araberakoa da, baita foru araudiaren araberakoa ere (azaroaren 2ko 351/1992 Foru Dekretua, lehen osasun laguntzako langileen ordutegia ezarri eta etengabeko arreta arautzen duena), izan ere, foru dekretu horren 1.1 artikuluan ezartzen da Osasun Eskualde Oinarrizkoetan integratuak dauden langileentzako ohiko lanaldia 8:00etatik 15:00ak arte izanen dela lanegunetan. Osasun zentroak larunbatetan irekiko direla bermatzen da, eta, nolanahi ere, oro har ezarritako lanaldia beteko dela. Aurrerago xedatzen du herritarrentzako zerbitzuen eskaintzak eta instalazioen erabilerak, poliki-poliki, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa bete dezaten, hirietako, erdi-hirietako edo behar bezalako tamainako herrietako zentroetan lanaldia 15:00etatik 20:00etara luzatzen ahalko dela astelehenetik ostiralera. Foru dekretuaren 3.1 artikuluan, bestalde, xedatzen da etengabeko arretarako ordutegia 15:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak artekoa izanen dela, lanegunetan, eta 08:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte igandeetan eta jaiegunetan, eta 1.1 artikuluaren 2. lerroaldean xedatzen denaren arabera ohiko ordutegia 15:00etatik 20:00ak arte luzatzen den zentroetan, etengabeko arretarako ordutegia has daitekeela ohiko lanaldia bukatzen denean.
Bestalde, hitzarmenak 51. artikuluan jasotako atseden eguna hartzea galarazten duelako kontuaz, adierazi beharra dago lanaldi osagarriaren bukaeratik (20:00etan) biharamuneko ohiko lanaldiaren hasierara arte (8:00etan) 12 ordu igarotzen direla, arauak eskatzen duen bezala. Hortaz, ez da inolako arau-hausterik ikusten, izan ere, errekurritutako Akordioak aurreikusten du egunero 12 orduko atsedenaldia bermatu behar zaiela lanaldiaren bukaeratik hurrengoaren hasiera bitarte, baita 36 orduko atsedenaldia ere astero. Horrenbestez, legezko araubidea errespetatzen du.
Laburbilduz, akordio kolektiboa, alderdi horri dagokionez, zuzenbidearen araberakoa da, eta, lanaldi osagarria bukatzen denetik ohiko lanaldia hasi arte 12 orduko tartea besterik ez badago ere, horregatik bakarrik ezin da ondorioztatu ordutegiaren edo atsedenaldien araubidearen arloan arau-hausterik dagoenik, hori baita legeak ezartzen duen muga, zeina akordio kolektiboak errespetatzen baitu.
Seigarrena.–Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.2 artikuluaren aurkako arau-haustea dela eta.
Azkenik, alderdi errekurtsogileak azaltzen du errekurritutako Akordio Kolektiboak Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.2 artikulua urratzen duela, zeren eta Akordio Kolektiboaren 7.2 artikuluak xedatzen baitu jarraipen batzorde paritario bat eratuko dela, Akordioa sinatu duten sindikatuen eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ordezkariek osatua, alde batera utzita Mahai Sektorialean parte hartu arren Akordioa sinatu ez zuten sindikatuen ordezkariak.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84 artikuluak zera xedatzen du:
1. Nafarroako Administrazio Publikoen eta negoziazio mahaietan dauden erakunde sindikalen ordezkariek hitzarmenak eta itunak sina ditzakete funtzionario publikoen lan baldintzak zehazteko.
Itunak sinatzen dituen administrazio organoaren eskumen esparruan sartuta dauden gaiei buruzkoak izanen dira, eta bi alderdientzat lotzaileak izanen dira.
Hitzarmenak kasuan kasuko administrazio publikoaren eskumeneko gaiei buruz eginen dira. Indarra eta eraginkortasuna izateko, kasuan kasuko administrazio organoak espreski eta formalki onetsi beharko ditu.
Itunek eta hitzarmenek alderdi parte-hartzaileak eta indarraldia ezarri beharko dituzte, baita langile eremua, eremu funtzionala eta lurralde eremua ere.
2. Alderdiek erabakirik, itunen eta hitzarmenen jarraipen batzordeak ezar daitezke.
Ordezkaritza sindikalaren gehiengoak izenpetzen ez dituen itun eta akordioak hartuz gero, ezin daiteke jarraipen batzordeetatik bazter utzi kasuan kasuko mahai orokor edo sektorialean dagoen ezein sindikatu, hura izenpetu ez badute ere.
3. Onetsitako hitzarmenak eta egindako itunak Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan aipatzen den bulego publikora igorriko dira, eta berehala argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4. Kasuan kasuko administrazio publikoari dagokio funtzionario publikoen lan baldintzak zehaztea, haien negoziazioan hitzarmenik ez dagonean edo artikulu honetako 1. atalean aipatzen den onespen espres eta formala lortzen ez denean.
5. Administrazio publikoek eta negoziazio mahaietan dauden sindikatuek, elkarrekin adosturik, bitartekari bat edo batzuk izenda ditzakete, gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, negoziazioan hitzarmenik lortzerik ez dagoenean edo hitzarmenak edo itunak betetzean liskarrak sortzen direnean.
Bitartekaritza erregelamendu bidez ezartzen den prozedurari jarraikiz gauzatuko da.
Bitartekariaren proposamenak eta alderdien aurkaritza, halakorik bada, berehala eman beharko dira jakitera.
Errekurritutako akordioak 7. klausulan adierazten du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasunaren mahai sektorialari aurkeztuko diola langileak lekuz mugitzeko proposamen bat, agiri honetan ezarritakoari ahalik eta hobekien egokitua. Xedatzen du, orobat, jarraipen mahai paritario bat eratuko dela, akordioa sinatu duten sindikatuen eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ordezkariek osatua, neurriak 2014ko martxoaren 1ean sartuko direla indarrean eta indarrik gabe uzten direla 2008ko martxoaren 13ko Akordioaren 1. eta II. atalak.
Adierazitakotik ondorioztatzen da Akordio Kolektiboaren 7.2 klausulak ez duela errespetatzen 84.2.2 artikuluan ezarritakoa, izan ere, legeak ezartzen du ezin dela jarraipen batzordeetatik bazter utzi kasuan kasuko mahai orokor edo sektorialean parte hartzen duen ezein sindikatu, ituna edo akordioa sinatzen ez badu ere, eta Akordioan aurreikusten da Jarraipen Batzordea eratzea, bakar-bakarrik, Akordioa sinatu duten sindikatuen eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ordezkariekin. Horrek, berez, sinatu ez duten sindikatuak baztertzea dakar. Klausula hori, bereziki bere bigarren atala, legearen kontrakoa da, eta baliorik gabe utzi beharra dago, nahiz eta horrek ez dakarren errekurritutako Akordio Kolektiboaren gainerako testua deuseztatzea, ez baitu eraginik haren baliozkotasunean, ez zuzenean, ez zeharka. 2008ko martxoaren 13ko Akordioak ezarri zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak informazioa eman behar ziela langileen ordezkariei Akordio horren jarraipenaren eta ezarpenaren gainean, eta klausula horrek indarrean segitzen badu ere, akordio berriak ez baitu aldatu, ez da nahikoa 7.2 klausularen legezkontrakotasuna konpontzeko, baliorik gabe gelditu dela dekretatu baita. Izan ere, legeak eskatzen du akordioa sinatu ez duten sindikatuek Jarraipen Mahaian egon behar dutela. Hitzarmen berriak ez du sindikatu horien parte-hartzea aurreikusten, eta aurreko hitzarmenak ez ditu Jarraipen Mahaiko kideak aipatzen.
Horrenbestez, aurreko oinarrietan eta honako honetan adierazitako guztia kontuan harturik, partez baiesten da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta baliorik gabe uzten da errekurritutako Akordio Kolektiboaren 7.2 klausula, bere horretan utziz gainerako klausulen baliozkotasuna.
Zazpigarrena.–Kostuak.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/98 Legearen 139. artikuluak xedatzen du lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean, jurisdikzio-organoak, epaia ematean edo bere aurrean jarririko errekurtso edo intzidenteak auto bidez ebaztean, uzi guztiak ezetsi zaizkion alderdiari ezarriko dizkiola kostuak, salbu eta auziak egitatezko edo zuzenbideko zalantza asko zituela irizten eta arrazoitzen badu. Auto hauen kasuan, ez da aipamen berezirik egiten prozesuen kostuei buruz, errekurtsogilearen uziak partez baietsi direlako.
Zortzigarrena.–Errekurtsoa.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/98 Legearen 81.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, epai honen kontra apelazio-errekurtsoa jar daiteke.
Epaitza:
Partez baiesten dut José Javier Castillo Torres epaitegietako prokuradore jaunak, Sindicato Médico de Navarra sindikatuaren izenean eta hura ordezkatuz, Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Akordio Kolektiboaren aurka (31100052132014 kode zenbakia) jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta deklaratzen dut Akordio Kolektibo hori ez dela goitik behera zuzenbidearen araberakoa. Hortaz, deuseztatzen dut eta baliorik gabe uzten dut 7.2 klausula, eragindako prozesuaren kostuei buruz deus berezirik erabaki gabe. Errekurritutako Akordio Kolektiboa osasun arloko entitatearen legezko ordezkariek eta hango funtzionarioen sindikatu batzuek (CCOO, UGT, AFAPNA eta SATSE) sinatu zuten 2014ko urtarrilaren 31n, eta haren bidez berrikusi zen 2008ko martxoaren 13ko Akordioa, landa eremuko oinarrizko osasun laguntzako laguntza jarraituari eta zerbitzu horretako langileen bestelako lan baldintzei buruzkoa. Sinatu ondoren, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren 2014ko martxoaren 14ko Ebazpenaren bidez, akordio kolektibo hori erregistratzea, gordailutzea eta argitaratzea erabaki zen (2014ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa).
Ebazpenak indarra hartu eta jakinarazi ondoren, haren berri eman bekio Administrazio demandatuari, betearazi dadin, eta administrazio espedientea itzul bedi.
Jakinaraz bekie ebazpen hau alderdiei, eta aditzera eman haren aurka apelazio-errekurtsoa jar daitekeela epaitegi honen bitartez, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita hamabost egun balioduneko epean, betiere legez ezarritako gordailua egin eta tasa ordaindu ondoren. Errekurtsoaz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sala arduratuko da.
Epai hau behar bezala sailkatua geldituko da epaitegi honen epai-liburuan, fede-emaile publikoak gordeta, eta hitzez-hitzezko ziurtapena eginen da oinarri izan dituen autoetan, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko.
Beraz, nire epai honen bidez hori erabaki, agindu eta sinatzen dut. M.ª del Mar Puyuelo Omeñaca andrea, Iruñeko eta bere probintziako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko magistratua.
Jakitera ematea.–Epai hori sinatu duen magistratu andreak eman, irakurri eta jakitera eman du datan agertzen den egunean, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.
Iragarkiaren kodea: F1509069
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
