HILABETEA
Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko ekainaren 8koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Arguedasko Ensaladas Floristán SA enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Arguedasko Ensaladas Floristán SA entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100892012015), Erregistro honetan sartu zena 2015eko martxoaren 24an eta enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2015eko otsailaren 24an izenpetu eta 2015eko maiatzaren 28an eta 2015eko ekainaren 5ean zuzendu zutena. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko ekainaren 8an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
ENSALADAS FLORISTÁN SA ENPRESAREN HITZARMENA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Langileria, lurralde eremua eta eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo hau aplikatuko zaie Ensaladas Floristán enpresak Arguedasen duen lantokian besteren kontura aritzen diren langile guztiei, Langileen Estatuaren 84. artikuluarekin bat.
2. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honek 2015eko otsailaren 24tik 2016ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra.
Enpresa itun honen indarraldia amaitzean, haren klausula guztiak indargabetuko dira. Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 86.2 artikuluan ezarritakoari dagokionez, enpresa itun hau sinatzen den egunetik beretik salatutzat jotzen da.
3. artikulua. Arauen hurrenkera.
Enpresaren hitzarmen honetako arauek lehentasuna izanen dute gainerako legezko arau edo xedapenen gainetik. Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez den orotan Barazki Kontserben estatuko hitzarmen kolektiboa, Langileen Estatutua eta maila handiagoko beste edozein arau aplikatuko dira.
II. KAPITULUA
Lanaren antolaketa
4. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa tekniko eta praktikoa enpresaren zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.
Lanaren arrazionalizazio, mekanizazio eta zuzendaritza sistemek ezin izanen diote kalte egin langileen lanbide prestakuntzari; izan ere, langileek eguneko lanaren bidez prestakuntza hori osatu eta hobetzeko eskubidea eta betebeharra dute.
Mekanizazioak, aurrerapen teknikoek edo antolakuntzakoek ezin izanen dute inolako murrizketarik eragin soldatapeko langileen egoera ekonomikoan; aitzitik, aurrerapen horien ondoriozko onurak ez dira enpresaren soberakina handitzeko bakarrik erabili behar, langileen egoera ere hobetzeko balio behar baitute.
III. KAPITULUA
Langileen sailkapena
5. artikulua. Xedapen orokorra.
Hitzarmen kolektibo honetan ageri diren lanbide kategoriak adierazi baizik ez dira egiten hemen, eta ez dakarte, nahitaez, aipatzen diren lanpostu eta kategoria guztiak beteak izan beharra, enpresaren beharrek eta bolumenak eskatzen ez badute.
Langile guztiak behartuta daude nagusiek agintzen dizkieten lan guztiak egitera, beren lanbide kategoriari dagozkion eskumenen barnean, eta Langileen Estatutuaren 22. eta 39. artikuluan aurreikusitakoa galarazi gabe.
Hitzarmen kolektibo honetan finkatua ez dagoen lanbide kategoriaren bat duten langileen kasuan, aipatutako kategorien artean antzekoenak direnekin parekatuko dira.
6. artikulua. Sailkatutako taldeak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko enpresako langileak lanbide talde hauetakoren batean sailkatuta daude:
1. Agintariak, teknikariak eta laguntzako langileak. Gaitasun edo praktika egokia behar duten lanetan aritzen diren langile teknikoak dira, tituludunak nahiz titulu gabeak; lan fakultatiboak, teknikoak edo zuzendaritza espezializatukoak egiten dituzte.
2. Produkzioko langileak. Lanbide talde honetan sartzen diren langileek, behar den prestakuntzaren jabe direla, beren espezialitateko lanak egiten dituzte, horiek lan nagusiak edo laguntzakoak izan, eta ekimenez, arduraz eta errendimenduz gauzatzen dituzte, dagokien mailaren arabera.
Lanbide taldeei buruzko araudiaren aplikaziorako segimendu eta kontrola egiteko batzordea sortzen da. Batzorde horretan hitzarmena sinatzen duten sindikatuen ordezkari bana arituko dira, eta, horiekin batera, beste horrenbeste batzordekide enpresaren aldetik.
Definizioak
7. artikulua. Agintarien, teknikarien eta laguntzako langileen taldeko lanbide mailak.
–Kudeatzailea: operazioen zuzendaritzak emandako jarraibideen menpe, operazioen arloko jarduketa planak eta politikak aplikatzeko ardura du, eta haiek ezartzeko prozesua zuzendu eta koordinatzea dagokio zuzendaritza batzordeak ematen duen negozio estrategiari jarraikiz.
–Departamentuko burua: kudeatzaileak emandako jarraibideen menpe, bere ardurapean dagoen departamentua zuzendu eta koordinatzea dagokio, eta eskura dauden baliabideak antolatzea esleitu zaizkion helburuak lortzeko asmoz. Kudeaketa arloko enfasia (departamentua, baliabideak, jardueren zuzendaritza, helburuak).
–Teknikaria: zuzendari edo manager batek emandako jarraibideen menpe, bere departamentuko prozesuei loturiko jarduera tekniko, administratibo eta merkaturatze edo sustapenekoak egitearen eta/edo gainbegiratzearen arduraduna da. Jarduera teknikoak egitearen/gainbegiratzearen arloko enfasia.
–Laguntzako ofiziala: lanpostuari eskatzen zaizkion ezaupideak, kualifikazioa eta gaitasunak izanik, bere lanpostuari esleitutako erantzukizunak betetzen ditu nolabaiteko autonomiarekin, ekimena eta erantzukizuna mugatuak baititu, eta, orobat, bere lanpostuari dagozkion eginkizunak egiten ditu, ofizio baten berariazko eginkizun teknikoak izan, administratiboak edo bere departamentuko prozedurak kudeatzekoak. Bere arduradunaren jarraibideei kasu eginen diete, eta haren menpe egonen dira.
–Oinarrizko langileak: administrazioko langileei dagozkien lanetan aritzen diren langileak dira, beren nagusiaren jarraibideei jarraikiz eta haren gainbegiradapean. Autonomia mugatua dute, eta bulegoetan aritzen dira, zailtasun txikiko administrazio lanak egiten, batez ere lan mekanikoak. Bete-betean burokratikoak ez diren bestelako lanak ere egin ditzakete, baina betiere kudeaketa administratiboari lotuak.
Horien artean dago produktuen hornidurak egitea bezeroen zentroetan.
8. artikulua. Produkzioko langileen taldeko mailak.
–Taldeko burua: bere lanpostuaren eginkizun oinarrizkoak eta orokorrak betetzeaz gainera, industria prozesuan esleitzen zaion esparruko txanda koordinatzeaz arduratzen da, eta horren gaineko erantzukizuna du. Autonomia, jakite-maila eta prestakuntza handia dauka, eta bere menpeko langile guztiak koordinatzen ditu, bere nagusiaren jarraibideei jarraikiz.
Menpean dituen langileak kudeatu eta zuzentzen ditu, eta enpresan honako gai hauei buruz dauden barne-arauak aplikatzeko ardura du koordinatzen duen esparruan: segurtasuna eta higienea, kalitatea, diziplina, giza baliabideen politika, ingurumena eta produkzioa.
Enpresaren industria prozesuetan aplikatzen diren sistema informatikoak ezagutu eta egoki erabiltzen ditu; koordinatzen duen esparruan eta/edo lehen mailako mantentze-lanetan gertatzen diren ustekabeak konpontzen parte hartzen du, horretarako gaitasuna duelako.
Industria prozesuan aplika daitezkeen hobekuntza teknikoak proposatzen eta/edo ezartzen ditu.
–Hautatze lerroko gidaria/1. mailako ofiziala: betiere beren arduradunaren gainbegiradapean, edozein hautatze lerrotako jarduerak eta pertsonak koordinatzen dituzte, nahikoa autonomiaz, erantzukizunez, esperientziaz eta kalitatez, lana ezagututa eta errendimendua egokia izanik.
Egiteko eta eragiketa guztiak ezagutu eta egoki burutzen dituzte, beren lerroko makineria guztia erabili eta doitzen dute (ikusmena barne) etekina egokia izan dadin, eta produkzio prozesuetarako hobekuntza teknikoak eta antolamendu arlokoak proposatu eta ezartzen dituzte.
Badakite erabiltzen enpresaren produkzio prozesuetan hautatzerako erabiltzen diren tresna informatikoak.
–Materialen edo biltegiaren kudeatzailea: material osagarriak jasotzea, horien kalitatea eta kontsumoa kontrolatzea, behar diren materialen eskariak aurreikustea, lehengaien lote bakoitzaren sarrera-datuak erregistratzea eta haien harrera ikuskatzea, hornitzaile bakoitzaren trazabilitate-datuak erregistratzea, izakinak egiaztatzea eta kamioiak deskargatzeko ordena berrikustea.
–Espezialista/2. mailako ofiziala: erantzukizun, esperientzia, kalitate eta errendimendu egokiarekin, beren lanpostuari dagozkion berezko lan eta eginkizunak ezagutu, egin eta praktikatzen dituzten langileak dira, eta lanpostu bakoitzari atxikitako makineria erabiltzen ere badakite.
Enpresaren produkzio prozesuetan erabiltzen diren sistema eta/edo tresna informatikoen gaineko ezagutza dute, erabiltzaile mailakoa.
Parekatuak dauden lanpostuei dagozkien eginkizun guztiak egiteko prestakuntza eta ezagutza egokia dute, eta, beren nagusien gainbegiradapean, nolabaiteko autonomiaz lan egin dezakete, hala banaka, nola taldean.
Industria prozesu batean, erantzukizun maila baxuagoa duten pertsonen talde baten lana gainbegiratzen ahal dute.
–Produkzioko laguntzailea: beren lanpostuari dagozkion lan jakin eta zehatz batzuk trebetasunez eta azkar egiteko gauza diren langileak dira, beste baten gainbegiradapean eta autonomia mugatua izanik, ematen zaizkion jarraibideei jarraikiz. Lanpostuari dagozkion lanak egiteko prestakuntza eta ezagutza egokia dute. Erabiltzeko errazak diren makinak erabiltzen ahal dituzte.
9. artikulua. Arau subsidiarioa.
Egiten den lanaren gaitasun profesionalak, tituluak eta eduki orokorrak lanbide taldetan biltzen dira, eta bertan sartzen ahal dira langileari esleitutako lan, eginkizun, espezialitate profesional edo erantzukizun desberdinak.
10. artikulua. Kontratu motak.
Langile guztien kontratuak (finkoak, aldizkako finkoak, aldi batekoak, behin-behinekoak, bitartekoak, lan edo zerbitzu jakin bat egitekoak, edo beste edozein), lanaldi osorako izan edo lanaldi partzialerako, indarra duten legezko xedapenetan ezarritako modu eta baldintzetara egokituko dira.
11. artikulua. Iraupena.
Langileen Estatutuaren 15. artikuluko b) lerroaldean aurreikusitako kasuetan egiten diren kontratazioetan (merkatuaren gorabeherengatik, lanak pilatzeagatik edo gehiegizko eskaerengatik), bi alderdiek adosten dute artikulu hartan ezarritako epeak ahal den gehiena luzatuko direla indarreko legediaren arabera.
12. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.
Aldizkako lan kontratu finkoa Ensaladas Floristán enpresan berariazko modalitatea da, jardueraren ezaugarrietarako egokia. Izan ere, erabiltzen diren lehengaiak galkorrak dira eta urteko garai jakin batzuetan jarduera handiagoa da, enpresek fabrikatzen dituzten produktu eraldatuen kontsumoaren gorabeherei lotua izaten delako produkzioa.
Kontratu mota horretan, gainera, Ensaladas Floristán enpresaren interesak eta langileenak bateratzen dira; enpresarenak, jarduerak eskatzen duen malgutasuna eskaintzen duelako eta lan gutxiago dagoenean plantilla arindu daitekeelako, eta langileenak, berriz, kontratu mugagabe bat dutelako, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzea eskatzen ez bazaie ere.
Aldizkako langile finkotzat hartuko dira, enpresaren jardueraren ohiko bolumenarekin alderatuta, jarduera kargaren gorabeherei aurre egiteko urteko sasoi batzuetan Ensaladas Floristánek kontratatzen dituen langileak. Jardueraren bolumen horren ondorioz gerta liteke zerbitzua egunero eman beharrik ez izatea, urteko kopuruan lanegun gisa agertu izan arren.
Ensaladas Floristánen jardueraren ezaugarriak kontuan harturik, izan ere, oso jarduera aldakorra da lehengaiez hornitzeko orduan eta produktu eraldatuen eskariak jasotzeko orduan gorabehera handiak izaten direlako eta produktu horiek azkar iraungitzen direlako, eta horren guztiaren ondorioz produkzio jarduera irregularra denez, bi alderdiek uste dute enpresaren hitzarmen honen helburuetako bat dela plantillaren egonkortasuna lortzea, eta horrekin batera, kanpoko langileen aldi baterako kontratazioa erabil dadila, bakar-bakarrik, ohiz kanpoko eta/edo kausazko kasuetarako.
13. artikulua. Aldizkako lan kontratu finkoaren erregulazioa.
1.–Aldizkako lan kontratu finkoa, eguneko lanaldi osokoa, Ensaladas Floristánen izaera propioa duena ondorio guztietarako, enpresan ohiko jardueran aldizkako lan finkoak eta ez beti lan berberak egiteko deitzen diren langileei egiten zaiena da, urteko lanegun guztietan lan egiterik ez badute ere. Ensaladas Floristáneko aldizkako langile finkoek euren zerbitzuak zein sasoitan emanen duten zehazte aldera, urte naturala hartuko da abiapuntu gisa, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, alegia.
2.–Ensaladas Floristáneko aldizkako lan finkoaren kontratuan aipamen hauek bilduko dira:
–Zer-nolako kontratua den.
–Kontratuaren xedeko zerbitzuak enpresako zein jardueratan emanen diren.
–Jarduerak zein sasoitan eginen diren.
–Lanaldia eta lan egutegia zehaztea, urte bakoitzaren lan egutegiaren arabera, Ensaladas Floristán enpresaren hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan.
–Laneratzeko deia egiteko modua eta hurrenkera, Ensaladas Floristán enpresaren hitzarmenean ezarri bezala.
14. artikulua. Deiaren hurrenkera.
1.–Aldizkako langile finko bakoitza lan txanda batekoa izanen da. Eguneroko produkzio prozesu arrunterako beharrezkoak diren langileek osatuko dituzte lan txanda guztiak, eta aldizkako langile finko bakoitza txanda bati atxikita egonen da. Hortaz, txanda osoari aplikatzen zaion egutegia izanen du hark ere.
Deien hurrenkera ezartzeko, langilea enpresan sartu zen eguna hartuko da kontuan, produkzio premien eta bakoitzaren txandaren barrenean.
Kanpaina berri baterako deitzeko gutxi gorabeherako eguna aurreko kanpainaren bukaera jakinarazteko oharrean adieraziko da. Lanean berriz hasteko eguna jakinarazitakoarekin bat etortzen ez bada, lanean hasteko aurreikusitako eguna baino bi egun lehenago deituko zaio telefonoz.
Ensaladas Floristáneko aldizkako langile finkoei dei eginen zaie enpresako jarduera egiteko haien zerbitzuen beharra dagoen guztietan. Laneratzea pixkanakakoa izan daiteke, unean-unean lan bolumenak sortzen dituen beharren arabera.
Aldizkako langile finkoak eguneroko lanaldia egiazki hasten duenean, enpresak konpromisoa hartzen du 4 ordutik 9 ordu bitarteko lanaldia bermatzeko. Ordu arruntaren prezioarekin ordainduko dira, eta urteko araubidea izanen dute.
Iraupen hori aldizkako langile finko guztiei aplikatuko zaie, zein den ere haren lan txanda.
Bederatzigarren orduak ezin dira 80 baino gehiago izan urtean, gehiegizko eskaerak dauden aldietan egiten diren bederatzigarren orduak barne.
Aldizkako langile finkoek, edozein arrazoirengatik, ezin badute beren lanpostuan hasi dei egiten zaienean, enpresako zuzendaritzari horren berri eman beharko diote deia jaso eta 24 orduko epean.
2.–Enpresa behartua dago urtean behin, urtarrilean, aldizkako langile finkoen antzinatasun errolda prestatzera eta iragarki oholean argitaratzera, 30 egunez gutxienez, langileak jakinaren gainean egon daitezen, eta badaezpada ere, gai horretaz erreklamaziorik izanez gero.
Errolda horren kopia bana emanen zaie Enpresa Batzordeari eta sindikatuen ordezkariei. Halaber, errolda horren kopia bat hitzarmen kolektibo honi erantsiko zaio.
3.–Langileari deitzen ez bazaio, agiri honetako 7. eta 8. paragrafoetako kasuetan izan ezik, aldizkako langile finkoak jurisdikzio eskudunaren aurrean erreklamatzen ahalko du kaleratze-prozedura batean. Horretarako epea deitu ez zaiola jakiten duen egun berean hasiko da.
4.–Aldizkako langile finko bati aurreko atalean ezarritakoarekin bat deitu eta 48 orduko epean enpresan lanean hasten ez bada, aldizkako langile finkoa izateari utziko dio, eta egoera hori enpresako borondatezko bajarekin parekatuko da.
5.–Ez da kaleratzetzat hartuko deirik egin ez izanaren arrazoia izan baldin bada aldizkako langile finko guztiak hartzeko behar adinako jarduera bolumenik ez egotea. Egoera horrek kontratuaren aldi baterako etetearen jarraipena ekarriko du, betiere enpresak egindako erroldaren arabera deien hurrenkeran beherago dagoen aldizkako beste langile finkoren bat hasten ez bada lanean.
6.–Hurrengo lerroaldeko lau puntuetan aipatzen diren gorabeherak kontratua eteteko kausa izanen dira, betiere 24 ordu baino gehiago irauten badute (bestela, langileak galdutako lan denboraren %50 errekuperatu beharko du, gehiagorik ez), eta, horietako bat gertatuz gero, langilea eta enpresa elkarrekin dituzten betebeharretik askatuko dira (lanik eza ez da kanporatze gisara hartuko):
–Gorabehera atmosferikoak, betiere horien ondorioz langileak ezin badira lantokira joan.
–Banaketarako garraioak edo baliabideak geldiaraztea.
–Indar eragilea moztea edo lehengairik ez izatea, enpresaburuari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.
–Halakoetan enpresak egoeraren arrazoiaren berri eman beharko dio langileen legezko ordezkaritzari.
7.–Deia eginda lanean ez hasteak ez du ekarriko antzinatasun erroldan langileak duen hurrenkera galtzea honako egoera hauetako batean baldin badago: aldi baterako ezintasuna, haurra izan, adoptatu edo familian hartu ondorengo amatasun atsedenaldia, eszedentzia, lizentzia edo justifikatutako beste arrazoi batzuk, betiere behar bezala egiaztatuak baldin badaude. Behin laneratuz gero, berriro lotuko zaio lan harremanari.
8.–Aldizkako langile finkoek enpresaren jarduera beharren arabera utziko dute lana, hirugarren lerroaldean ezarritako hurrenkerari jarraituz. Laneko etenaldia 48 ordutik gorakoa baldin bada, idatziz jakinaraziko zaio langileari. Etenaldia 48 ordutik beherakoa bada eta idatzizko komunikazioa ezinezkoa bada, ahoz jakinaraziko zaio.
9.–Zerbitzualdi bakoitza bukatutakoan, laneko etenaldia 48 ordutik gorakoa izan behar bada, enpresako zuzendaritzak egiazki egindako lanegunen ziurtagiria emanen dio aldizkako langile finko bakoitzari.
10.–Ensaladas Floristáneko aldizkako lan kontratu finkoa duten langileek “orduko soldata osoa” modalitate gisa jasoko dituzte ordainsariak. Horren barrenean, ordainsari kontzeptu guztiak sartuko dira, behar den proportzioan.
IV. KAPITULUA
Lanean hastea, igoerak eta lana uztea
15. artikulua. Probaldia.
Probaldi bat hitzartzen ahalko da: sei hilabete gehienez teknikari tituludunentzat, eta hiru gehienez gainerako langileentzat.
Probaldi hori idatziz agerraraziko da, eta aldi baterako ezintasun egoeretan eten eginen da.
16. artikulua. Likidazioa.
Enpresa uzten duten langileei, dagozkien ordainsari guztien likidazioa emanen zaie, zehatz azalduta, kontzeptu bakoitzaren izena eta zenbatekoa zein den argi ikus dezaten. Langileen legezko ordezkariei kontsulta egin diezaieke interesdunak.
Enpresako lana nahita utzi nahi duten langileek aldez aurretik jakinarazi beharko diote enpresari, gutxienez epe hauek betez: agintari, teknikari eta laguntzako langileen taldea, taldeko buruak eta gainbegiraleak: hilabete bat.
Gainerako mailetako langileak: zortzi egun.
Langileak aldez aurretik abisatzeko betebehar hori betetzen ez badu:
–Ezin izanen du enpresa uzteagatik edo dimititzeagatik dagokion likidazioa jaso, harik eta enpresak langile guztiei hurrengo ordainsaria ematen dien arte.
Enpresak aurreabisuaren epea betetzeko falta diren egunak deskontatuko dizkio azken likidaziotik.
V. KAPITULUA
Lanaldia, aparteko orduak, atsedenaldiak eta oporrak
17. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmen honen indarraldian, 1.770 ordukoa da urteko lanaldi efektiboa, benetan lan egin beharrekoa. Astelehenetik igandera gauza daiteke, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.
Urtero lan egutegia ezarriko da, eta lan ordutegiak aldatzen ahalko dira produkzioa bezeroaren premietara egokitzeko, eskariak handitu edo gutxitzeagatik edo produkzioa berrantolatzera behartzen duen beste edozein arrazoirengatik. Nolanahi ere, ordutegien edozein aldaketa lehenbailehen jakinaraziko zaio enpresako plantilla osoari.
Lan egutegiaren konfigurazioa dela-eta enpresaren hitzarmen honetan ezarritako gehieneko lanaldia gainditzen bada, soberan egindako orduak atsedenaldiarekin konpentsatuko dira. Enpresak eta langileak erdibana aukeratuko dute atsedenaldi hori noiz hartu.
18. artikulua. Egoera berezietan lan egitea.
Bi alderdiek adostu dute egoera berezietan lan egitea beharrezkoa izanen dela. Egoera berezitzat honako hauek hartzen dira: matxurak, argindarraren hornidura-eteteak, garraio arazoak edo gorabehera meteorologikoak (A mota) eta “gehiegizko eskaerak” (B mota).
Egoera berezietan lan egindako orduak, hala langile finkoenak nola aldizkako langile finkoenak, aparteko ordu arruntaren prezioan kobratuko dira.
A motako egoera berezia.
Egoera bereziak gertatzen direnean, enpresako zuzendaritzak, lehenbizi, langile boluntarioak eskatuko ditu, eta horrelakorik ez badago edo aski ez badira, lana egiteko agindua emanen du:
–Asteko azken txandaren ondorengo txanda batean, edo asteari hasiera ematen dion txandaren aurre-aurrekoan; hori langileen legezko ordezkaritzari jakinaraziko zaio. Langile bakoitzak, urtean, benetako hiru lanaldi egiten ahalko ditu horrela.
B motako egoera berezia.
Gehiegizko eskaerak dauden aldietan, langileek gehienez 15 ordu gehiago eginen dituzte urtean eguneko ohiko lanaldiaren gainetik.
Gehiegizko eskaerak daudela ulertuko da baldin eta aurreikusitakoak baino 4.000 kaxa gehiago eskatzen badira,
Langileei 17:00etatik aurrera deitzen ahalko zaie edozein txandatan aritzeko.
Gehiegizko eskaerak dauden aldietan eta hurrengo paragrafoan azaltzen diren aldietan, eguneko lanaldia ez da 10 ordutik gorakoa izanen, eta ezin izanen da horrela aritu 2 egun jarraian baino gehiago.
Era berean, lanaldi horiek, ahal den neurrian, lanpostu bakoitzeko langile guztien artean modu orekatuan banatuko dira, txandaka. Dena dela, enpresak behar diren aurretiko neurriak hartuko ditu ordu horiek egin beharra saihesteko, ahal den neurrian.
Gehiegizko eskaerengatik lan egin beharreko ordu horiek aldi hauetan baizik ez dira aplikatuko:
–Eguberrietan: abenduaren 25a baino astebete lehenagotik urtarrilaren 8ra arte. Abenduaren 24a, 25a eta 31 eta urtarrilaren 1a salbuetsita daude. Urtarrilaren 5a eta 6a egutegian negoziatuko dira.
–Aste Santua: Astelehen Santutik Pazko-Asteko asteartera arte (Pazko-Bigarrenaren biharamuna).
–Zubi foralean: abenduaren 3aren aurreko hirugarren egunetik hasi eta abenduaren 8aren ondorengo hirugarren egunera arte.
–Langile bakoitzaren lan egutegian ezarrita dauden jaiegunen aurreko eta ondorengo 48 orduetan.
Gehiegizko lanaren ondoriozko lanaldiak ezin dira aplikatu langile bakoitzaren egutegian jaiegun gisa harturiko egun bakar batean ere, salbu eta abenduaren 3an, 6an eta 8an asteburuetako langileen kasuan, egutegiaren arabera egun horietan lan egin behar baldin badute.
Gehiegizko eskaeren ondoriozko aplikaziotik aparte gelditzen dira aipatutako aldietan sartutako jaiegunak, goian aipatutako 3 egun horiek izan ezik asteburuetako langileentzat.
Gehiegizko eskaeren ondoriozko egoerak gertatzen direnean, enpresako zuzendaritzak langile boluntarioak eskatuko ditu.
19. artikulua. Luzapenak.
Lehengaia galkorra denez eta garraioen ohiko erritmoari lotuta dagoenez, ezusteko atzerapenak edo beste egoera berezi batzuk izaten direnean, enpresak erabaki dezake aukera ematea lanaldia borondatez luzatzeko; halakoetan egiten den gehiegizko denbora aparteko ordu gisa ordainduko da.
Lanaldien arteko atsedena hamabi ordukoa izanen da gutxienez.
Beste langile batzuen lana abiarazi edo ixteko eginkizuna duten langileek beren lanaldia luzatzen ahalko dute horretarako behar-beharrezkoa den denbora bakarrik, lanaldi berezietarako arauetan dauden mugak errespetatuz.
20. artikulua. Lanaldietako atsedenaldiak.
Eguneroko lanaldian txanda bakoitzak 15 minutuko atsedenaldia izanen du, betiere sei ordukoa baino luzeagoa bada, eta lan denboratzat hartuko da.
21. artikulua. Oporrak.
Ensaladas Floristáneko langileek, enpresan lan egindako urte natural bakoitzeko, 22 laneguneko opor ordainduak hartzen ahal dituzte, ondoko arauei jarraikiz:
a) Langileak urte bakoitzean otsailaren 28a baino lehen eskatuko ditu oporrak.
b) Langileek gehienez 7 lanegun jarraitu aukeratzen ahalko dituzte urte bakoitzeko uztailaren 10etik irailaren 10era bitarteko epean.
c) Langileek urteko gainerako zatian 7 laneguneko oporraldi jarraitua aukeratuko dute.
d) Enpresak gainerako 8 lanegunak aukeratuko ditu.
e) Enpresak oporraldiei uko egiten ahal die baldin eta bermatzen ez bada lanpostu guztiak beteta daudela.
22. artikulua. Oporretako ordainsaria.
Urtero, oporretako ordainsaria 30 egun naturalekoa izanen da. Oporretako ordainsarian hitzarmeneko soldata eta norberaren osagarri finkoak sartuko dira, bi kasuetan 30 eguni dagozkionak.
Urtean zehar enpresan sartu edo enpresa uzten duten langileek eskubidea izanen dute lanean egindako denboraren zati proportzionala kobratzeko; hilabeteen hondarrean hamabost egunetik gorako zatikia geldituz gero, hilabete osoa hartuko da aintzat.
23. artikulua. Oporrak eta oporren ordainsaria aldizkako langile finkoentzat.
Aldizkako langile finkoek oporren zati proportzionalari dagokion ordainsaria orduko soldata osoaren barnean kobratuko dute.
24. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordutzat joko dira hitzarmen kolektibo honetan hitzartu eta enpresaren egutegian ezartzen den urteko lanaldia gainditzen dutenak. Aparteko orduen kopurua kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko atsedenaldien bidez konpentsatutakoak, betiere orduak egin eta hurrengo lau hilabetean hartu badira.
Urtean aparteko 80 ordu egin daitezke gehienez, atsedenarekin konpentsatutakoak kontuan hartu gabe.
Urtearen hasieran langileak erabaki beharko du aparteko orduak dirutan ala atsedenarekin konpentsatzea. Nolanahi ere, 80 orduen mugaren gainetik daudenak oporrekin konpentsatuko dira.
Aparteko orduak atsedenarekin konpentsatzen badira, enpresaren eta langilearen artean adostuko da noiz hartu. Ados jartzen ez badira, aparteko orduak egin eta hurrengo lau hilabetean konpentsatuko dira betiere.
Aparteko ordu bakoitzeko, langile bakoitzari ordaintzen zaion ordu arrunta gehi %15 pagatuko da.
VI. KAPITULUA
Lizentziak eta eszedentziak
25. artikulua. Lizentziak.
Enpresaren hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea edukiko dute lizentzia eta eszedentzia ordainduak izateko, ondoko kasuetan, betiere aldez aurretik abisua eman eta justifikatzen badute:
a) Langilearen ezkontza: 15 egun natural.
b) Bigarren gradurainoko odol- edo ezkontza-ahaideen istripu larria, eritasun larria, ospitaleratzea edo ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza: bi egun. Arrazoi horregatik langilea 200 km-tik gorako bidaia egin beharrean bada: lau egun. Bidaia 200 km-tik beherakoa bada, langileak eskubidea izanen du hiru egun naturaleko baimena izateko, betiere bizi den herritik atera behar badu eta etxetik kanpo lo egin behar badu.
c) Guraso bat, ezkontidea edo seme-alaba bat hilez gero: lau egun natural.
d) Egun bat ohiko bizilekuz aldatzeko.
e) Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko, bozketan parte hartzekoa barne. Aldi jakin bat arau batean jasota dagoenean, absentziaren gehieneko iraupenari dagokionez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio, betiere aldi horretan eginbehar saihestezina betetzeko beharrak irauten badu.
Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko hogei baino gehiagotan ezin izan bada beharreko lana egin, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuan arautu bezala.
Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaindu ohi dion soldatatik.
f) Seme edo alaba baten jaiotza: 3 egun natural.
g) Langileak medikuarengana joan behar badu eritasunagatik, lanaldiaren barnean, enpresak hogei ordu ordainduko ditu gehienez urteko. Familia-medikuarenera joateko egunean lau ordu erabiliko dira gehienez, eta Gizarte Segurantzako mediku espezialistarengana joateko behar den denbora erabiltzen ahalko da, atal honetan ezarritako orduen mugen barnean.
h) Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora, lanaldian egin behar badira.
i) Izatezko bikote egonkorrek ezkontideen kontsiderazio bera izanen dute, betiere horretarako prestaturik dauden erregistroetan inskribaturik badaude edo legezko beste modu baten bidez egoera hori egiaztatzen badute.
j) Langilearen kargura bizi diren guraso, ezkontide eta seme-alabei egindako kirurgia handi anbulatorioa, ospitaleratzea (ospitalean 24 ordu baino gutxiago egotea eskatzen duena) edo etxeko atsedena behar ez duena: kirurgia egiten den eguneko lanaldia. Halako kasuan, enpresan zenbait ahaide baldin badaude, horietako batek bakarrik izanen du lizentzia hartzeko aukera.
k) Proposamena: onartutako desgaitasuna duen seme-alabaren bat badu langileak, ikastetxeetako edo desgaitasuna dutenentzako hezkuntza bereziko ikastetxeetako bileretan parte hartzeko behar-beharrezkoa den denbora (gehienez lau ordu bilera bakoitzerako), betiere bilera lanorduetan bada. Gehienez bitan urtean.
l) Esnea emateko baimena. Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Erditze anizkoitzen kasuan, jaioberrien kopuruaren proportzioan gehituko da baimen denbora.
Langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren eguneko ordu bateko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du, bi alderdiek adostu ondoren.
26. artikulua. Eszedentziak.
Eszedentziak borondatezkoak, nahitaezkoak edo bereziak izan daitezke eta enpresako langile finkoek baino ez dituzte hartuko:
Borondatezkoa.–Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskatzen ahalko dute borondatezko eszedentzia.
Eszedentzia lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira ezinbestean:
a) Idatzizko eskabidea aurkeztea, arrazoiak azalduta.
b) Konpromiso formala adieraztea, eszedentzia bitartean, eszedentzia eman dion enpresaren jarduera berean ez aritzeko, ez bere kontura, ez beste inoren kontura. Baldintza hori bete ezean, lan harremana eteten ahalko da, eta eskuratutako eskubidea galduko du.
Eszedentzia eskaerak aurkeztu eta hurrengo hamabost egunetan ebatziko dira.
Eszedentzia gutxienez lau hilabetekoa eta gehienez bost urtekoa izanen da.
Eszedentzian dagoen langileak lehentasuna izanen du enpresara itzultzeko hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuak betetzera. Horretarako, itzultzeko eskaera egin beharko du, eszedentzia bukatu baino hirurogei egun natural lehenagotik hasita hogeita hamar egun natural falta diren arte. Bestela, lan harremanari uko egiten diola ulertuko da.
Ahaide bat zaintzeko.–Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan ezarritakoa bi urtekoa izanen da, gehienez, baina lanpostua lehenbiziko urtean gordeko zaio soilik.
Nahitaezkoa.–Eskubidea emanen du lanpostua gordetzeko eta eszedentziaren denbora antzinatasunean kontatzeko. Inguruabar hauek biltzen dituen langileari emanen zaio:
a) Hautapen prozesu egoki baten bidez kargu publiko bat betetzeko hautatua edo izendatua izatea estatuan, autonomia erkidegoan, probintzian edo udalerrian, esparru orokor guztietarako edo bakoitzerako.
Kargu horietarako estatuko, autonomia erkidegoko, eskualdeko, probintziako edo udaleko organo eskudunetan eta Ministroen Kontseiluan onetsitako izendapen ofizial baten bidez hautatua izan bada, eta dagozkion aldizkari ofizialetan edo behar den ebazpen administratiboaren bidez argitaratu bada.
b) Beren estatutuei jarraikiz probintziako edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako. Langileak hogeita hamar egun naturaleko epea izanen du lanean berriz hasteko bere zerbitzua, kargua edo eginkizuna bukatzen duenetik aitzina.
Azaldutako eszedentzia kasu guztietan, eta iraun bitartean, hau da, eszedentziako langilea bere lanpostura itzultzen ez den bitartean, ez du eskubiderik izanen soldatarik jasotzeko, ez eta egoera horretan dagoen denbora ezertarako kontuan hartzeko ere, salbu eta nahitaezko eszedentzietan, antzinatasunerako kontatuko baita.
Berezia.–Enpresan bi urtez jarraian jarduera azken hiru urteetako batez besteko %50era murrizten bada, eszedentzia berezia eskatzen ahalko da, 6 hilabetetik 2 urte bitartekoa. Enpresak arrazoi honengatik eskatutako eszedentzia guztiak emanen ditu, salbu eta ukapena ekoizte-prozesua abiarazteko eta garatzeko lanpostu berariazkoak eta beharrezkoak direlako egin dela demostratzen bada. Eszedentzia hau ez da nahitaezkotzat hartuko eta ez ditu bere ondorioak. Itzultzeko eskaera borondatezko eszedentziaren kasuan bezala eginen da.
Eszedentzia hau aplikatzeko, jarduera bolumena aldizkako langile finkoak eta behin-behineko langileak altan egon diren egunekin neurtuko da, Gizarte Segurantzako langile-bizitzaren arabera.
Eszedentzia kasu guztietan, eta eszedentzian dagoen langilea lanpostura itzuli artean, Gizarte Segurantzan bajan egonen da eta ez du soldatarik jasotzeko eskubiderik izanen.
VII. KAPITULUA
Ordainsariak
27. artikulua. Soldaten igoera.
Enpresaren hitzarmen honek indarra duen bitartean, soldatak honela igoko dira:
–2015. urterako: %0,7.
–2016. urterako: %0,8.
Soldata igoera horiek enpresaren hitzarmen honetan ezarritako soldata-kontzeptu guztiei aplikatuko zaizkie.
28. artikulua. Soldataren ordainketa.
–Langile finkoak:
30 eguneko soldata pagatuko da 12 hilabeteetan, salbu eta hilabetean aldi baterako ezintasuna izan bada (egun naturalen arabera pagatuko da) edo langileak hilabete batean alta edo baja bat izan badu.
Aparteko orduak, produkzioko primak eta plusak aurretiaz itxiko dira nominak prestatu ahal izateko, eta betiere hamabi egun lehenago beranduenez; sartzen ez diren egunak hurrengo hilabeteko soldatan metatuko dira.
Hileko soldataren transferentzia likidazioaren hilabeteko azken egun baliodunean edo hurrengo hilabeteko lehen egun baliodunean eginen du enpresak.
–Aldizkako langile finkoak:
30 eguneko soldata pagatuko da 12 hilabeteetan, salbu eta hilabetean aldi baterako ezintasuna izan bada (egun naturalen arabera pagatuko da) edo langileak hilabete batean alta edo baja bat izan badu.
Orduka kobratuko dute, oporren eta aparteko pagen zati proportzionala sartuta.
Aparteko orduak, produkzioko primak eta plusak hilabete naturalarekin itxiko dira.
Hileko soldataren transferentzia soldata sorrarazi eta hurrengo hilabeteko lehenengo zortzi egunen barrenean eginen du enpresak.
29. artikulua. Aparteko pagak.
Langile guztiek, besterik dioen itun pertsonalik salbu, eskubidea izanen dute bi hileko soldata jasotzeko aparteko paga gisa; horietako bakoitza hogeita hamar eguneko soldata adinakoa izanen da. Uztailaren 16an eta abenduaren 16an ordainduko dira.
VIII. KAPITULUA
Hutsegiteak eta zehapenak
30. artikulua. Hutsegiteak.
Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenetan eta, bereziki, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako betebeharrak urratzea edo ez ezagutzea dakarten ekintzak edo ez-egiteak.
Garrantziaren arabera, hutsegiteak honela sailkatu dira: arinak, larriak eta oso larriak.
Errekuperatzeko arauak: oro har, puntualtasun faltak errekuperatzen ahalko dira, baldin eta langileak egun berean luzatzen badu bere lanaldia atzerapenaren ondorioz galdutako denbora adina. Errekuperatzeko aukera hori hilabetean behin erabiltzen ahalko da, gehienez.
31. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.
Ondokoak hutsegite arintzat jotzen dira:
1.–Hilabete batean lanera behin berandu iristea eta ez errekuperatzea behar den bezala.
2.–Aldi baterako ezintasun egoera edo horren berrespena ez jakinaraztea bi egun balioduneko epean. Edo alta-agiria ez aurkeztea hiru egun balioduneko epean.
3.–Bidezko arrazoiak izanik lanera huts eginez gero, behar den ziurtagiria ez aurkeztea gertaera eragilearen biharamunean, edo 33. artikuluan eskatutako datuak agertu gabe aurkeztea.
4.–Hogeita hamar egun naturaleko epean, txandako sarrera edo irteera ez fitxatzea behin edo bitan ordutegia kontrolatzeko erlojuan.
5.–Hilabete batean behin lanera huts egitea bidezko arrazoirik gabe.
6.–Lanpostutik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe. Denbora gutxirako ez bada izan, edo enpresari kalte egin badio, arau-hauste larria izanen da.
8.–Bizilekua edo harremanetarako telefono zenbakia aldatu izanaren berri ez ematea, aldatu eta hamar eguneko epearen barnean.
9.–Lanarekin zerikusirik ez duten inprimaki edo argitalpenak irakurtzea lanorduetan.
10.–Laneko arropa enpresaren instalaziotik kanpo erabiltzea, eta jantziak edo gauzak haiek edukitzeko eta gordetzeko lekuetatik kanpo uztea.
11.–Lan arloko desobedientzia-jarrera garrantzi gutxikoak.
12.–Arduragabekeriaz gaizki erabiltzeagatik lehengaiei kalte egitea, konparazio batera, erremintari, makinei, aparatuei eta abarrei.
13.–Elikagaiak gordetzea aldageletako armairuetan, edo, oro har, horretarako prestaturik ez dauden tokietan.
14.–Elikagaien esparruan sartu baino lehen eskuak behar bezala ez garbitzea, batez ere komuna erabili ondoren.
15.–Hitzarmen kolektibo honen 83. artikuluan ezarritako nahitaezko prestakuntza jardueretara ez joatea.
32. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.
1.–Hirurogei egun naturaleko epean, bi alditik seira bitarte berandu iristea lanera eta behar bezala ez errekuperatzea.
2.–Hogeita hamar egun naturaleko epean lanera bitan huts egitea bidezko arrazoirik izan gabe, edo, izanda ere, horren ziurtagiria aurkeztea 33. artikuluan eskatutako datuak adierazi gabe.
3.–Aldi baterako ezintasun kasuetan, bajaren edo berrespenaren berri ez ematea 3. egun baliodunetik 5.era bitarteko epean. Eta alta-agiria ez aurkeztea laugarren edo bosgarren egun baliodunean.
4.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.
5.–Lan orduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.
6.–Hirurogei egun naturaleko epean, txandako sarrera edo irteera ez fitxatzea hiru alditik bostera bitarte ordutegia kontrolatzeko erlojuan.
7.–Berrogeita bost egun naturaleko epean, bi arau-hauste arinetik laura bitarte egitea.
8.–Hartutako jarraibideak desobeditzea eta lan arloko eginbeharrak ez betetzea, garrantzitsuak baldin badira. Jarraibidea berriz eman edo ohartarazi ondoren, bigarrenez ere kasu egiten ez bada, edo enpresari edo lankideei kalte egiten bazaie, edo istripu arrisku benetakoa eragiten bada, arau-haustea oso larria izanen da.
9.–PFEZaren atxikipena egiteari begira ondorioak izan ditzaketen familia barreneko aldaketak ez jakinaraztea behar den garaian.
10.–Lanorduetan edonolako jokotan ibiltzea.
11.–Norberaren akatsak asmo txarrez ezkutatzea eta, horren ondorioz, enpresari kalte egitea.
12.–Enpresako zuzendaritzari informazio faltsua jakinaraztea nagusiei, lankideei edo enpresari buruz.
13.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza noizbehinka.
14.–Enpresan emandako langile bizitzan behin mozkorturik egotea.
33. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.
1.–Behin eta berriz eta bidezko arrazoirik gabe lanera berandu iristea edo huts egitea, edo egoera horietan aurkezten den ziurtagirian 33. artikuluan eskatutako datuak ez jasotzea, eta zehazki:
a) Laurogeita hamar egun naturaleko epean, lanera zazpi aldiz baino gehiagotan berandu iristea bidezko arrazoirik gabe, edo ehun eta laurogei egun naturaleko epean zortzi aldiz baino gehiagotan berandu iristea bidezko arrazoirik gabe.
b) Laneko absentzia kasuetan, berrogeita bost eguneko epean lanera hiru egunez ez agertzea bidezko arrazoirik gabe.
2.–Agindutako eginkizunetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozeini lantoki barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela ebastea edo lapurtzea.
3.–Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, gauza edo agiriak nahita edo jakinaren gainean desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.
4.–Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.
5.–Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
6.–Enpresaren dokumentazio pribatua enpresatik ateratzea norberak erabiltzeko.
7.–Nagusiei, menpekoei edo lankideei kolpez edo hitzez eraso egitea.
8.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.
9.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.
10.–Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.
11.–Substantzia psikotropikoak edo sorgorgarriak kontsumitzea, eramatea edo saltzea.
12.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua. Kontratuko onustea haustea da, besteak beste, lantokitik irtetean paketeek edo bildutako gauzek barruan zer duten erakutsi nahi ez izatea zeregin horretako langileek eskatzen dutenean, betiere Langileen Estatutuaren 18. artikuluan ezarritako bermeak betez.
13.–Lanean ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
14.–Langileen Estatutuaren 54. artikuluaren arabera, lanetik kanporatzeko arrazoi diren arau-hauste oso larriak.
15.–Sexu jazarpena lanean, hau da, pertsona baten duintasunaren aurka jotzeko asmoa duen edo hori dakarren edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu.
16.–Laurogeita hamar eguneko epean, bi arau-hauste larri egitea.
17.–Kafetegitik kanpo tabakoa eramatea, eta ezer jatea, mastekatzea edo edatea (jarrita dauden iturrietatik ez bada).
18.–Lantokian listua botatzea edo higienearen aurkakoak diren antzeko jokaerak.
19.–Eztul egitea, doministiku egitea, sudurrean hatza sartzea edo zintz egitea produktutik behar den tartea utzi gabe.
34. artikulua. Zehapenak.
Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:
1.–Hutsegite arinengatik:
a) Hitzezko kargu-hartzea.
b) Kargu-hartze idatzia.
c) Egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.
2.–Hutsegite larriengatik:
a) Bi egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
3.–Hutsegite oso larriengatik:
a) Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Kaleratzea.
35. artikulua. Zehapenak betetzea.
Zehapen guztiak ezartzen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.
36. artikulua. Preskripzioa.
Hutsegiteak honela preskribituko dira:
–Enpresak hutsegitea egin dela jakiten duenetik hasita, hutsegite arinak hamar eguneko epean preskribatuko dira; larriak, hogei eguneko epean, eta oso larriak, hirurogei eguneko epean.
–Egiten diren egunetik kontatuta, hutsegite guztiak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira.
37. artikulua. Zehapenetarako prozedura.
1.–Enpresako zuzendaritzari dagokio, edo zuzendaritzak sariak emateko edo zehapenak ezartzeko ahalmena eskuordetzen duenari.
2.–Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko dizkie hutsegite larrien eta oso larrien ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.
3.–Hutsegiteak arinak direnean ez da espedientea instruitu beharko. Hutsegite larrien edo oso larrien ondorioz ere ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen hutsegitea eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.
Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu zehapenak ezartzeko espedientea irekitzea, interesdunak eskubidea izanen du deskargu-orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.
4. Hutsegite larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, aginduzkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:
a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari, eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu-orriaren berri emanen dio.
b) Enpresak idazkari bat eta instruktore bat, inpartzialak, izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.
c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, alegazioak egin eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak aurkez ditzan bost eguneko epean.
Idazkia langileen legezko ordezkariei ere igorriko zaie, bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten bost eguneko epean.
d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak, eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.
38. artikulua. Norberaren laneratze saria.
Absentismoa arazo larria da enpresak egiten duen zerbitzuaren beharrak betetzeko. Aldian-aldian laneratzea sustatzeko, ondoko oinarriak dituen sari sistema sortu da:
Irizpidea: ordubete baino gehiagoan lanpostuan huts egitea absentismoa dela ulertzen da.
Sistema eta ordainketa:
Absentismorik gabeko lehenbiziko hilabetea | 15,00 euro |
Absentismorik gabeko bigarren hilabetea, jarraian | 20,00 euro |
Absentismorik gabeko hirugarren hilabetea, jarraian | 25,00 euro |
Absentismorik gabeko laugarren hilabetea, jarraian | 35,00 euro |
Lanerako huts egiten den unean, hasierarako egoerara itzuliko da. Oporraldia ez da zenbatuko.
Sistema honekin enpresak pizgarri bat sortu nahi du langileak, ahal den neurrian, aldairak, azterketak, kontsulta medikoak, ahaideak bisitatzea, etab. lanorduetatik kanpo egin ditzan.

Baztertuak: sari hau kobratzeko, ondokoak ez dira hutsegitetzat hartuko: bigarren gradurainoko ahaidearen heriotza, emaztearen erditzea, langilearen ezkontza, laneko istripuaren eta lanbide gaixotasunaren ondoriozko bajak, bigarren gradurainoko ahaidearen ospitaleratzea edo eginbehar publiko saihestezina betetzea.
39. artikulua. Langile finkoentzako hobari berezia.
Hobari berezi bat hitzartu da enpresaren hitzarmen hau sinatzen den egunean enpresan aritzen diren langile finkoentzat. Urtean 6.000 euroko poltsa ekonomikoa banatuko da, eta enpresako lanabes, makina eta instalazioetan gaizki edo zabarkeriaz erabiltzeagatik sortzen diren akatsak konpontzeko kopurua kentzen ahalko da poltsa horretatik.
Zenbateko hori, edo gelditzen den saldo positiboa, zenbatutako urtearen hurrengo urtarrileko hilekoan pagatuko da.
40. artikulua. Jaiegunak.
Urteko lan egutegi irekia ezarriko da. Bezeroak ezartzen dituen egunetan lan eginen da. Horietako bat jaieguna bada, lan egiten duenari jaiegunetako plusa ordainduko zaio: langile bakoitzaren soldataren ordu arruntaren %35.
41. artikulua. Lan gatazken konponketa.
Hitzarmen hau sinatu duten aldeek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan.
Klausula hau alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, Langileen Estatutuaren 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresa, ordezkari judizialak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresa eta banakakoa egitea, arbitrajea borondatezkoa baita, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
42. artikulua. Batzorde paritarioa.
1. Batzorde paritario bat sortu da eta eginkizun hauek izanen ditu:
a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze-lana egitea.
b) Itundutakoa interpretatu eta aplikatzea.
c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.
2. Batzorde paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak hitzarmen kolektibo honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra eta argitara ditzan.
3. Hitzarmen honetako negoziazio batzordeko kideek osatuko dute batzordea.
4. Funtzionamendurako erregelamendua.
a) Bilerak: batzorde paritarioa zeregin hauetarako bilduko da:
Aurreko artikuluko 1 a), b) eta c) ataletan aipatutako eginkizunak betetzeko, esku hartzeko eskatzen zaionean. c) punturako, urtean behin gutxienez.
b) Deialdiak: batzorde paritarioa biltzeko deia erakunde sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena, aurkeztea.
Batzorde paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko epean gehienez.
Epe hori bukatu eta batzordea bildu ez bada, ondorio hau izanen da:
Agortutzat joko da batzorde paritarioaren esku-hartzea, eta interesdunak egokiak diren ekintzak gauzatzen ahalko ditu.
c) Quorum-aholkulariak: Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean.
Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.
d) Akordioen baliozkotasuna: Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere, bi ordezkaritzetako bakoitzaren %60ren aldeko botoa beharko da.
Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkari lanetan ari direnek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.
e) Helbidea: batzorde paritarioak enpresaren lokaletan izanen du jakinarazpen eta deialdietarako helbidea: Arguedasko errepide berria, 33 (Nafarroa).
5. Batzorde paritarioaren mende jarri beharra. Alderdiek batzorde paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea.
Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraikiz negoziatu beharko da.
6. Batzorde paritarioko kideek Gizarte Segurantzako kotizazio buletinak eskatzen ahalko dizkiote enpresari. Eskaera zuzenean eginen da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ensaladas Floristáneko kategoriak eranskineko soldata mailetara egokituko dira, eta langileei baldintza pertsonalak errespetatu eginen zaizkie, betiere hitzarmen kolektibo honen indarraldia hasterakoan, batera hartuta edo urteko konputuan, hura gainditzen badute.
Gaurko kategoriak handitzen ahalko dira, enpresaren beharren arabera, eranskinaren barruan betiere.
TALDEKO BURUA | 1.8 MAILA |
1. MAILAKO OFIZIALA | 1.10 MAILA |
2. MAILAKO OFIZIALA | 1.12 MAILA |
LAGUNTZAILEA | 1.13 MAILA |
BILTEGIZAINA | 1.13 MAILA |
Aldizkako langile finkoen soldata mailak, kategorien araberakoak:
1. MAILAKO OFIZIALA | 2.10 MAILA |
2. MAILAKO OFIZIALA | 2.12 MAILA |
LAGUNTZAILEA | 2.14 MAILA |
BILTEGIZAINA | 2.14 MAILA |
I. ERANSKINA
2014ko soldata taulak
Taula hauek 2014koak dira, eta hitzarmen honetan azkenean hitzartzen den igoera gehituko zaie.
Aldizkako langile finkoen “orduko soldata osoan” igandeei, larunbatei, jaiegunei, oporraldiei eta aparteko pagei dagozkien zati proportzional guztien %66,67 sarturik dago.
Gizarte Segurantzako kotizazioak orduko soldata osoaren bidez eginen dira.
1.a
2.a
3.a
Hurrengoak
ABSENTZIAK
1 edo gehiago
1 edo gehiago
1 edo gehiago
1 edo gehiago
SARIA EUROTAN HILABETEKO
ALDIZKAKO LANGILE FINKOEN ETA BEHIN-BEHINEKOEN SOLDATA TAULAK |
ORDUKO | ZATI | ORDUKO SOLDATA OSOA | ORDUKO | ZATI | ORDUKO SOLDATA OSOA | GAUEKO LANAREN PLUSA | |
2.8 MAILA | 5,36 | 3,57485 | 8,93 | 5,40 | 3,60344880 | 9,00 | 1,33 |
2.9 MAILA | 5,18 | 3,45401 | 8,63 | 5,22 | 3,48164208 | 8,70 | 1,29 |
2.10 MAILA | 4,99 | 3,32310 | 8,32 | 5,03 | 3,34968480 | 8,38 | 1,24 |
2.11 MAILA | 4,96 | 3,30296 | 8,27 | 5,00 | 3,32938368 | 8,33 | 1,23 |
2.12 MAILA | 4,95 | 3,30296 | 8,26 | 4,99 | 3,32938368 | 8,32 | 1,23 |
2.13 MAILA | 4,77 | 3,18212 | 7,96 | 4,81 | 3,20757696 | 8,02 | 1,19 |
2.14 MAILA | 4,77 | 3,18212 | 7,96 | 4,81 | 3,20757696 | 8,02 | 1,19 |
2.16 MAILA | 3,66 | 2,43694 | 6,09 | 3,68 | 2,45643552 | 6,14 | 0,00 |
LANGILE FINKOEN SOLDATA TAULAK |
2015EKO HILABETEKO SOLDATA | 2015EKO URTEKO | 2016KO HILABETEKO SOLDATA | 2016KO URTEKO | GAUEKO LANAREN | |
1.1 MAILA | 1261,49 | 17660,85 | 1271,58 | 17802,13 | 1,59 |
1.2 MAILA | 1260,82 | 17651,44 | 1270,90 | 17792,66 | 1,47 |
1.3 MAILA | 1260,82 | 17651,44 | 1270,90 | 17792,66 | 1,47 |
1.4 MAILA | 1260,46 | 17646,50 | 1270,55 | 17787,67 | 1,40 |
1.5 MAILA | 1260,46 | 17646,43 | 1270,54 | 17787,61 | 1,40 |
1.6 MAILA | 1260,31 | 17644,32 | 1270,39 | 17785,48 | 1,38 |
1.7 MAILA | 1260,09 | 17641,30 | 1270,17 | 17782,43 | 1,34 |
1.8 MAILA | 1260,07 | 17640,98 | 1270,15 | 17782,10 | 1,33 |
1.9 MAILA | 1259,82 | 17637,50 | 1269,90 | 17778,60 | 1,29 |
1.10 MAILA | 1259,56 | 17633,90 | 1269,64 | 17774,97 | 1,24 |
1.11 MAILA | 1259,52 | 17633,29 | 1269,60 | 17774,36 | 1,23 |
1.12 MAILA | 1259,51 | 17633,18 | 1269,59 | 17774,24 | 1,23 |
1.13 MAILA | 1259,27 | 17629,71 | 1269,34 | 17770,75 | 1,19 |
1.14 MAILA | 1259,27 | 17629,71 | 1269,34 | 17770,75 | 1,19 |
1.16 MAILA | 1257,74 | 17608,30 | 1267,80 | 17749,16 | 0,00 |
F1508888 | |||||
Iragarkiaren kodea: F1508888
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
