152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Eskumenak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea

Uztailaren 9ko 156/2015 Ebazpena, Valtierrako Udaleko alkate udalburuak emana, obra lizentziak emateko eskumena Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzi duena.

Valtierrako Udaleko alkate udalburu Victoria Montori Mateo naizen honek.

Ikusirik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak alkatetzari ematen dizkion eskumenen zerrenda.

Kontuan hartuz ezen, Toki Entitateen Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onetsi duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43.1 artikuluari jarraikiz, alkate udalburuak bere eskumenak eskuordetzen ahal dituela, baina ez guztiak: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 eta 71. artikuluetan aipatutakoak ez.

Kontuan izanik erregelamendu horren 43.3 artikuluko xedapenen arabera, alkateak, eskuordetzaren bidez, Gobernu Batzarraren eskuetan uzten ahal dituela eskumenak, eta organo kolegiatu horrek eskuordetutako gaietan hartzen dituen erabakiek, alkateak eskuordetu ez dituen gaietan hartutako ebazpenen balioa izanen dutela.

Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 44.1 artikuluak eskatzen du eskuordetza guztiak alkatearen dekretu baten bidez eginen direla, eta horrek zehaztuko dituela eskuordetzaren esparrua, eskuordetzen diren ahalmenak eta jarduteko baldintza bereziak.

Interes publikoaren alde eta udalkideek Udalaren gobernuan parte hartzea bultzatzeko, komenigarria da obra lizentziak emateko eskumena Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea.

Horren ondorioz eta ikusirik, besteak beste, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 12. artikulua, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikulua eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43., 44., 52. eta 114. artikuluak, eta egungo legediak Alkatetza honi ematen dizkion eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Valtierrako Udalaren Gobernu Batzarraren esku uztea obra lizentziak emateko eskumena, alor horretako legeek Osoko Bilkurari berari ematen ez badiote eskumen hori.

Bigarrena.–Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 115.c) artikuluaren arabera, Tokiko Gobernu Batzarraren egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko ahalmena ere kide anitzeko organo horren esku uzten da.

Hirugarrena.–Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 114.1 artikuluaren arabera, emandako eskuordetzak indarra hartzeko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin beharko du. Eskuordetza hori onartutzat joko da, baldin eta hiru egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik, eskuordetza ematen dion organoari Gobernu Batzarrak ez badio berariaz adierazten ezen ez duela eskuordetza onartzen. Orobat, espresuki onartzen ahalko da, ebazpen hau Gobernu Batzordeko Batzarrari jakinarazteko bilkuran berean.

Laugarrena.–Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 44.2 artikuluari jarraikiz, eskuordetza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta horren berri emanen zaie Tokiko Gobernu Batzarrari eta Osoko Bilkurari, organo kolegiatu horiek duten lehen bilkuran eman ere.

Valtierran, 2015eko uztailaren 9an.–Alkate udalburua, Victoria Montori Mateo.

Iragarkiaren kodea: L1510244