1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1229/2015 Ebazpena, uztailaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Doktoretza Eskolaren sorrera eta eginkizunen arautegia aldatzen duena”. 2015eko uztailaren 23ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2015eko uztailaren 23an onetsi zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez “Nafarroako Doktoretza Eskolaren sorrera eta eginkizunen arautegia aldatzeko erabakia” onetsi zen.
“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO DOKTORETZA ESKOLAREN SORRERA ETA EGINKIZUNEN ARAUTEGIA ONESTEN DUENA
2011ko urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak (2011ko otsailaren 10eko BOE), hirugarren zikloko doktoretza ikasketen antolaketa arautzen duenak, 9. artikuluan ezartzen du unibertsitateek aukera dutela doktoretza eskolak sortzeko, beren kudeaketa esparruan, doktoretzari dagozkion irakaskuntzak eta jarduerak antolatzeko xedez.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gobernu Kontseiluan, 2012ko maiatzaren 8an hartutako 29/2012 Erabakiaren bidez, Nafarroako Doktoretza Eskola (NADOE) sortzen du bere kudeaketa eremuan doktoretzako irakaskuntzak eta jarduerak antolatzeko ardura duen unitate gisa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ikerketako Errektoreordetzak Nafarroako Doktoretza Eskolaren sorrera eta eginkizunen arautegia aldatzeko proposatu du, eta Nafarroako Doktoretza Eskolako idazkariaren figura sartu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak onets dezan.
Nafarroako Doktoretza Eskolaren Sorrera eta Eginkizunen Arautegiaren proiektuaren aldeko txostena edukirik.
Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketako errektoreordeak proposatuta, 2015eko uztailaren 23ko bileran hartu duen
ERABAKIA
Lehena.–Nafarroako Doktoretza Eskolaren Sorrera eta Eginkizunen Arautegiaren aldaketa onestea.
Nafarroako Doktoretza Eskolaren Sorrera eta Eginkizunen Arautegia honela aldatzen da:
Bat. 5. artikuluari g) letra gehitzea. Honela idatzita geratuko da:
“g) NADOEren idazkaria.”
Bi. 7. artikuluko f) letra honela idatzita geratuko da:
“f) NADOEren idazkaria.”
Hiru. 8. artikuluari hirugarren paragrafo bat gehitzea. Honela idatzita geratuko da:
“NADOEren zuzendaria justifikatutako arrazoiengatik ez badago, errektoreak, beharrezkoa bada, Batzorde Iraunkorreko kidea den NADOEko doktoretza-programen koordinatzaileetako bati esleituko dizkio zuzendariaren eginkizunak.
Lau. 8. bis artikulu bat gehitu da, honela dioena:
8 Bis artikulua. Nafarroako Doktoretza Eskolako idazkaria
Doktoretza Eskolako zuzendaria lotura iraunkorra duten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen duten irakasle eta ikertzaileen artetik izendatuko dute, eta gutxienez ikerketa jarduerako aldi bat aitortuta izan beharko du 1086/1989 EDrekin bat, edo bestela horren baliokideak diren merezimenduak frogatu, bere kasuan aurreko irizpidea aplikagarria ez bada. Errektoreak izendatuko du, NADOEren zuzendariak proposatuta, lau urterako, eta beste horrenbeste urterako luzatu ahalko zaio kargu-aldia.
Doktoretza Eskolako idazkariaren kargua Unibertsitateko Ikastegiko idazkariaren kargua bezalakoa izango da ondorio guztietarako.”
Bigarrena.–Nafarroako Doktoretza Eskolaren Sorrera eta Eginkizunen Arautegiaren Testu Bategina onestea, erabaki honen eranskineko aldaketa guztiekin.
Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2015eko uztailaren 23an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.
ERANSKINA
Nafarroako Doktoretza Eskolaren sorrera eta eginkizunen arautegiaren testu bategina
I. kapitulua
Sorrera eta helburuak
1. artikulua. Sorrera.
1. Nafarroako Unibertsite Publikoak Nafarroako Unibertsite Publikoaren Doktoretza Eskola sortzen du bere kudeaketa eremuan doktoretzako irakaskuntzak eta jarduerak antolatzeko ardura duen unitate gisa Nafarroako Unibertsite Publikoan. Master ofizialeko irakaskuntzak ere antolatuko ditu, beharrezkoa bada.
2. Doktoretza Eskola bakarra izateko eratzen da hasiera batez, eta Unibertsitateko doktoretza eskaintza osoa bilduko du, galarazi gabe Gobernu Kontseiluak beste eskola batzuen sorrera erabakitzea edo beste doktoretza eskola batzuetan parte hartzea beste unibertsitate batzuekin koordinaturik Iberus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruan.
3. Nafarroako Doktoretza Eskolaren sorrera jakinaraziko zaio Hezkuntza Ministerioari Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroan izena emateko xedez.
2. artikulua. Eskolaren izena
Eskolaren izena Nafarroako Doktoretza Eskola (NADE) izango da.
3. artikulua. Eskolaren helburuak
Nafarroako Doktoretza Eskolaren helburuak honako hauek dira:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa eta prestakuntza estrategiarekin bat datorren doktoretzarako prestakuntza eredua sortzea, eta doktoregaiek kalitatezko ikerketa egin dezaten behar den esparrua sortzea.
b) Lortzea zeharkako prestakuntza sendoa, eta doktoregaiei lanean sartzea erraztuko dieten trebetasunak ematea.
c) Komunitatekoa izatearen sentiera sustatzea, doktoregai guztiak kide sentitzeko, eta tokiak eta jarduera komunak partekatzeko, erakundearen aitorpen egokiarekin.
d) Doktoregaien nazioarteko eta nazioko mugikortasuna sustatzea, baita prestakuntzan sartuta dauden zuzendariena eta tutoreena ere.
e) Administrazioa, enpresak eta unibertsitatetik kanpoko beste entitate batzuk inplikatzea eskolaren jardueretan, doktoregaiak gizartearen beharretara hobeki bideratzeko xedez.
f) Doktoregai kopurua eta prestakuntzan diren ikertzaileen kopurua handitzea, eta murriztea doktoreen prestakuntzan dagoen porrot indizea.
g) Ateratzen diren doktoreen ibilbide profesionalaren jarraipena egitea.
II. kapitulua
Gobernu erakundeak
4. artikulua. Gobernu erakundeak
Nafarroako Doktoretza Eskolaren egiturako organoak hauek dira:
a) Zuzendaritza Batzordea.
b) Eskolako zuzendaria.
5. artikulua. Eskolako Zuzendaritza Batzordea: Izaera eta osaera
Nafarroako Doktoretza Eskolaren Zuzendaritza Batzordea da eskola antolatzeko eta kudeatzeko organo arduraduna. Honako hauek osatzen dute:
a) Eskolako zuzendaria.
b) Eskolaren eskumeneko Doktoretza Programen koordinatzaileak.
c) Nafarroako Unibertsitate Publikokoak ez diren entitateetako lau kide gehienez ere.
d) Ikerketa Batzordeko bi ordezkari, bere kideen artean hautatuak.
e) Doktoregaien ordezkari bat.
f) AZLren kide bat, hirugarren zikloko gaietan eskumena duen unitatean lerrun handiena duena.
g) NADOEren idazkaria.
c) atalean aipatzen diren kideak Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, errektoreak proposatuta, lau urterako, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera izango da. Doktoretza Eskolako xede eta helburuetan laguntzen duten enpresa edo entitateetako kideak izan behar dira, eta hala adierazi beharko da dagokion hitzarmenean.
Doktoregaien ordezkaria berek beren artetik aukeratuko dute bi urterako, eta epe hori luzaezina izango da.
Ikerketa Batzordeko ordezkariak gehienez ere lau urteko aldi bakar baterako hautatuko dira, eta kargua galduko dute Ikerketa Batzordeko kide izateari uzten badiote.
Batzordeak ahalmena du azpibatzordeak sortzeko, beren eskumenetako bat eskuordetzeko.
6. artikulua. Zuzendaritza Batzordea: Eginkizunak eta eskumenak.
1. Nafarroako Doktoretza Eskolak, eratzen den unean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Batzordeak dauzkan eginkizunak bere gain hartuko ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 64 eta 65. artikuluetan ezarritakoarekin bat, araudi honek esleitzen dizkion eskumenez gain.
2. Gobernu Kontseiluak onetsitako araudiak esleitzen dizkion eskumenak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira NADOEren eskumenak:
a) Gobernu Kontseiluari proposatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza ikaskuntza Ofizialetarako jarraibide orokorrak, haiek eztabaidatu eta onesteko.
b) Doktoretza Programetarako proposamenak aztertzea, kasu bakoitzean ikusita bideragarritasun akademikoa eta ekonomikoa, aukera estrategikoa, arau indardunekin bat etortzea, eta programaren kalitate akademikoa.
c) Gobernu Kontseiluari proposatzea Doktoretza Programak onesteko, ondoren eskumena duten organismoek egiazta ditzaten eta baimena eman diezaien.
d) Beste erakunde edo organismoekin, publiko zein pribatuekin, lankidetzan aritzeko erabakiei buruzko txostenak prestatzea, norberaren ekimenez zein Programaren Irakaskuntza Batzordeak proposatuta.
e) Unibertsitateko Doktoretzari buruzko araudian definitutako doktoregaiak erakartzeko, onartzeko, matrikulatzeko, iraunarazteko eta doktore tituluarekin ateratzeko administrazio eta antolamendu prozedura berekiak ezartzea.
f) Doktoretza tesiaren konpromisorako eredu bat prestatzea, tesiaren konpromisorako erabaki guztiek bete beharrekoa.
g) Doktoretza programen Irakaskuntza Batzordeek proposatutako tesiaren konpromisoak berrestea.
h) Araudi honetan aipatzen den doktoretza tesiaren konpromisoa bete dadin zaintzea, eta doktoregaiek jasotako prestakuntzaren kalitatea ikuskatzea.
i) Gaitzea Doktoregaiaren Jarduerei buruzko Agiria, baimena duten pertsonek eta organoek eskura dezaten.
j) Doktoregaiei doktoretza prestakuntza egokia eskaintzea, kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako eta 99/2011 EDko 5.2 artikuluan ezarritako gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.
k) Doktoregaientzat antolatzea diziplina artekoak diren eta diziplina anitzeko elkarreragina eta elkarrizketa sustatzen duten jarduerak.
l) Doktoretza Programetako Irakaskuntza Batzordeek antolatzen dituzten prestakuntza eta ikerketa jarduerak ikuskatzea.
m) Prestakuntza jarduerak antolatzea doktoretza tesien tutore eta zuzendarientzat.
n) Doktoretza tesien defentsak baimentzea, eta tesien epaimahaiak osatzen dituzten kideak eta kanpoko ikuskatzaileak izendatzea.
o) “Cum laude” aipua ematea, ezartzen dituen irizpideekin bat.
p) Zientziari buruzko Legearen 21c) artikuluan ezarritako doktoretza aurreko kontratuak berritzeko txostenak ematea.
q) Eskolan prestatu diren doktoreak lanbidean hasten direlako jarraipena egitea.
r) Definitu eta administratzea 99/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluko eskakizunetatik datozen prozesu guztiak Eskolaren erantzukizun diren doktoretza programak egiaztatzeari, haien jarraipena egiteari eta sinestamendua berritzeari buruz.
s) Doktoretza tesi bat behar bezala garatzea eta irakurtzea eragozten duten doktoregaiaren, zuzendariaren, tutorearen, edo Irakaskuntza Batzordearen arteko gatazka egoeretan bitartekaritza lana egitea, eta irtenbidea ezartzeko aukera edukitzea.
t) Eskolaren barne eraentzako arautegia egitea.
u) Arautegi hau aplikatzean gertatzen diren gorabeherak konpontzea, eta, beharrezkoa balitz, haren aldaketa sustatzea edo garatzeko gainerako arau batzuk sortzeko proposamena egitea.
v) Arautegiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.
7. artikulua. Batzorde Iraunkorra
Nafarroako Doktoretza Eskolaren Zuzendaritza Batzordeak Batzorde Iraunkor bat izango du, eta honako kide hauek osatuko dute:
a) Zuzendaria.
b) Eskolaren eskumeneko Doktoretza Programen bi koordinatzaile, haien artetik hautatuak.
c) 5. artikuluko c) atalean aipatzen diren kideetako bat.
d) 5. artikuluko d) atalean aipatzen den Ikerketa Batzordeko bi ordezkari.
e) Doktoregaien ordezkari bat.
f) NADOEren idazkaria.
Batzorde Iraunkorrak Zuzendaritza Batzordeak eskuordetutako eginkizunak izango ditu, bereziki izapidatzeko gaiak eta ebazpena azkarragoa behar duten gaiak. Barne eraentzako arautegian zehaztuko dira zein diren eskuordetutako eginkizun horiek.
8. artikulua. Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria
Doktoretza Eskolako zuzendariak gutxienez ikerketa jarduerako hiru aldi aitortuak izan beharko ditu 1086/1989 EDrekin bat, edo, bestela, merezimendu baliokideak frogatu, aurreko irizpidea betetzen ez badu. Errektoreak izendatuko du, lau urterako, eta beste horrenbeste urterako luzatu ahalko da.
Doktoretza Eskolako zuzendariaren kargua Unibertsitateko Ikastegiko dekanoaren edo zuzendariaren kargua bezalakoa izango da ondorio guztietarako.
Justifikatutako arrazoiak direla-eta NADOEren zuzendaria ez badago, errektoreak, beharrezkoa bada, Batzorde Iraunkorreko kidea den NADOEko doktoretza-programen koordinatzaileetako bati esleituko dizkio zuzendariaren eginkizunak.
8 Bis artikulua. Nafarroako Doktoretza Eskolako idazkaria
Doktoretza Eskolako idazkaria lotura iraunkorra duten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen duten irakasle eta ikertzaileen artetik izendatuko dute, eta gutxienez ikerketa jarduerako hiru aldi aitortuak izan beharko ditu 1086/1989 EDrekin bat, edo, bestela, merezimendu baliokideak frogatu, bere kasuan aurreko irizpidea aplikagarria ez bada. Errektoreak izendatuko du, NADOEko zuzendariak proposatuta, lau urterako, eta beste horrenbeste urterako luzatu ahalko da.
Doktoretza Eskolako idazkariaren kargua unibertsitateko ikastegiko idazkariaren kargua bezalakoa izango da ondorio guztietarako.
III. Kapitulua
Barne Eraentzako Arautegia
9. artikulua. Barne Eraentzako Arautegia. Prestaketa eta edukia.
Zuzendaritza Batzordeak prestatuko du Eskolako Barne Eraentzako Arautegia, zeinak, besteak beste, doktoregaien eskubideak eta betebeharrak ezarriko baititu, Unibertsitateko Ikaslearen Estatutua onesten duen abenduaren 30eko 1791/2010 Errege Dekretuan ezartzen denarekin bat, bai eta tesien tutoreena eta zuzendariena, eta tesien programetako irakaskuntza batzordeen osaera eta eginkizunak ere, eta Gobernu Kontseiluari igorriko dizkio, hark onets ditzan.
10. artikulua. Arautegiaren Aldaketa
1. Barne Eraentzako Arautegi hau aldatzeko modukoa izango da, zuzendariaren ekimenez, edo Zuzendaritza Batzordeko kideen ehuneko hogeita hamarraren ekimenez.
2. Zuzendaritza Batzordeak gehiengo absolutuaren bidez onetsi beharko du aldatzeko nahiz eraberritzeko proposamena, eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari igorri beharko dio onets dezan.
IV. kapitulua
Nafarroako Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Batzordearen eta zuzendariaren egintzen eta erabakien aurkako errekurtsoez
11. artikulua. Errekurtsoak
1. Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendariaren eta Zuzendaritza Batzordearen ekintzen eta erabakien aurka interesdunek zilegi dute gora jotzeko errekurtsoa errektoreari zuzendua.
2. Errektorearen ebazpenek administrazio bidea agortzen dute, eta zilegi da ebazpen horiek zuzenean aurkatzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Xedapen Gehigarria
Irakaskuntza karguei, gobernu organoei, batzordeetako kideei eta unibertsitateko komunitateko kideei buruzko izendapenak, bai eta araudi honetan egiten den beste edozein izendapen ere, gaztelaniazko testuan genero maskulinoan azaldu arren, ulertuko da genero femeninorako ere balio dutela, izendapenak nori eragiten dion, pertsona horren sexuaren arabera.
Xedapen Iragankorra
1. Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria izendatu bitartean, honi dagozkion eskumenak Doktoretza Batzordeak beteko ditu.
2. Zuzendaritza Batzordea 5. artikuluan ezarritako osaerarekin bat osatzen den artean, Zuzendaritza Batzordearen eskumenak Behin-behineko Zuzendaritza Batzordeak beteko ditu, eta honako kide hauek osatuko dute:
–Zuzendaria.
–Eskolaren eskumeneko Doktoretza Programen koordinatzaileak.
–AZLren kide bat, dagokion atalean eskumena duen unitatean lerrun handiena duena, eta idazkari lanak egingo dituena.
3. 2011/2012 eta 2012/2013 ikasturteetan zehar Zuzendaritza Batzordeko kide izango dira doktoretza programetako koordinatzaile lanetan, 1393/2007 Errege Dekretuaren babesean baimendutako Doktoretza Programetako irakaskuntza arduradunak, eta egiaztatzen eta baimentzen diren programa berrietako irakaskuntza arduradunak.
4. 2013/2014 ikasturtetik aurrera Zuzendaritza Batzordeko kide izango dira doktoretza programetako koordinatzaile lanetan, 99/2011 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat egiaztatutako eta baimendutako programen arduradunak.
Azken Xedapena.–Indarra hartzea.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Erabaki honek.
Iragarkiaren kodea: F1510784