Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko ekainaren 12koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Iruñeko Belainpe SL entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñeko Belainpe SL entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100902012015) aztertu da, Erregistro honetan 2015eko maiatzaren 26an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2015eko maiatzaren 21ean izenpetu eta 2015eko ekainaren 10ean zuzendu zutena, honako hauekin bat: Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko ekainaren 15ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
HITZARMENAREN TESTUA
Iruñean, 2015eko ekainaren 6an.
Bildu dira:
Alde batetik, Belainpe SL enpresa ordezkatuz (IFK: B71147821), Asier Igoa Cos, adinez nagusia (NANa: 72.690.946-K).
Bestetik, langileak ordezkatuz, Hristo Ganchev Ganev langileen delegatua, adinez nagusia (NANa: X7243992G).
Adierazten dute:
Bi alderdiek Belainpe SL enpresaren hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko lege-ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri. Hitzarmena fede onez negoziatu dute nahitaez bete beharreko alderdi batzuetan konpromiso batzuk hartzeko asmoz, eta horiek dira, hain zuzen, hitzarmen kolektibo hau osatzen dutenak. Hona hemen akordioaren testua, osorik.
BELAINPE SL-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen honek Belainpe SL enpresari atxikita dauden plantillako langile guztiak hartzen ditu, baita haren indarraldia bitartean enpresan sartu eta alta hartzen dutenak ere, zein den ere enpresan betetzen duten lanpostua.
2. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau Belainpe SL enpresako langileei aplikatuko zaie bakar-bakarrik, eta, horrenbestez, ez zaie aplikatuko harekin merkataritzako harremana duten beste enpresa batzuei.
Hitzarmen honi lotutako langile guztiek lan egiteko behar dituzten baimen eta agiri guztiak indarrean eduki beharko dituzte. Edozein agirik indarra galduz gero, kontratua eteten ahalko da hiru hilabetez gehienez, eta epe hori bukatuta enplegatuak behar duen dokumentazioa lortzen ez badu, lan kontratua iraungiko da.
3. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen hau Belainpe SL enpresan lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie, zeinahi delarik haien lanaren eremu geografikoa, eta kontuan hartu gabe enpresak etorkizunean izan ditzakeen lantokiak probintzia batean edo beste batean dauden.
4. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen honek 2015eko ekainaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arteko indarraldia du. Indarraldia bukatzearekin salatua dagoela ulertuko da, eta salatzen denetik aurrera, alderdiek urtebete izanen dute beste hitzarmen bat negoziatzeko (beraz, hori izanen da gehieneko aurreraeragina). Epe horretan bi alderdiek adostasunik lortzen ez badute, araudia indarrik gabe geldituko da.
5. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira. Agintaritza eskudunak baliogabetzen badu hitzarmen honen klausuletakoren bat, hitzarmenaren gainerako klausulek indarra izaten jarraituko dute, eta izenpetu duten alderdiak beharturik egonen dira ezabatutako klausula edo artikuluak negoziatzen hasteko hilabeteko epean. Hitzarmen hau, alderdien arteko lege den aldetik, bete beharrekoa da sinatzaileentzat eta pertsona fisiko edo juridikoentzat zeinen izenean egin baita kontratua, eta bete beharreko zuzenbide absolutukoa ez den edozein arauren gainetik egonen da, eraginkorra den denborarako.
Ezarritako baldintzek konpentsatu eta irentsi eginen dituzte hitzarmen kolektibo honek indarra hartzean zeuden guztiak, edozein dela ere haien izaera eta jatorria, bai eta gero batean xedapen orokor edo hitzarmenezkoek ezartzen dituzten aplikatu beharreko baldintzak ere.
6. artikulua. Hitzarmen kolektibo honen aplikazio subsidiarioa.
Hitzarmen honetan araututa ez dauden arlo eta baldintza guztiei dagokienez, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, horren bidez onetsi baitzen Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina, baita oro har aplikatu beharreko goragoko xedapen guztietan ezarritakoa ere, eta horien artean, errepideko salgaien garraioaren Bigarren Akordio Orokorra.
7. artikulua. Urteko lanaldi benetakoa.
Enpresako urteko lanaldi benetakoa 1.800 ordukoa izanen da enpresaren plantillako langile guztientzat, astelehenetik igandera banatuta. Atsedenaldiak, hots, bazkaltzeko denbora, atsedena edo kafea hartzeko etenaldiak eta antzeko beste batzuk, ez dira benetako lanordu gisa hartuko.
Gidarien kasuan, enpresaren eskura edo jardunean ematen duten denbora guztia hartuko da benetako lanordutzat, denbora horretan ibilgailua gidatzen egon, edo ibilgailuen zirkulazio ordutegiaren barreneko beste lan batzuetan, edo ibilgailuarentzako lan osagarriak egiten egon, alde batera utzita, berariaz, atsedena hartzeko finkatuak dauden aldiak.
Horretarako, 1561/1995 Errege Dekretua eta 61/2006 EE-Erregelamendua aplikatu beharko dira, edo horiek ordezten dituen araudia.
Gidariek kilometraje prima pizgarri gisa jasotzen duten zenbatekoaren barrenean ibilbidea egiteko gerta litekeen lanaldiaren luzapena dago sarturik.
8. artikulua. Asteburuetan eta igandeetan lan egitea.
Espainiatik kanpora bidaiak egiten dituzten langileek etxetik kanpo pasatu behar badute larunbateko gaua zerbitzuak egitegatik, 50,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute.
Langileak igandean lan egin behar badu 15:00ak baino lehenago, 30,00 euro jasotzeko eskubidea izanen du.
9. artikulua. Oporrak.
Lan egindako urte bakoitzeko 30 egun natural dagozkio langileari, edo lan egindako denboraren arabera dagozkionak. Enpresak zehaztuko du zein egunetan hartu behar diren 15 opor egun, eta, langileak, berriz, beste 15 opor egunak hautatu ditzake. Horiek enpresari jakinarazi beharko zaizkio oporraldia hasi baino 30 egun lehenago, eta enpresaren ohiko jarduerari kalte egin gabe aukeratuko dira. Langileak bere oporretatik gehienez 5 egun natural eskatzen ahalko ditu norberaren aferetarako, baina, aurretik, enpresako zuzendaritzaren baimena beharko du.
Ezin da oporrik hartu eskubide hori sorrarazteko finkatutako denboran benetan lan egin ez bada kontratua hasten denetik aurrera.
10. artikulua. Baldintza ekonomikoak
Hitzarmen kolektibo honetarako itundutako baldintza ekonomikoak I. eranskineko soldata-tauletan agertzen dira. Bi alderdiek adostu dute hiru aparteko paga ordainduko direla eta martxoan, uztailean eta abenduan jasoko direla.
Era berean, berariaz itundu dute ez dela inolako ordainketarik aplikatuko antzinatasunagatik.
11. artikulua. Kilometraje prima pizgarria, lanaldia.
Orduak kalkulatzea zaila denez (benetan lan egindakoak, lanerako prest egondakoak, norberak egindako geldialdien ondoriozkoak, etab.) erabaki da 1561/1995 Errege Dekretua eta 561/2006 EE Erregelamendua aplikatzea, eta konpentsazio sistema bat ezartzea. Horren oinarri gisa, langileak enpresaren ibilgailuekin eta takografoaren arabera egindako kilometro bakoitzeko 0,01 euro ordainduko da. Kopuru horren bidez ordaintzen dira gidariak izan ditzakeen lanaldi handitzeak, bai Estatuan bai atzerrian dabilenean.
"Lanaldiaren pizgarri" gisa jasoko da kontzeptu hori nominan, eta PFEZaren atxikipena izanen du, indarreko legeriarekin bat.
Horren ondorioz, langileak ez du eskatzen ahal beste zenbatekorik kontzeptu hori dela eta.
11.bis artikulua. Kilometraje prima pizgarria, dieten konpentsazioa.
Kasu berezi bakoitzerako mantenu eta egonaldi ordainak kalkulatzea zaila denez, erabaki da konpentsazio sistema bat ezartzea. Horren oinarri gisa, langileak enpresaren ibilgailuekin eta takografoaren arabera egindako kilometro bakoitzeko 0,065 ordainduko da. Zenbateko horrek konpentsatzen ditu langileak bere lana Espainian nahiz Europan betetzean izan ditzakeen mantenuko eta egonaldiko gastuak.
"Dietak" gisa jasoko da osagarri hori nominan, eta ez du PFEZaren atxikipenik izanen, indarreko zerga legeriaren arabera.
Horren ondorioz, langileak ez du eskatzen ahal beste zenbatekorik kontzeptu hori dela eta.
12. artikulua. Gaueko lana.
Gaueko lanarengatik, gidari bakoitzari 30 euro ordainduko zaizkio hilero.
13. artikulua. Prestakuntza.
Prestakuntzagatik, gidari bakoitzari 20 euro ordainduko zazkio hilero.
14. artikulua. ADR konpentsazio plusa
Behar den gidabaimena eta salgai arriskutsuetarako baimen berariazkoa (ADR) izanik, eskuarki gai arriskutsuak garraiatzen dituzten gidariei 60 euro ordainduko zaizkie hilero.
15. artikulua. Borondatezko konpentsazioak.
Enpresako zuzendaritzak, nahi badu, diru bidezko edo gauzazko konpentsazioak ematen ahal dizkie langileei, enpresak finkatuko dituen helburu berariazko batzuk lortzearren. Zenbateko horiek ez dira finkatuko, eta ez dute erreklamatzeko eskubiderik sortuko.
16. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren osagarria.
Laneko istripu baten ondorioz gertatzen diren lanerako aldi baterako ezintasun kasuetan, Gizarte Segurantzak ematen duen prestazioa osatuko du enpresak, soldataren %100 berdindu arte. Aldi baterako ezintasuna eritasun arruntagatik, lanekoa ez den istripuagatik eta laneko eritasunagatik baldin bada, enpresak ez du osagarririk ordainduko aldi baterako ezintasunaren prestazioa osatzeko.
17. artikulua. Probaldia.
Enpresan sinatzen diren lan kontratu guztietarako, 14 hilabeteko probaldia ezartzen da.
18. artikulua. Aurreabisua lana utzi behar bada.
Langileak bere borondatez lana uzten badu, enpresari aurreabisua egin beharko dio 15 egun baliodun lehenago; bestela, aurreabisuaren bete gabeko egunak deskontatzen ahalko dira.
19. artikulua. Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa.
Hitzarmen kolektibo honen aplikazioak sor ditzakeen gatazka guztiak konpontzearren, bi aldeei ongi iruditzen zaie Batzorde Paritarioa sortzea. Edozein alderdik egin dezake batzordea biltzeko deia, eta, halakoetan, deia egin eta hamabost eguneko epean bildu beharko da. Batzorde Paritarioak gutxienez kide bana izanen ditu enpresaren aldetik eta langileen aldetik. Beharrezkoak diren bilerak egin ondotik, Batzordeak erabaki bat hartuko du 30 egun baino gutxiagoko epean. Alderdien arteko akordiorik ez badago, Nafarroako Lan Auzitegiaren arbitrajea eskatuko da.
20. artikulua. Diziplina araubidea.
Hutsegiteak dira langileek lanean, lanarekin lotuta edo lanaren ondorioz egiten dituzten ekintzak eta omisioak, berekin dakartenak betebeharrak ez betetzea, ordenamendu juridikoan, hitzarmen kolektibo honetan eta gainerako arau eta itunetan langileari ezarritakoak, banakakoak edo kolektiboak izan. Arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, honako honi jarraikiz:
20.1. Hutsegite arinak:
1. Hilabete baten barnean lanera hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2. Lanera ezin dela joan eta zergatia aldez aurretik ez jakinaraztea, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera izanez gero.
3. Lanaldiaren barruan lanetik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere.
4. Arreta falta edo zabarkeria, materiala zaintzean.
5. Errespetu eta adeitasun eza, arina bada, enpresako langileekiko eta publikoarekiko, tartean norberaren garbiketa falta egonda.
6. Enpresak erabilera-jarraibideekin batera emandako jantziak eta ekipamendua ez erabiltzea.
7. Lanera huts egitea behin hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.
20.2. Hutsegite larriak:
1. Bidezko arrazoirik gabe hilabeteko epean hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea.
2. Lanera bi egunez huts egitea hilabetean, arrazoi justifikaturik gabe.
3. Lanaldiaren barruan, jostaketan aritzea, zerbitzuari kalte eginez.
4. Enpresak lanaren inguruko edozein arlotan ematen dituen agindu eta jarraibideei kasurik ez egitea, bertaratzearen kontrola barne, baita langileak bete beharreko jardueraren aurrekari edo ondorio diren tramite administratiboak ez betetzea ere.
5. Kausa faltsuak alegatzea lizentzietarako.
6. Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean behin eta berriz, zerbitzuaren kaltetan.
7. Zuhurtziarik edo axolarik gabe jokatzea zerbitzuak egitean. Zehazki, zerbitzuak egitean zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da nahitaezkoak diren segurtasuneko arropak eta tresnak ez erabiltzea.
8. Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.
9. Errespetu eta adeitasun eza enpresako langileekiko, erabiltzaileekiko eta publikoarekiko, haiei Konstituzioan aitortzen zaizkien eskubideak urratzea ekartzen duenean.
10. Lanean agintekeriaz jokatzea, eta hori izanen da egintza arbitrario bat betetzea, baldin eta legezko agindu bat nahita eta nabarmen urratzen bada eta kalte nabaria ekartzen badio menpeko bati.
11. Lanera ezin dela joan eta zergatia aldez aurretik ez jakinaraztea, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera dagoenean, baldin eta aldez aurretik ez jakinarazte horregatik ibilgailuak atzeratzen badira irtetean edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.
12. Lanetik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, laburrerako bada ere, baldin eta horregatik ibilgailuak atzeratzen badira irtetean edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.
13. Lanera ez joatea behin hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe, baldin eta horregatik ibilgailuak atzeratzen badira irtetean edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.
14. Arreta falta edo zabarkeria materiala zaintzean, enpresari kalterik sortzen ez bazaio. Bestela, kasua hutsegite oso larritzat hartuko da, hurrengo artikuluan xedatuarekin bat. Atal honen barruan sartuko da kamioia garbi ez mantentzea. Halaber, atal honen barruan sartuko da kamioian ezinbesteko segurtasuneko eta ofimatikako elementuak ez eramatea (tableta, eskanerra, zingilak, irrista-eragozleak, ertz-babesak eta eska daitekeen beste edozein elementu, zerbitzua emateko tokian aplikatzen den araudiarekin bat). Hori betetzen ez badu, dagokion diziplina-zehapena jartzeaz gainera, enpresak langileari ordainarazten ahalko dio eragindako kaltearen ordaina, oso-osorik.
Era berean, utzikeria, axolagabekeria edo arreta faltagatik enpresaren instalazioei edo beste ondasun bati kalteren bat eragiten baldin bazaie, ezarri beharreko diziplina-zehapenaz gainera, enpresak langileari ordainarazten ahalko dio eragindako kaltearen ordaina, oso-osorik.
Azkenik, lanbideko axolagabekeriaren atal honetan gidariei jarritako trafikoko isunak sartzen dira. Diziplina-zehapena ezartzeaz gainera, isunaren zenbatekoa ordainarazten ahal dio enpresak langileari, eta diru hori enpresari itzuli beharko dio oso-osorik.
15. Jarraian eta ohitura gisa, garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideengan arrazoizko arrangura sorrarazten duenean.
16. Lantokitik berandu ateratzea, edo langilearen edozein destinotatik.
17. Arrazoirik gabeko atsedenaldi gehiegi egitea, edo ibilbide txarrena hautatzea destinora ailegatzeko. Atsedenaldi horiek enpresari kalte ekonomikoa eragiten badiote edo aukeratutako ibilbideak kostu handiagoa baldin badu, dagokion diziplina-ezartzeaz gainera, soberako diru zenbatekoa langileari ordainaraziko zaio, eragindako kaltea nominatik deskontatuz.
18. Hiruhileko berean beste hutsegite arin bat egitea edo horretan berrerortzea (puntualtasuna salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu hartzea ez den zigorra jarri izan bazaio, baita aurrekoak bezalakoa den beste edozein ere.
20.3. Hutsegite oso larriak:
1. Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz edo gehiagotan berandu iristea, edo urtean hogei aldiz.
2. 3 egun jarraituan edo 5 egun ez jarraitutan lanera ez agertzea 6 hilabetean, edo 10 egun ez jarraitutan urtebetean, justifikatu gabe.
3. Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean. Hutsegite oso larritzat joko da diziplina urratzen denean edo horrek enpresari edo lankideei kaltea ekartzen dienean.
4. Enpresaburua, enpresan lan egiten dutenak nahiz horien senideak ahoz zein egitez iraintzea.
5. Kontratuaren fede ona haustea nahiz konfiantza abusua lanean jardutean, eta halakotzat joko dira iruzurra egitea edo leialtasunik gabe jokatzea manatutako kudeaketetan; lapurreta edo ebasketa egitea, bai lankideei, bai enpresari bai edozeini, enpresaren barruan edo enpresaren ibilgailuetan, edo beste nonbait zerbitzuak betetzen ari diren bitartean; gutuneriaren sekretua urratzea edo arrotzei kontatzea lanagatik ezagutzen diren datuak.
6. Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
7. Lanean mozkorturik eta/edo toxikaturik egotea, noizean behin gertatu –gidarien kasuan–, edo ohikoa izan –gainerako langileen kasuan–, betiere lan orduetan gertatzen bada edo lanaren ohiko jardunari kalte egiten baldin bazaio.
8. Lanetik alde egitea, laburrerako bada ere, ezbehar bat eragiten badu.
9. Zuhurtziarik edo axolarik gabe jokatzea zerbitzuak egitean, ezbeharra edo makineriaren, ibilgailuaren edo instalazioen matxura izateko arriskua ekartzen badu.
10. Sexu jazarpena edo sexuagatiko jazarpena, lanaren esparruan egiten direnean eta hura pairatzen duen langilearen duintasunaren kontra larri jotzen dutenean.
11. Lan jazarpena (mobbinga), ukitutako langilearen duintasunaren kontra larri eta etengabe jotzen duenean.
12. Arreta faltak edo axolagabekeriak materiala zaintzean, enpresari kalte egiten zaionean. Enpresak langileari ordainarazten ahal dio egindako kaltearen ondorioz ordaindutako zenbatekoa, egindako kalte hori nominatik kenduz.
13. Hutsegite larrietan berrerortzea, desberdinak badira ere, hiruhileko batean egiten badira eta zehatzen badira, edo aurrekoak bezalakoa den beste edozein.
14. Arau-hauste larria izanen da flotaren arduradunari ez jakinaraztea utzi zaion materialean harrapatutako matxura, istripu edo gabeziak, istripu baten ondorioz izan edo ez.
15. Gidabaimena kentzea.
Gidariari gidabaimena kentzeak ondorio hauek izanen ditu, betiere ez bazaio kendu mozkortzeagatik, toxikomaniagatik edo zuhurtziagabekeria ausartarengatik:
a) Hilabete bitarte kentzen bazaio, aldi hori urteko opor egunen kontura egotziko zaio, non eta ez den ezinezkoa.
b) Hilabete batetik sei hilabete bitarteko epe baterako kentzen bazaio, kontratua aldi baterako etenen da.
c) Sei hilabetetik gorako epe baterako kentzen bazaio, kontratua amaitu eginen da.
d) Gidabaimena kentzen baldin bazaio lan ordutegiaren barrenean mozkortzeagatik, toxikatzeagatik edo zuhurtziagabekeria ausartegiagatik, kontratua amaitutzat joko da, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe.
20.4. Zehatzeko prozedura.
1. Hutsegite oso larriengatik zehapenak ezarri baino lehen, enpresek idatziz jakinaraziko dizkiete gertatutakoak langile interesdunei, horiek, hala nahi badute, idatziz adieraz dezaten, hiru laneguneko epean, horren inguruan egoki iruditzen zaiena. Jakinarazpena, halaber, langileen ordezkariari eginen zaio.
2. Ustezko hutsegite oso larrien kasuan, enpresak, aurreko ataleko jakinarazpena egitearekin batera edo hura egin ondoren, erabaki dezake langileari enplegua etetea, ordainsaria ukitu gabe, kautelazko neurri gisa, zer gertatu zen argitu bitartean soilik, eta hilabete batean gehienez ere, azkenean jar daitekeen zehapena gorabehera. Etenaldi hori langileen ordezkariari jakinaraziko zaio.
20.5. Askatasuna kentzea.
Langileari askatasuna kentzen zaionean, ulertuko da lanera ez joatea ez dela arrazoirik gabekoa izan, betiere gero langilea absolbitzen badute atxiloketa ekarri zuten karguetatik.
20.6. Zehapenak.
1. Ondoren azaltzen dira diziplinako hutsegiteengatik langileei ezartzen ahal zaizkien zehapenak:
a) Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea edo kargu-hartze idatzia eta 2 egun arteko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Hutsegite larriengatik: 3 egunetik 30era arteko enplegu-soldaten etenaldia.
c) Hutsegite oso larriengatik: 31-60 eguneko enplegu-soldaten etenaldia eta/edo bidezko kaleratzea.
2. Trafikoari eta bide segurtasunari buruzko xedapenak urratzeak ekartzen dituen isunak haien erantzuleak ordaindu beharko ditu. Erantzulea langilea denean, enpresak ordaindu behar izan duen zenbatekoa zuzenean kentzen ahal dio nominatik.
20.7. Hutsegiteen preskripzioa.
Langileen hutsegite arinak 10 egunen buruan preskribatzen dira, larriak 20 egunen buruan, eta oso larriak 60ren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun den egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
20.8. Langilearen ardurapeko materiala.
Kontratazioa egiten denean, edo geroago, enpresak bere materiala utziko dio langileari, erabil dezan. Material hori uzteko unean, eta langile guztiek sinatzen duten lan kontratuaren eranskinean, materiala egoki erabiltzeko jarraibideak emanen dira, eta bakoitza zenbat aldiz erabil daitekeen gehienez finkatuko da.
Gehieneko muga horretatik gora erabiliz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiko zaio. Muga horretatik gorako erabilerengatiko ordainketa langilearen ardura izanen da.
21. artikulua. Behin-behineko kontratuak.
Langileen Estatutuaren 15.1 artikuluaren b) letran jasotako ekoizpen beharretarako behin-behineko kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izanen da 18 hilabeteko erreferentzialdi bakoitzerako.
I. ERANSKINA
Soldaten taulak
SOLDATA (eurotan) | URTEA (eurotan) | |
1. TALDEA.–GOI MAILAKO LANGILEAK ETA TEKNIKARIAK | ||
Zerbitzuburua | 1.169,20 | 17.538,01 |
2. TALDEA.–ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK | ||
Atalburua | 922,50 | 13.837,50 |
Bulegoburua | 887,45 | 13.311,75 |
1. mailako ofiziala | 843,00 | 12.645,00 |
2. mailako ofiziala | 818,29 | 12.274,28 |
Administrari laguntzailea | 795,44 | 11.931,66 |
16-17 urteko izangaia | 696,09 | 10.441,37 |
Bisitaria | 795,44 | 11.931,66 |
3. TALDEA.–MUGIMENDUKO LANGILEAK | ||
1. mailako trafikoburua | 887,43 | 13.311,38 |
2. mailako trafikoburua | 842,95 | 12.644,29 |
3. mailako trafikoburua | 824,55 | 12.368,27 |
Gidari mekanikaria | 833,33 | 12.500,00 |
Furgonetako gidaria | 812,58 | 12.188,77 |
Laguntzailea | 775,00 | 11.625,00 |
Jasomakinako gidaria | 790,00 | 11.850,00 |
4. TALDEA.–TAILERREKO LANGILEAK | ||
Tailerburua | 936,64 | 14.049,65 |
Arduraduna | 849,54 | 12.743,06 |
1. mailako ofiziala | 827,51 | 12.412,63 |
2. mailako ofiziala | 821,29 | 12.319,42 |
3. mailako ofiziala | 809,85 | 12.147,82 |
Tailerreko sehia | 803,18 | 12.047,69 |
16-17 urteko ikastuna | 662,47 | 9.937,01 |
5. TALDEA.–MENPEKO LANGILEAK | ||
Fakturen kobratzailea | 795,44 | 11.931,66 |
Telefonista | 792,42 | 11.886,23 |
Eguneko zaintzailea | 793,12 | 11.896,85 |
Gaueko zaintzailea | 797,17 | 11.957,50 |
Garbitzaileak | 780,00 | 11.700,00 |
Mandataria | 793,12 | 11.896,85 |
Gaueko lanaren plusa: 30 euro hilabetero, 12 pagatan.
Prestakuntzaren plusa: 20 euro hilabetero, 12 pagatan.
II. ERANSKINA
Belainpe SLren hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusitako soldaten araubidea ez da aplikatuko, eta aldeen akordioz aldatuko da, baldin enpresak jakinarazten dituen inguruabar ekonomikoek haren egonkortasun eta bideragarritasun ekonomikoa okertzen ahal badute. Betiere, aldez aurretik enpresako zuzendaritzak horren arrazoiak frogatu ondoren.
Horrelakoetan, hitzarmen kolektiboaren Batzorde Mistoa bilduko da eta erabaki hauetako bat hartuko du:
a) Soldata ez aplikatzeko erabakiari uko egitea.
b) Soldata ez aplikatzeko erabakia baimentzea, gutxienez Batzorde Mistoan horren aldeko akordioa bada.
c) Erabakirik ez hartzea, adostasuna Batzorde Mistoko ordezkaritzaren %83 baino txikiagoa bada.
a) edo c) erabakiz gero, edozein aldek eraman dezake afera lan jurisdikziora edo arbitrajera.
Iragarkiaren kodea: F1509067.
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
