152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

QUEILES IBARREKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eman Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen eta zerbitzua jasotzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezartzen dituena. Behin betiko onespena

Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeak, 2015eko apirilaren 28an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen eta zerbitzua jasotzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezartzen dituen ordenantza (iragarkia 2015eko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 28an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ETA ZERBITZUA JASOTZEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOAK EZARTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ).

EZL Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzua da, oro har bere oinarrizko premiak bere ohiko inguruan asetzeko mugak dituzten herritarrendako, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren ariora. Xedeak dira pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txertatzea, haren beregaintasun funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) abiaburuak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du ardura, finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatzeko.

Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute eguneroko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea, betiere eskuratzeko baldintzak betetzen badira.

Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

Aurreneurri izaera: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.

Autonomiaren sustapena: eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan bultzatuko da. Bultzatuko da nork bere erabakiak hartzea bai eraman nahi duen bizimoduari bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokionez.

Norbanakoari egokitutako laguntza integrala: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

Malgutasuna: laguntzaren malgutasuna, kasu bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideak konbinatuz.

Solidaritatea: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.

Koordinazioa: koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.

Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.

Boluntarioen sustapena: herrian bertan, zerbitzua erabiltzen dutenen sostengu sare informalaren atal gisa parte hartzen ahal dute eta.

3. artikulua. ELZko programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beregaintasun pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

–Integrala, bizikidetza unitateen premiari oso-osorik heltzen baitie.

–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, bizi kalitate hobea bermatu ezean.

–Osagarria, bere xedeak lortzeko bestelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.

–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz ase nahi baitira.

–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

–Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.

4. artikulua. Helburuak:

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak helburu hauek ditu:

–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

–Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

–Norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

–Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.

–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia bere gain egiteko mugaturik badaude eta horren ondorioz beren premia pertsonal eta sozialak beren kasa estali ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonak.

–Beregaintasunari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenak.

–Familia unitateak, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak dituztenak, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak:

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko lantalde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da bere ardura, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

–Psikologoa: esku-hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

–Beste profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enplegu arloko teknikariak, berdintasuneko teknikariak,...

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak:

Etxez etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

–Onuradun izan daitekeenaren egoera soziala eta familiarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa:

8.1. Etxez etxeko laguntzaren barrenean ondoko jarduketa hauek guztiak, edo hauetako zenbait, sartzen dira. Etxez etxeko laguntza ez da inolaz ere izanen 2 ordutik gorakoa eguneko.

1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

–Bizarra egitea.

–Ohean direnen garbiketa.

–Bainua/dutxa.

–Xatar aldatzea.

–Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.

–Hanka eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketa/zainketak.

b) Jantziak/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

–Etxean mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.

–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

–Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.

–Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik.

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.

–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...).

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

–Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.

2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

2.1. Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Elikagaiak prestatzen laguntzea (berotu, mahaia jarri, otordua banatzea).

–Etxez etxeko janarien zerbitzua:

  • “Etxeko janari zerbitzua”, ELZren balizko prestazio gisa, prestatutako janaria erabiltzailearen etxera eramatea da. Toki entitate bakoitzak, zerbitzu hau nola antolatzen den, zerbitzuen zerrendan zehaztuko du.

–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.

2.2. Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

–Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).

–Erositakoa etxera eramatea.

–Erositakoa antolatzen laguntzea.

2.3. Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatu eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

–Ikuztegi zerbitzua kanpoan (garbitu eta lisatzea):

  • “Kanpoko ikuztegi zerbitzua”, ELZren balizko prestazio gisa, erabiltzailearen ohiko arropa kanpoan garbitzea eta ematea da. Toki entitate bakoitzak, zerbitzu hau nola antolatzen den, zerbitzuen zerrendan zehaztuko du.

Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.

2.4. Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

a) Bizitegiaren mantentze lana:

Jarduera/zeregin arruntak:

–Oheak janztea.

–Erratza pasatzea.

–Xurgagailua pasatzea.

–Mopa pasatzea.

–Hautsa kentzea.

–Lanbasa pasatzea.

–Beirak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.

–Sukaldea garbitzea.

–Komuna garbitzea.

Jarduera/zeregin bereziak:

–Sabaiak garbitzea.

–Errezelak garbitzea.

–Lanparak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).

–Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

–Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).

b) Etxeko konpontze lan errazak:

Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.

Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.

–Etxebizitzaren egitura eta hainbat instalazio (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa) behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.

–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.

3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:

Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta oinarrizko iaiotasunak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduera eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin.

–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, menpekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan...).

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak (errespetua, onarpena, entzutea...) gainditzeko jarrera positiboak indartzea.

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa...).

–Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea (eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta tresnei lotutakoak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak... antolatzea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).

–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).

–Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.

b) Familiari edo pertsona zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.

–Laguntza emozionala zaintzaileei.

–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.

–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko beste modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduera eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko zereginetarako.

–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

–Komunitatea sentsibilizatzea menpekotasunean dauden pertsonei buruz.

4. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk. Honako hauek dira sostengu teknikoko jarduketak eta beste baliabide batzuk:

Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten beste bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak.

–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Laguntzazko beste baliabide batzuk:

–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

–Etxean egon beharrean beste baliabide batzuen gainean balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

8.2. Zerbitzuen zerrenda aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbestez, zerrenda horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.

b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek egitea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZren eta merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.

c) Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.

d) Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduera eta lanak eginen dira eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

e) Zerbitzuen zerrendan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

–ELZko lantaldeak balorazio profesionala egitea.

–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal duenean.

–Hura betetzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.

–Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

f) Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

g) Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.

h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.

i) Zerrenda aplikatzen eta Etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia unitatea:

  • Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

  • Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.
  • Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak eta bestelakoak).
  • Hileko per capita errenta: aurreko kontzeptuak batu eta familia unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez zatituta sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute zerbitzuaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

–Tarifaren oinarrizko unitatea:

Zerbitzua etxean ematen iragandako denbora da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

–Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

GEHIENEKO
KOSTUAREN
GAINEKO %

ORDUAREN KOSTUA

0 eta 174,37 arteko PCE

%0

0 euro

174,38 eta 209,24 arteko PCE

%6

0,77 euro

209,25 eta 244,13 arteko PCE

%8,67

1,12 euro

244,14 eta 278,99 arteko PCE

%11,54

1,49 euro

279,00 eta 313,88 arteko PCE

%17,5

2,26 euro

313,89 eta 348,76 arteko PCE

%23,23

3 euro

348,77 eta 453,37 arteko PCE

%29,20

3,77 euro

453,38 eta 558,00 arteko PCE

%34,78

4,49 euro

558,01 eta 730,36 arteko PCE

%40,74

5,26 euro

730,37 eta 836,99 arteko PCE

%46,47

6 euro

837,00 eta 931,89 arteko PCE

%50

6,45 euro

931,90 eta 1025,08 arteko PCE

%60

7,75 euro

1025,09 eta 1118,27 arteko PCE

%70

9,04 euro

1118,28 eta 1211,46 arteko PCE

%80

10,33 euro

1211,47 eta 1304,64 arteko PCE

%90

11,62 euro

1304,65etik aurrera

%100

12,91 euro

10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku-hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Harrera eta gizarte orientazioa.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. –Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: Etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendua eginen zaio, eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da, hala egin ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1. Zerbitzua baietsi edo ukatzen den.

2. Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banan-banan esku hartzeko plana.

  • Egin beharreko lan/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3. Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4. Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

d) Jakinarazpena:

Zerbitzua ematea baiesten denean, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.

e) Iraungipena eta etena:

Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:

1. Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.

2. Zerbitzuaz baliatzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo baldintzak betetzeari utzi diolako.

3. Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4. Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5. Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasun egiazkoak gertatzeagatik.

6. Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7. Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, GZOko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etena: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenaldietan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bestela GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, OGZk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da Etxez etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

–Esku-hartzeko bana-banako planaren berri izatea.

–Plana berrikusi eta aldatzeko proposatzea, sorturiko premia berrien arabera.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz
izatea.

–ELZko profesionalengandik begirunezko jokabidea jasotzea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

–Informazio guztia ekartzea, inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratuta, laguntzaren beharra zehazteko.

–Laguntza garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

–Esku-hartzeko bana-banako planean sarturiko lan edo jarduerak onartu eta errespetatzea.

–Zerbitzuko profesionalekin begirunez jokatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.

a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarra duen araudiari jarraikiz, ez da etxez etxeko laguntza zerbitzurik emanen, baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, besteak beste:

–Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.

–Etxebizitza osasungaitzak (izurriak, izurritzeak...).

–Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.

–Arrisku bereziko bertzelako egoerak (kontrolik gabeko animaliak edota osasun bermerik gabeak).

b) Aipatu horiez gain, Etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko honako baldintzak bete beharko dira, besteak beste:

–Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu beharko du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen. Era berean, etxetik kanpo egotekoa bada, garaiz jakinarazi beharko du.

–Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak.

–Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita segimendua egitera datozenak ere. Eta etxean sartzen utziko ditu, orobat, zerbitzua emanen duten langileen lan arriskuak balioestera datozenak, hala egitea beharrezkoa denean.

Cascanten, 2015eko uztailaren 14an.–Mankomunitateko burua, Milagros Agramonte Sáez de Guinoa.

1. ERANSKINA

Esku-hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

a) Harrera eta gizarte orientazioa:

Profesionalaren eta eskatzailearen hasierako topaketari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez. Zerbitzuari buruz eman beharreko informazioa:

–Zerbitzuaren titulartasuna eta zerbitzua ematen duen entitatearen izena.

–Zerbitzuaren definizioa, helburuak eta profesionalak.

–Zerbitzua hartzeko baldintzak.

–Prestazio motak eta zorroa.

–Antolaketa eta funtzionamendua.

–Zerbitzua emateko baldintza oinarrizkoak.

–Eskubideak eta betebeharrak.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa, eta, kasua bada, beste egun baterako hitzordua ezarriko da.

b) Kasuaren azterketa: tokatzen den egoeraren ezagupen globala da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, bertze baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza....), etxean ikustaldiak eginen dira eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuko, eta ekarritako agiriak hartuko dira kontuan. Helburua izanen da ahal den informazio guztia biltzea bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnostikoa: egoeraren interpretazioa egin beharko da, eta horren barrenean hauek zehaztu:

–Erabiltzailearen premiak.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien betebeharrak.

–Koordinazio premiak, bai barrenean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da; horrek zuzeneko laguntza ematen du banakako esku-hartze plana gauzatuz edo betearaziz; malgutasun eta egokitasun maila handia izan behar du erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz banakako esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendua eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakako esku-hartze planean aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Funtsezko aldaketa (familia unitateko kideen kopurua, autonomia handitzea, gizarte eta familiaren sostengua, sostengu ekonomikoa eta abar) badago, kasuaren beste balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakako proiektuan aplikatuko da. Kasuaren segimendua egiteko erregistroko euskarri bat erabili beharra dago. Bertan, gutxienez ere, honako hauek jasoko dira: laguntzan ematen den denborari eta jarduketei dagozkienak, eta pertsonaren bilakaerari eta/edo familiaren dinamikari dagozkionak.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoeraren gaineko txostena.

–Mendetasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banan-banan esku-hartzeko plana.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskaria dagokion Mankomunitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren fotokopia.

–Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun etxearen txostena onuradunaz eta mugak dituzten bizikideez.

–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.

–Zerbitzuaren tasa ordaintzeko bankuko agiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia unitateko kideen mendetasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bertzelakoak...

Bizikidetza unitatea nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluak xedatua betetzeko.

Iragarkiaren kodea: L1510276