152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MEANO

Datu pertsonalen fitxategiak sortzea

Meanoko Kontzejuko Batzarrak, 2015eko ekainaren 24ko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen datu pertsonalen fitxategien sorreraz:

Delako DBLOak xedea du pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak eta bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra bermatu eta babestea, datu pertsonalen tratamenduaren arloan. Euskarri fisikoan erregistraturik egoteagatik tratamendua izan dezaketen datu pertsonalei aplikatzekoa da, baita datu horiekin geroago sektore publiko nahiz pribatuek egiten ahal duten edozein erabilerari ere.

Gisa honetara, datu pertsonalak bildu, biltegiratu edo tratatzen dituzten pertsona, enpresa edo entitate guztiek bete beharko dituzte halako betebehar eta neurri batzuk. Horiek DBLOan arauturik daude, baita lege organikoa garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ere.

Alde horretatik, 15/99 Legearen 9. artikuluak ezartzen du fitxategiaren edo tratamenduen arduradunek duten betebeharra segurtasun neurri tekniko eta antolamenduzko guztiak hartzeko, "datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta haiek aldatu, galdu edo baimenik gabe tratatu eta eskuratzea eragozteko, kontuan harturik teknologiaren egoera, bilduriko datuen nolakoa eta izan ditzaketen arriskuak, bai gizakien ekintzen aldetik, bai ingurunearen aldetik ere''.

DBLOren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herriendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak diren zehaztuz.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Toki entitatea den aldetik manaturik dituen eginkizunak betetzeko behar diren datu pertsonalen fitxategien ardura du Meanoko Kontzejuak.

Fitxategi horiek babesaren arloko legeriara egokitu beharrak eta horiek sortzeko xedapen orokor bat eman beharrak ekarri dute erabaki honen onespena.

Aitzinekoa kontuan harturik, Meanoko Kontzejuko Batzarrak,

ERABAKI DU:

Lehenbizikoa.–Ondotik ematen diren fitxategien sorrera onestea. Hona hemen haien deskripzioa eta ezaugarriak:

1.–Kontabilitate publikoa:

–Helburua eta zertarako erabili nahi den: Kontzejuaren kontabilitatea eramatea.

–Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanda, kontabilitateko dokumentazioaren bidez.

–Norbanako edo talde ukituak: kontabilitate ekitaldian Kontzejuarekin harreman ekonomikoa duten hirugarrenak.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura:

  • Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, IFZ, telefonoa.
  • Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.
  • Ondasun eta zerbitzuen eskualdaketen datuak.

–Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa, kontabilitatearen kudeketaren aplikazioaren bidez eta paperean.

–Datuen komunikazioa: Nafarroako Gobernuari (Toki Administrazioko Departamentua), Kontuen Ganberari eta bidezko interesa dutenei.

–Organo arduraduna: Meanoko Kontzejua.

–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Meanoko Kontzejua.

–Segurtasun maila: oinarrizkoa.

2.–Obrak:

–Helburua eta zertarako erabili nahi den: Meanoko Kontzejuak emandako obra lizentziak.

–Datuak nondik eta nola biltzen diren: datuak interesdunek ematen dituzte, lizentzia eskaeraren bidez.

–Ukitutako norbanakoak edo taldeak: obra lizentzien eskatzaileak.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura:

  • Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, IFZ, telefonoa, sinadura.
  • Inguruabar sozialen datuak.

–Tratamendurako erabilitako sistema: Paperezko euskarria.

–Datuen komunikazioa: ez dira ematen.

–Organo arduraduna: Meanoko Kontzejua.

–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Meanoko Kontzejua.

–Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta xedatzea aipatutako fitxategiak dagokien erregistroan inskriba daitezela Datuak Babesteko Espainiako Agentziako Erregistroan.

Meanon, 2015eko uztailaren 15ean.–Kontzejuko burua, Seila Domaica Ruiz de Azua.

Iragarkiaren kodea: L1510359