152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

Bidexketako seinaleak eta mantentze-lanak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, 2015eko apirilaren 28an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bidexketako seinaleak eta mantentze-lanak arautzen dituen ordenantza. Onespenaren erabakia 2015eko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 26an.

Hogeita hamar egun balioduneko epea iragan eta inork ez duenez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Erronkarin, 2015eko uztailaren 16an.–Alkatea, Aitor Garmendia Eizagirre.

BIDEXKETAKO SEINALEAK ETA MANTENTZE-LANAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Ordenantza honen bidez, Erronkaribarko bidexketako seinaleak arautzen dira. Seinaleen berdintasuna bilatzen da, jardunbide okerrak saihestu nahi dira eta ingurumena zaindu.

Xedea: Erronkaribarko bidexka ez homologatuekin zerikusia duten jarduketak egitea, hala nola trazadura berriak, daudenak berreskuratu edo aldatzea edo horien mantentze-lanak egitea.

Helburuak:

–Erronkaribarko lurretatik pasatzen diren bidexka ez homologatuak arautzea, marka bakar baten bidez eta antzeko ezaugarrien bidez identifika daitezen.

–Bisitariari edo erabiltzaileari eskaintzeko baliabide bat izatea, Erronkaribarko naturguneaz modu seguru eta errazean gozatu ahal izateko.

–Bidexketan barna ibiltzeko jarduera natur eta kultur ondarea zaintzearekin bateragarria izanen dela bermatzea.

Bi motatako bidexka tradizionalak daude.

1.–Garbi eta erabiltzeko moduan mantentzen dena, eta inolako seinalerik gabe.

2.–Garbi eta erabiltzeko moduan mantentzen dena eta, gainera, zenbait seinale eta baliza dituena, ingurunea ezagutu ez eta halako seinaleen bidezko gida behar dutenek aisiarako erabili ahal izateko.

Ordenantza hau 2. mota horri buruzkoa da.

Nahitaez bete beharko dute elkarteek, taldeek, norbanakoek, entitate publiko edo pribatuek eta jostetarako eta turismorako erabili nahi den bidexka batean seinaleak jarri nahi dituen orok.

Baldintzak

Ordenantza honen xedearekin lotutako jarduketa guztiak Erronkariko Ibaxaren Batzordeak baimendu beharko ditu.

Horretarako eskabidea aurkeztuko da, agiri hauekin batera:

–Jarduketa eremuaren kokapen orokorra, ibar guztia hartzen duen mapa batean. Paperezko euskarrian eta, ahal dela, euskarri digitalean ere bai.

–Egin nahi den bidexkaren trazadura (berria, jarduketak, seinaleak, mantentze-lanak...). Paperezko euskarrian eta euskarri digitalean nahitaez. Digitala, artxibo geoerreferentziatuetan, hala nola gpx, shape, edo GISeko programa erabilienekin bateragarria den formatua.

–Egitekoak diren jarduketen deskribapen zehatza: kaxa irekitzea, belar-sastrakak kentzea, seinaleak jartzea, lurra berdintzea...

–Jarduketa horren barnean seinaleak jartzea baldin badago, seinaleen deskribapen xehakatua aurkeztuko da, bai ezaugarriena eta testu zein marrazkiena bai kokalekuarena. Eranskinean ageri diren irizpideen araberakoak izan beharko dute seinaleek.

–Bidexkari buruzko informazioa web orri baten bidez edo beste modu batean (adibidez, liburuxka, telefonia mugikorra) zabaldu nahi bada, informazio hori erantsiko da.

–Bidexkan mantentze-lanak (irisgarritasuna eta seinalizazioa) egiteko idatzizko konpromisoa, eta jarraipenari eta jarduketei buruzko programa bat zehaztea.

Eskaeraren gaineko ebazpena

Erronkariko Ibaxako Batzordeak eskaera baloratuko du lehenik eta behin, dokumentazioa eta trazadura in situ aztertuz. Egokia dela uste badu, beharrezkoak diren baimenak tramitatzeari ekinen dio:

–Lurren jabetza kontuan hartuko da baimenak kudeatzeko edo trazadurak aldatzeko.

–Kontuan harturik Erronkaribarrek naturaren aldetik duen aberastasuna, horren inguruan egiten diren produkzio jarduerak eta, orobat, eremuak eta espezieak babesteko dauden figura garrantzitsuak, Batzordeak jarduera gauzatzeari buruzko txostena edo baimena eskatuko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

–Erronkariko Ibaxako Batzordeak kultur ondarea ukitzeko aukera baloratuko du eta, horretarako, beharrezkoak diren txostenak edo baimenak eskatuko ditu.

Baldintza guztiak bilduta, Batzordeak gehienez ere 20 eguneko epean jakinaraziko dio azken erabakia eskatzaileari.

Baimendutako bidexka bakoitzari kode bat emanen dio Batzordeak, horren bidez Erronkaribarko bidexka ez homologatuen sarearen barnean argi identifikatzeko. Batzordeak ezarriko ditu kodetze horren irizpideak.

Batzordeak erabaki dezake bidexka bat kentzea edo aldatzea, baldin eta ikusten badu ez dela baimenean ezarritako baldintzetan mantentzen, edo beste arrazoi batzuk tarteko, hala nola erabiltzaileendako segurtasuna edo natur balioei kalte nabarmena egitea.

ERANSKINA

Seinaleak

1. Seinaleen koloreak.

Erronkaribarko bidexka ez homologatuetako seinaleen markek bi kolore izanen dituzte: gorria eta urdina. Kokapena: gorria urdinaren gainean.

2. Seinaleen neurriak.

Errektanguluz egindako lerro bakoitzaren luzera 10 cm-tik 20ra bitartekoa izanen da eta zabalera 3 cm-tik 5era bitartekoa.

3. Seinaleen tipologia.

Oinarrizko seinaleak hiru dira:

1) Jarraitutasuneko seinalea:

Paraleloan dauden bi errektanguluz osatua, horizontalean lehentasunez. Gainekoa gorriz eta azpikoa urdinez.

Bakoitzaren neurriak 2. atalaren araberakoak, eta bien artean cm 1etik 2 cm-ra bitarteko tartea.

L1510432_0.pdf

2) Norabide aldaketako seinalea:

Bi motatakoak izan daitezke:

–Bi lerro errektangular angelu zuzena egiten dutela, jarraitutasuneko seinalearen azpian, angelua eskuinalderantz edo ezkerralderantz, norabide aldaketaren arabera. Lerro gorriak deskribatu diren neurri eta koloreen antzekoak izanen ditu.

L1510432_1.pdf

–Bi lerro errektangular paralelo, angelua egiten dutela.

Jarraitutasuneko seinalea, jada deskribatutako kokapen eta koloreekin, baina kasuan kasuko lerroak biraketaren norabidearen aldera joko duena.

L1510432_2.pdf

3) Norabide okerraren seinalea:

Bi lerro errektangular X itxurako irudiarekin.

Seinaleen kokalekua

–Herriguneetako sarrera-irteeretan.

–Bidegurutzeetan eta norabide aldaketetan jarraitutasuneko seinale bat egonen da trazadura zuzenaren lehen bost metroan, eta berresteko beste bat 50 metrotara.

–Bidegurutzeetan edo bidebanatzeetan, norabide okerreko seinalea jarriko da bidexkaren zati gisa seinalatuko ez diren adarretan.

–Emari etengabea duen ibai baten edo sakan baten bi ertzetan, bertatik pasatu behar denean (ez da nahitaezkoa izanen zubia, pasabidea edo antzeko zerbait dagoenean).

–Bidexkatik errepide eta pistetara sartzeko eta irteteko puntuetan.

–Oihan eta alor eremuetako sarrera-irteeretan, horiek garbi ez daudenean.

Bidexkaren hasieran bidexkari buruzko informazio panel bat jarriko da.

–Panela zur tratatuzkoa izanen da eta teilatutxoa izanen du, isurki batekoa edo bikoa. Informazioa ongi ulertzeko modukoak izanen dira neurriak. Informazioak eduki hauek izanen ditu gutxienez:

–Erronkaribarko bidexka ez homologatua dela identifikatzeko kodea (Batzordearena).

–Bidexkaren ezaugarriei buruzko orientazioa emanen duen titulua.

–Ibilbidearen planoa.

–Distantzia, desnibela eta ibilbidearen gutxi gorabeherako denbora.

–Ibilbidea balizatzen duten seinaleak zein motatakoak diren.

–Ibilbidearen deskribapen txikia.

–Testuak gaztelaniaz eta euskaraz izanen dira.

Panel baten adibidea:

L1510432_3.pdf

Irizpide orokorrak

–Diskrezioaren, eraginkortasunaren eta garbitasunaren irizpideen araberakoak izanen dira seinaleak.

–Nahikoak izan behar dute esperientziarik gabeko pertsona bat gidatzeko.

–Ibilbideko bi norabideetatik ikusteko moduan jarri behar dira markak, batez ere bidexka linealak direnean.

–Marka bidexkaren plataforman ez jartzen ahalegindu behar da.

–Euskarririk iraunkorrena bilatzea elementu naturalak errespetatuz.

–Metro batetik metro eta erdira bitarteko garaieran jartzea, bidexkaren ezaugarriek beste zerbait eskatu ezean.

Bidexka sarearen mantentze-lanak

–Bidexka sarearen urteroko mantentze-lanak egiteaz Batzordea arduratuko da. Mantentze-lanak hauek izanen dira: ibilbidea oztopatzen duten adarrak eta zuhaitzak kentzea, seinaleak jartzea, egoera txarrean dauden balizak edo hasierako panela eta gisakoak berritzea.

–Mantentze-lan horien plangintza Turismo Bulegoarekin eta Ingurumen Departamentuarekin batera eginen da, eta Batzordeak urte bakoitzeko aurrekontuetan esleitua duen kontu-sailaren arabera.

–Bidexka sarea mantentzeko finantziazioa Batzordearen eta ibarreko udalen kargura eginen da (6.500,00 euro urtean). Erronkariko Ibaxaren Batzordeak 3.000,00 euro jarriko ditu eta udal bakoitzak 500,00 euro.

–Bai partikularrek bai administrazioak bidexka balizatu batean obrak, zur ateratzeak eta abar egiten badituzte, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen eta ibarreko udalen betebeharra izanen da bidexka hori erabiltzeko egoera onean uztera behartzea.

Iragarkiaren kodea: L1510432